Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2021eko otsailaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
630

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, «Txalaka-Ergobia» HIE 15 eremuaren (Astigarraga) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten duena.

AURREKARIAK

2020ko irailaren 25ean, Astigarragako Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako eskaera osatu zuen, «Txalaka-Ergobia» HIE 15 eremuaren (Astigarraga) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzkoa (aurrerantzean, Plana). Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zuen Planaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren esparruan. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei 2020ko urriaren 20an, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

«Txalaka-Ergobia» HIE 15 eremuaren (Astigarraga) Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programari egin behar zaion ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Txalaka-Ergobia» HIE 15 eremuaren (Astigarraga) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

«Txalaka-Ergobia» HIE 15 eremuaren (Astigarraga) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren xedea da hirigintza-antolamendu xehatua definitzea, denboran zehar jarduketa-irizpide bateraturik gabe garatu diren lurzatien hirigintza-egokitzapenek eragindako arazoak konpontzeko. Eremuak honako muga hauek ditu: HIE 15aren eta 16aren arteko muga hego-mendebaldean; Troia ibilbidea mendebaldean; eta Oialume bidea ekialdean, iparraldeko erpinean bi bideak elkartzen diren arte.

Indarrean dagoen Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (2009) «Txalaka-Ergobia» HIE 15 eremua definitzen du; 91.293 m2 ditu (9,1 ha), hiri-lurzoru finkatuan, eta «jarduera ekonomiko» kalifikazio globala du. Lurzorua industria-pabiloiek garatu eta okupatzen dute. Eremuak Txalaka-Araneder 17. eremuaren Plan Partziala du (2003ko ekainaren 25ean onartu zen, behin betiko).

HIE 15 antolamendu-eremuak 40.667,69 m2-ko azalera du (4,1 ha), gaur egun ez dago jarraitutasunik urbanizazioaren zenbait puntutan, eta Oialume bideko 36., 38. eta 40. zenbakietako eraikinek narriadura-maila nabarmena dute erabilerarik ezagatik.

Planak bi jarduketa-unitate zehazten ditu (HIE 15-1 eta HIE 15-2), eta urbanizazioa gainerako ingurunearekin bat etorriz egokitzeko irizpideak definitzea aurreikusten da bi unitateetan. Gainera, lehenengo unitatean (HIE 15-1), Oialume bideko 36., 38. eta 40. zenbakietan sartutako eraikinen bolumenak ordezteko antolamendu xehatuaren definizioa eta irizpideak jasotzen dira, goiko hirigintza-plangintzak ezarritako eraikigarritasun-aurreikuspenekin bat etorriz eta gune horiek finkatzeko behar duen 42. zenbakian ezarritako industria-jarduera finkatzea ahalbidetuta.

Plan Bereziak honako bi helburu orokor lortu nahi ditu, honako jarduketa hauekin:

– Eremuan dagoen urbanizazioa egokitzea, Troia ibilbidean eta Oialume bidean dauden irizpideak zabalduta. Saneamendu-sarea berregituratuko da, Oialume bidetik Troia ibilbideraino lurzati pribatuak zeharkatzen dituzten biltodiak kenduta, eta Oialume bidean barrena doan sarera konektatuta. Gainera, Troia ibilbidearen ekialdeko espaloia osatuko da, eta Oialume bideko mendebaldeko espaloia ere luzatuko da (dagoeneko egin da hori 42. zenbakian dagoen lurzatiaren mugan). Era berean, espazio publikoak zabalduko dira.

– HIE 15-1 unitatean dagoen eraikina ordezteko irizpideak ezartzea, jabetzaren beharretara egokitzeko (material elektrikoa biltegiratzeko nabe bat eta bulegoen solairuarte bat egitea), indarrean dagoen plangintzan eta araudian ezarritakoarekin eta udal-zerbitzu teknikoek iradokitako antolamendu-eskakizunekin bat etorriz.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak ere aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planean dago definituta hirigintza-araubide xehatua. Plana onartu ondoren, eremu osorako, eraikuntza-proiektu bakarra egin beharko da, urbanizazio-obra osagarriak barnean hartuta. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, baita hierarkizatutakoei ere: Planak lurzatiaren antolamendu xehatua garatzen du bateragarritasun-irizpideen arabera, Astigarragan indarrean den Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean adierazitakoaren aldean. Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta, Txalakako industrialdea lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo dago, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-orbanean, eta ia eremu osoa, 15-2 HIEan eta inguruetan dauden iparralderagoko industria-eraikinak izan ezik, 100 urteko errepikatze-denborako uraldien eragin-eremuan.

Planaren irismena kontuan hartuta, Plana bateragarria da; betiere, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiko VII. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa betetzen badu.

Bestalde, Planaren ezaugarriak aintzat hartuta, ez du eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan, ingurumenari dagokionez.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela. Halaber, Planaren ondorioz ez da okupatu behar artifizializatu gabeko lurzoru gehiagorik, lehendik zeuden hiri-garapenei baino eragiten ez dielako.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari, urei eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Ingurumenaren arloan, Plana egokia den ala ez Batasuneko edo Estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, bereziki, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari eta biodibertsitateari buruzko legeak.

2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Jarduketa-eremua Ergobia auzoko industrialdean dago, Astigarragako udal-mugartearen hegoaldean, eta 4,1 hektarea ditu. Zehazki, honako muga hauek ditu: HIE 15aren eta 16aren arteko muga hego-mendebaldean; Troia ibilbidea mendebaldean; eta Oialume bidea ekialdean, iparraldeko erpinean bi bideak elkartzen diren arte. Eremu artifizializatua da, eta industria-pabiloiak daude.

Aztergai dugun eremua ez da ezein babesgunetan sartzen, ez eta EAEko korridore ekologikoen sarean ere. Aztergai dugun eremuko landaredia desagertu egin da. Bertan aurki daitezkeen landareen artean, ale apaingarriak, zuhaixka degradatuak eta landare erruderal-nitrofiloak daude (ohikoa hiri-eremuetan). Ez da fauna-espezie interesgarririk identifikatu, eta, artifizializazio-maila dela eta, ez da aurreikusten espezieek eremu hori erabiliko dutenik. Paisaiaren ikuspegitik ere ez du baliorik.

Oialume bidearen azpitik, eremuaren hego-ekialdeko muturrean, ur-emari baten zati txiki bat igarotzen da lurpetik. Urbieta errekan isurtzen ditu urak, eta, gero, Urumea ibaian, aztertutako eremutik 400 bat metro mendebaldera. Urumeako UHren barruan, eremua «Urumea trantsizio-drainatzea» azpiarroan dago, «Urumea trantsizioa (ES111T018010)» ur-masari dagokiona.

Bestalde, eremua jalkin alubialen eta alubial-kolubialen interes hidrogeologikoko gune gisa dago identifikatuta (kodea: GZ064-2-49). Oiartzungo sektore kuaternarioko «Andoain-Oiartzun» (ES017MSBT017.002) ur-masaren gainean kokatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasunaren maparen arabera (1:25.000), eremuak urrakortasun txikia eta oso txikia du akuiferoen kutsadurarekiko.

«Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioak» lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten zortzi kokaleku identifikatzen ditu eremuan. Guztiak HIE 15-2 unitatean daude, eta, bertan, bideak urbanizatzea bakarrik aurreikusten da.

Industrialdearekiko paraleloan doan Urumea ibaiaren zatia –eremuaren mendebaldean– UAHE izendatu da, «Urumea 2» gisa identifikatua, eta I. taldeko UAHEen artean sartu da («arrisku oso handiko UAHEak edo kalte katastrofikoak, gertatzeko probabilitate txikia duten gertakarien kasuan. Dagoeneko abian edo konprometituta dauden obrak dituzten UAHEak eta epe laburrean babestu beharreko beste batzuk biltzen ditu»). Txalakako industrialdea lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo dago, baina eremu osoa 500 urteko errepikatze-denborako eragin-eremuan sartzen da, eta ia eremu osoa, 15-2 HIEan eta inguruetan dauden iparralderagoko industria-eraikinak izan ezik, 100 urteko errepikatze-denborako uraldien eragin-eremuan. UAKPan Urumeako UAHErako aurreikusitako jarduketen artean, Ergobiako zubiaren inguruko jarduketak aurreikusten dira, eta horrek, Astigarragako Urumea berri auzoko ibai-parkearekin batera, Urumea ibaiaren zati horren baldintza hidraulikoak hobetuko ditu.

Arrisku teknologikoari dagokionez, Hernaniko Epele auzoan Electroquímica de Hernani SA enpresa dago, SEVESO enpresa gisa katalogatua. Alerta-eremuko 2.600 m-ko afekzio-bandak aztergai den eremua barne hartzen du, istripurik izanez gero. Era berean, eremua salgai arriskutsuen garraioko 600 metroko afekzio-bandaren barruan dago, bai Urumea ibaiarekiko paraleloa den eta arrisku ertaina duen trenbide-linean, bai errepidez egiten den eta arrisku txikia duen trenbide-linean.

Zaratari erreparatuta, egindako azterketa akustikoak ondorioztatzen du bai kanpoko zaratari bai fatxadako zaratari dagokienez, kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla aztertutako hiru aldietan.

Inpaktu nagusiak HIE 15 eremu osoko urbanizazio-obren fasearekin eta HIE 15.1 unitatean dagoen eraikina ordeztearekin lotutakoak izango dira: hondakinak sortzea –eraikinak eraistetik sortutakoak barne–, soberakinak, ustekabeko isurien arriskua eta emisio atmosferikoek eta akustikoek eragindako eragozpenak, eta abar, baina, horiek guztiak, industria-pabiloiek okupatutako ingurune batean.

Kontuan izan behar da hirigintza-garapen berriaren eremua 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duen eremuan dagoela. Gainera, Urumea-2 UAHEaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean Ergobiako zubiaren inguruan aurreikusitako jarduketek eta Astigarragako ibai-parke berriaren garapenak eragin positiboa izan dezakete Urumea ibaiaren zati horren baldintza hidraulikoetan, eta, beraz, eremuan uholde-arriskua murrizteko ere bai. Edonola ere, ez da aurreikusten uholde-arriskua handituko denik Planeko jarduketen ondorioz.

Ustiapen-faseari dagokionez, inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera, kanpoko zarataren emaitzak aldekoak dira aztertutako hiru aldietan (goizean, arratsaldean eta gauean). Era berean, fatxadako zarata etorkizuneko egoeran aztertu ondoren, lortutako emaitzak aldekoak dira hiru aldietan. Goizez, 61 dezibelera iritsi da industria-erabilerako zarata, eta muga 70 dB(A) da.

Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen prebenitzeko, babesteko eta zuzentzeko neurriak eta aurrerago zehazten diren neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3) Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «Txalaka-Ergobia» HIE 15 eremuaren (Astigarraga) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez doan orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

3.1.– Uholde-arriskuari dagokionez, Planak kontuan hartu behar du 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoa, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa ere. Zehazki, 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak ezarritako mugak hartu behar dira kontuan lehentasunezko fluxu-eremuaren erabileretan. Hori horrela, eremuan 500 urteko errepikatze-denborako uraldietarako 3 metrotik gorako sakonera handia dagoenez (proposatutako eraikin berriaren iparraldeko zatia eta aldameneko lurzatian dagoen bidea), eremu horretan proposatutako lurpeko garajeak eta sotoak egitea arriskuan jarri ahal izango da, salbu eta esparruaren estankotasuna bermatzen bada 500 urteko errepikatze-denborako uraldirako, eta arnasbideak eta ebakuazio-bideak baditu uraldi horren kotaren gainetik.

Gainera, proiektua gauzatzeko aplikatu beharreko neurriei dagokienez, ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere makineria-parkea eta garbigunea), errepikatze-denbora desberdinetako uholde-eremuen eraginpeko lekuetan.

3.2.– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan (Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak, ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte. Errege-dekretu horren bidez, hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen da.

– Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Astigarragako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek gutxienez alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Urbanizatu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

• Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Txalaka-Ergobia» HIE 15 eremuaren (Astigarraga) Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Astigarragako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «Txalaka-Ergobia» HIE 15 eremuaren (Astigarraga) Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriz hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala