Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2021eko otsailaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
618

AGINDUA, 2020ko abenduaren 29koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta organismo autonomoen biltegi zentralizatuen funtzionamendua arautzen duena.

Hogeita hiru urte baino gehiago joan dira Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 1997ko otsailaren 7ko Agindua onartu zenetik. Agindu horren bidez, biltegi zentralizatuen jarduera arautu zen, eta heldu da arau hori egungo egoerara egokitzeko ordua.

Horretarako beste arrazoietako bat da lege hauetan xedatutakoa betetzea: Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea. Azken lege horrek Administrazioaren prozedurak elektronikoki kudeatzeko betebeharra ezartzen du. Biltegi zentralizatuen prozedurak elektronikoki kudeatzeko, aplikazio informatiko berri bat garatu da, eta horrek ahalbidetuko du biltegiratutako ondasunen gordailua eta eskuragarritasuna era integralean kontrolatzea eta kudeatzea, ondasun horien trazabilitatea eta mugimenduen gaineko ardura bermatuta.

Bestalde, biltegi zentralizatuen edukia berrikusteko eta berrantolatzeko prozesu bat gauzatu da. Horren ondorioz, eta ikusita sailek eta organismo autonomoek jarduteko modua aldatu dutela, beharrezkoa da araudi erregulatzailea berriro idaztea.

Egindako berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da argitaratutako liburu eta aldizkarien argitalpenak biltegiratzeari egindako murrizketa, Argitalpen Zerbitzu Nagusiak editatutakoak baino ez baitira gordeko.

Apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak, zeinak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen baitu, 21.f) artikuluan Baliabide Orokorren Zuzendaritzari esleitzen dio sailen beharrei erantzuten dieten biltegi zentralizatuak kudeatzea, bai eta horien irismena zehaztea ere.

Horregatik guztiagatik, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan esleitzen zaidan eskumena erabilita, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta organismo autonomoen biltegi zentralizatuen funtzionamendua arautzea.

2. artikulua.– Biltegi zentralizatuak.

Agindu honen ondorioetarako, biltegi zentralizatutzat joko dira kudeaketa bateratuko eraikinetan kokatutako sailek eta organismo autonomoek eskuratutako ondasun higigarriak gordailutzeko erabiltzen diren lokalak, Administrazio publikoaren eskumena duen saileko Baliabide Orokorren Zuzendaritzak kudeatuak.

3. artikulua.– Gordailutu beharreko ondasunak.

1.– Biltegi zentralizatuetan, aldi baterako biltegiratzea onartuko da material hauetarako: kudeaketa bateratuko eraikinetan dauden sailen eta organismo autonomoen jabetzako ondasun higigarriak, eta sail eta organismo autonomo horiek editatutako publizitate-materiala. Ez dira biltegian gordeko hezkuntza-, osasun- eta polizia-sareetarako eta Justizia Administrazioko sareetarako ondasun higigarriak eta publizitate-materiala.

2.– Liburuei eta aldizkariei dagokienez, biltegi zentralizatuetan gordailutuko dira soilik Argitalpen Zerbitzu Nagusiak argitaratutakoak, Euskal Administrazio Erkidegoko Administrazio Orokorraren argitalpen-zigilu bakarra baita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen argitaratze-jarduerari buruzko irailaren 25eko 135/2018 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Baliabide Orokorren zuzendariak baimena eman dezake aurreko paragrafoetan adierazi gabeko ondasunak gordailutzeko. Halaber, ondasunen gordailua errefusatu ahal izango du, izaera, bolumena edo kopurua dela-eta, biltegien kudeaketan kalte larriak eragin ditzaketen ondasunak badira.

4.– Biltegi zentralizatuetan, ez da onartuko honelako ondasunak biltegiratzea: biltegiratze-lokal espezifikoak dituztenak; epe luzera kontsumi daitezkeenak; erraz honda daitezkeenak; toxikoak, osasungaitzak edo arriskutsuak izan daitezkeenak.

4. artikulua.– Gordailuen behin-behinekotasuna.

1.– Ondasun higigarriak biltegi zentralizatuetara bidali ahal izango dira, baldin eta sail edo organismo autonomo igorleak aldi baterako ez erabiltzea erabaki badu. Ondasun horiek gehienez sei hilabetez egon ahal izango dira gordailuan.

2.– Gordailua egin eta sei hilabete igaro ondoren, Baliabide Orokorren Zuzendaritzak askatasunez baliatu ahal izango ditu gordailututako ondasunak; izan ere, sail edo organismo autonomo igorleek ondasunok baliatzeko ahala galduko dute.

3.– Publizitate-materiala biltegi zentralizatuetan utzi ahal izango da aldi baterako, behin betiko banaketaren zain. Material mota horretarako, arrazoizko zaintzaren gehieneko denbora adierazi beharko da, eta, epe hori igarotakoan, suntsitu egingo dira.

4.– Argitalpenak biltegi zentralizatuetan kontserbatzeko epea zehazteko, aintzat hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta organismo autonomoen argitaratze-jarduerari buruzko irailaren 25eko 135/2018 Dekretuan ezarritakoa.

5.– Sail edo organismo autonomo igorleek kontserbazio-epe luzeagoa behar badute ondasun jakin batzuetarako, berariaz eskatu beharko dute, eta egoera justifikatu. Eskabidea aztertu ondoren, Baliabide Orokorren zuzendariak gordailu horiek baimendu edo errefusatu ahal izango ditu, betiere biltegiek une horretan duten egoera kontuan hartuta.

5. artikulua.– Gordailutu beharreko ondasunak bidali eta jasotzea.

1.– Biltegi zentralizatuak aplikazio informatiko baten bidez kudeatuko dira. Kudeaketa bateratuko eraikinetan kokatutako sail eta organismo autonomoek aplikazio hori erabiliko duten pertsonak izendatu beharko dituzte, eta, horretarako, profil espezifiko bat esleituko zaie.

2.– Biltegi zentralizatuetan ondasunak gordailutzeko interesa duen sailak edo organismo autonomoak materialak gordailutzeko eskabide bat izapidetu beharko du, horretarako gaitutako kudeaketa-aplikazioaren bitartez. Eskabide horretan, materialen deskribapen osoa, bidaltzailearen izena eta berarekin harremanetan jartzeko datuak adierazi beharko dira.

3.– Materialak behar bezalako eta behar besteko enbalaje egokian bidali beharko dira, unitate erabilgarrietan, biltegiratze-aldian osorik eta ondo iraungo dutela bermatzeko. Halaber, behar bezala identifikatuta eta etiketatuta egon beharko dute kanpoaldeko enbalajean.

4.– Biltegi zentralizatuetako langileek gordailu-eskabidea aztertuko dute, eta bidalketa baimenduko dute. Une horretan zehaztuko dira garraiobidea eta entregaren eguna eta ordua.

5.– Materiala jaso ondoren, biltegi zentralizatuetako langileek begiratuko dute bidalketaren datuak egiazkoak diren, zenbat diren eta nola dagoen enbalajea. Gero, materiala xede-biltegian kokatuko dute, eta sarrera erregistratuko dute aplikazioan. Une horretan, egiaztatzen bada bidalitakoa eta gordailu-eskabidekoa ez datozela bat, uko egingo zaio bidalketari, eskabidearekin bat ez datorren zatian; bidaltzaileari itzuliko zaio eta hark ordainduko du.

6.– Biltegiko sarrera erregistratu ondoren, materiala sartu izanaren egiaztagiria sortuko da, eta gordailugileari bidaliko zaio bide telematikoz. Gordailuen egoera une oro kontsultatu ahal izango da kudeaketa-aplikazioan.

6. artikulua.– Gordailututako ondasunak ateratzea.

Sail edo organismo autonomoren batek gordailututako ondasunak biltegitik atera nahi baditu, arduradunak ondasun horien irteera-eskabidea bete beharko du, kudeaketa-aplikazioaren bidez. Eskabidean, hau hautatuko da: zer material eta zenbat unitate erabili nahi den, helmugako helbide osoa, eta ondasunak jasotzeko harremanetarako pertsonaren datuak, baita garraiobidea ere.

Gutxienez hiru egun baliodun lehenago egin beharko da eskabidea, materiala manipulatu eta prestatu ahal izateko.

Biltegi zentralizatuetako langileek irteera-albarana sortuko dute, materialak enbalatu eta etiketatuko dituzte, eta garraio-enpresak jasotzeko prest utziko dituzte. Materiala entregatu ondoren, biltegi-mugimenduak sortuko dira aplikazioan.

Bidalketak eragindako gastuak eskatzailearen kontura ordainduko dira.

Kutxetan enbalatutako materialak badira, hala nola publizitate-materiala edo argitalpenak, kutxa osoen araberako eskabidea egingo da, eta ezin izango dira zatitu.

7. artikulua.– Gordailututako ondasunen kudeaketa.

Baliabide Orokorren Zuzendaritzak kudeatuko ditu gordailatutako ondasunak, baldin eta sail edo organismo autonomo igorleak baztertu badu ondasunok etorkizunean erabiltzea, edo agindu honen 4. artikuluan ezarritako gordailutze-epeak gainditu badira. Ondasun horiek ezin badira berriro erabili, Euskadiko Ondareari buruzko Legean xedatutakoaren arabera jokatuko da ondasunok baliatzeko edo besterentzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten dira Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 1997ko otsailaren 7ko Agindua (1997ko otsailaren 19ko EHAA, 34. zk.), zeinaren bidez arautzen baita biltegi zentralizatuen jarduera, eta biltegi zentralizatuen arloko eta agindu honen aurkako beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 29a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala