Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2021eko otsailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
683

AGINDUA, 2021eko urtarrilaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimentzen baita Tolosako udalerrian (Gipuzkoa) Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatu bat ireki eta jardunean jartzea.

Aztertuta geratu da «Hijas del Corazón de María Gainberri», erakundearen ordezkariak aurkeztutako eskaera, zeinaren bidez eskatzen baita Tolosako udalerrian (Gipuzkoa) Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatu bat irekitzeko eta jardunean jartzeko baimena ematea Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak emateko, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren arabera (martxoaren 12ko BOE).

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: Araubide orokorreko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzko apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (apirilaren 9ko BOE); apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua aldatzen duen otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretua (martxoaren 12ko BOE); abenduaren 25eko 402/2020 Errege Dekretua, zeinaren bidez Natur inguruneko eta aisialdiko gidari-lanetako teknikariaren titulua ezartzen den eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dira (otsailaren 27ko BOE); ekainaren 23ko 651/2017 Errege Dekretua, zeinaren bidez Egokitzapen fisikoko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen den eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dira (uztailaren 8ko BOE) eta apirilaren 7ko 482/2020 Errege Dekretua (maiatzaren 13ko BOE) 651/2017 Errege Dekretua (otsailaren 27ko BOE) aldatzen duena eta maiatzaren 12ko 61/2020 Dekretua Egokitzapen fisikoko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena (uztailaren 31ko EHAA); ekainaren 23ko 653/2017 Errege Dekretua zeinaren bidez Gizarte eta kirol-irakaskuntzako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen den eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dira (uztailaren 15eko BOE) eta maiatzaren 12ko 60/2020 Dekretua Gizarte- eta kirol-irakaskuntzako eta –animazioko goi-mailako tituluari dagokion curriculuma ezartzeko dena (abuztuaren 4ko EHAA) eta gai horretan aplikatu beharreko gainerako legeak. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Jarraian zehazten den ikastetxe pribatua irekitzeko eta jardunean jartzeko baimena ematen da:

Kode-zenbakia: 20015469.

Izen generikoa: Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatua.

Izen espezifikoa: «Gainberri Kirol Heziketa».

Titularra: Hijas del Corazón de María Gainberri.

Helbidea: Garmendiola aldapa, 2.

Udalerria: Tolosa.

Lurralde historikoa: Gipuzkoa.

Baimentzen diren irakaskuntzak:

– «Natur inguruneko gidari lanak eta aisialdia», erdi-mailako heziketa-zikloa ematea.

– «Egokitzapen fisikoa», goi-mailako heziketa-zikloa ematea.

– «Gizarte- eta kirol-irakaskuntza eta animazioa», goi-mailako heziketa-zikloa ematea.

Ikastetxearen osaera Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako:

● Lanbide-arloa: Jarduera fisikoak eta kirolak:

○ Natur-inguruneko gidari lanak eta aisialdia, erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

○ Egokitzapen fisikoa, goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

○ Gizarte- eta kirol-irakaskuntza eta animazioa, goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

2. artikulua.– Ikastetxeak indarrean dagoen araudia bete beharko du ikaspostuen kopuruari eta ekipamenduari dagokienez, bai eta agindu honen bidez baimendutako irakaskuntzak emateko behar diren irakasleen titulazio akademikoari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez ere. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek betetzea.

4. artikulua.– Baimendutako irakaskuntzak indarrean dagoen ikasketa-antolamenduaren arabera emango dira. Baimendutako irakaskuntzetan edozein aldaketa eginez gero, esperimentalki bada ere, Hezkuntza Sailak onartu beharko du.

5. artikulua.– Indarrean dagoen legeria betetzera behartuta dago ikastetxea, eta dagokion baimena eskatzera, agindu honetan adierazitako daturen bat aldatu behar denean.

6. artikulua.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 23. artikuluaren arabera, emandako baimena baliogabetu egingo da ikastetxeak baimenerako araudian ezarritako gutxieneko baldintzaren bat betetzeari uzten badio edo indarrean dauden antolamendu akademikoko arauen arabera baimendutako irakaskuntzak ematen ez baditu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ikastetxearen baimenak 2021-2022 ikasturtetik aurrera izango ditu ondorioak, eta ikastetxeen Erregistroan dagokion inskripzioa egitea ekarriko du.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan jasotako baimena emateak ez du esan nahi, inola ere, hezkuntza-itunen araubidearen bitartez laguntzak lortuko direnik.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala