Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2021eko urtarrilaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
75

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako IN.02.2. «Salesas» azpieremuaren Hiri-Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko abuztuaren 14an, Donostiako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Donostiako IN.02.2. «Salesas» azpieremuaren hiri-antolamenduko plan bereziari buruz (aurrerantzean, Plana) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko xedez, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren esparruan. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko xedez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei 2020ko urriaren 20an, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

IN.02.2.– «Salesas» azpieremuaren hiri-antolamenduko plan berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan dago ezarrita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera; edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako IN.02.2. «Salesas» azpieremuaren hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Donostiako IN.02.2. «Salesas» azpieremuaren hiri-antolamenduko plan bereziaren helburua da: aipatutako azpieremu horren hirigintza-antolamendu xehatua Jarduketak bizitegi-espazio eta espazio libreak antolatzeko dira.

Donostiako hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPO) 2010ean onetsi zen, eta hor ezarri zen beharrezkoa zela «IN.02.2. Salesas» azpieremuaren hirigintza-araubide xehatua hiri-antolamenduko plan berezi baten bidez egitea. «IN.02.2. Salesas» bizitegi-azpieremuak 3.979,38 m2-ko azalera du, eta hiri-lurzorua da.

Gaur egun, eremu horretan, elementu hauek daude: bizitegi-eraikuntza bi, zeinak plan berezian antolamenduz kanpo geratuko baitira, eta azpieremuaren antolamendu eta urbanizazio zuzena eragozten duten gainerako obrak, instalazioak eta elementuak.

Planaren eremuan, jarduketa hauek egiteko proposamena dago:

– Bizitegi-lurzatia antolatzea. Horretarako proposamena hau da: etxebizitza-bloke bakarra, sarbide komunerako gune batekin eta hari loturiko lurzati urbanizaezin pribatu eta libre batekin. Azken lurzati horretarako, hauek definitu dira: urbanizazio pribatu bat eta, urbanizazioaren barruan, gune zolatuak, lorategiak eta kiroletarako guneak (igerilekua eta padel-pista).

– Lurzati pribatuaren ondoan lagapen-gune batzuk prestatzea, Intxaurrondo kalea eta Txaparrene pasealekua husten laguntzeko.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak ere aztertu dira zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planean dago definituta hirigintza-araubide xehatua. Plana onartu ondoren, azpieremu osorako, eraikuntza-proiektu bakarra egin beharko da, urbanizazio-obra osagarriak barnean hartuta. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, baita hierarkizatutakoei ere: Planak lurzatiaren antolamendu xehatua garatzen du bateragarritasun- irizpideen arabera, Donostian indarrean den hiri-antolamenduko plan orokorrean adierazitakoaren aldean. Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak direla eta, ez da hauteman sektore- zein lurralde-antolamendu konkurrentearekiko bateraezintasunik.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela. Halaber, Planaren ondorioz ez da okupatu behar artifizializatu gabeko lurzoru gehiagorik, lehendik zeunden hiri-garapenei baino eragiten ez dielako.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari, urei eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Ingurumenaren arloan, Plana egokia den ala ez Batasuneko edo Estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, bereziki, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari eta biodibertsitateari buruzko legeak.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planak ordenatutako eremua hirialdea da. Intxaurrondo auzoko eremua da eta Salesas komentuaren ondoan dago, Intxaurrondo kalearen eta RENFEren trenbidearen artean. 3.979,38 m2-ko azalera du; neurri handi batean landare txikiz beteta dago, eta bizitegi-eraikin bi ditu, bata hutsik eta bestea okupatuta, biak ordenamenduz kanpokotzat jota.

Ekialdeko mugan, 8497263 katastro-lurzatia, Intxaurrondo kaleko 38koa; hegoaldeko mugan, RENFEren tranbidea; Iparraldeko mugan, Intxaurrondo kalea, eta mendebaldeko mugan, komentuko lurzatia. Ezaugarri baldintzatzaile nagusiak hauek dira: egungo topografia eta hegoaldeko trenbide-sarea (beharrezko gutxieneko atzerapenak eta eremu akustikoa).

Etxebizitza berrien urbanizazio- eta eraikuntza-lanak egin bitartean izango dira inpaktu nagusiak. hauek izango dira: hondakinak, eraispen-hondakinak, soberakinak, istripuzko isurien arriskua eta emisio atmosferikoek eta akustikoek eragindako eragozpenak, eta abar; baina, horiek guztiak nagusiki bizitegietarako den hiri-inguruko eremu batean gertatuko dira.

Ustiatzeko faseari dagokionez, nabarmendu behar da zarataren inpaktua; izan ere, inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, kanpoko zaratarako hiru periodoetan ez da bete beharrekoa betetzen, batez ere, eremuaren hegoaldeko trenbidea hurbil egoteagatik eta, iparraldean, Jose Elosegi alkatearen hiribidean dagoen zirkulazioarengatik. Fatxadako zarata dela eta, ez dira mugak gainditzen hiru periodoetako batean ere; izan ere, lortu den baliorik handiena 50 dB-koa da, zeina gauez izan baitzen eta erreferentziako legeek baimendutako balio gorenarekin bat etorri baitzen.

Bibrazio-mailari dagokionez, ez dira gainditzen eraikinen barrualdeari aplikatzen zaizkion kalitate akustikoko helburuak.

Ipar-ekialdeko babes akustiko bereziko eremuaren barnean dago eremu hori. Halaber, aztertu beharreko eremua Urumearen zona-planean dago sartuta. Zona-plan horretan, konponbide zehatzak ebaluatu dira babes akustiko bereziko eremuaren barruko trenbideek eragindako afekzioa murrizteko. Besteak beste, aztertu da 3 m-ko altuerako pantaila akustikoak jartzeko aukera ADIFen eta ETSen trenbideen ertzetan. Neurri horri esker, lortu da ikustea posible dela kanpoko zaratarako maila egokiak lortzea; beraz, neurri zuzentzaile eraginkortzat hartu da, horrela babestu ahal delako eremuaren hegoaldea trenbideak eragindako afekziotik.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako eta aurrerago zehaztutako prebentzio-neurriak, babes-neurriak, neurri zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean inpaktu handirik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Donostiako IN.02.2. «Salesas» azpieremuaren hiri-antolamenduko plan bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

3.1.– Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hala bada, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurumena babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metro ingurura, eraiki gabeko guneetan, eta leihodun fatxada lehiodunetan, altuera orotara, gune eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

3.2.– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak behintzat bilduko ditu: lanaldiak, makinak, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxiena sortzea, hondakinak kudeatzea, eta herritarren lasaitasunaren gaineko eragin negatiboak gutxitzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustilkoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Jarduketa-eremuan hautemandako flora aloktono inbaditzailea guztiz kenduko da (Buddleja davidii eta Cortaderia selloana) Halaber, praktikan, Udalsarea 21 koadernoa (20b zk.) erabiltzea gomendatzen da, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko xedez, jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanda, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua», Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauei behintzat eragin beharko diete:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa edo sorrera murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Urbanizatu beharreko eremu berrietan, kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argi-kutsadurarik ez izateko eta energia aurrezteko.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat etorriz eta ebazpen honetan ezarritako eta sustatzaileak horren alde proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartuta, ez dela aurreikusten Donostiako IN.02.2. «SALESAS» azpieremuaren hiri-antolamenduko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, ingurumen-ebaluazio estrategiko honen indarraldia amaituko da eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, Donostiako IN.02.2. «Salesas» azpieremuaren hiri-antolamenduko plan berezia onartuta ez badago, gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriz hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 26a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala