Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2021eko otsailaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
628

3/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Sailak eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sinatutako lankidetza-hitzarmena, Arabako Mendietako asfalto naturalen meategi paisaiak lehengoratzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta publikotasunaren ondorioetarako, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Sailak eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sinatutako lankidetza-hitzarmena, Arabako Mendietako asfalto naturalen meategi paisaiak lehengoratzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 26KO 3/2021 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN INGURUMEN ETA HIRIGINTZA SAILAREN ETA EUSKO JAURLARITZAREN EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILAREN ARTEKOA, ARABAKO MENDIETAKO ASFALTO NATURALEN MEATEGI PAISAIAK LEHENGORATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 28a.

BILDU DIRA:

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu María Aranzazu Tapia Otaegi andrea, 2020ko uztailaren 28ko Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren izenean oniritza emateko eta hitzarmena sinatzeko emandako baimena dela bide.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintzako Saileko diputatu Josean Galera Carrillo jauna, Gobernu Kontseiluak Arabako Foru Aldundiaren izenean oniritza emateko eta hitzarmena sinatzeko abuztuaren 4ko 402/2020 Erabakiaren bidez emandako baimena dela bide.

Bi aldeek lankidetza hitzarmen hau sinatzeko behar den legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta hau

ADIERAZTEN DUTE:

Arabak berezitasun handiko asfaltozko harkaitz-hobiak ditu, antzinatik ustiatuak izan direnak; hala, XIX. mendearen amaieran Arabako industria Estatuaren buruan jarri zen, baita Europaren buruan ere, asfalto naturalaren aprobetxamenduan. Asfaltoak kareharri bituminosoak izeneko masak inpregnatu ditu Arabako Mendialdeko Eskualdeko hainbat lekutan.

1855. urtean, Urizaharra udalerriko Loza herriaren inguruan asfalto naturala ustiatzeko lehen urratsak ematen hasi ziren, «Diana» meategiaren mugapean. Ondoren, Arabako Mendialdeko Eskualdeko hainbat lekutan ustiategi berriak egin ziren, meatze ustiapenen emakida eta asfalto eta harrobi eta lantegien irekiera eta itxieren sozietate eta konpainiak sortuz. Meatzaritza jarduera nagusia Arraia-Maeztu udalerrian egin zen, Leorza, Korres, Maeztu eta Atauri herrien inguruan, hain zuzen ere.

Meatze eremu zahar horiek degradazio egoera nabarmenean daude gaur egun, eta eragin zuzena dute inguruko ekologia eta paisaia kalitatean. Hala ere, ondare geologiko eta natural, historiko-industrial eta kultural baliotsua dute. Espazio horiek ia guztiak Natura 2000 Sareko eta haren babes eremu periferikoetako ekologia eta paisaia balio handiko eremuetan daude.

Gune horien berreskurapena bultzatzeko, Arabako Foru Aldundiak Plan Master bat egin du, Arabako Mendialdeko asfalto naturalen ustiategi zaharretako meatze paisaiak lehengoratzeko eta haien balioa nabarmentzeko. Dokumentu horrek informazio espezifikoa eta erreferentziazko esparru orokorra emango ditu, ingurumena berreskuratzeko beharrezko jarduerak diseinatzeko eta ezartzeko.

Bi erakundeek interesa dute antzinako meatze eremu historikoetan kaltetutako natura ingurunea berreskuratzeko jarduketak egiteko, bai eta antzinako meatze eremu horiei lotutako paisaia, kultura, hezkuntza eta ekoturismo baliabideen balioa nabarmentzeko ere.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala onartzen duen Diputatuen Kontseiluaren otsailaren 9ko 17/2016 Foru Dekretuaren arabera, besteak beste, honakoei buruzko eskumen arloak esleitzen zaizkio: Ingurumen eta Paisaiari, Natura Kontserbatzeari, Naturguneei, Biodibertsitateari eta Flora eta Fauna Espezie Babestuei buruzko eskumen arloak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta lngurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren arabera, sail horri esleitzen zaio, besteak beste, meatze-jarduerek eragindako naturaguneak zaharberritzea, arlo horretan beste sail batzuei esleitutako eskumenak alde batera utzi gabe.

