Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2021eko otsailaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
HEZKUNTZA SAILA
OSASUN SAILA
644

21/2021 DEKRETUA, urtarrilaren 26koa, zeinaren bidez hirugarren aldiz aldatzen baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko Dekretua.

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen du (aurrerantzean, ZTBES ere esango diogu sare horri).

Dekretu horretan ezarritakoaren arabera, 2020. urtera bitarteko epea dago baldintza espezifikoak betetzeko eta aginte-tauletako xedeak lortzeko. Beraz, epe hori amaitua dagoenez, nahitaezkoa da erreferentziako beste denbora-muga bat ezartzea, erabiliko dena ZTBESko egiaztapena eskatzen duten eragileen eta lehendik egiaztatuta dauden eragileen estrategiak gidatzeko, harik eta sarea arautuko duen dekretu berria argitaratu arte.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak «Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2030eko Planaren oinarrizko lerro estrategikoak eta ekonomikoak» izeneko dokumentua onartu zuen 2019ko abenduan (aurrerantzean, ZTBP 2030). Horiek horrela, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua ZTBP 2030 berrirako ezarri ziren oinarrietara egokitu beharra dago, lehentasun estrategikoei eta aukera-esparruei dagokienez.

ZTBP 2030 dokumentua kontuan hartuta eta ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren aplikazioa aztertu ondoren –hainbat jarraipen-prozesu egin dira horretarako–, ikusi da dekretuan eragile-kategoria jakin batzuetarako bilduta dauden zenbait baldintza berrikusi behar direla. Berrikusketa horrek bi alderditan izango ditu ondorioak. Batetik, lehendik egiaztatuta dauden eragile batzuei ZTBP 2030 dokumentuan ezarritakoaren arabera eskatuko zaie espezializazioa, eta, bestetik, ZTBESko kide izan nahi duten entitateen egiaztapen-baldintzak egokituko dira.

Hori dela eta, komeni da dekretu hau indarrean jarri aurretik egiaztatuta dauden teknologia-zentroen baldintza espezifikoak egokitzea, bai foku anitzeko zentroenak, bai zentro sektorialenak. Aurrerantzean, halaber, bi zentro mota horietako ikertzaileen % 20k, gutxienez, doktore-titulua izan beharko du. Baina dekretu honek espresuki zehazten du zer hartuko den ikertzailetzat eta zer ez. Hain zuzen ere, ikertzailetzat hartuko dira zentroko langile propioak eta langile atxikiak, eta ez dira ikertzailetzat hartuko doktoretza egiten ari diren graduondoko ikasleak (doktoretzaren aldi guztia barne hartuta).

Bestalde, ikerkuntza kooperatiboko zentroetako ikertzaileen % 60k, gutxienez, doktore-titulua izan beharko du orain ere, baina ikertzaile zein den interpretatzeko, aurreko paragrafoan adierazitakoa aplikatuko da; hau da, ez dira zenbatuko doktoratu aurreko ikertzaileak.

Lehendik egiaztatuta dauden ikerkuntza kooperatiboko zentroen eta foku anitzeko teknologia-zentroen kasuan, 2020ko aginte-tauletako xedeek indarrean jarraituko dute, harik eta beste denbora-muga bat jasotzen duten aginte-taula berriak argitaratu arte. Dena den, espezializazio-ildoari dagokionez, bi eragile mota horiek jaramon egin beharko diete dekretu honen bidez gehitzen den eranskinean (III bis eranskina) zehaztutako aginte-taulako lehentasunei eta aukera-esparruei.

Orobat onartu da komenigarria dela dekretu hau indarrean jarri ondoren ZTBESko kide izateko eskaera aurkezten duten entitate jakin batzuen egiaztapen-baldintzak egokitzea. Horretarako, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuari artikulu bat gehitzen zaio, 16 bis artikulua, eta eranskin bat, III bis eranskina, zeinetan baldintza horiek ezartzen baitira.

Azkenik, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2 birusak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko, eta horrek administrazio-epeak etetea ekarri zuen; horiek horrela, etenda egon den aldia islatu egin behar da 109/2015 Dekretuan baldintzak betetzeko eta xedeak lortzeko ezarrita dagoen epeen zenbaketan. Horretarako, lehen xedapen iragankorra gehitzen zaio ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuari. Gainera, eta kontuan hartuta baldintza eta adierazle gehienak urtean behin neurtzen direla, 2021eko abenduaren 31 arteko epea ezartzen da horiek betetzeko.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren, Hezkuntzako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko urtarrilaren 26an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen:

Lehenengoa.– Paragrafo bana gehitzen da 16.7 artikuluaren a) eta b) letretan, egiturari dagokion epigrafean, idazkera honekin:

«III bis eranskinean ezarritako egiturazko magnitudeak betetzen diren neurtzeko, ikertzailetzat hartuko dira zentroko ikertzaile propioak eta ikertzaile atxikiak, eta ez dira zenbatuko prestakuntza jasotzen ari diren doktoratu aurreko langileak, haien estatutua martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuan ezarrita baitago».

Bigarrena.– Paragrafo bana gehitzen da 16.7 artikuluaren a) eta b) letretan, zehazki teknologia-zentroen jarduketa-plana arautzen duen eduki-multzoan, idazkera honekin:

«Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretu hau indarrean sartu aurretik egiaztatutako zentro teknologikoak, III bis eranskinean jasotako espezializazio-ildoari dagokionez, kontuan izan beharko dituzte eranskin horretan halako zentroentzat ezarri den aginte-taulan jasotako lehentasunak eta aukera-esparruak».

Hirugarrena.– Paragrafo bat gehitzen da 16.8 artikuluan, egiturari dagokion epigrafean, idazkera honekin:

«III bis eranskinean ezarritako egiturazko magnitudeak betetzen diren neurtzeko, ikertzailetzat hartuko dira zentroko ikertzaile propioak eta ikertzaile atxikiak, eta ez dira zenbatuko prestakuntza jasotzen ari diren doktoratu aurreko langileak, haien estatutua martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuan ezarrita baitago».

Laugarrena.– Paragrafo bat gehitzen da 16.8 artikuluan, zehazki jarduketa-plana arautzen duen eduki-multzoan, idazkera honekin:

«IV.– Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretu hau indarrean jarri aurretik egiaztatuta dauden ikerkuntza kooperatiboko zentroek, III bis eranskinean jasotako espezializazio-ildoari dagokionez, kontuan izan beharko dituzte eranskin horretan halako zentroentzat ezarri den aginte-taulan jasotako lehentasunak eta aukera-esparruak».

Bosgarrena.– Paragrafo bat gehitzen da 16.9 artikuluan, zehazki jarduketa-plana arautzen duen eduki-multzoan, idazkera honekin:

«IV.– Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretu hau indarrean jarri aurretik egiaztatuta dauden enpresetako I+G unitateek, III bis eranskinean jasotako espezializazio-ildoari dagokionez, kontuan izan beharko dituzte eranskin horretan halako entitateentzat ezarri den aginte-taulan jasotako lehentasunak eta aukera-esparruak».

Seigarrena.– 16 bis artikulua eransten da, idazkera honekin:

«16 bis artikulua.– Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretu hau indarrean jarri ondoren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kategoria hauetarako egiaztapena eskatzen duten entitateek bete beharreko baldintza espezifikoak: eragile bereziak; zientzia, teknologia eta berrikuntza ezagutarazteko eragileak; teknologia-zentroak; ikerkuntza kooperatiboko zentroak; enpresetako I+G unitateak, eta eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekaritza-eragileak.

a) Eragile bereziak.

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretu hau indarrean jarri ondoren, kategoria horretarako egiaztapena eskatzen duten entitateek gutxienez bi urteko iraupena duen plan estrategiko bat eduki eta aurkeztu beharko dute, eskaera-egunetik zenbatzen hasita, bermatzeko indarrean dagoen zientzia, teknologia eta berrikuntzako politikarekin bat datozela.

b) Zientzia, teknologia eta berrikuntza ezagutarazteko eragileak.

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretua hau indarrean jarri ondoren kategoria horretarako egiaztapena eskatzen duten entitateek gutxienez bi urteko iraupena duen plan estrategiko bat eduki eta aurkeztu beharko dute, eskaera-egunetik zenbatzen hasita.

c) Foku anitzeko teknologia-zentroak eta teknologia-zentro sektorialak:

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretu hau indarrean jarri ondoren, kategoria horietarako egiaztapena eskatzen duten entitateek III bis eranskinean haietako bakoitzarentzat ezarri diren baldintza kuantitatiboak bete beharko dituzte.

Horrez gainera, gutxienez bi urteko iraupena duen jarduketa-plan bat eduki eta aurkeztu beharko dute, eskaera-egunetik zenbatzen hasita. Planak bat etorri behar du III bis eranskinean halako zentroentzat ezarri diren aginte-taulekin, eta, horretarako, zehaztuko du zer ekimen garatuko diren erreferentzia-ereduko xedeak lortzeko programatutako aldian; foku anitzeko teknologia-zentroen kasuan, hartan ezarritako adierazleak eta pisuak kontuan hartuko dira, eta, teknologia-zentro sektorialen kasuan, zentroak berak erreferentzia-ereduaren arabera finkatzen dituen xedeak.

III bis eranskinean ezarritako egiturazko magnitudeak betetzen diren neurtzeko, ikertzailetzat hartuko dira zentroko ikertzaile propioak eta ikertzaile atxikiak, eta ez dira zenbatuko prestakuntza jasotzen ari diren doktoratu aurreko langileak, haien estatutua martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuan ezarrita baitago.

d) Ikerkuntza kooperatiboko zentroak.

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretu hau indarrean jarri ondoren kategoria horretarako egiaztapena eskatzen duten entitateek III bis eranskinean haietako bakoitzarentzat ezarri diren baldintza kuantitatiboak bete beharko dituzte.

Mota horretako zentroek gutxienez bi urteko iraupena duen jarduketa-plan bat eduki eta aurkeztu beharko dute, eskaera-egunetik zenbatzen hasita. Planak bat etorri behar du III bis eranskinean halako zentroentzat adierazitako aginte-taularekin, eta, horretarako, zehaztuko du zer ekimen garatuko diren erreferentzia-ereduko xedeak lortzeko programatutako aldian, eta kontuan hartuko ditu hartan ezarritako adierazleak eta pisuak.

III bis eranskinean ezarritako egiturazko magnitudeak betetzen diren neurtzeko, ikertzailetzat hartuko dira zentroko ikertzaile propioak eta ikertzaile atxikiak, eta ez dira zenbatuko prestakuntza jasotzen ari diren doktoratu aurreko langileak, haien estatutua martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuan ezarrita baitago.

e) Enpresetako I+G unitateak.

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretua hau indarrean jarri ondoren kategoria horretarako egiaztapena eskatzen duten entitateek III bis eranskinean halako unitateentzat ezarri diren baldintza kuantitatiboak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute.

Horrez gainera, gutxienez bi urteko iraupena duen jarduketa-plan bat eduki eta aurkeztu beharko dute, eskaera-egunetik zenbatzen hasita. Planak bat etorri behar du III bis eranskinean halako eragileentzat adierazitako aginte-taularekin, eta, horretarako, zehaztuko du zer ekimen garatuko diren dekretu honen III bis eranskinean ezarritako erreferentzia-ereduaren arabera entitateak berak finkatuko dituen xedeak programatutako aldian lortzeko.

f) Eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekaritza-eragileak.

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretua hau indarrean jarri ondoren kategoria horretarako egiaztapena eskatzen duten entitateek arau honen III bis eranskinean halakoentzat ezarri diren baldintza kuantitatiboak bete beharko dituzte.

Horrez gainera, gutxienez bi urteko iraupena duen jarduketa-plan bat eduki eta aurkeztu beharko dute, eskaera-egunetik zenbatzen hasita. Planak bat etorri behar du III bis eranskinean halako eragileentzat adierazitako aginte-taularekin, eta, horretarako, zehaztuko du zer ekimen garatuko diren dekretu honen III bis eranskinean ezarritako erreferentzia-ereduaren arabera entitateak berak finkatuko dituen xedeak programatutako aldian lortzeko».

Zazpigarrena.– Seigarren apartatua gehitzen da ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 19. artikuluan, idazkera honekin:

«6.– Aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera garatu beharreko plan estrategikoekin edo jarduketa-planekin zerikusia duen dokumentazioa aurkezteko betebeharrak ez du ezertan eragozten 16 bis artikuluan xedatutakoa, zeinaren bidez aldatzen baita egiaztapena Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen dekretua hau indarrean jarri ondoren eskatzen duten eragileek izango duten denbora-muga».

Zortzigarrena.– III bis eranskina gehitzen da (honekin batera doa).

Bederatzigarrena.– Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuari lehenengo xedapen iragankorra gehitzen zaio, idazkera honekin:

«LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2 birusak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko, eta horrek administrazio-epeak etetea ekarri zuen. Hori dela eta, hiru hilabetez luzatzen da ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan baldintzak betetzeko eta xedeak lortzeko 2020rako ezarrita dagoen epea. Nolanahi ere, eta kontuan hartuta baldintza eta adierazle gehienak urtean behin neurtzen direla, 2021eko abenduaren 31 arteko epea ezartzen da horiek betetzeko.

Xedapen honetan zehaztutakoari jarraikiz, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 25. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da baldintzen betetze-mailaren jarraipena, horretarako zehaztuko den unean».

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorra; haren ordez, dekretu honen bidez gehitzen den xedapen iragankorra jarriko da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala