Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

252. zk., 2020ko abenduaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5405

276/2020 DEKRETUA, abenduaren 9koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundeari baimena ematen diona Sprilur SA sozietatearen kapital gehikuntzan parte hartzeko, Sprilur SA sozietatearen estatutuetako 5. artikulua aldatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasun zuzeneko akzioen ordezkariei baimena ematen diena lehentasunezko harpidetza-eskubideari uko egiteko.

Sprilur SA sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2020ko martxoaren 30ean egindako bileran, erabaki zuen Akziodunen Batzar Orokorrari sozietatearen kapitalari 11.100.000 euro gehitzeko proposamena egitea.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2020ko apirilaren 14ko bileran erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea baimena eman ziezaiola, EAEko aurrekontuak onartzeko 5/2017 Legearen 5.c) apartatuari jarraikiz, agentzia horrek berak parte har zezan Sprilur SA sozietatearen kapital-gehikuntzan. Guztira, 11.100.00 euro harpidetuko dira, eta hori % 100eko partaidetza izango da. Eragiketa horren ostean, % 94,80koa izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea enpresa horretan, eta % 5,20koa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren parte-hartzea.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuan, non eta ez diren doan eskuratzen, nahitaez adieraziko da sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Sprilur SA sozietatearen xedea honako helburu hauetakoren bat edo batzuk gauzatzea da, betiere industria-eraikinak eta lurzorua sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean:

a) Azterketak egingo ditu, haietan edozein motatako hirigintza-plan eta -proiektuak jasoz. Bere zeregina izango da, halaber, plan eta proiektu horiek izapidetzeko eta onartzeko hirigintza-arloan indarrean dauden legeen arabera dagozkion zereginak gauzatzea.

b) Industria-lurra prestatzeko egin behar diren hirigintza-jarduerak gauzatuko ditu; haien artean, azpiegitura- eta urbanizazio-lanak, zerbitzuen horniketa, eta hirigintza-plangintza gauzatzeko egin beharreko gainontzekoak.

c) Industrien kokaleku izango diren eraikinak eta instalazioak egiteko beharrezkoak diren eraikuntza-jarduerak egingo ditu, bai eta hirigintza-plangintzan aurreikusten den ekipamendu komunitarioa jartzeko behar direnak ere.

d) Egiten dituen hirigintza- eta eraikuntza-jardueren ondoriozko obra eta zerbitzuen kudeaketa-, ustiaketa- eta mantentze-lana egingo du.

e) Bere xedea betetzearren, sozietateak interes bereziko enpresen kapitalean parte hartu ahal izango du, kasuan kasurako zehazten diren baldintzetan.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko abenduaren 9an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Sprilur SA sozietate publikoan dituen titulartasun zuzeneko akzioen ordezkariari, hain zuzen ere izapidetzen ari den kapital sozialaren gehikuntzan akzioen lehentasunezko harpidetza-eskubideari uko egiteko Administrazioaren izenean. Gehikuntza hori 11.100.000,00 eurokoa da.

2. artikulua.– Baimena ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Sprilur SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Gehikuntza hamaika milioi eta ehun mila eurokoa da (11.100.000,00). Baimena ematen zaio, halaber, aipatu partaidetza ordaintzeko, harpidetza egiten duen unean. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak % 94,80ko partaidetza izango du Sprilur SAn.

3. artikulua.– Baimena ematen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren nahiz SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren titulartasunekoak diren akzioen ordezkariei kapital-gehikuntzaren ondorioz Sprilur SA sozietatearen estatutuen aldaketa onar dezaten kapital-gehikuntzaren ondorioz.

Sprilur SAren estatutu sozialen 5. artikuluaren 1. apartatua honela idatzita geratuko da sozietatearen organo eskudunek onartu ondoren: «Berrehun eta laurogei milioi zortziehun eta laurogeita hamazortzi mila eta zazpiehun (280.898.700) eurokoa da kapital soziala, bi milioi zortziehun eta zortzi mila bederatziehun eta laurogeita zazpi (2.808.987) akziotan zatituta; akzio bakoitzak ehun euroko (100,00) balio nominala du, eta akzioak zenbakituta egongo dira 1etik 2.808.987ra, biak barne, eskubide politiko eta ekonomiko berdinak dituzte, eta erabat harpidetuta eta ordainduta daude».

AZKEN XEDAPENA

Onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala