
24. zk., 2021eko otsailaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (309 KB - 14 orri.)
- EPUB (229 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
602
ERABAKIA, 2020ko abenduaren 17koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen artean irakaskuntza esleitzeko arautegi berria onartzeko dena.
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, 2011ko martxoaren 10eko bileran, irakaskuntza aldi baterako esleitzeko eta irakasleen artean banatzeko araudia onartu zuen. Araudi hori 2011ko apirilaren 26ko 78. zenbakiko EHAAn argitaratu zen, Irakasleen errektoreordearen 2011ko martxoaren 23ko erabakiaren bidez.
Gero, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez, 2016ko uztailaren 7ko bileran, aipatutako arautegiaren 15. artikulua aldatzea onartu zen.
Orduz geroztik, UPV/EHUk aldaketa nabarmenak egin ditu bere egituraren antolakuntzan, hala nola ikastegien berrantolaketa eta sailen berrantolaketa, hurrenez hurren, Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 27ko eta 2020ko uztailaren 9ko erabakien bidez egin zirenak.
Bestalde, urte hauetan pilatutako eskarmentuarekin eta irakasle-ikertzaileen irakaslanaren errendimendua etengabe hobetu nahian, komeni da erreferentziazko arautegian hainbat egokitzapen egitea, tresna erabilgarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 10.2 artikuluak (EHAA, 2004ko martxoaren 12koa) unibertsitateko gobernu organoek emandako aplikazio orokorreko arauak argitaratzeko unibertsitatearen betebeharra ezartzen du, eta, horrela, arau horiek ez dira indarrean sartuko, harik eta beren testuak osorik argitaratzen diren arte.
Horregatik guztiagatik, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Irakaskuntza aldi baterako esleitzeko eta irakasleen artean banatzeko arautegia indargabetzea. Arautegi hori UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2011ko martxoaren 10eko bileran (EHAA, 78. zk., 2011ko apirilaren 26a) eta organo berak partzialki aldatu zuen, berriz, 2016ko uztailaren 7ko bileran (EHAA, 155. zk., 2016ko abuztuaren 17a). Horren ordez, arautegi berri bat ezarriko da, honela idatzita geratuko dena:
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO IRAKASLE-IKERTZAILEEN ARTEAN IRAKASKUNTZA ESLEITZEKO ARAUTEGIA
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, 2011ko martxoaren 10eko bileran, irakaskuntza aldi baterako esleitzeko eta irakasleen artean banatzeko araudia onartu zuen. Araudi hori 2011ko apirilaren 26ko 78. zenbakiko EHAAn argitaratu zen, Irakasleen errektoreordearen 2011ko martxoaren 23ko erabakiaren bidez.
Gero, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez, 2016ko uztailaren 7ko bileran, aipatutako arautegiaren 15. artikulua aldatzea onartu zen.
Orduz geroztik, UPV/EHUk aldaketa nabarmenak egin ditu bere egituraren antolakuntzan, hala nola ikastegien berrantolaketa eta sailen berrantolaketa, hurrenez hurren, Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 27ko eta 2020ko uztailaren 9ko erabakien bidez egin zirenak.
Bestalde, urte hauetan pilatutako eskarmentuarekin eta irakasle-ikertzaileen irakaslanaren errendimendua etengabe hobetu nahian, komeni da erreferentziazko arautegian hainbat egokitzapen egitea, tresna erabilgarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Helburua.
Arautegi honen bidez irizpideak ezartzen dira, honetarako:
1.– UPV/EHUko irakasle-ikertzaileei irakaskuntza esleitzea.
2.– Ikasleak aldi batez eskolarik gabe egon ez daitezen:
a) Sail bateko irakasle-ikertzaileen artean aldi baterako banatuko da kideko sail baten irakaskuntza.
b) Sailei esleituko zaie aldi baterako irakaskuntza.
II. TITULUA
IRAKASKUNTZA SAIL BATEKO IRAKASLE-IKERTZAILEEN ARTEAN ESLEITZEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
2. artikulua.– Irakaskuntza esleitzeko organo eskuduna.
1.– Saileko Kontseilua izango da, oro har, ziklo, diziplina eta ikasketa guztien irakaskuntza antolatzeko organo eskuduna, kasuan kasuko atalek egindako proposamenei jarraiki.
2.– Jakintza arlo baten irakaskuntza kideko jakintza arloko irakasle-ikertzaileei aldi baterako esleitzen bazaie, errektorea izango da esleipena egiteko organo eskuduna, kasuan kasuko saileko kontseiluaren proposamenari jarraiki.
3. artikulua.– Xedapen orokorrak.
1.– Sailak irakaskuntza ematen duen baina ikastegiko saileko atala ez dagoen ikastegietan, harremanak bideratze aldera, Saileko Kontseiluak edo, hala behar bada, Saileko Batzorde Iraunkorrak ordezkari bat izendatu ahal izango du.
2.– Irakasle-ikertzaile bakoitzaren irakats betebeharrak betetzeko, irakasgai/irakasgai talde osoak esleituko zaizkie, ahal baldin bada, irakasle-ikertzaileei.
3.– Sailak arreta berezia jarriko du euskarazko irakaskuntza eta, ahal duen neurrian, hizkuntza ez-ofizialetako irakaskuntza arian-arian ezar dadin; horretarako, aintzat hartu beharko ditu hizkuntza normalizazioaren eta nazioartekotzearen arloan diharduten unibertsitateko organo orokorrek egindako plangintzak.
4.– Edonola ere, irakasle-ikertzaile guztien irakaskuntza emateko eskubidea bermatuko da.
5.– Salbuespen gisa, irakasle-ikertzaileei beren irakats ahalmena gainditzen duen irakats betebehar bat esleitu ahal izango zaie (irakasle kredituen aitortza kontuan hartu gabe). Halakoetan, gehiegizko zama hori urte anitzeko plangintzaren barruan orekatuko da, hurrengo bi ikasturteetan, eta ez dira gaindituko, orotara, 3 kredituak ikasturte bakoitzeko, non eta ez den halakorik adosten eraginpeko irakasle-ikertzaileekin. Orekatzeko modua eta epea Saileko Kontseiluak edo, hala behar bada, Saileko Batzorde Iraunkorrak zehaztuko ditu, eta horren berri emango dio Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeari.
II. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA ESLEITZEKO PROZEDURA BAINO LEHENAGOKOAK
4 artikulua.– Irakaskuntza esleitzeko prozedurako gaiak edo irakasgaiak zehaztea.
1.– Sailak dagokion irakats betebeharra esleitzen dela bermatu beharko du.
2.– Hasiera batean, sailak ikasketa ofizial guztietan (graduak, master ofizialak eta esperientzia ikasgelak) daukan irakats betebeharra aztertuko du, eta kreditutan emango ditu honako alderdi hauek:
a) Titulu ofiziala eskuratzeko nahitaezko irakaskuntza.
b) Titulu ofiziala eskuratzeko gutxieneko hautazko irakaskuntza.
c) Titulu ofizialeko gainerako hautazko irakaskuntza.
3.– Sailak, halaber, kreditutan emango du kontratatuta daukan irakats ahalmena, kontuan hartuta egoera hauek:
a) Aurreko ekitaldietako gehiegizko zama eta gabeziak orekatzeko ekintzak, kontuan hartu gabe irakaslanagatik aitortu beharreko kredituak.
b) Indarrean den araudian aurreikusita dauden eta sailari atxikitako langileek eduki ditzaketen irakats ahalmenaren murrizketak.
4.– Sailak alderatu egingo ditu kontratatutako irakats ahalmena eta esleitutakoa, hizkuntza eskakizunen arabera, jakiteko irakats betebehar guztiei aurre egiteko ahalmen nahikoa daukan ala ez.
5. artikulua.– Irakats betebehar guztiari aurre egiteko ahalmen nahikorik ez daukaten sailak.
1.– Sail baten ikasketa ofizialei dagokien irakats betebeharrak irakats ahalmena baino handiagoak badira, indarreko Jardun Akademikoaren Planaren arabera kredituak aitortu gabe bada ere, erabaki egin beharko du zer gai edo irakasgai eskainiko dituen eta zein ez diren agertuko irakats eskaintzan, sailak esleituta izango dituen irakats betebeharrak saileko irakasle-ikertzaileek beren gain hartzeko modukoak izan daitezen. Hurrenkera honi jarraituko dio sailak gaiak edo irakasgaiak eskaintzeko:
a) Titulu ofiziala eskuratzeko nahitaezko irakaskuntza.
b) Titulu ofiziala eskuratzeko gutxieneko hautazko irakaskuntza.
c) Titulu ofiziala eskuratzeko gainerako hautazko irakaskuntza. Hainbat hizkuntzatan emandako irakaskuntza izanez gero, saila hizkuntzen arteko eskaintza orekatuta egiten saiatuko da.
6. artikulua.– Irakaskuntza banatzeko irizpide orokorrak.
1.– Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasle-ikertzaileen artean, kontuan hartuta, ahal den neurrian, irakats betebeharrengatik aitortu beharreko kredituak, kontratatutako irakats ahalmena esleitutakoa baino handiagoa bada aplikatuko direnak, kalterik egiteke horregatik campusen, ikastegien, atalen, jakintza arloen eta hizkuntzaren arabera egon daitezkeen aldeei. Proportzionaltasuna ikasturte berean errespetatzerik ez dagoenean, printzipio hori urte anitzeko ikuspegi batean errespetatuko da, hurrengo bi ikasturteetan, eta epe hori irakaskuntza esleitzeko akordioan adieraziko da. Irakasle elkartuek ez dute izango kontratatuan dagokiena baino arduraldi handiagoa ikasturte bakoitzeko, osasun arloko sailetan eman daitezkeen salbuespenetan izan ezik, eta betebehar hori haien espezialitateari edo lan arloari lotuta egongo da.
Banaketa egitean proportzionaltasun hori lortu nahian, sailari atxikitako kideko jakintza arlo baten irakaskuntza esleitu ahal izango zaie irakasle-ikertzaileei. Helburu bera lortu ahal izateko, beste ikastegi edo atal bateko irakaskuntza esleitu ahal izango zaie irakasle-ikertzaileei, batez ere irakaskuntza campus berean dagoenean.
2.– Adierazitakoa betetzeko, irakats betebeharren ratioa hizkuntzaren arabera kalkulatuko du sailak. Horrela lortuko du irakasle edo ikertzaile bakoitzari esleitu behar zaizkion kredituen kopurua, irakaskuntza modu proportzionalean banatzeko.
3.– Ratio hori handiagoa bada plaza elebiduna (euskara-gaztelania) betetzen duten irakasle-ikertzaileen artean, horiek irakaskuntza osoa euskaraz aukeratuko dute lehentasunez, beste hizkuntza batzuk hautatzeko aukera eragotzi gabe.
4.– Ratio hori handiagoa bada hizkuntza ez-ofizial baten eskakizuna duen plaza bat betetzen duten irakasle-ikertzaileen artean, horiek irakaskuntza osoa plazaren hizkuntza ez-ofizial horretan aukeratuko dute lehentasunez, beste hizkuntza batzuk hautatzeko aukera eragotzi gabe.
5.– Ratioa handiagoa bada irakasle-ikertzaile elebakarren kasuan, irakasle-ikertzaile elebidunek gaztelaniaz irakatsi beharko dituzte gai edo irakasgai batzuk, ratioa berdindu arte.
6.– Master titulu ofizialetako irakaskuntza, hasiera batean, tituluaren proposamenean agertzen diren irakasle-ikertzaileei esleituko zaie; dena dela, Masterreko organo arduradunek mekanismoak eta protokoloak ezarriko dituzte, eskumenak dituen eta baldintzak betetzen dituen beste sail bateko irakasle-ikertzaile batzuek master horietako irakaskuntza eskatu eta emateko aukera izan dezaten.
7.– Doktoregoko irakaskuntza, banatu ezin dena, irakaskuntza hortaz arduratu diren irakasle-ikertzaileei esleituko zaie.
8.– Irakaskuntza banatzean kontuan izango dira, besteak beste, irakasle-ikertzaile bakoitzak eman beharreko irakasgaien edo taldeen kopurua, horien arteko kidetasuna, ikasleen kopurua, eta ordutegia.
7. artikulua.– Irakasleen arduraldia.
1.– Irakasle-ikertzaileen arduraldia ikasturteka zenbatuko da.
2.– Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan irakaslanak; dena dela, irakaskuntza edo ikerketa arloko arrazoiak egon behar dira horretarako.
Nolanahi ere, salbuespen egoeretan ere eskolak emango direla bermatu behar da, ikasleak ezin baitira egon eskolarik gabe.
Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama, baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar baldin badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana baino ezin izango du hartu bere gain ordezkoak.
III. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA ESLEITZEA
8. artikulua.– Irakaskuntza esleitzeko irizpide orokorrak.
1.– Sailak, oro har, beren jakintza arloari lotutako gaiei edo irakasgaiei dagozkien irakaslanak esleituko dizkie irakasle-ikertzaileei.
2.– Aurreko puntuan adierazitakoari kalterik egin gabe, sail baten irakaslana beste sail bati aldi baterako esleitzen bazaio, edota jakintza arlo bat baino gehiago dauzkan sail bat bada, errektoreak kideko jakintza arloekin lotutako gaien edo irakasgaien irakaslana esleitu ahal izango die irakasle-ikertzaileei, Gobernu Kontseiluaren proposamenari jarraiki.
3.– Hasiera batean, atxikita dauden ikastegian edo atalean emango dituzte eskolak irakasleek edo ikertzaileek, 6.1 artikuluaren bigarren atalean irakaslanaren banaketa proportzionalari buruz ezarritakoa ezertan eragotzi gabe.
Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, Saileko Kontseiluak irakasle-ikertzaileei beste ikastegi bateko irakaslana esleitu ahal izango die, campus berberean ahal bada. Erabaki hori, ordea, arrazoitu egin beharko da.
Premia dela-eta esleipen hori saileko zuzendariak egiten baldin badu, erabakia zuzenean ezarriko da, baina Saileko Kontseiluak edo, hala dagokionean, Batzorde Iraunkorrak berretsi beharko du, eta eraginpeko irakasle-ikertzaileek organo horren aurrean agerraldia egin eta entzuna izateko aukera izango dute.
4.– Onartutako irakaskuntza esleipenean, sailak aintzat hartuko ditu prestakuntza bidean dauden irakasle-ikertzaileak (irakasle laguntzaileak, irakasle atxikiak, prestakuntza bidean dauden ikertzaileak, eta irakasle atxiki baten plaza hutsa betetzen tutoretza programan sartutako bitarteko irakasleak), eta hortaz, esleituko zaien irakaskuntzak irakaskuntza eta ikerketaren alorrean prestatzen jarraitzeko aukera emango die, eta horretarako kontuan hartuko ditu, besteak beste, esleitutako gai edo irakasgaien kopurua, haien arteko kidetasuna, eta ikasleen kopurua. Edonola ere, irakaskuntza modu proportzionalean banatuko da, eta bermatu egingo da kontratuaren helburua den prestakuntza.
5.– Irakasle-ikertzaileen graduko edo master ofizialeko eguneko lehen eta azken eskolaren arteko denbora tartea gehienez zazpi ordukoa izango da, borondatez hura handitzea eskatzen edo adosten dutenean izan ezik.
6.– Irakasle-ikertzaile batek ezingo ditu graduko bi irakasgai desberdin eman lauhileko berean, ezta graduko lau irakasgai desberdin baino gehiago ere ikasturte osoan, haren arduraldia albo batera utzita, non eta ez duen borondatez eskatzen halakorik egitea.
Irakasle batek, kontratu partziala edukita, ezingo du irakasgai bat baino gehiago eman lauhileko berean, ezta graduko bi irakasgai desberdin baino gehiago ere ikasturte osoan, non eta ez duen borondatez eskatzen halakorik egitea.
7.– Irakasle-ikertzaile bati irakasgai berria esleitzen bazaizkio, gutxienez hiru ikasturtetan emango dituela bermatuko zaio, hala eskatzen badu.
9. artikulua.– Irakaslana esleitzeko erabakia eta lehentasun irizpideak.
1.– Irakasle-ikertzaileei beren lehentasunak eskatu aurretik, Saileko Kontseiluak irakaslana esleitzeko irizpide osagarriak erabaki ditzake, arautegi honetan xedatutakoa errespetatzen badu.
Era berean, irakasle elkartuei dagokien irakaskuntza ezingo da banatu irakasle-ikertzaileen gainerako kategorien artean. Salbuespen izango dira beste irakasle kategoria batzuk, baldin eta unibertsitatetik kanpo izandako jarduera baten ondorioz irakaskuntza horretan espezialistatzat hartzen badira. Antzeko jarduera duen irakasle elkartu bat baino gehiago egonez gero, 5. atalean adierazitako arau orokorrei jarraituko zaie.
2.– Irakaskuntza esleitzeko amaierako akordioak sailak titulu ofizialetan (gradua, esperientzia ikasgelak eta master ofiziala) eskainitako irakasgai guztiak hartu beharko ditu.
3.– Irakaskuntza eraginpeko irakasle-ikertzaileen artean banatuko da, akordio bidez.
4.– Akordiorik izan ezean, oro har, irakasle-ikertzaileek beren urteko irakaskuntza bi txandatan hautatuko dute, bakoitzean dagokien irakats betebeharraren % 50 inguru aukeratuta (%40-60 artean), eta irakasgai baten irakaskuntza ahalik eta irakasle gutxien artean banatzeko ahalegina egingo da. Salbuespen gisa, 10 kreditu baino gutxiago hautatu behar badira, txanda bakarrean aukeratuko da.
Ikertzaile doktore iraunkorrek beren ikerketa arloari lotutako irakasgaiak aukeratuko dituzte eta, ahal bada, graduondoko ofizialetan.
5.– Irakasle edo ikertzaile batek baino gehiagok eskola berak eskatzen baditu, ondorengo lehentasun hurrenkeraren arabera banatuko dira irakasgaiak:
a) Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute, bitarteko eta aldi baterako irakasleen aurrean.
b) Irakasle doktoreek, ez-doktoreen aurrean.
c) Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:
– Irakasle iraunkorrak:
● Unibertsitate katedradunak, irakasle osoak edo ikerketa irakasleak.
● Unibertsitateko irakasle titularra, unibertsitate eskolako katedraduna, irakasle agregatua, eta ikertzaile doktore iraunkorra.
● Unibertsitate Eskolako irakasle titularrak.
● Bestelako irakasle iraunkorrak edo kontratu mugagabea dutenak.
– Bitarteko edo aldi baterako lotura duten irakasleak:
● Bitarteko irakasle funtzionarioak.
● Irakasle atxikiak.
● Irakasle lankideak, nautikako irakasleak, SHEEko irakasleak.
● Irakasle laguntzaileak.
● Bitarteko irakasle lan kontratudunak.
d) Kidegoan antzinatasun edo kontratu kategoria handiena duten irakasleak. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak haztatu egin behar dira 0,5 koefizientea erabilita.
6.– Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egingo da.
7.– Prestakuntza bidean dauden ikertzaileen eta Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemara sartzeko kontratua duten ikertzaileen irakaskuntza, hala eskatzen badute, Saileko Kontseiluak esleituko du, eta, ahal den neurrian, beren ikerketa lerroei lotuta egongo da. Langile horiek irakaslanetan lagundu ahal izango dute, indarreko legediak eta dagokion deialdiak ezarritako mugen barruan, eta lan hori aitortua izango da GAUR aplikazioan edo haren ordezkoan sartuta, ikerketa eta prestakuntza helburua inola ere hutsaldu gabe.
8.– Irakasle-ikertzaileak aldi baterako ordezkatzen diren kasuetan, ordezkapenaren iraupena, hasiera batean, irakaskuntza esleituta dagoen aldia baino laburragoa denean, ordezkatutako pertsonak aukeratuko du irakaskuntza, dagokion txandan. Ostera, ordezkoaren kontratuaren iraupena esleitu beharreko irakaskuntzaren aldia baino luzeagoa izango dela aurreikusten bada, ordezkoak berak aukeratuko du irakaskuntza, dagokion txandan.
10. artikulua.– Erabakiak argitaratzea eta errekurtsoak.
1.– Saileko Kontseiluak urteko irakats betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartutako erabakiak berehala argitaratu behar dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 39.2 eta 45. artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota utzi behar da zer egunetan argitaratu diren erabakiok saileko iragarki oholetan, eta gutxienez hilabete egongo dira ikusgai.
2.– Irakasleen irakats betebeharrak saileko iragarki oholetan emango dira argitara. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zer egunetan argitaratu diren irakats betebeharrak saileko iragarki oholetan, egun horretatik aurrera hasiko delako kontatzen gorako errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta halakorik jartzeko aukerarik badago.
3.– Urteko irakats betebeharrak eta irakasle bakoitzaren irakats betebeharrak esleitzeko irizpideak arrazoi justifikatuengatik kanpoan dauden irakasle-ikertzaileei jakinaraziko zaizkie, beren unibertsitateko helbide elektronikora bidaliko zaien mezuaren bidez.
4.– Artikulu honetako aurreko puntuetan aipatutako erabakien kontra egiteko gorako errekurtsoa aurkeztuko zaio irakaskuntza plangintzako gaietan eskumena duen errektoreordeari, hilabeteko epean erabakiak argitaratu edo jakinarazten direnetik zenbatzen hasita. Edonola ere, erabakietan bertan adierazi beharko da zer errekurtso jar daitekeen eta zer epetan.
5.– Kideko jakintza arlo baten gaien edo irakasgaien irakaskuntza esleitzen duen errektorearen erabakiaren kontra egiteko, aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke zuzenean Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Edonola ere, erabakian edo jakinarazpenean bertan adierazi beharko da zer errekurtso jar daitezkeen eta zer epetan.
III. TITULUA
SAIL BATEN IRAKASKUNTZA BESTE SAIL BATEKO IRAKASLE-IKERTZAILEEN ARTEAN ALDI BATERAKO ESLEITZEA
11. artikulua.– Irakaskuntza beste sail bateko irakasle-ikertzaileen artean esleitzeko irizpide orokorrak.
1.– Indarrean dauden titulazioei dagozkien ikasketa planetan irakaskuntza eman behar duten sailetako irakasle-ikertzaileei esleituko zaie irakaslana hasiera batean.
2.– Hala ere, beste sail bateko irakasle-ikertzaileengana jo ahal izango da, hurrengo artikuluan zehaztutakoari jarraiki.
12. artikulua.– Irakaskuntza beste sail bateko irakasle-ikertzaileen artean esleitzeko prozedura.
1.– Sail baten irakaskuntza esleitu ahal izango zaie kideko sail bateko irakasle-ikertzaileei, baldin eta sail biek elkarrekin egiten badute horretarako proposamena, kontseiluek hartutako akordioei jarraiki, eta kasuan kasuko irakasleek ados daudela adierazten badute. Proposamen horretan adieraziko dira, beren-beregi, beste saileko irakasleei esleitzen zaizkien gaiak edo irakasgaiak eta esleipenaren indarraldia.
2.– Irakasle-ikertzaileari esleituko zaion irakaskuntza berari dagokion jakintza arlokoa ez bada, esleipena errektoreak egingo du.
3.– Irakats betebeharra duen sailak jarraituko du izaten programaren ardura, baita irakasgaiaren ebaluazio eta koordinazioarena. Sail hori bera izango da irakaskuntzaren organo arduraduna eta neurriak jarri beharko ditu irakaskuntza ematen dela bermatzeko, besteak beste, eskolak eman behar dituen beste saileko irakasle-ikertzaileak lizentziaren bat daukanean onartuta.
IV. TITULUA
SAIL BATEN IRAKASKUNTZA BESTE SAIL BATI ALDI BATERAKO ESLEITZEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
13. artikulua.– Irakaskuntza esleitzeko irizpide orokorrak.
1.– Indarrean dauden titulazioei dagozkien ikasketa planetan irakaskuntza eman behar duten sailetako irakasle-ikertzaileei esleituko zaie irakaslana hasiera batean.
2.– Hala ere, sail baten irakats ahalmena ez bada nahikoa esleituta dituen irakats betebehar guztiak betetzeko, jakintza arlo berdinak edo kidekoak dituzten sailetako irakasle-ikertzaileengana joko da.
3.– Gobernu Kontseiluak irizpide objektiboak aplikatuko ditu sail batek eman beharreko gaien edo irakasgaien irakaskuntza jakintza arlo berdina edo kidekoa duen beste sail bati esleitzeko, esate baterako, kasuan kasuko sailen arteko akordioa, jakintza arloen arteko berdintasuna edo kidekotasuna, eskolak ematen diren ikastegiak, eta kontratatutako eta esleitutako irakats betebeharren arteko aldea.
4.– Akordioa badago sail baten irakaskuntza aldi baterako beste sail bati esleitzeko, azken sail horrek izango du irakaskuntzaren ardura; baina programa egiteko ardura, ebaluazio irizpideak zehaztekoa eta koordinazioarena hasierako sailak jarraituko du izaten. Era berean, sail horrek jarri beharko ditu neurriak irakaskuntza ematen dela bermatzeko, besteak beste, eskolak eman behar dituen beste saileko irakasle-ikertzaileak lizentziaren bat daukanean onartuta.
5.– Sailen arteko akordioa egonez gero, irakasle premiak dauzkan sailaren irakaskuntza emango duen sailak bere gain har ditzake programa egiteko ardura, ebaluazio irizpideak zehaztekoa eta koordinazioarena. Halakoetan, azken sail horrek jarri beharko ditu neurriak irakaskuntza eman egiten dela bermatzeko, besteak beste, eskolak eman behar dituen beste saileko irakasle-ikertzaileak lizentziaren bat daukanean onartuta.
6.– Sail baten irakaskuntza beste sail bati aldi baterako esleitu arren, sail bakoitzaren ahalmena egokitu egin beharko da pixkanaka ikasketa planean esleitutako irakats betebeharretara.
14. artikulua.– Kideko sailak eta jakintza arloak.
Kideko sailak eta jakintza arloak izango dira akademia antolakuntzaren arloan eskumena duen errektoreordeak (aurrerantzean gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordea) eta irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeak (aurrerantzean irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordea) zehaztutakoak. Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordea izango da, halaber, hasierako zerrenda eguneratzeko eskumena izango duen organoa, prozedura berari jarraituta.
II. KAPITULUA
PROZEDURA
15. artikulua.– Prozedurari buruzko xedapen orokorrak.
1.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak emango dio hasiera prozedurari, kasuan kasuko sailek edo ikastegiek hala eskatuta. Gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordearen ekimenez ere eman ahal izango zaio hasiera prozedurari, ikasleak eskolarik gabe baldin badaude.
2.– Prozedura amaituko da irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearen proposamena ikusi ondoren Gobernu Kontseiluak hartuko duen erabakiarekin, baina kontuan hartuko da betiere hurrengo artikuluetan xedatzen dena. Erabaki horretan adieraziko dira beste sailari esleitzen zaizkion gaiak edo irakasgaiak eta esleipenaren indarraldia.
16. artikulua.– Irakasle gehiegi dauzkan sailak eta irakasle premiak dauzkan sailak elkarrekin egindako eskaeraz hasitako prozedura.
1.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak eman behar dio hasiera irakaskuntza aldi baterako beste sail bati esleitzeko prozedurari, esleituta dituen irakats betebehar guztiak betetzeko irakasle premiak dauzkan sailak eta irakasle gehiegi dauzkan sailak euren kontseiluek hartutako akordioari jarraiki elkarrekin egindako proposamena jaso ondoren.
2.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak txostena eskatuko dio eraginpeko ikastegiari edo ikastegiei. Txosten horiek ez dira lotesleak izango.
3.– Behin aipatutako txostenak eskatuta, zazpi egun balioduneko epean bidaltzen ez badira, aldekoak direla ulertuko da. Aipatutako epetik kanpo bidaliko diren txostenak ez dira kontuan hartuko.
4.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak Gobernu Kontseiluari aurkeztu ahal izango dio, onar dezan, sail baten irakaskuntza aldi baterako beste sail bati esleitzeko proposamena.
5.– Gobernu Kontseiluak hartuko duen erabakiaren berri emango die irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak kasuan kasuko sailei eta ikastegiei, baita gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordeari ere. Sailek erabaki hori beren iragarki oholetan emango dute argitara.
Sailek, gainera, ahalegina egingo dute aipatutako erabakiaren berri emateko irakasle interesatuei, bereziki arrazoi justifikatuak izanda kanpoan daudenei. Horretarako, besteak beste, unibertsitateko helbide elektronikoa erabiliko dute.
6.– Gobernu Kontseiluaren erabakiaren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo horri hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Bilboko Administrazio Auzietarako Epaitegietan hilabete biko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita.
7.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak Gobernu Kontseiluari aurkeztuko dio jarritako errekurtsoak erabakitzeko proposamena, baina horren aurretik jakinaren gainean jarriko du ordezkari sindikalen kasuan kasuko organoa. Gainera, organo horren iritzien berri eman beharko dio Gobernu Kontseiluari. Proposamena egiteko, txostena eskatu ahal izango dio gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordeari edo egoki ikusten duen beste edonori.
17. artikulua.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak hasitako prozedura, sailen arteko akordiorik ez dagoenean.
1.– Aurreikusten bada sailen batek ezingo dituela bete esleitutako irakats betebeharrak, irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak emango dio hasiera irakaskuntza beste sail bati aldi baterako esleitzeko prozedurari. Prozedura horri hasiera emateko ekimena errektoreordearena berarena izan daiteke, edo honako hauetakoren batena: irakats betebehar guztiak betetzeko irakasle premiak dauzkan sailarena, irakasle gehiegi dauzkan sailarena, kasuan kasuko ikastegiarena, edo gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordearena.
2.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak txostena eskatuko die eraginpeko sailei edo ikastegiei. Txosten horiek ez dira lotesleak izango.
3.– Behin aipatutako txostenak eskatuta, zazpi egun balioduneko epean bidaltzen ez badira, aldekoak direla ulertuko da. Aipatutako epetik kanpo bidaliko diren txostenak ez dira kontuan hartuko.
4.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearen erabaki proposamena, sail baten kreditu jakin batzuk beste sail bati esleitzekoa, onartzen bada, gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordeari eta kasuan kasuko sailei eta ikastegiei jakinaraziko zaie. Horiek zazpi egun balioduneko epea izango dute alegazioak egiteko. Zazpi egun horietatik kanpo egindako alegazioak ez dira hartuko kontuan.
5.– Irakasle premiak dauzkan sailak, aurreko puntuan aipatu den proposamena jaso eta gehienez zazpi eguneko epean, irakasle gehiegi dauzkan saileko irakasle-ikertzaileei esleituko zaizkien gaien edo irakasgaien irakaskuntza osoa edo zati bat proposatuko du, kontseiluaren akordioari jarraiki. Proposamen horren berri emango die gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordeari, irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeari, irakasle gehiegi dauzkan sailari eta kasuan kasuko ikastegiei. Horiek zazpi egun balioduneko epea izango dute alegazioak egiteko. Zazpi egun horietatik kanpo egindako alegazioak ez dira kontuan hartuko.
6.– Irakasle premiak dauzkan sailak ez badu egiten proposamena epearen barruan, gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordeak egingo du, eta jakinaren gainean jarriko ditu kasuan kasuko sailak eta ikastegiak, bai eta irakasle-ikertzaileen errektoreordea ere. Horiek zazpi egun balioduneko epea izango dute alegazioak egiteko. Zazpi egun horietatik kanpo egindako alegazioak ez dira kontuan hartuko.
7.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak Gobernu Kontseiluari aurkeztuko dio, onar dezan, sail baten gaien edo irakasgaien kreditu jakin batzuk aldi baterako beste sail bati esleitzeko proposamena, bai eta irakasle premiak dauzkan saileko kontseiluaren proposamena ere, gai edo irakasgai jakin batzuen irakaskuntza osoa edo zati bat aldi baterako beste sail bati esleitzekoa. Proposamen hori egin ez bada, gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordearena aurkeztuko da.
8.– Gobernu Kontseiluaren erabakiaren berri emango die irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak kasuan kasuko sailei eta ikastegiei, baita gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordeari ere. Sailek erabaki hori beren iragarki oholetan emango dute argitara.
Sailek, gainera, ahalegina egingo dute aipatutako erabakiaren berri emateko irakasle-ikertzaile interesatuei, bereziki arrazoi justifikatuak izanda kanpoan daudenei. Horretarako, besteak beste, unibertsitateko helbide elektronikoa erabiliko dute.
9.– Gobernu Kontseiluaren erabakiaren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo horri hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Bilboko Administrazio Auzietarako Epaitegietan hilabete biko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita.
10.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak Gobernu Kontseiluari aurkeztuko dio jarritako errekurtsoak erabakitzeko proposamena, baina horren aurretik jakinaren gainean jarriko du ordezkari sindikalen kasuan kasuko organoa. Gainera, organo horren iritzien berri eman beharko dio Gobernu Kontseiluari. Proposamena egiteko, txostena eskatu ahal izango dio gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordeari edo egoki ikusten duen beste edonori.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Irakasle-ikertzaile batek eskolak berea ez den campuseko ikastegi batean ematen dituenean irakaskuntza nola zenbatu.
Irakasle batek eman behar baditu eskolak berea ez den ikastegian eta ikastegi hori beste campus batean badago, edo irakaslea atxikita dagoen ikastegitik 40 kilometrora, irakasleari esleitutako kredituei 1,2 koefizientea ezarriko zaie.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ordutegia malgutzea familiako bizitza eta laneko bizitza bateragarri egiteko.
Irakaskuntza esleitu aurretik eta behin irakaskuntza osoa esleituta, taldeak banatzean eta/edo ordutegiak egitean gogoan izan beharko da Lan Kontratudun Irakasle eta Ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboko 83. artikuluan jasota dagoen ordutegia malgutzeko eskubidea, familiako bizitza eta laneko bizitza bateragarri egiteko.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tutoretzak.
1.– Graduko eta graduondoko ikasleek ikaskuntza prozesuan laguntza eta orientazio indibiduala jasotzeko eskubidea dute, ikasturte osoan emango diren tutoretzen bidez.
2.– Irakaskuntza ematen duen irakasle-ikertzaile orok tutoretzak finkatzeko betebeharra du.
Irakasle-ikertzaileek, tutoretzen ordutegia finkatzean, kontuan hartu beharko dituzte ikasleen interesak eta beharrak, eta zerbitzu hori arrazionaltasunez erabil daitekeela bermatuko dute. Ikastegiko eta saileko zuzendariek, Ikuskaritza Zerbitzuaren lankidetzaz, irakasle-ikertzaileek finkatutako tutoretza ordutegiak gainbegiratuko dituzte, lehen esandakoa betetzen dutela eta ikasturteko irakaslanaren antolakuntza planera egokitzen direla ziurtatzeko; hala ez bada, aldaketak egiteko eskatuko diete irakasle-ikertzaileei.
3.– Tutoretzen ordutegia finkatzean, irakasle-ikertzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
3.1.– Irakasle edo ikertzaile bakoitzak bere tutoretzen ordutegia GAUR aplikazio informatikoan grabatu beharko ditu, lauhileko bakoitza hasi aurretik.
3.2.– Irakasle-ikertzaileek beren funtzionario edo kontratu bidezko harremanean eduki dezaketen irakaskuntza osoa esleitua ez badute ere, oro har, tutoretza ordu guztiak egin behar dira, eta ezin dira metatu; hau da, ikasturte osoan egin behar dira, irakaskuntza osoa lauhileko bakar batean metatuta eduki arren.
3.3.– Irakasle-ikertzaileek beren funtzionario edo kontratu bidezko harremanean ezarrita dituzten tutoretza orduak astero bete beharko dituzte, eta ordu horiek, gutxienez, bi astegunetan –astelehenetik ostiralera– banatuko dituzte. Tutoretza saio bakoitza gutxienez ordubetekoa izango da.
3.4.– Irakasle-ikertzaileek tutoretzak ikasturte osoan mantendu behar dituzte, esleitutako irakats betebeharraren azken deialdia egin arte. Hau da, tutoretzak lehen lauhilekoan mantendu behar dira, hasieratik bigarrenaren hasiera arte, eta bigarren lauhilekoan, hasieratik esleitutako irakats betebeharraren azken deialdia egin arte, deialdiaren berrikuspena barne hartuta.
3.5.– Tutoretzen ordutegian egindako aldaketa oro GAURen grabatu beharko dute irakasle-ikertzaileek, hiru egun natural lehenago gutxienez. Salbuespen kasuetan eta hiru eguneko epea bete ezin bada, irakasleek ordutegia aldatu ahal izango dute, baldin eta inprimaki normalizatu batean argitaratzen eta tutoretzak egiten dituzten bulegoaren atean jartzen badute. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak, edo haren ordezkoak, inprimakia baimendu eta sinatu beharko du.
3.6.– Irakasle edo ikertzaile batek irakaskuntza bi ikastegitan ematen badu, tutoretza orduak ikastegi bakoitzean esleituta duen irakaslanarekiko proportzionaltasunez banatu beharko ditu.
4.– Aipatu berri den araubide orokorrean salbuespen hauek ezartzen dira:
4.1.– Tutoretzak asteko lanegun bakarrean egin ditzakete honako hauek:
– Funtzionario edo kontratu bidezko harremanaren ondorioz astean 4 eskola eta tutoretza ordu baino gehiago eman behar ez dituzten irakasle-ikertzaileak, baldin eta haien ordutegiarekin bateragarria bada betiere.
– Murrizketak direla eta, aurreko egoera berean dauden irakasle-ikertzaileak.
– Irakaskuntza osoa atxikita ez dagoen ikastegi batean eman behar duten irakasle-ikertzaileak, ikastegia beste campus batean edo 40 kilometro baino gehiagora dagoenean.
– Akreditaziorako konpromisoa sinatuta duten eta irakaskuntza lauhileko bakar batean duten irakasle-ikertzaileak, irakaskuntzarik gabeko lauhileko horretan bakarrik.
4.2.– Ikasleen oporraldietan, neguan eta udazkenean, ez da nahitaezkoa izango aurrez aurreko tutoretzak egitea, eta kontsultei bitarteko elektronikoen bidez erantzun beharko zaie, oporraldien osteko lehen 3 egunetan azterketak badaude.
5.– Lizentzia edo baimen bat hartu duten irakasle-ikertzaileek ez dituzte tutoretzak eman beharko, lizentziaz edo baimenaz gozatzen dauden bitartean. Aurrez aurreko tutoretzak eta bitarteko elektronikoen bidez egindakoak finkatutako ordutegian egin beharko dira.
6.– Ikertzaileen tutoretzei dagokienez, aurreko artikuluen aplikazioan, kontuan hartuko dira honako hauek:
6.1.– Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman sartzeko kontratua duten eta eskolak ematen dituzten ikertzaileek beren irakaskuntza orduei dagozkien tutoretzen zati proportzionala finkatu beharko dute gutxienez, eskolak ematen dituzten asteetan, baita azterketa garaietan ere (astean 3 ordu 8 kreditu ematen badituzte, astean 1,5 ordu 4 kreditu ematen badituzte, eta horrela segidan).
6.2.– Prestakuntza bidean dauden ikertzaileek (doktore aurreko langile kontratuak), irakaslanetan laguntzen dutenean, ez dituzte tutoretzak finkatu eta grabatu beharko, irakasgaiaz arduratzen diren irakasleen zeregina izango baita.
Laugarrena.– Desgaitasuna duten ikasleak.
Desgaitasuna duten ikasleek horrelakorik behar badute, sailak egokitu egin beharko du metodologia eta ikasleen beharretara moldatutako tutoretza bereziak ezarriko ditu.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Gobernu Kontseiluak 2019ko irailaren 26ko akordioaren bidez onartutako sailen berrantolaketa prozesutik sortutako saileko atalek, akordioaren indarraldian eta gehienez 2022-12-31rako aurreikusitako antolaketa berria onartu bitartean, antolakuntza unitate gisa jarduteko aukera izango dute irakaskuntza plangintza egiteari eta irakasle-ikertzaileak eskatzeari begira, 2019ko urriaren 12ko UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiaren (EHAA, 2019-10-17) azken xedapenaren 6. atalean ezarritakoaren arabera.
Itsasketa Zientzia eta Teknikak, Itsasontzi Makinak eta Itsasontzigintza Sailaren kasuan, 2022-12-31rako aurreikusitako sailen antolakuntza berria ezartzen ez den bitartean, Arautegi horren 17. artikuluaren arabera, laneko zentro gisa kontsideratuko da Portugaleten, lehengo Nautika Goi Eskola Teknikoan zegoen lekuan, kokatutako eraikina.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Irakasle atxiki gisa gehieneko kontratazio epea igaro ondoren bitartekotasun egoeran dauden irakasleek, LEP batean lehiatzeko aukeraren zain badaude eta lehiaketa horretarako nahikoa akreditazioa badute, irakasle atxikien posizio berberean aukeratuko dute irakaskuntza, Arautegi honen 9. artikuluaren 5. atalean adierazitakoarekin bat etorrita.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Irakasle atxikiaren plaza hutsa betetzen tutoretza programan dauden bitarteko irakasle atxikiek irakasle laguntzailearen posizio berean aukeratuko dute irakaskuntza, Arautegi honen 18. artikuluaren 5. atalean adierazitakoarekin bat etorrita.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Arautegi honetan xedatutakoak baliorik gabe uzten du irakaskuntza aldi baterako esleitzeko eta irakasleen artean banatzeko arautegian ezarritakoa; arautegi hori UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2011ko martxoaren 10eko bileran (EHAA, 78. zk., 2011ko apirilaren 26a) eta gero partzialki aldatu zuen organo berak 2016ko uztailaren 7ko bileran (EHAA, 155. zk., 2016ko abuztuaren 17a); era berean, baliorik gabe uzten ditu arautegi honen maila bereko edo gutxiagoko arau guztiak, haietan ezarritakoa arautegi honen kontrakoa bada.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Leioa, 2020ko abenduaren 17a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
RSS