Horregatik, eta aipatutako aurrekariak oinarri hartuta, aldeek erabaki dute administrazio-lankidetzarako hitzarmen hau sinatzea. Hona hemen hitzarmenaren klausulak:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea:

Hitzarmen honen xedea da Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren arteko administrazio eta finantza lankidetza arautzea, Arabako Mendialdeko asfalto naturalak erauztearekin lotutako meatze-paisaien ingurumena lehengoratzeko eta egokitzeko, natura, kultura eta historia eta industria ondarearen balioa nabarmentzeko, Lucia meategian, Urizaharreko Diana barrutiaren eta Leorza-Cicujanoko mehatze eremua.

Bigarrena.– Alderdi sinatzaileen konpromisoak. Finantzaketa:

Bi administrazioek konpromisoa hartzen dute meatze gune zaharrak zaharberritzeko eta egokitzeko honako ekarpen, proiektu eta obra hauek egiteko, bakoitzaren aurrekontuen kontura, behin organo eskudunek onartu ondoren.

Jarduerak ondoz ondoko bost fasetan egingo dira:

– Lehenengoa izango da proiektua idaztea eta, horren ondorioz, Lucia meategiaren segurtasuna ezartzeko, sendotzeko, erabilera publikorako eta ekoturistikorako egokitzeko obrak gauzatzea, erantsitako memoriaren «jarduketa orokorrak» deritzon 3.1.3 puntuaren arabera, beharrezkotzat jotzen diren obrak zuzentzeko eta ikuskatzeko laguntza teknikoak barne.

– Bigarren fasean, Urizaharreko Diana barrutiaren segurtasuna ezartzeko, sendotzeko eta erabilera publikorako egokitzeko obren proiektua idatziko da, erantsitako memoriaren «planteatutako jarduketak» deritzon 3.2.3 puntuaren arabera.

– Hirugarren fasean, Urizaharreko Diana barrutiaren segurtasuna ezartzeko, sendotzeko, erabilera publikorako eta ekoturistikorako egokitzeko obrak gauzatuko dira, erantsitako memoriaren «planteatutako jarduketak» deritzon 3.2.3 puntuaren arabera, beharrezkotzat jotzen diren obrak zuzentzeko eta ikuskatzeko laguntza teknikoak barne.

– Laugarren fasean, Leorza-Cicujano meatze eremuaren segurtasuna ezartzeko, sendotzeko eta erabilera publikorako egokitzeko obren proiektua idatziko da, erantsitako memoriaren «planteatutako jarduketa orokorrak» deritzon 3.3.3 puntuaren arabera.

– Bosgarren eta azken fasean, Leorza-Cicujano meatze eremuaren segurtasuna ezartzeko, sendotzeko, erabilera publikorako eta ekoturistikorako egokitzeko obrak gauzatuko dira, erantsitako memoriaren «planteatutako jarduketa orokorrak» deritzon 3.3.3 puntuaren arabera, beharrezkotzat jotzen diren obrak zuzentzeko eta ikuskatzeko laguntza teknikoak barne.

Jarduketa horietatik, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du behin betiko likidazioaren ondoriozko azken inbertsioaren % 50era arte finantzatzeko, horretarako gaitutako aurrekontu partidaren mugekin: «20.0.1.03.22.0100.1.721.00.73110.001Q/Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko meatze guneak berreskuratzea»:

2020: 175.000 euro.

2021: 215.000 euro.

Eusko Jaurlaritzaren 2020rako ekarpena, 175.000 eurokoa, hitzarmena sinatu ondoren egingo da, eta aurreratutako ordainketatzat hartuko da.

Eusko Jaurlaritzaren 2021eko ekitaldiko ekarpena, 215.000 eurokoa, Arabako Foru Aldundiak 2021eko ekitaldirako hitzarmenaren xede diren jarduketen obra ziurtagiriak ordaindu dituela justifikatu ondoren ordainduko da. Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du lehenengo obra ziurtagirien ordainketa osoa, aurrekontuan jasotako zenbatekoa agortu arte. Ordainketaren justifikazioa Arabako Foru Aldundiaren ziurtagiri bidez egingo da, obra ziurtagiriaren kopiarekin batera.

Hitzarmenaren xede diren meategiak berreskuratzeko obrak amaitu ondoren, Arabako Foru Aldundiak likidazioaren azken memoria bat aurkeztuko du, benetan egindako inbertsio osoaren zenbatekoarekin eta, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzaren alde konpentsatu beharreko kopuruekin.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak egin beharreko kontratazioen zenbatekoak eta aurrekontu-babesa honako hauek izango dira:

1.– Arraia-Maeztu udalerriko Lucia meategia; segurtasuna ezartzeko, sendotzeko, erabilera publikorako eta ekoturistikorako egokitzeko obren proiektu exekutiboa idaztea, Arabako Foru Aldundiaren Aurrekontuaren gastuen egoera partidaren kargura, 2020ko ekitaldirako, («1.60.2.05.63.00.621.01.03 Arabako Mendialdeko Asfalto Naturaletako meatze paisaiak ingurumenaren aldetik leheneratzea»), 104.850 euroan.

2.– Arabako Mendialdeko Asfalto Naturaletako meatzaritzako paisaiak egokitzeko eta ingurumena lehengoratzeko obretan esku hartzeko eta obrak gauzatzeko beste proiektu batzuk idaztea, bai eta beharrezkotzat jotzen diren obrak zuzentzeko eta ikuskatzeko laguntza teknikoak ere, 867.150 euroko zenbatekoan, betiere «1.60.2.05.63.00.621.01.04 Arabako Mendialdeko Asfalto Naturaletako meatze paisaiak ingurumenaren aldetik leheneratzea» delakoaren 2020rako Arabako Foru Aldundiaren Aurrekontuko gastuen egoeraren partidaren kargura, urteka honela banatuta:

2020: 5.150,00 euro.

2021: 360.000,00 euro.

2022: 300.000,00 euro.

2023: 202.000,00 euro.

Ordainketa kudeatzeaz eta izapidetzeaz arduratuko den organoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza izango da.

Hirugarrena.– Kontratazio organoa:

Kontratazio-organoa Arabako Foru Aldundia izango da, eta Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari hitzarmenaren esparruan garatu beharreko jarduketa zehatzen berri emango dio, dagokion dokumentazio teknikoa eta administratiboa aurkeztuz.

Laugarrena.– Lizitazioko bajak:

Lizitazio prozesuak eragindako bajek, halakorik balego, ez dute eraginik izango bigarren klausulan adierazitako ekarpenen baliabide absolutuetan, osorik erabiliko bailirateke obra eta proiektu osagarri edo gehigarrietatik eratorritako gastuak ordaintzeko, administrazio sinatzaileek aldez aurretik hala adostuta. Hala ere, aurreko lerrokadan adierazitakoa gorabehera, bete ezin diren bajak badaude, finantza eragileen ekarpenak murriztuko dira, bigarren klausulan adierazitako proportzioaren arabera.

Bosgarrena.– Kapital transferentziak:

Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak Arabako Foru Aldundiari egindako kapital transferentziak justifikatzeko, ezinbestean aurkeztu beharko dira hitzarmen honen xedean aipatzen diren proiektuen obra esleipenak eta hitzarmen honen helburuak betetzeko egin beharreko gastuak justifikatzeko agiriak. Hitzarmen honen barruan sartzen dira Arabako Foru Aldundiak 2020ko ekitaldian Arraia-Maeztu udalerriko Lucia meategiaren segurtasuna ezartzeko, sendotzeko eta erabilera publiko eta ekoturistikorako egokitzeko proiektua idazteko lanak egiteko esleitutako gastuak.

Seigarrena.– Jarraipen Batzordea:

1.– Ezarri beharreko jarduerak zehazteko eta lanak kudeatu, ikuskatu eta kontrolatzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, eta bertan erakunde sinatzaile bakoitzeko ordezkari batek parte hartuko du. Era berean, Jarraipen Batzordearen lanetan parte hartzeko gonbita egin ahal izango zaie, betiere aldeetako edozeinek, Eusko Jaurlaritzako edo Arabako Foru Aldundiko beste sail batzuek eta sinatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein erakunde publikok edo toki erakundek eskatuta.

2.– Honako hauek dira Jarraipen Batzordearen egitekoak:

a) Hitzarmen honen burutzapenaren jarraipena, zaintza eta kontrola.

b) Hitzarmen honen interpretazioaz eta burutzapenaz sortzen diren arazoak ebaztea eta, behar denean, proposatzea.

c) Hitzarmen honen xede diren jarduketak betetzen direla bermatzeko behar diren neurriak proposatzea.

d) Hitzarmena azkentzea adostea bertan ezarrita dauden kasuetan.

3.– Jarraipen Batzordea gutxienez 4 pertsonak osatuko dute:

a) Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzako titularra, edo hark eskuordetzen edo ordezten duena, eta zuzendaritza horri atxikitako Ingurumen Iraunkortasuneko Zerbitzuko burua.

b) Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzako titularra, edo hark eskuordetzen edo ordezten duena; eta sail horretako funtzionario bat, hark izendatua.

4.– Jarraipen Batzordea biltzeko deialdiak batzordeburuak egingo ditu; batzordea honako kasu hauetan bildu behar da, gutxienez:

a) Urte bakoitzaren amaieran, hitzarmenaren xedea lortzen ari den ala ez baloratzeko eta horren berri emateko.

b) Hitzarmenaren baldintzak aldatu beharra dakarren aldaketaren bat gertatzen denean.

c) Sinatzaile batek eskatzen duenean, batzordearen berezko egitekoekin lotutako gairen bat aztertzeko.

5.– Sinatzaileek konpromisoa hartzen dute Jarraipen Batzordean buru-belarri aritzeko haren helburuak eta xedea modu egokian betetzeko eta erdiesteko asmoz.

Zazpigarrena.– Aldatzeko araubidea.

1.– Hitzarmen honen edukia aldatu ahal izango da. Horretarako, sinatzaileek berariaz eta aho batez adostu beharko dute, eta, hala badagokio, eranskin gisa erantsi beharko zaio.

2.– Sinatzaileak beharturik daude hitzarmen honen xedea, izaera edo baldintzak alda ditzakeen edozein gertaera berariaz eta berehala jakinaraztera.

Zortzigarrena.– Indarraldia eta luzapena.

1.– Hitzarmen honek iraupen zehatza izango du sinatzen den egunetik 2023ko abenduaren 31ra arte.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, alderdi sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute beste bi urtez luzatzea.

Bederatzigarrena.– Azkentzea.

1.– Hitzarmen hau azkendu egingo da haren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoi hauetakoren bat sortzen denean:

a) Alde sinatzaileek hitzarmena suntsiarazteko erabakia hartzea indarraldia amaitu aurreko edozein momentutan.

b) Alde sinatzaileek onartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

c) Deuseztasuna adierazten duen ebazpen judizial irmoa egotea.

2.– Nolanahi ere, hitzarmen hau azkentzen bada, likidatu egingo da, hala badagokio, alderdi sinatzaile bakoitzaren betebeharrak eta konpromisoak zehazteko, betiere urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, bere 52. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamargarrena.– Izaera eta jurisdikzioa.

1.– Hitzarmen honek izaera administratiboa du eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publiko Araubide Juridikoarenak, bere 47.a) artikuluan eta abenduaren 18ko 52/1992 Foru Arauak, Arabako Foru Aldundiaren Antolakuntza, Jardunbide eta Araubide Juridikoarenak, bere 79. artikuluan ezarritako administrazio arteko lankidetza hitzarmenen barruan sartzen da; era berean, hitzarmenaren interpretazioa eta garapena honako arautegi hauetan ezarritakoaren araberakoa izango da: urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publiko Araubide Juridikoarenak, bere 3. eta 47. artikuluan eta hurrengoetan eta apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Toki Araubideko Oinarrienak, bere 55. artikuluan ezarritakoaren araberakoa (betiere abenduaren 27ko 27/2013 Legeak, Toki Administrazioaren Arrazionaltasun eta Iraunkortasunarenak, egindako aldarazpena kontuan hartuz) eta gainerako arautegi aplikagarriak ezarritakoaren araberakoa.

2.– Hitzarmen hau interpretatzean, aldatzean, suntsiaraztean eta haren ondorioen inguruan sor daitezkeen gatazkak bosgarren klausulan ezarritako jarraipen batzordeak aztertu eta ebatziko ditu. Hori posible izan ezean, auzigaiez arduratzeko eskudunak izango dira administrazioarekiko auzi ordenako jurisdikzio organoak.

Hamaikagarrena.– Argitalpena.

Arabako Foru Aldundiaren abenduaren 18ko 52/1992 Foru Arauak, Antolaketa, Jarduera eta Araubide Juridikoarenak, bere 79.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, hitzarmen hau izenpetu ondoren, Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ados daudela eta bat datozela adierazteko, bertaratuek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean,

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailaren izenean,

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintzako diputatua,

JOSEAN GALERA CARRILLO.


Azterketa dokumentala