Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2021eko urtarrilaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
341

AGINDUA, 2020ko abenduaren 21ekoa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez deialdi publiko bat iragartzen baita Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetzako zuzendariordearen lanpostua izendapen askez betetzeko.

Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendaritzan, zuzendariordearen lanpostua hutsik dago (lanpostua: 210001; dotazioa: 3.a). Hori dela eta, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdia egiten da, Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako Arautegia onartzen duen 1451/2005 Errege Dekretuaren 57. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Lanpostu horren izena, kokapena eta ordainsariak ebazpen honen eranskinean zehazten dira, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioek eskatu ahal izango dute deialdi honetako lanpostua, baldin eta, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, jarduneko zerbitzuan edo lanpostua gordetzea dakarren beste edozein egoeratan badaude.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskabideak aurkezteko, interesdunek hamar egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideetan, datu pertsonalak eta gaur egun betetzen duten lanpostua adieraziko dituzte. Ebazpena BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzerik ez badago, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Eskabideak Justizia Administrazioko zuzendariari zuzendu behar zaizkio eta Vitoria-Gasteiz, Donostia edo Bilboko EATetako sarrera-erregistroetan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Erregistro Nagusian (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo indarrean dagoen administrazio-prozeduraren arautegiak ezarritako moduan aurkeztu behar dira.

Eskabidearekin batera, curriculum vitae bat aurkeztu beharko dute, eskatzen diren betekizunen eta azaldutako merezimenduen egiaztagirien fotokopia konpultsatuez gain. Curriculum vitaean hauek adieraziko dira:

a) Titulu akademikoak.

b) Zer lanpostu bete diren, bai Administrazioan, bai enpresa pribatuan.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, argitaratutako lan zientifikoak, aurkeztutako txostenak, hizkuntzak, eta hautagaiek egoki ikusten dituen gainerako merezimenduak.

Gainera, memoria bat aurkeztu beharko da, eduki honekin: Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendaritzan egin beharreko jardueren orainari eta etorkizunari eta bete beharreko helburuei buruzko prognosia, non jasota baitago Zuzendariordetza horren funtzionamendua hobetzeko aplikatu beharreko lan-metodologia.

Memoria horrek 10 orrialde izango ditu gehienez; din-A4 neurria, tarte bikoitza, Arial 11 letra.

Hirugarrena.– Ebazpena eta destinoa esleitzea.

1.– Izendapena egin ahal izateko, lanpostu-zerrendetan lanpostuak daukan arduradunak txostena egin behar du aurrez, Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako Arautegia onartzen duen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 59. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, gehienez ere bi hileko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Epea luzatu ahal izango da, salbuespenez, hilabetez gehien jota. Ebazpena BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzerik ez badago, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

3.– Izendatutako funtzionarioa destino berriaz jabetzeko, Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako Arautegiaren 52. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Destinoaz jabetu aurretik, interesdunak modu frogagarrian adierazi beharko du ez dagoela araudian ezarritako bateraezintasun-egoera bakar batean ere.

4.– Izendapena egin zuen agintariak berak kendu dezake lanpostutik izendatutakoa, diskrezionalki. Izendatutakoak uko egin diezaioke lanpostuari, eskabide arrazoitu baten bidez egin ere, betiere lanpostuan gutxienez urtebetez jardun ostean. Eskabidean, bestalde, ukoaren arrazoi profesional eta pertsonalak adierazi beharko ditu. Lanpostutik kendu den edo lanpostuari uko egin dion funtzionarioa, behin betiko beste lanpostu bat lortu bitartean, behin-behinean atxikiko zaio bere kidegoko beste lanpostu bati, udalerri berean. Atxikitze horrek kargugabetze-ebazpena edo ukoa onartzekoa eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Lanpostutik kendu den edo lanpostuari uko egin dion funtzionarioak lehentasuna izango du, jardunean aritzen zen herriko lanpostu generikoak betetzeko, lehiaketara deitzen diren lehenengo aldian; gainera, herri horretan deitutako lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa horretan parte hartu ezean, edo lanposturik lortu ezean, behin betiko esleituko zaio esleitu gabeko edozein lanpostu.

Laugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Ezin bada argitaratu bi aldizkarietan aldi berean, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 21a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala