Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2021eko otsailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
546

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baitzaio ingurumen-inpaktuaren txostena Bilboko Portuan itsasontziak erregaiz hornitzeko gas natural likidotua (GNL) biltegiratzeko instalazio-proiektuari, Repsol LNG Holding SA enpresak sustatua Zierbenan (Bizkaia).

AURREKARIAK

2020ko irailaren 23an, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako proiektu honi buruzko eskabidea osatu zuen: Bilboko Portuan itsasontziak erregaiz hornitzeko gas natural likidotua (GNL) biltegiratzeko instalazio-proiektua, Repsol LNG Holding SA enpresak sustatuta, Zierbenan (Bizkaia). Eskabidearen helburua zen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.a) artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2020ko urriaren 19an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, hainbat organismoren zenbait txosten jaso dira, eta emaitza hori espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betetzeko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera hemen dago jasota: lege horren II. eranskineko 4. taldearen («Energiaren industria») j) apartatuan («Gas naturala lurzoruaren gainean biltegiratzea. 200 tonatik gorako edukiera unitarioa duten andelak»). Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean dauden legeak aplikatuta, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Bilboko Portuan itsasontziak erregaiz hornitzeko gas natural likidotua (GNL) biltegiratzeko instalazio-proiektuari, Repsol LNG Holding SA enpresak sustatuta, Zierbenan (Bizkaia). Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.

Arau hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Bilboko Portuan itsasontziak erregaiz hornitzeko gas natural likidotua (GNL) biltegiratzeko instalazio-proiektuari, Repsol LNG Holding SA enpresak sustatua, Zierbenan (Bizkaia). Hona hemen zehaztapenak:

A) Proiektuaren xedea da itsasontziak erregaiz hornitzeko gas likidotua biltegiratzeko instalazioa egitea, 480 tokako biltegiratze-edukierakoa, Bilboko Portuaren instalazioetan, Zierbenako udal-mugartean.

B) Ebazpen honen bidez, ingurumen-inpaktuaren txostena ematen da Bilboko Portuan itsasontziak erregaiz hornitzeko gas likidotua biltegiratzeko instalazio-proiekturako, eta, aldi berean, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, betiere:

1) Proiektuaren ezaugarriak.

Itsasontziak gas natural likidatuz (GNL) hornitzeko jardueran, GNL jatorriko biltegiratze-instalaziotik itsasontzira transferitzen da, erregai gisa erabil dezan. Jarduera horri GNL bunkering deitu ohi zaio.

Repsol LNG Holding SA enpresak proposatutako bunkering-estazioari itsasontzirako terminala (Terminal-to-Ship, T-t-S) esaten zaio; hasiera batean, inguruetan atrakatu behar duen ferrya hornitzeko diseinatu zen. Osagai nagusi hauek izango ditu instalazioak:

– GNLaren biltegiratze-tanga, 480 tona gas likidotu biltzeko edukierakoa (1.000 m3): ontzi presioduna, zilindrikoa eta horizontala.

– GNLaren intsuldaketa-ponpak: ontzi moduko ponpak dira; akoplamenduko murgilduzko motor elektrikoa eta abiadura-erregulagailuak dauzkate, eta prestazio maximoetarako dimentsionatuta daude. Aire zabalean daude, eta ez daukate estalkirik.

– Masaren emari-neurgailua: eragiketa bakoitzean transferitzen den GNLaren masa zehatza neurtzeko.

– Transferentzia-beso kriogenikoa: motor hidraulikoen bidez artikulatutako egitura.

– GNLa transferitzeko mahuka.

– Geratzen den hondar-gasa erretzeko zuzi-sistema: lurzorukoen motakoa eta itxia, sugar ezkutukoa, etapa batekoa, eragiketa automatikokoa, gizakien esku-hartzerik gabekoa, eta, a priori, purga-gasik gabekoa; zisterna deskargatzeko eta itsasontziak kargatzeko eragiketak amaitu ondoren, hurrenez hurren, instalazio-zisternari eta itsasontzi-instalazioari (mahukak barne) dagozkien tarteetan geratzen den hondar-gas naturala erretzeko. Erregailuak besoaniztunen motakoak izango dira, eta gas-zulo ugari izango dituzte, zuziaren gasaren eta airearen arteko fasea handitzeko, kerik gabeko errekuntza lortzeko.

– Instrumentazio- eta kontrol-sistemak, kontrol-gela klimatizatu batean kokatuak.

– Tangaren eta ponpen inguruko euste-horma, zeinaren bidez kubeta bat eratu eta lurzati osorako perimetro-horma bat sortuko baita, sarrerako ate eta guzti.

– Kontrol- eta administrazio-eraikina.

– Zisterna-kamioiak ibiltzeko barne-bideak.

– Sistema osagarri hauek:

• Nitrogenoa: nitrogeno likidoa biltegiratzeko tanga, eta nitrogeno gaseosoz hornitzeko lurrunketa-sistema. Aurreikusita dago instalazio hori alokairukoa izatea.

• Sistema elektrikoa: hornidurako eta barne-banaketako hargunea.

Argiztapena.

– Sua itzaltzeko sistema: Suteen aurkako ur-sarea, hidranteak eta monitoreak. Hasiera batean, aurreikusita daude 400 m3-ko andel bat eta 454 m3/h-ko bi ur-ponpa (bata diesela eta bestea elektrikoa), gehi presioari eusteko jockey-ponpa bat. Ponpak eta gasolio-andelak estalki baten azpian egongo dira euritik babestuta, eta andel txiki batera konektatutako erretilu bat izango dute olio- eta koipe-isuriak hartzeko. Zaparrada-balbulak dauzkan kontrol-postua, ura hozteko sistema finkoak aktibatzeko.

Zisterna kriogenikoa duten kamioien bidez eramango da gas natural likidotua terminalera. Kamioi horiek gas natural likidotua biltegiratzeko eta birgasifikatzeko instalazio batean kargatuko dira (hasiera batean, Bilboko Portuan, Bahía de Bizkaia Gas enpresaren instalazioan –BBG–). Gas natural likidotua tanga kriogenikoan biltegiratuko da, eta itsasontzira ponpatuko da hortik. Transferentziarako, beso kriogenikoak erabiliko dira lehen mailako irtenbide gisa (bunkering-eragiketetan izaten den segurtasun-eremua txikiagoa izateagatik), eta mahuka kriogenikoak bigarren mailako irtenbide gisa (itsasontziak modu independentean kargatu ahal izateko, atrakatze-posizioa eta itsasontzien dimentsioak gorabehera, eta zerbitzuaren malgutasunari eusteko). Hainbat hornidura-puntu izango dira mahukak konektatzeko (transferentzia-sistema), zenbait itsasontzi-motatara egoki ahal izateko.

Bunkering-estazioak hutsean isolatutako tanga bat izango du, 1.000 m3-ko bolumenekoa; tangaren barruan, altzairu herdoilgaitz eta kriogenikozko ontzi bat egongo da, eta kanpoan karbono-altzairuzko ontzi bat. Tangek goiko eta beheko betetze-konexioak izango dituzte. Ohikoena, behealdetik betetzea izango da. Goiko betetze-konexioak barne-banagailu bat eta aspertsore batzuk dauzka, eta gas-fasea hozteko erabiliko dira. Gas-faseak beste konexio gehigarri bat dauka. Irteera horri esker, gasa zisterna-kamioira bidal daiteke deskargatzen den bitartean. Gas-fasearen konexio hori gasaren balantzea egiteko erabiliko da itsasontziak hornitzen diren bitartean. Sistemak laginak hartuko ditu gas natural likidotuaren konposizioa aldizka kontrastatzeko.

Itsasontziak hornitzeko fase likidoaren irteera tangaren behealdetik egiten da, eta intsuldaketa-ponpetara bideratu. Tangak hiru eragiketa-modu ditu:

– Itxarote-modua, kamioi-deskargarik eta itsasontzi-hornidurarik ez badago.

– Deskarga-modua: sistema lerrokatu egiten da gas natural likidotua zisterna-kamioitik jasotzeko eta desplazatutako gasa itzultzeko.

– Itsasontzia hornitzeko modua: Intsuldaketa-ponpek gas natural likidotua xurgatzen dute, eta hornitzen ari den itsasontziaren presio-balantzerako baliatzen da gas-fasea.

Estazioak hormigoi armatuzko horma bat izango du, 20 cm-ko lodierakoa eta 4,00 m-ko altuerakoa, hormigoizko zoladuran ainguratua, eta horma horrek andela, elementu osagarriak eta ponpatze-sistema erabat inguratuko ditu. Kubetaren zoruaren gainazaleko akaberak kanal bateranzko malda izango du. Kanal horren barnealdean kutxatila bat dago. Kutxatila horretan bildutako urak hodi bidez bideratuko dira kubetatik kanpoko beste kutxatila batera. Euria egiten badu, balbula bat irekiko da ura euri-drainatze-sistemara bideratzeko, eta, suteen aurkako ura edo produktua isuriz gero, eskuz aterako da zisterna-kamioi baten laguntzaz, eta hondakinen kudeatzaile baimendu batenera eraman.

Zisterna-kamioiak deskargatzeko, kamioiak bunkering-estaziora konektatuko dira mahuka malguak dituzten bi linearen bidez (bata fase likidorako; bestea lurruna itzultzeko konexiorako). Linea horiek etengabe egongo dira konektatuta estaziora, eta, horretarako, zisterna-kamioia konektatzeko, akoplamendu kriogeniko lehorrak baliatuko dira.

Gas natural likidotua kamioiaren intsuldaketa-ponparen bidez transferituko da (35-45 m3/h-ko zentrifugoa). Maiztasunari dagokionez, aurreikusita dago egunean 40 m3 inguruko edukierako 4-6 kamioi iristea. Kamioi baten deskarga osoak gutxi gorabehera 1,5 ordu irauten omen du, barnean hartuta bai konexio- eta deskonexio-jarduerak, bai beharrezko administrazio-izapideak.

Tangatik itsasontzirako intsuldaketarako, 3 ponpa erabiliko dira. Intsuldaketa-sistemaren edukiera, guztira, 600 m3/h-koa izango da gehienez. Aurreikusita dago hornidura-eragiketa bat edo bi asteko, 1-3 ordukoak. Instalazioaren diseinuak ahalbidetu beharko du hilabete operatibo egotea itsasontzirik iritsi gabe eta beharrezkoa izan gabe inolako kudeaketa berezirik sortzen den lurrunketa-gaserako.

– Aurreikusita dago energia elektrikoaren kontsumoa urtean 2.628.000 KWH-koa izatea itsasontziak gas natural likidotuz hornitzeko instalazioetarako.

– Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saretik datorren urteko ur-kontsumo zenbatetsia 219 m3-koa da, eta ur sanitario gisa zein suteen aurkako babes-sistemarako (azken hori eta a priori, jarduera abiarazteko soilik) erabiltzen da.

– Hondakin arriskutsu hauek espero dira:

• Urtean 10 kg xurgatzaile eta garbiketa-trapu kutsatu (150202).

• Urtean 5 kg ontzi huts (150110).

• Urtean 2 kg olio eta koipe –7– (130208).

Sortzea espero den hondakin arriskutsuen kopuru txikia kontuan hartuta, ez da beharrezkotzat jo hondakin horiek biltegiratzeko eremu espezifiko bat izatea; aitzitik, sortzen diren unean bertan erretiratuko dira.

– Ez dago aurreikusita inolako hondakin arriskugabe sortzea instalazioaren ohiko funtzionamenduaren ondorioz.

– Ur sanitarioak (kontrol- eta administrazio-eraikinetan jarri beharreko komunetatikoak) putzu septiko estanko batean jasoko dira, eta putzu hori aldian-aldian hustuko da kudeatzaile baimendu baten bitartez.

– Euri-ur garbiak Bilboko Portuko euri-uretarako sarera konektatuko dira.

– Itsasontziak gas natural likidotuz hornitzeko instalazioaren jarduerari 05 06 01 01 kodea dagokio –Gasa biltegiratzeko eta eroateko instalazioak (birgasifikazio-, konpresio- edo likidotze-instalazioak barne)–, bat etorriz Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan adierazitakoarekin.

Beste alde batetik, geratzen den gasa erretzeko zuzia, berez, ez da emisio-fokua; izan ere, ez du ezer isurtzen atmosferara hodi bidez. Gainera, ez da emisio sistematiko bat, bakarrik gertatuko baita aparteko egoeretan, eta ez da inola ere gertatuko urteko ordu guztien ehuneko bost baino gehiago. Zuziaren jarduerari 09 02 06 02 kodea dagokio –Gas naturala biltegiratzeko estazioetako zuziak–, bat etorriz urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinean adierazitakoarekin.

– Zuzi-sistematik etorritako errekuntza-gasak direla eta, kalkulatu da urtean gehienez 660 m3 gas natural erreko direla zuzian, eta horrek ekarriko du urtean gehienezko hau isurtzea: urteko 0,028 kg metano, urteko 1,095 kg CO eta urteko 1,306 kg NOx.

2) Proiektuaren kokapena.

Instalazioa dagoen lurzatiaren azalera osoa 7.340 m2-koa da. Bilboko Portuaren instalazioen barruan dago, portuaren ekialdeko muturrean, Zierbenako dikearekiko mugan. Iparraldeko eta mendebaldeko mugetan Gamesaren instalazioak daude; hegoaldean, instalazioan sartzeko bidea eta, ekialdean, Brittany Ferries enpresaren instalazioak (sarbidea eta terminala).

Ingurua gehienbat XX. mendearen amaieran itsasoari irabazitakoa da, erabat artifizialduta dago, eta industriatasuna argia da; bertan, ez dago ez landaredirik, ez natura-intereseko elementurik.

Lurzati hori ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan.

3) Izan litekeen inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla eta, inpakturik garrantzitsuenak plantaren jardueratik beretik eratorriko dira, eta esanguratsuenak zaratari, airearen kutsadurari eta lurrazaleko uren kutsadurari dagozkienak izango dira, gas natural likidotua ontziz aldatzearen ondoriozko emisioengatik, baita ustekabeko isuriengatik ere.

Gainera, ibilgailuen joan-etorriek ere atmosferarako emisioak eragingo dituzte, zaratak barne.

Obra-fasean, zaratak eta bibrazioak eragingo ditu makinen funtzionamenduak, atmosferaren kalitatea murriztu egingo da lurrak induskatu eta mugitzeagatik sortutako hautsa aireratuko delako, ibilgailuak eta makinak mugituko dira, eta hondakinak sortuko dira, batez ere eraikuntza- eta eraiste-hondakinak. Horrez gain, litekeena da lurrazaleko uren kalitatea ere murriztea, makinen joan-etorriak eta drainatze-sistemara eta hustubideetara ustekabean iritsiko diren isurketak direla bide.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin Bilboko Portuan itsasontziak erregaiz hornitzeko gas natural likidotua (GNL) biltegiratzeko instalazio-proiektuan, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira, betiere.

Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez ingurumeneko organo honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretan jardunbide egokien sistema bat hartu beharko da.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

Jarduketa-esparrua mugatzea

a) Proiektuak adierazitako esparruan egingo dira obrak eta lurzorua okupatzea dakarten lan osagarriak. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Aipatu esparrutik kanpo ustekabean gertatutako afektazioen kasuan, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak aplikatuko dira.

Urak eta lurzorua babesteko neurriak

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Drainatze-sare naturaletik bereiziko dira obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa izan beharko da, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan ezarritako betebeharrak betez, eta bertan jasotako gomendioak kontuan hartuta, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentuan proposatutako neurriak hartu beharko dira, eta bereziki hauek:

• Eduki beharreko produktuari egokitutako material-atxikipeneko kubeta bat izango du instalazioak, biltegiratzeko instalazioaren eduki osoa hartzeko adinako edukiera izango duena.

• Suteen aurkako sistemako ur-ponpak eta gasolio-andela estalpean jarriko dira, eta olioak eta koipeak biltzeko erretilua izango dute, bilketa-andelera konektatuta.

• Instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartutako segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko behar diren bitartekoak izango ditu eskura titularrak.

• Isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera osoa iragazgaiztuko da. Halaber, euri-ur garbiak biltzeko sistema bat izango da, Bilboko Portuko euri-urak biltzeko sarera konektatuko dena.

Emisio atmosferikoak gutxitzeko neurriak.

– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatuak airera dezaketen eremuetarako.

– Jardueraren funtzionamendu-aldian, neurriak hartuko dira ustekabeko emisiorik ez gertatzeko, eta efluenteak giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, halako moldez non eraginkortasunez aurre egingo zaien efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei. Era berean, ahalik eta gehien laburtuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

– Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak konplitu beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek dirauten artean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan eta zaraten eta bibrazioen murrizketan ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoei, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakora.

– Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko 213/2012 Dekretuaren 51. artikulua aplikatuta, zarataren igorpen-foku berri bat egonez gero, dekretu horren I. eranskinaren 2. zatian azaltzen diren muga-balioak bete beharko ditu.

– Bestalde, proiektua garatu beharko da halako moldez non jarduera osoak, bere eragin-eremuan, ez dituen gaindituko, zarataren eraginez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

– Hala badagokio, ingurumen-dokumentuan jasotako beharrezko neurriak hartuko dira, adierazitako muga-balioak eta kalitate akustikoko helburuak betetzeko.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Instalazioan sortutako hondakin guztiak, obrek dirauten artean zein plantaren jardueran sortutakoak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasu, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: baldin eta behar bezala frogatzen bada teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela haiek balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikuntza- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira. Kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira, obra gauzatzeko soberakin gisa sortuak eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara bideratuak, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balioztapen-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

– Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen eta -materialen kudeaketa-azterketa bat gehitu beharko dio proiektuaren sustatzaileak eraikitze-proiektuari; azterketa horrek dekretu horren I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

– Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola konplituko dituen azaltzeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinek, baldin eta betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

– Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek honako segurtasun-neurriak izan beharko dituzte: Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak, eta, bestalde, itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Isuriak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuek bilketa-sistemak egokiak eta bereiziak izango dituzte, baldin eta, hondakin jakin bat isurketaren batean nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaiteke edo kudeaketa zaildu badezake.

– Aipatutako ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabagaitzean etiketatu beharko dira, eta indarreko araudiaren arabera.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, bat etorriko da Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuarekin. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako ontzi estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, pertzen barnean edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barnean.

– Lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Batez ere, ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

Jarduera etetea.

– Instalazioaren balio-bizitza amaitzean, kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira oro har, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarreko legediaren arabera.

– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Repsol LNG holding, SA enpresak Zierbenan sustatutako Bilboko Portuan itsasontziak erregaiz hornitzeko gas natural likidotua (GNL) biltegiratzeko instalazio-proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen eraginak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala