Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2021eko otsailaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
629

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko Mendoza 41. sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko urriaren 14an, Gasteizko Udalak eskaera bat bete zuen, Gasteizko Mendoza 41. sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko irailaren 29an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Gasteizko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen den agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Gasteizko Mendoza 41. sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketa (aurrerantzean, Plana); izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gasteizko Mendoza 41. sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da 41. sektorea osatzen duten lau zonetan (A, B, C eta D) bizitegi-lurzoruaren antolamendu berri bat proposatzea, «Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren testu bateginaren aldaketa puntuala, toki-erakunde txikietan partzialki garatutako lurzoru urbanizagarriko sektoreetan aplikatu beharreko etxebizitza kopuruari eta eraikuntza-ordenantzei buruzkoa: 34. sektorea, Otobarren; 41. sektorea, Mendoza; eta 51. sektorea, Villafranca» delakoan ezarritakora egokitu dadin.

Etxebizitzen tipologia aldatu da, eta OR 7 Ordenantzan «lorategi-hiri mistoa» jasotako etxebizitza mota hautatu da, OR 10 Ordenantzak zehaztutako tipologiaren kaltetan. Horrenbestez, Planak bi familiako etxebizitzen eta familia bakarreko etxebizitza atxikien eraikuntza ahalbidetzen du, familia bakarreko etxebizitza isolatuen edo lurzoruaren kontsumo handiko bi familiako etxebizitzen aurrean. Aldaketa horri esker, 62 etxebizitza eraiki ahal izango dira, eta ez hasieran aurreikusitako 42 etxebizitzak.

41. sektorearen zati bat uholde-arriskuko zonan dago eta, beraz, Planak aurrez ezarritako antolamendua aldatzen du. Horrenbestez, «D» zonaren zati handi bat, Oka ibaiarekin muga egiten duena eta hasieran bizitegi-izaera zuena, berdegune bihurtu da, eta aurreikusitako etxebizitza guztiak uholde-arriskuko zonatik kanpo geratu dira.

Beste aldaketa txiki batzuk ere eragin ditu Planak, hala nola:

– Gas-depositu baten kokalekua aldatzea, hasieran D zonan aurreikusita zegoena (uholde-arriskukoa) eta A zonako espazio libreko lurzatira lekualdatu dena.

– Araztegietarako gordetako lurzati batzuk kentzea, ez baitira jada beharrezkoak, hirigunearen ipar-mendebaldean araztegi bat eraiki denez. Araztegiaren edukiera handitu egin beharko da etxebizitza berriei zerbitzua emateko.

– Landa-eremuko harlangaitzezko itxiturak mantentzen edo berreskuratzen dituzten lurzati berrien itxierei buruzko ordenantza onartzea.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen zehazteko asmoz.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean. Planak berdeguneetara bideratzen ditu uholde-arriskua duten zonak, horien azalera handituz; Oka ibaiaren ondoan geratu dira, eta hori faktore positiboa da, indarrean dagoen plangintzarekin alderatuta.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Mendozako 41. sektorea bizitegirako lurzoru urbanizagarria da, 79.593 m2 -ko azalera du eta 4 zona bereizi eta independentek osatzen dute (A, B, C eta D), Mendozako toki-erakunde txikiaren gaur egungo hirigunea inguratzen dutenak.

Sektorearen ekialdean Oka ibaia dago, interes bereziko eremua uhalde-enararentzat. Espezie horrek kudeaketa-plan bat du Araban. Ibilgu horrekin lotuta, ibaiertzeko basoen Batasunaren Intereseko Habitatak daude, «Salix alba» eta «Populus alba ibarbasoak», eta «Haltzadi-lizardiak». Planak eragindako gainerako landareak laborantzari dagozkio.

Akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasuna handia eta oso handia da Planaren eremuan. Interes hidrogeologikoko kokaleku bat dago (metaketa alubialak eta alubial-kolubialak), eta haren zatirik handiena bat dator Oka ibaiaren ondoan aurreikusitako berdegunearekin.

Planaren eremuan ez dago kultura-ondasun gisa aitortutako elementurik, baina sektorearen ipar-ekialdeko eta hegoaldeko mugatik berehala San Martin eta Lañako zubiak daude; horiek Zadorra ibaiaren arroko zubien monumentu-multzoan sartuta daude. Planak eragindako eremuaren zati bat, D zona, Mendozako Dorrearen ingurunearekin bat dator, eta hori Euskal Kultura Ondarearen kultura-ondasun izendatzeko proposatutako elementua da.

Gainerakoan, eremuan ez dago bestelako ingurumen-balio nabarmenik. Ez dago interes geologikoko tokirik, ez dago naturagune babesturik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik.

Oka ibaia berdeguneetara bideratutako espazioen barruan dago, eta, beraz, ezin da aurreikusi Planak eragindako jarduketek uhalde-enararen habitatari eragingo diotenik.

Kultura-ondareko elementuei dagokienez, Planetik eratorritako proiektuek seguruenik ez dute ondoriorik izango haien kontserbazioan, betiere 222/2017 Dekretuak ezarritako irizpideak eta neurriak kontuan hartzen badira (222/2017 Dekretua, irailaren 19koa, Zadorra ibaiaren arroko zubiak monumentu-multzoaren kategoriarekin kultura-ondasun kalifikatu deklaratzeko dena). «D» zonaren zati batek Mendozako Dorrearen ingurunea hartzen du, eta bizitegi-erabilera izatetik berdegune izatera igaroko da; beraz, aldaketaren ondorioak positiboak izango dira.

Egindako inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera, kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira 213/2012 Dekretuan ezarritako bizitegi-erabilerako eremuetan (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa), gaur nahiz 20 urte barru.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, uholde-orbanak hauteman dira, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborakoak; printzipioz, horiek Planaren eremuko berdeguneetan bakarrik izango lukete eragina.

Ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen udal-antolamenduan aurreikusitako egoera. Planak indarrean dagoen plangintzaren eraikigarritasuna mantentzen du, eraikuntza-dentsitatea handituz. Horrenbestez, lurzorua hobeto aprobetxatuko da, berdegune bat sortu ahal izango da Oka ibaiaren ondoan eta eremuarekin lotutako arriskuak murriztuko dira, etxebizitzak uholde-arriskuko eremutik kanpo egongo baitira, eta jarduketa horiek guztiek eragin positiboa izango dute.

Hori guztia kontuan hartuta, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen prebenitzeko, babesteko eta zuzentzeko neurriak eta aurrerago zehazten diren neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Gasteizko Mendoza 41. sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Oka ibaia interes bereziko eremua da uhalde-enararentzat (Riparia riparia). Espezie hori urrakor gisa katalogatuta dago eta kudeaketa-plan bat du Arabako Lurralde Historikoan. Beraz, Arabako Foru Aldundiaren nahitaezko txostena beharko da, eta bertan, sektorea urbanizatzeko egokitzat jotzen diren baldintzak ezarriko dira.

Planak kontuan izan beharko du irailaren 19ko 222/2017 Dekretuan ezarritako babes-araubidea. Dekretu horren bidez, Zadorra ibaiaren arroko zubiak Kultura Ondasun gisa kalifikatzen dira, monumentu-multzo kategoriarekin.

Hona hemen Planak eragindako obrak gauzatzeko hartu beharko diren beste neurri batzuk:

– Planaren garapenean egiten diren obretan aztarna arkeologikoak aurkitzen badira, aurkikuntzaren berri eman beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Museoen eta Arkeologiaren Zerbitzuari, hura bertaratu dadin eta aurkikuntzaren lekuan esku-hartze arkeologikoren bat egin behar den ala ez zehaztu dezan.

– Berdeguneen tratamenduan, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen. Lorategirik ez jartzea gomendatzen da, eta ahalik eta espazio naturalizatuenak sortzea bilatuko da, bertako zuhaizti/zuhaixka espeziak erabiliz eta, beraz, zuhaizti eta heskai txikiak osatuz. Oka ibaiaren ondoko berdegunean, ibaiertzeko basoa lehengoratuko da.

– Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-operazioen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Gasteizko Mendoza 41. sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Gasteizko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Gasteizko Mendoza 41. sektoreko Plan Partzialaren bigarren aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 4a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala