Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2020ko abenduaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5276

EBAZPENA, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baitira Diario El Correo SAU enpresaren 2020rako hitzarmen kolektiboa (hitzarmenaren kode-zenbakia: 86002692012008) erregistratzea, argitaratzea eta gordailutzea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko ekainaren 26an, lehen aipatutako hitzarmenari buruzko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON erregistroan, negoziazio-mahaiko enpresa-ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak egun berean sinatuta.

Bigarrena.– 2020ko urriaren 16an, zuzentzeko errekerimendua egin zaio Negoziazio Batzordeari, eta 2020ko urriaren 27an bete da, REGCON erregistroan.

Hirugarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar duen pertsona izendatu dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) Lan eta Enplegu Saila sortu du 2. artikuluan, eta 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, lan-arloko legeriak lan-harremanei buruz ezartzen duena egikaritu behar du, besteak beste. Bestalde, dekretu horretako xedapen iragankor bakarrak adierazten duenez, azken xedapenetako lehenean aurreikusitakoa gauzatzen den bitartean, indarrean jarraituko dute Jaurlaritzako Lehendakaritzaren eta Jaurlaritzako sailen egitura eta eginkizunak zehazten dituzten arau organikoek, eta, beraz, indarrean jarraituko du Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak. Besteak beste, sail horren eginkizunak dira Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro Telematikoa zuzentzea eta kudeatzea, erregistro hori arautzen duen dekretuan eta gainerako arauetan ezarritakoari jarraituz.

Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu beharreko funtsezko araudia honako hauetan dago jasota: 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa, eta 9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa.

Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, Lan-hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetako betekizunen arabera sinatu da.

Inskripzio-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak, eta, beraz, Euskadiko lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea akordioa inskribatu eta gordailutu dadin Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan, eta horren berri alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 28a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ANGEL LAPUENTE MONTORO.

ERANSKINA
DIARIO EL CORREO SAU-REN 2020RAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA
ATARIKOA

Bilbon, 2019ko maiatzaren 26an, honako hauek bildu dira: alde batetik, Diario El Correo SAU enpresako zuzendaritza, Fernando Castiella López-Arosteguik eta Iñigo Martín Navasek ordezkatuta, eta bestetik, Diario El Correo SAUko enpresa-batzordea eta Arabako ordezkaritzako langileen ordezkaria. Bi aldeek hitzarmen kolektibo hau adostu dute.

LEHENENGO KAPITULUA
HITZARMENAREN EREMUA

1. artikulua.– Langile-eremua.

Hitzarmen kolektibo hau indarrean jartzen denetik, horretan xedatutakoak arautuko ditu Diario El Correo SAren eta bertako langileen arteko lan-harremanak. Nolanahi ere, honako hauek hitzarmenetik kanpo geratuko dira:

a) Zerbitzu-prestazioan soilik aritzeko kontratatutako langile teknikoak, hau da, lanpostuan ez jarraikortasunik ez lanaldi jakinik ez dutenak, eta, hortaz, enpresako pertsonalaren parte ez direnak.

b) Berriemaileak eta literatura-kolaboratzaileak, Kazetarien Erregistroan inskribatuta egon zein ez, eta langile finkoak nahiz behin-behinekoak izan.

c) Prentsan lan egiten duten agente komertzialak edo publizitateko agenteak, jarduera bera edo bestelakoa duten beste enpresa batzuk ere ordezka ditzaketenak.

d) Urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, 1. eta 2. artikuluetan baztertzen dituen pertsonak.

e) Zuzendari nagusia eta gerentea, arloko edo departamenduko zuzendariak, egunkariko zuzendaria eta albokoa, eta zuzendariordeak.

2. artikulua.– Lurralde-eremua.

Hitzarmen kolektibo honetan jasotako arauak Diario El Correo SAk egun dituen lantokietan aplikatuko dira; era berean, arauok aplikagarri izango dira hitzarmena indarrean dagoen bitartean Diario El Correo SAk eratzen dituen eta aurrekoen ezaugarri berak edo antzekoak dituzten ordezkaritzetan ere.

Lantokitzat hau hartuko da: ekoizpen- eta zerbitzu-unitateak, lan-agintaritzan horretarako alta hartua dutenak eta, enpresaren helburuen arabera, prentsaren arloan jarduerak egiten dituztenak.

3. artikulua.– Denbora-eremua.

Hitzarmen hau 2020ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean atzeraeraginezko ondoreekin –salbu, espresuki, beste data bat ezarria duten arloetan–, eta 2020ko abenduaren 31 arte iraungo du. Hitzarmena, lan-agintaritza eskudunak homologatu ondoren, ofizialki argitaratzen den datak ez du indarraldian aldaketarik eragingo.

Bi aldeek 2020ko irailaren 15ean amaitutzat joko dute hitzarmen hau, automatikoki.

Langileen Estatutuaren 89.2 artikuluan xedatuarekin bat, hilabetekoa izango da negoziazio-batzordea eratzeko eta hitzarmen berria negoziatzeko gehieneko epea, 2020ko irailaren 15etik aurrera.

Hitzarmen kolektibo berria negoziatzeko gehieneko epea 14 hilekoa izango da, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Hitzarmen kolektibo berriaren negoziazio-akordioa lortzeko ezarritako gehieneko 14 hilabeteko epea igarota, Hitzarmenaren Batzorde Paritarioak, agertzen diren auziak bideratze aldera, beste hilabete bat izango du behar diren mekanismoak ezarri eta akordio batera heltzeko. Epe hori akordiorik gabe amaitzen bada, aldeek bitartekaritza- edo arbitraje-sistema bat ezartzea aztertuko dute balizko desadostasun oso edo partzialetarako, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatua aplikatuz.

BIGARREN KAPITULUA
LANAREN ANTOLAKETA

4. artikulua.– Xedapen orokorrak.

Lanaren antolaketa praktikoa eta eginkizunen esleipena enpresako zuzendaritzari bakarrik dagozkio, betiere, Langileen Estatutuaren 41. eta 64. artikuluetan ezarritakoa aintzat hartuta. Zuzendaritzaren aginteari ezer kendu gabe, enpresa-batzordeak ahalmena izango du aholkularitza eta orientabideak emateko eta proposamenak egiteko, lanaren antolaketarekin eta arrazionalizazioarekin lotutako gaietan. Hartara, batzordeak txostenak aurkeztu ahal izango ditu, enpresak lanaren antolaketa- eta kontrol-sistemak ezarri eta berrikusteko hartutako erabakiak gauzatu aurretik. Hori guztiori, kasu bakoitzean aplikagarri diren legezko arauak alde batera utzi gabe.

Langileek gaitasuna eta interesa erakutsiz egingo dute euren ohiko lana, dagokien mailan. Hala ere, salbuespen gisa, beste lanpostu batzuetan ere lan egingo dute, beharrezkoa denean eta buruzagiek aginduta, betiere, beren lanbide-gaitasuna eta maila aintzat hartuta. Horrelakoetan, aurretik langileen ordezkariei emango zaie beharrizan horien arrazoien berri.

Zerbitzuei dagokienez, profesional batek hedabide orokor bakar bateko erredakzioan soilik eman ahal izango ditu zerbitzuak kazetaritzako enpresak horretarako baimena eman ezean. Baimen horretan, zerbitzu horien iraunaldia aipatuko da.

Langile batek aitortuta daukana baino kategoria handiagoko funtzioak betetzen baditu sei hilabetetan baino gehiagotan urtebeteko epean, edo zortzi hilabetetan baino gehiagotan bi urteko epean, eskubidea izango du dagokion lanbide-sailkapena eskatzeko enpresako zuzendaritzari.

Enpresak ukatzen badio edo erantzuten ez badu, dagokion jurisdikzioan aurkeztu ahal izango du erreklamazioa, betiere, enpresa-batzordeak gaiaren inguruko txostena egin ondoren

Langileak goragoko kategoriako eginkizunak bete arren, legez edo konbentzionalki igoera ez denean posible, eskubidea izango du esleitutako kategoriaren eta betetzen duen zereginari benetan dagokion ordainsariaren arteko aldea kobratzeko; langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko die.

Ekoizpen-jardueraren premiazko beharrizanak edo aurreikusi ezinak direla eta, langile bati bere kategoria baino beheragoko zereginak esleitzen badizkio enpresaburuak, langileak beharrezkoa den denboran baino ez ditu egingo, eta bere lanbide-kategoriari dagokion ordainsariari eta horretatik eratortzen diren bestelako eskubideei eutsiko zaie; langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko die.

HIRUGARREN KAPITULUA
LANGILEAK

5. artikulua.– Langileen kalifikazioak hau soilik islatzen du: hitzarmen hau indarrean jartzean Diario El Correo SAko langileek duten egoera zehatza. Nolanahi ere, enpresak, enpresa-batzordearen onespenarekin, hitzarmenean jasota ez dauden beste lanbide-kategoria batzuk kalifika ditzake, baldin eta gerora beharrezkoak izateagatik ezartzen badira.

6. artikulua.– Lanbide-sailkapena.

Hitzarmen honen eraginpean sartzen diren langileak talde hauetan sailkatuko dira profesionalki:

Erredakzioko langileak:

GI.– Atalburua.

GII.– Erredaktorea / Dokumentalista / Diagramatzailea / Infografoa / Argazkilaria.

GIII.– Erredakzioko ofiziala (laguntzaileak, teklistak, orrialdearen muntaia, transmisioak, argazkiaren tratamendua, idazkaritza).

Administrazioko langileak, Marketina, Publizitatea, Informatika eta Laguntza Zerbitzuak:

GI.– Atalburua.

GII.1.– Bulegoko burua / Arloko arduraduna, aplikazioetako teknikaria.

GII.2.– Aplikazioetako teknikaria.

GIII.– Administrazioko ofiziala (1. ofiziala, 2. ofiziala eta administrari laguntzailea).

Halaber, 7. eta 8. artikuluetan araututakoaren arabera, talde guztiak soldata-maila hauetan sailkatu ahal izango dira:

● 1. maila: hasierako maila.

● 2. maila: 1. mailatik maila honetarako promozioa automatikoa izango da, gehienez ere urtebete igarotzearekin.

● 3. maila: 2. mailatik maila honetarako promozioa automatikoa izango da, gehienez ere urtebete igarotzearekin.

● 4. maila: 3. mailatik maila honetarako promozioa automatikoa izango da, gehienez ere urtebete igarotzearekin.

● 5. maila: 4. mailatik maila honetarako promozioa automatikoa izango da, gehienez ere urtebete igarotzearekin.

● Maila berezia: enpresako Zuzendaritzaren eskabidez promozionatuko da maila honetara, langilearen lanbide kualifikazioaren, jardunaren eta merezimenduaren arabera. Maila honetako promozioen eta goragoko maila eta taldeetarako promozioen berri emango zaio enpresa-batzordeari.

● GO: langile batek gertutasun osoko maila izango du, baldin eta enpresarekin aldez aurretik ituna egina badu eta, legezko lanaldiaren gehienezko mugen barruan, ezarrita dituen eginkizun zehatzez gainera, une oro zuzendaritzaren esanetara badago, aldian aldiko informazio-beharrizanak betetzeko.

7. artikulua.– Erredakzioko langileak.

Informazio literarioa zein grafikoa sortu, aukeratu, prestatu, idatzi eta osatzen dute.

Jabetza intelektuala: hitzarmen kolektibo hau indarrean sartzean lehendik datozen banakako akordioek bere horretan jarraituko dute. Hala ere, enpresan lanean aritzearen ondorio diren ohiko sorkuntzaren ustiapen-eskubideak enpresarenak izango dira, ez beste inorenak; eta eguneroko jardunean aritzeko behar den eragina izango dute. Horiek ustiatzeko eskumena izango du enpresak, eta ez du diru-konpentsazio gehigarririk ordaindu beharko.

Talde horrek honako hauek hartzen ditu barne:

GI) Atalburua.

Talde horretan, hauek sartzen dira:

● Atalburua/Arloko buruordea.

Atal baten ardura duen erredaktorea da; bertan, erredakzioko langile baten edo gehiagoren lana gainbegiratu eta koordinatzen du. Erredaktore-buruak/Arloko buruak eskuordetuta, erredakzioko langileei lanak esleitzeko ahalmena izango du.

● Dokumentazioko burua.

Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen ditu bere gain.

● Fotografiako burua.

Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen ditu bere gain.

● Infografiako burua.

Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen ditu bere gain.

● Diagramazioko burua.

Egunkariaren Zuzendaritzaren aginduei men eginez, bere agindupeko langileen lana antolatu eta banatzen du; horrez gain, lanen antolakuntza eta funtzionamendu egokia hartzen ditu bere gain.

Bestalde, hirugarrenen multzoan sartuko dira dagokion arloko buruordearen edo ataleko buruaren/arloko buruordearen zereginak partzialki eta jarraitutasunez betetzen dituztenak, zuzendaritzak hala izendatuta.

Hauek dira talde horretako soldata-mailak:

● GO maila.

● Maila berezia.

Lanbide-maila horiek 6. artikuluan xedatuaren arabera lortuko dira.

GII) Erredaktorea / Dokumentalista / Diagramatzailea / Infografoa / Argazkilaria.

Talde horretan, hauek sartzen dira:

● Erredaktoreak.

Informazio Zientzietako lizentziadunak edo enpresak onartutako titulazioa izan, eta euren gaitasun profesionalaren eremuan lan egiten dute. Enpresak ezin izango ditu kazetariak behartu beste inork egindako jatorrizko dokumentuak sistema elektronikoan kopiatu edo sartzera, ez bada egunkariaren ikuspuntutik landuak izateko.

Batez ere lan intelektuala egiten du. Modu literarioan edo grafikoan egiten du, oro har egiten dena, haren lanaldiak adierazten dituen denbora-mugen barruan, hala nola mahaian eta kalean egiten dituenak.

● Dokumentalista.

Erredakzioari atxikitako langileak dira, eta, nagusien menpe, egunkariaren agiritegi literario eta grafikoaz arduratzen dira.

● Argazkilariak.

Erredakzioari atxikitako langileak dira eta, euren nagusien menpe egonik, argazki-informazioa eta arlo horretako lan osagarriak (errebelatu, positibatu...) egiten dituzte

● Infografoak.

Erredakzioko langileak dira, eta, nagusien menpe, infografiako lanak egiten dituzte prozedura informatiko, eskuzko edo bestelakoen bidez

● Diagramatzaileak.

Erredakzioko langileak dira, eta, nagusien menpe, diagramazioko lanak egiten dituzte prozedura informatiko, eskuzko edo bestelakoen bidez

Hauek dira talde horretako soldata-mailak:

1. maila.

2. maila.

3. maila.

4. maila.

5. maila.

Maila berezia.

GO.

Lanbide-maila horien artean 6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz.

GIII) Erredakzioko ofiziala.

Erredakzioko jarduna garatzen laguntzeko izan daitezkeen ofizio guztiak sartzen dira talde horretan (teklistak, orrialdearen muntaia, transmisioak, argazkien tratamendua, idazkaria eta abar).

Zerbitzu jakin baten ardura hartzen dute euren gain, eta ekimen eta erantzukizunez betetzen dute; nagusi edo arloko arduradun baten menpean daude, eta eginkizun tekniko osagarriak betetzen dituzte (teklistak, muntatzaileak, fotomekanika eta transmisioak).

Hauek dira talde horretako soldata-mailak:

1. maila.

2. maila.

3. maila.

4. maila.

5. maila.

Maila berezia.

Lanbide-maila horien artean 6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz.

– Asteburuko edo eguneko kontratuak.

Soldata gordina eguneko 82,64 eurokoa izango da, legez dagozkion kontzeptu guztiak barne direla, hitzarmen hau izenpetzen denetik aurrera. Diru-kopuru hori urtero eguneratuko da, urte bakoitzeko soldata-igoeraren arabera.

8. artikulua.– Administrariak, informatikariak eta zerbitzu orokorretako langileak (mandatariak, telefonistak eta abar).

Ezagutza administratiboa eta informatikoa eta zerbitzu orokorretako lanbideak dituzten langileak sartuko dira talde horretan.

Langile horiek talde hauek osatzen dituzte:

GI) Atalburua.

Talde honetakoak dira, zuzenean Zuzendaritzaren menpe egonik, administrazioko, informatikako eta zerbitzu orokorretako (mandatariak, telefonistak...) jardueren agintea eta erantzukizuna beren gain hartzen duten langileak. Talde profesional horretako langileak dituzte aginduetara eta euren zuzendaritzapean.

Maila Berezia izango da talde honetako soldata-maila bakarra, eta 6. artikuluan xedatuaren arabera eskuratu ahal izango da.

GII.1) Bulegoko burua / Arloko arduraduna.

Talde horretan, hauek sartzen dira:

1.– Bulegoko burua. Zuzen-zuzenean zuzendaritzaren edo ataleko buruaren menpe daude, eta beren gain hartzen dituzte ataleko jarduerak azpisailkatuta dauden sailetako baten agintaritza eta erantzukizuna; langile-talde bat dute beren aginduetara.

Halaber, bere ataleko burua ordeztuko du, berau ez dagoenean.

2.– Arloko arduraduna. Arloko arduradunaren lanpostu hori beteko da, baldin eta enpresaren zuzendaritzaren ustez eginkizun hori garrantzitsua bada.

Hauek dira talde horretako soldata-mailak:

5. maila.

Maila berezia.

Lanbide-maila horiek 6. artikuluan xedatuaren arabera lortuko dira.

GII.2) Aplikazioetako teknikaria.

Hauek dira talde horretako soldata-mailak:

4. maila.

5. maila.

Maila berezia.

Lanbide-maila horien artean 6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz, eta 4 izango da hasierako maila.

GIII) Administrazioko ofiziala.

Zerbitzu jakin baten ardura hartzen dute beren gain, eta ekimenez eta erantzukizunez betetzen dute. Arloko buru edo arduradun baten menpe daude, eta administrazioko, informatikako eta zerbitzu orokorretako eginkizunak betetzen dituzte (mandatariak, telefonistak eta abar).

Bestalde, hirugarrenen multzoan sartuko dira dagokion ataleko buruaren/arloko buruordearen edo arduradunaren zereginak partzialki eta jarraitutasunez betetzen dituzte.

Hauek dira talde horretako soldata-mailak:

1. maila.

2. maila.

3. maila.

4. maila.

5. maila.

Maila berezia.

Lanbide-maila horien artean 6. artikuluan xedatuaren arabera igoko da mailaz.

– Asteburuko edo eguneko kontratuak:

Soldata gordina eguneko 82,64 eurokoa izango da, legez dagozkion kontzeptu guztiak barne direla, hitzarmen hau izenpetzen denetik aurrera. Diru-kopuru hori urtero eguneratuko da, urte bakoitzeko soldata-igoeraren arabera.

LAUGARREN KAPITULUA
LANORDUAK ETA LIZENTZIAK EDO BAIMENAK
LANALDIA, ORDUTEGIAK, OPORRAK, ATSEDENAK ETA LIZENTZIAK EDO BAIMENAK

9. artikulua.– Lanaldia.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpean dauden langileen asteko lanaldia 35 ordukoa da, eta 1.554 ordukoa urtean. Enpresarekin hitzartutako kasu bereziak alde batera uzten dira, eta horiei beste era batera ordainduko zaie. Lanaldiko osagarria eskuratzen duten langileen lanaldia 39 ordukoa da astean, eta 1.732 ordukoa urtean.

Zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak aztertuko dute nola aplikatu eraginkortasunez lanaldi-murrizketa erredakzioaren lan-ordutegietan.

Ildo horretan, enpresak eta enpresa-batzordeak batzorde bat sortzea adostu dute, 2020ko Hitzarmen Kolektibo hau indarrean dagoen bitartean erredakzioko lanaren eta ordutegien antolaketa berria aztertzeko, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, lantalde horren barruan deskonexiorako eskubidea lantzeko konpromisoarekin.

Nagusiak baimendutako lan-arrazoiak direla eta lanaldi zatitua daukaten langileei bazkaltzeko tartea murrizten bazaie, eta beren lantokiaren inguruan bazkaldu behar badute, bonu bat emango zaie, enpresak eta langileek lantokiaren inguruan hitzartutako jatetxeetako eguneko menu baten prezioaren bestekoa. Nolanahi ere, neurri horren ondorioz ezin izango da langileen lanaldia luzatu.

Behar bezala egiaztatutako bazkarietako gastuak itzultzeko egunetan ez da horrelako bazkari-bonurik emango, hitzarmen honen 29. artikuluarekin bat etorriz.

Lanaldi bakoitzeko ordutegiak ondoko artikuluaren arabera arautuko dira.

Oro har, batez besteko asteko atsedenaldia elkarren segidako bi egunekoa izango da, betiere, arlo bakoitzean ezarritako atsedenaldien antolakuntza-sistema aintzat hartuta. Nolanahi ere, azken urteotako ildoari jarraituz, finkatutako egutegitik kanpo lan egindako igande bakoitzeko, bi egun libre edo igande libre bat hartu ahal izango da, bai eta, bi kasuetan, dagokion ordaina ere.

– Lanaldia zatitzeagatiko konpentsazioa:

Enpresak konpentsazio bat emango die Plan Correo 2000 planaren ondorioz lanaldia zatituta daukaten langileei, baldin eta aldaketa horrek kalteren bat eragiten badie. Zenbatekoa kaltetuekin eta enpresa-batzordearekin negoziatuko da.

Abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a borondatezkoak izango dira langileentzat, eta 300 euroko plus bat ordainduko da haien truke. Atal bakoitzean behar diren plazak betetzen ez badira, errotazioz beteko dira lanpostuak, urtez urte.

10. artikulua.– Ordutegiak.

Profesional-talde bakoitzak bere ordutegia izango du. Egunkariaren ordezkaritzek txandak eta ordutegiak ezarri ahal izango dituzte enpresa antolatzeko beharrizanekin bat etorriz.

● Administrazioko langileak, informatikariak, eginkizun tekniko osagarriak (teklistak, muntatzaileak, fotomekanika eta transmisioak) eta zerbitzu orokorretako langileak (mandatariak, telefonistak): astean 35 ordu lan egingo dute, enpresarekin hitzartutako ordutegien arabera.

● Erredakzioko langileak: kazetari-lanaren ezaugarri bereziak aintzat hartuta, egunkariko zuzendariak kasu bakoitzean egoki iritzitako lan profesionalak eta ordutegiak ezarri ahal izango dizkio erredaktore bakoitzari, lana behar bezala antolatzeko, eta hitzarmen honetan finkatutako asteko lanaldiko mugen barruan.

11. artikulua.– Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpean dauden langileek urtean egutegiko 33 eguneko oporraldia izango dute (29 lanegun eta 4 igande), edo lan egindako aldiaren zati proportzionala.

2012tik aurrera opor-egun gehiago hartu ahal izango dituzte langileek, aitortutako antzinatasunaren arabera, eta mailaketa hau kontuan hartuz:

(Ikus .PDF)

Oporraldi osoaren edo zati baten ordez, ezin izango da inolaz ere diru-konpentsaziorik eman.

Opor-garai horretan jaiegunen bat izanez gero, egun hori beste garai batean hartuko da, edo lanegun arrunten moduan ordainduko da, langileek nahi bezala.

12. artikulua.– Oporrak.

Hitzarmen honetan zehaztutako ordainketez gain, honako hau ezartzen da:

1.– Enpresak langileek eskatutako opor-egunak onartu eta gero, egun horiek iristen direnean ukatzen badizkie laneko arrazoi larriak argudiatuta, kalte-ordaina eman beharko die eragindako kalte ekonomikoaren arabera; halaber, neurri horrek langile bakoitzarengan dituen ondorioak aztertuko ditu enpresak.

2.– Informatika- eta antolaketa-arrazoi bereziak tarteko, atal bateko arduradun batek eskatzen badio bere erredaktoreetako bati oporrak urtarrila-apirila aldian hartzeko, oporretako plusarengatik legokiokeena kobratzeko eskubideari eutsiko zaio, betiere, 2011-2014 Hitzarmen Kolektiboaren 12.2 artikuluan aurreikusitako baldintzen eta zenbatekoaren arabera.

13. artikulua.– Oporrak.

Urteko oporrak enpresarekin adostutako egunetan hartuko dira, eta, horretarako, bi hilabete lehenago eskatu beharko dira.

Oporrak udan hartuko dira batez ere, eta lehentasuna emango zaie antzinatasun handiena duten langileei. Nolanahi ere, eskola-adineko seme-alabak (16 urte arte) dituzten gurasoek euren oporrak eskola-oporraldian hartzeko aukera izatea bermatuko da.

Langileek oporrak bi alditan hartzeko aukera izango dute. Hala egiten badute, urte bakoitzeko aldi horietako bakar batean baliatu ahal izango dute lehentasuna.

Hala ere, antzinatasunaren edo eskola-adineko seme-alaben araberako lehentasun-irizpide horiek aplikatuta, langile batek aurreko urteko oporraldia hilabete jakin batzuetan hartu bazuen (uztaila eta/edo abuztua) beste langile baten eskaeraren kaltetan, eta indarrean dagoen urtean bere eskaera berriro beste langile horren opor-eskaerarekin bat baldin badator, azken horrek izango du oporraldia aukeratzeko lehentasuna bi eskaerek bat eginez gero (uztaila eta/edo abuztua).

Alderdien artean adostasunik lortu ezean, eskumenak dituen jurisdikzioak finkatuko du oporrak hartzeko data; horren erabakia ezin izango da errekurritu.

14. artikulua.– Baimenak eta eszedentziak.

Ordaindutako baimen hauek hartu ahal izango dituzte langileek:

a) Langilearen ezkontza: 18 egun natural. Legez formalizatutako izatezko bikoteak ere ezkontzatzat hartuko dira.

Halaber, urtebetetik gorako aldian elkarrekin bizi diren bikoteek ere egutegiko 18 egun horiek hartzeko eskubidea izango dute, hori behar bezala egiaztatzen badute. Eskubide hori 5 urtean behin bakarrik baliatu daiteke.

b) Bikotekideak umea izatea: 3 egun natural; horietako bat, gutxienez, laneguna. Adoptatutako umeak ume naturaltzat hartuko dira, ondorio guztietarako.

c) Bikotekidearen, aita-amen eta seme-alaben heriotza –ezkon-senideak barne–: 3 egun natural; horietako bat, gutxienez, laneguna.

d) Aiton-amonen, anai-arreben eta iloben heriotza –ezkon-senideak barne–: 2 egun natural; horietako bat, gutxienez, laneguna.

Odol-ahaidetasuneko izeba edo osaba hiltzen bada, ehorzketara joateko behar den denbora, egun bat, gehienez ere.

e) Aita-amen, anaia-arreben edo seme-alaben ezkontza edo erlijioso sartzea: egun natural bat.

f) Semen-alaben, iloben eta odolkidetasun bidezko anai-arreben jaunartzea: egun natural bat.

g) Seme-alaben eta iloben bataioa: egun natural bat.

h) Ohiko etxebizitzaz aldatzea, egutegiko egun bat.

i) Bikotekidearen, gurasoen, anai-arreben eta seme-alaben –ezkontzakoak barne– aiton-amonen eta iloben gaixotasun larria, ospitaleratzea edo etxean atsedena hartzea behar duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza: 2 egun natural. Medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharra dago.

Baimen hori 3 egun naturalera arte luzatu ahal izango da ospitaleratze-kasuetan, betiere, ospitaleratzeak 3 egun edo gehiago irauten badu.

j) Gidabaimena eskuratzeko, behar beste denbora, baina behin baino ez.

k) Enpresaren jarduerarekin zerikusia duten gaiak irakasten dituzten Ikastetxeetan azterketak egiteko, behar den denbora, betiere, aurretiaz jakinarazita eta behar bezala egiaztatuta geratu ahal izango da langilea lanera etorri gabe. Langilea ez laneratzea ordaindu gabeko baimentzat hartuko da.

l) Medikuntza orokorreko familia-medikuaren edo Gizarte Segurantzako espezialistaren kontsultarako, behar beste denbora hartu ahal izango da. Dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko da.

m) Lan sindikalak egiteko behar beste denbora hartu ahal izango da, legedian ezarritakoaren arabera.

n) c), d), e), f) eta i) idatzi-zatietako kasuetan, joan-etorria 150 km-tik gorakoa bada, baimenari hiru egun natural erantsiko zaizkio.

o) Norberaren gauzak: egun natural bat. Eguna hartu baino 24 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio enpresari, eta arloko edo ataleko buruarekin adostu beharko da. Egun hori ezin izango da opor-egunekin batera hartu.

p) Bederatzi hilabetetik beherako semea edo alaba edoskitzeagatiko baimena baliatu behar duten langileek 21 egunetan metatu ahal izango dute lanaldi osoetarako, edo horren zati proportzionala lanaldi partzialeko kontratuaren kasuan, betiere, ahalmen hori baliatzen bada amatasunagatiko, adopzioagatiko edo harreragatiko baja-aldia amaitzean, eta eskubide hori baliatu baino 15 egun lehenago jakinarazten bada.

– Borondatezko eszedentzia berezia.

Borondatezko eszedentzia bereziaz gozatu ahal izango dute langileek, eta 6 eta 12 hilera bitartean gorde egingo zaie lanpostua, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

● Enpresan 10 urteko antzinatasuna izatea.

● Hitzarmen kolektiboaren aplikazio-eremuan egotea.

● Borondatezko eszedentzia berezia eskatu gura den aldian sei langile baino gehiago ez egotea, aldi berean, eszedentzia-egoeran.

● Borondatezko eszedentzia berezia eskatzerakoan ez dadila beste langilerik egon eszedentzian atal berean.

● Eskabide biren edo gehiagoren artean auzia sortuz gero, aldez aurretik borondatezko eszedentzia berezirik eskatuta ez izanaren irizpidea errespetatuko da, baita enpresako antzinatasunaren irizpidea ere. Beteranoenek izango dute lehentasuna.

● Borondatezko eszedentzia bereziaren aldian, langileak ezingo du lanik egin enpresarekin lehian ari diren beste komunikabide edo enpresa batean.

● Borondatezko eszedentzia bereziaz baliatuta, langileak ezingo du beste eszedentzia bat eskatu, harik eta bost urte igaro arte.

BOSGARREN KAPITULUA
SOLDATA-POLITIKA ETA ORDAINSARIAK

15. artikulua.– Ordainsariak.

Diario El Correo SAk 2020. urterako talde eta maila bakoitzean ezarritako ordainsariak hitzarmen honi erantsitako soldata-tauletan jasota daude, eta 15.b) artikuluaren arabera hitzartutako soldata-igoera ere barne hartuta dago. Ordainsariak hitzarmen kolektibo honetako 16. artikuluan eta hurrengoetan zehaztu eta definitzen dira.

15.b) artikulua.– Soldata-igoera:

Soldata igotzeko, bi langile-talde ezartzen dira: 1etik 5erako soldata-maila duten langileak eta maila berezia edo gertutasun osoko maila duten langileak.

● 1etik 5erako soldata-maila duten langileak:

Tauletan finkatuko ez den ordainsari bat jasotzeko eskubidea izango dute: soldata gordin finko osoaren % 1 (soldata bateratu gordina eta osagarri pertsonalak). Ordainsari hori 2020ko ekainean ordainduko da.

● Maila bereziko eta gertutasun osoko mailako langileak.

2020. urtea: Soldaten izozketa.

16. artikulua.– Ordainsarien kontzeptuak.

Enpresako langileen ordainsaria ondoko kontzeptu hauek osatuko dute:

01.– Soldata bateratua.

02.– Banakako soldata bermatua.

03.– Bermatutako antzinatasun plusa.

04.– Gaueko lanaren plusa.

05.– Gertutasun osoko plusa.

06.– Uztaileko eta Eguberrietako haborokinak.

07.– Urriko ordainsaria.

08.– Mozkinetako partaidetza.

09.– Oporretako plusa.

10.– Aparteko orduak.

11.– Jaieguna.

12.– Igandeko plusa.

13.– Atseden-eguna aldatzeagatiko plusa.

17. artikulua.– Soldata bateratua.

Soldata-agirian izen horrekin jasotzen den kontzeptuaren barruan aplikagarri diren antzinako soldata-kontzeptu guztiak sartzen dira, kapitulu honen hurrengo artikuluetan zehaztutakoak izan ezik.

17.b) artikulua.– Banakako soldata bermatua.

2011-2014 Hitzarmen Kolektiboa sinatzean 2011. urteko soldata-tauletan ezarritakoa baino igandeko plus handiagoa jasotzen ari ziren langileek jasotzen duten soldata-kontzeptua da. 2010-2011 urteetan lan egindako igandeen batezbestekoaren arabera kalkulatu zen, edo, halakorik ezean, atal bakoitzeko aldi horretako igandeen batezbestekoaren arabera.

Gainera, soldata-kontzeptu horren barnean aplikatuko da maila berezien eta gertutasun osoko mailen soldata-igoera finkoa, 15.B artikuluan xedatutakoaren arabera.

Banakako soldata bermatua ez da ez konpentsagarria ez xurgagarria izango, eta aintzat hartuko da soldata-igoeretarako.

18. artikulua.– Bermatutako antzinatasun-plusa.

2011ko urtarrilaren 1ean antzinatasun plusa bermatu zuten langileek jasotzen duten soldata-kontzeptua da, 2011-2014 Hitzarmen Kolektibotik antzinatasuna kendu zenean; horrela, 2010eko abenduaren 31tik jasotzen ari ziren antzinatasun plusa bermatu zuten, 2011. urtean sortu ziren hirurteko edo bosturtekoekin eta langile bakoitzak 2010eko abenduaren 31 arte sortutako antzinatasunaren hurrengo zatiko parte proportzionalarekin batera.

Ez da ez konpentsagarria ez xurgagarria izango, eta aintzat hartuko da soldata-igoeretarako.

19. artikulua.– Gaueko lanaren plusa.

Kontzeptu hau 22:00etatik 06:00etara bitartean lan egiten duten langileei ezarriko zaie; lanaldi osoko plus horren zenbatekoa, hilabetekoa, honi erantsitako soldata-tauletan jasotzen da.

Lanaldi osotzat joko da aipatutako tarte horren barruan egunero, gutxienez, hiru ordu lan egiten dutenena.

Tarte horretan lan egindako denbora hiru ordutik beherakoa baina ordubetetik gorakoa bada, gauez lan egindako denborari dagokion zati proportzionala ordainduko da.

Lanaldi osorako gaueko lanaren plusa soldata bateratuaren % 19,25 da. Soldata bateratua hitzarmen honen 17. artikuluan zehaztutakoa da.

20. artikulua.– Gertutasun osoko plusa.

Gertutasun osoko erregimenean sartutako erredakzioko langileek hilean jasoko duten zenbatekoa honi erantsitako soldata-taulan azaltzen da.

Oro har, gertutasun osoko plusa erredaktore eta argazkilariek jasotzea eragotzi gabe, Zuzendaritzak erabaki ahal izango du gertutasun osoko plusa infografoei, diagramadoreei eta dokumentalistei ere ordaintzea.

21. artikulua.– Uztaileko eta gabonetako haborokinak.

Lansari horien zenbatekoa soldata bateratuaren, bermatutako antzinatasun-plusaren, gaueko lanaren eta gertutasun osoko plusaren hilabeteko soldataren parekoa izango da, % 25eko gehikuntzarekin.

22. artikulua.– Urriko ordainsaria.

Kontzeptu horrengatik soldata bateratuaren hilabeteko soldata, bermatutako antzinatasun-plusa, gaueko lanaren plusa eta gertutasun osoko plusa ordainduko dira.

23. artikulua.– Mozkinetako partaidetza.

Kontzeptu horrengatik aurreko urte osoan jasotako soldata errealen % 8 ordainduko da.

Urte bakoitzeko otsailean ordainduko da diru-zenbateko hori.

24. artikulua.– Oporretako plusa.

Kontzeptu horretan, urteko hil jakin batzuetan oporrak hartzen dituzten langileek jasoko dituzten osagarriak sartuko dira, hitzarmen honen 12. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoarekin bat.

25. artikulua.– Aparteko orduak.

Aparteko orduak izango dira legezko xedapenetan ezarritako lanaldiaren iraupenaren gainetik egiten diren guztiak.

Enpresak erabakiko du aparteko orduak egiterik dagoen; langileak, bestalde, libreki erabakiko du orduok sartzea, hurrengo paragrafoan ezarritako kasuetan izan ezik:

Kazetaritzako lana, bere ezaugarri bereziak direla eta, egunean bukatu behar denez, langile guztiek salbuespenez egingo dituzte egunkaria egin, inprimatu, manipulatu eta saltzeko beharrezko diren aparteko ordu guztiak, zeinak aparteko ordutzat hartuko baitira.

26. artikulua.– Jaiegunak.

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, benetan lan egindako jaiegunak beste prezio batean ordainduko dira: 120 euro jaiegun bakoitzeko. El Correoko langile guztiei aplikatuko zaie.

Aurreko jaiegunen araubideari atxikitako erredakzioko langileek jaiegunetan zerbitzua ematen jarraituko dute, orain arte bezala. Horrela, jaiegun guztietan jarraituko dute lanean, egun libre eta opor-egun batekin datozenean izan ezik, eta urtarrilaren 1ean, abenduaren 25ean eta Ostiral Santuan izan ezik. Horiek orain arte bezala jarraituko baitute. Era berean, 11 egun libreko konpentsazioa izango dute lan egindako jaieguneko, orain arte bezala.

El Correoko gainerako langileen kasuan, benetan lan egindako jaiegun bakoitzeko, jaiegun-plus berria jasotzeaz gain, konpentsazio-egun libre bat sortuko da. Era berean, jaiegun bat egun librea edo opor-eguna bada, konpentsazio-egun libre bat sortuko da. Aldi baterako ezintasunagatik bajan egonez gero, ez dute jaiegunengatiko konpentsazio-egunik sortuko bajak irauten duen bitartean.

Lana eta familia bateragarri egiteko, erredakzioko langileek beren borondatez jaiegun ofizialetan lanik ez egitea eta jaiegun horiek egitea erabakitzen badute, idatziz eskatu behar dute, eta Argitalpen Zuzendaritzaren berariazko baimena lortu. Kasu horietan, lan egindako jaiegun bakoitzeko konpentsazioko 11 egunak ez dira sortuko, eta ez da jaiegun-plusik ordainduko.

27. artikulua.– Atseden-eguna aldatzeagatiko plusa.

Diario El Correo egunkaria astelehenetan argitaratzen hasi aurretik enpresan lan egiten zuten langileek jasoko dute plus hau, baldin eta igandean lan egiten badute, atseden-egun hori aldatuta.

28. artikulua.– Igandeko plusa.

Lan egindako igandeetan baino ez da eskuratuko plus hori, lehen igandetik aurrera, eta zenbatekoa soldata-tauletan jasotakoa izango da.

SEIGARREN KAPITULUA
BIDAIAK ETA LEKUALDAKETAK

29. artikulua.– Gastuak eta kilometroak.

Zerbitzua dela medio langileek lan-egoitza dagoen tokitik kanpora joan behar badute lan egitera, eta horren ondorioz, gaua kanpoan eman edo lanagatik etxetik kanpo bazkaldu behar badute, Diario El Correo SAk ordainduko ditu gastu horiek, betiere, behar bezala justifikatuta badaude.

Kilometroko ordaintzen den zenbatekoa erregaien prezioa aldatzen den neurrian aldatuko da. Nolanahi ere, urtero kilometroko ordaintzen den zenbatekoa berrikusiko da, erregaiei eragiten ez dien zatian.

– Bidaiengatiko konpentsazioa: euren zereginak burutzeko, 14 egunez edo gehiagoz ohiko bizilekutik mugitu behar duten langileek eskubidea izango dute, itzultzean, atseden-egunak hartzeko, aldi horretan pilatutako egunak bider 1,5, hain zuzen ere. Bi aste baino egun gutxiagorako joan behar badute, Zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak neurri hori bera aplikatzea justifikatua den edo ez negoziatuko dute.

ZAZPIGARREN KAPITULUA
GIZARTE-HOBEKUNTZAK

30. artikulua.– Gaixotasun edo istripuengatiko osagarria.

Enpresak osagarri honi eutsi egiten dionez, gaixotasun arruntak, lan-istripuak edo laneko gaixotasunak eragindako aldi baterako ezintasunagatik bajan dauden langileei honako hau ordainduko die lehenengo egunetik: GSINk edo, hala badagokio, Seguro (Mutua) aseguru-entitateak ordaintzen duen ekonomia-prestazioaren eta kategoria bakoitzari dagokion ordainsariaren arteko aldea, plus guztiak barne direla (salbu eta igandeko plusa, atseden-eguna aldatzeagatiko eta jaieguneko plusa). Osagarri hori ordainduko du aldi baterako ezintasunaren gehienezko epea bukatu arte edo, hala badagokio, behin betiko ezintasuna (legean ezarritako edozein modalitate) eman arte.

Enpresak edo zerbitzu medikoek antzematen badute langileak gaixotasun- edo istripu-itxura egin duela, ez du adierazitako prestazioa ordainduko, indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera.

Aldi baterako ezintasunagatik diru-prestazioa kategoriari dagokion soldata baino handiagoa bada, langileak Gizarte Segurantzaren diru-prestazioa jasoko du.

Enpresa-batzordeak baja-agiri administratiboak jasoko ditu hilero, absentismoa behatu eta hura errotik desagerrarazten laguntzeko.

31. artikulua.– Heriotza.

Langile bat hiltzen denean, enpresak legezko jaraunsleei hilabeteko ordainsaria emango die, soldata errealaren gainean, lan egindako urte bakoitzeko –gehienez, hamar urte arte–. Horrek ez du baztertzen beste edozein kontzepturengatik legez dagokiona jasotzea.

32. artikulua.– Ezkontzea eta seme-alabak izatea.

Urtebetetik gorako antzinatasuna duen langile bat ezkontzen bada, 120,20 euroko ordainsaria emango zaio, ezkontza-sari gisa, eta hori berdina izango da lanbide-kategoria guztietan. Seme-alabak izaten direnean, ordainsaria 90,15 eurokoa izango da. Erditze ugarien kasuan, berriz, 180,30 eurokoa izango da.

Adoptatutako umeak ume naturaltzat hartuko dira, ondorio guztietarako.

Legez erregistratutako izatezko bikoteak ezkondutakotzat hartuko dira, hitzarmen honetan ezarritakoaren ondorioetarako.

Halaber, urtebetetik gorako aldian elkarrekin bizi diren bikoteek ere ezkontza- eta jaiotza-saria jasotzeko eskubidea izango dute, hori behar bezala egiaztatzen badute. Eskubide hori 5 urtean behin bakarrik baliatu daiteke.

33. artikulua.– Bizitza- eta istripu-asegurua.

Enpresak bere langile guztiei bizi-asegurua egin behar die, kasu hauek hartuko dituena: edozein arrazoiren eraginez gertatutako heriotza eta erabateko ezintasun iraunkorra eta ezintasun handia. Aseguru horren zenbatekoak eguneratuko dira hitzarmen bidez adostutako soldata-igoeren arabera.

Bizi-aseguruaren zenbatekoa –zehazten diren arrazoiei dagokiena– eta jarraian aipatzen diren zenbatekoak, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko dira indarrean.

● Gaixotasun arruntak eragindako heriotza, ezintasun handia edo erabateko ezintasun iraunkorra.

2020. urtea – 23.514,58 euro.

● Istripuak eragindako heriotza edo erabateko ezintasun iraunkorra.

2020. urtea – 50.388,38 euro.

34. artikulua.– Mediku-azterketak.

Urtero, mediku-azterketa egingo zaie langileei: odolaren eta gernuaren kontrol analitikoa, bihotz-birikietako seriazio-argazkia eta begietako azterketa. Langile guztiek emaitzari buruzko txostena jasoko dute. Gainera, mediku-zerbitzuak arteria-presioaren eta entzumen-sistemaren analisiak egingo ditu.

Analisi horiek lantoki guztietako langileei egingo zaizkie.

35. artikulua.– Enpresaren gizarte aurreikuspeneko plana.

Enpresak gizarte-aurreikuspeneko planarekin jarraitzea erabaki du, langileentzako aseguru kolektiboko poliza bat harpidetuz; bertan, hartzailea enpresa izango da, eta aseguratuak, plana izenpetu duten langileak.

Enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plana ekarpen definitukoa izango da, eta honako ezaugarri hauek izango ditu:

1.– Planaren barruan sartzen diren langileak:

Hitzarmen honen aplikazio-eremuan sartzen diren langile guztiak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Enpresan 2 urteko antzinatasuna izatea.

b) Bigarren puntuan ezarritako betekizunak betetzea.

c) Langileak euren borondatez atxikitzea planari. Baldintzak betetzen dituzten langileak euren borondatez atxikiko zaizkio planari. Nolanahi ere, enpresak ez du inolako ekarpenik egingo atxiki ez diren langileen alde.

2.– Enpresaren ekarpenak.

Enpresak urtero egingo du ekarpena, abenduan.

Dena dela, Enpresak urtero langileen aldeko ekarpena egingo du, baldin eta b) idatzi-zatian jasotako baldintzak betetzen badituzte.

b) Langilearen eta enpresaren arteko lan-harremanak indarrean egon behar du, langileak 65 urte baino gutxiago izan behar ditu, eta ezin dira eszedentzian egon edo lan-harreman hori etenda izan, salbu eta legez onartutako kasu hauetan: amatasuna, 6 urtetik beherako umeen adopzioa eta adopzio-aurreko harrera, aitatasuna, haurdunaldi arriskutsua, edo langileak berak lanpostua uztea erabakitzen duen kasuan, genero-indarkeriaren eta aldi baterako ezintasunaren ondorioz.

Langileak, urtean zehar, baldintza horiek betetzen hasten bada edo horiek betetzeari uzten badio, enpresak urte horretan egingo dion ekarpena baldintzok betetako denboraren araberakoa izango da.

Beharrezko baldintzak betetzen dituen langile bakoitzeko ekarpen horren zenbatekoa 345 eurokoa izango da, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera. Zenbateko hori finkoa izango da, eta ez du inolako errebalorizaziorik izango.

Enpresaren ardura honetara mugatzen da: langile bakoitzeko ordaindu beharreko urteko ekarpenak ordainduko ditu aseguru kolektiboaren polizan, kontuan hartuta poliza horren bidez gauzatzen dela enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plan hau, aurretik adierazitako moduan.

3.– Eraginpeko langilearen borondatezko ekarpenak.

Enpresaren gizarte-aurreikuspeneko planean sartutako langileek borondatezko ekarpenak egin ahal izango dizkiote aseguru-polizari, unean-unean indarrean dagoen araudian ezarritako mugen barruan.

4.– Prestazioak.

Atal honetan aipatzen diren prestazioak bateraezinak eta, euren artean, baztergarriak dira, eta aseguratu edo/eta onuradun berak ezingo du bere alde prestazio bat baino gehiago jaso; era berean, aseguratu batek eta bere onuradunak ezingo dute prestazio bera jaso.

– Erretiroa.

Ekarpenak enpresaren aurreikuspen-plan hau gauzatzen den aseguru-polizan bilduko dira. Ekarpen zehatzeko sistema bat izanik, langileak Gizarte Segurantzaren sistema publikoan erabateko erretiro efektiboa hartzen duen unean prestazioa jasotzeko eskubidea sortuko du polizak.

– Heriotzaren estaldura osagarria.

Aseguratu bat erretiroko prestazioa jasotzeko data baino lehen hiltzen bada (edo 4.3 paragrafoan aipatzen den erabateko ezintasuneko estaldura osagarria jaso baino lehen), aseguratu horrek izendatutako onuradunak jasoko du aseguratuaren alde ordaindutako primak.

– Erabateko ezintasun iraunkorreko, ezintasun iraunkor osoko eta ezintasun handiko estaldura osagarria.

Gizarte Segurantzaren sistema publikoak aseguratu bat erabateko ezintasun iraunkorreko, ezintasun iraunkor osoko edo ezintasun handiko egoeran deklaratzen badu, erretiroko prestazioa jasotzeko data baino lehen (edo 4.2 atalean aipatzen den heriotzaren estaldura osagarria jaso baino lehen), onuradunari ordainduko zaio aseguratu horren alde egindako ekarpenei dagokien diru-hornidura.

5.– Lan-harremana iraungitzea.

Edozein arrazoi dela tarteko, langileak enpresarekin duen lan-harremana iraungitzen bada Gizarte Segurantzaren sistema publikoan erabateko erretiroa hartu aurretik, eta arrazoi hori ez bada heriotza, ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo ezintasun handia, langile aseguratuari dagokio iraungitze-datara arte bere alde egin diren ekarpenetatik sortutako eskubide ekonomikoak jasotzea. Langileak erretiroa hartu aurretik jaso ahal izango ditu eskubide horiek, pentsioen inguruko konpromisoen arloan indarrean dagoen legediak onartzen badu. Langilea hiltzen bada, berriz, bere onuradunek jasoko dituzte eskubideak, eta ezintasun iraunkor osoko, erabateko ezintasun iraunkorreko edo ezintasun handiko egoeran badago langileak berak jasoko ditu, betiere gizarte-aurreikuspeneko plan hau gauzatzeko harpidetutako aseguru kolektiboko polizan jasotako eran eta baldintzetan.

Enpresak ez du beste ekarpenik egingo, langilearekin duen lan-harremana edozein arrazoi dela medio iraungitzen den momentutik –iraungitze horren kalifikazioa edo izaera zein den gorabehera–, ezta langileak eszedentzia hartzen badu edo lan-kontratua eteten bada; nolanahi ere, 2 zenbakiko b) idatzi-zatiko 2. paragrafoan ezarritako salbuespenak aintzat hartuko dira.

Ekarpen- eta prestazio-erregimenari dagokionez, enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plana –nolako ezaugarriak dituen aintzat hartuta– unean-unean aplikagarria den araubide fiskalera egokituko da.

Onuradunek prestazioa honako era hauetan jasotzea aukeratu dezakete: kapitalean, errentan (finantza- edo aktuario-errenta) edo era mistoan.

Plana aldatu egin daiteke enpresak eta langileen legezko ordezkariek erabakitakoaren arabera. Halaber, negoziazio kolektiboan hartutako erabakiaren bidez, prestazioen eta ekarpenen erregimena edo planaren beste edozein alderdi alda daitezke, enpresaren eraginkortasuna areagotzeko.

Batzorde mistoak aseguru-etxea aldatzea erabaki dezake, bi aldeek hala adosten badute.

36. artikulua.– Seme-alaba adingabeengatiko laguntza.

Hiru urtetik beherako seme-alaba bat euren kargura duten langileek eskubidea izango dute hilean 40 euroko dirulaguntza jasotzeko, urteko 12 hilabetetan banatuta (urtean, 480 euro), seme-alabak hiru urte betetzen duen egunera arte. Hiru urtetik beherako seme-alaba bakoitzak emango du laguntzaz baliatzeko aukera.

Hiru urtetik beherako seme-alabaren aita eta ama enpresako langileak badira, bietako batek bakarrik jasoko du dirulaguntza.

37. artikulua.– Gihar-arazoak tratatzeko laguntza.

Enpresaren mutuak langileak artatu ondoren masajeak hartzera bidaltzen baditu gihar-arazoak direla eta (bizkarra, lepoa eta abar) masaje-tratamenduaren tarifa ofizialen gainean % 25eko deskontua izateko eskubidea izango dute langileek.

Aipatutako deskontua eskaintzen duten profesionalen zerrenda mutuak hitzartutakoa izango da. Langilea lehendik tratamenduan badago, enpresak konpromisoa hartuko du kasua aztertu eta mutuaren bitartez eskaintzen duen laguntza bera eskaintzeko.

38. artikulua.– Optikako produktuak erosteko laguntza.

Ikusmen-arazoak (dioptria, miopia, hipermetropia, astigmatismoa...) dituztela frogatzen duten langileek eskubidea izango dute urtean 100 euroko bonu bat jasotzeko. Hitzartutako optikako enpresetan, zenbateko horren deskontua egingo zaie betaurrekoak, lentillak eta lentilla-likidoak erostean. Langile bakoitzak urtean bonu bat izango du, eta beste langile bati edo bere senideei eman ahal izango die.

Ikusmen-arazorik ez duten gainerako langileek 50 euroko bonu bat jasoko dute urtero.

Enpresa saiatuko da deskontu-bonua hurrengo urterako pilatu ahal izatea negoziatzen.

39. artikulua.– El Correoko doako harpidetza.

Langile guztiek eskubidea izango dute «El Correo» egunkaria doako harpidetzaren bidez jasotzeko euren etxean edo kioskoan, bai eta harpidedun-txartela izateko ere.

40. artikulua.– Taxi-zerbitzua.

Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, Bilboko erdialdera doazen taxien zerbitzuak jarraituko du, eta ordutegi hauek izango ditu:

Taxiak.

Egunero Losada Pintorea kaletik irtengo dira Bilboko erdialdeko hainbat tokitara, ordu hauetan:

– Astelehenetik ostiralera:

22:00ak: eskaria baldin badago eutsiko zaio taxi honi, eta gutxienez 2 lagun badaude, betiere.

23:00ak.

23:30ak.

02:40ak.

– Larunbatak:

22:00ak: eskaria baldin badago eutsiko zaio taxi honi, eta gutxienez 2 lagun badaude, betiere.

23:00ak.

23:30ak.

02:40ak.

– Igandeak: ez da zerbitzurik egongo.

– Jaiegunak: larunbatetan bezala.

Enpresa-batzordearekin adostu ondoren, enpresak taxi-zerbitzuak eta ordutegiak aldatu edo egokitu ditzake, langileek zerbitzu horiek erabiltzeko duten benetako beharra eta egiten duten erabilera kontuan hartuta. Azpikontratatutako langileek edo Losada Pintorea kaleko eraikinean dauden beste enpresetako langileek zerbitzu hori erabil dezakete, toki librerik badago.

41. artikulua.– Langileentzako aurrerakin bereziak.

Langileek banakako mailegu bat eska dezakete, gehienez 4.000 eurokoa, honako arau hauen arabera:

Mailegu horien langile onuradunek enpresan gutxienez bi urteko eta etenik gabeko antzinatasuna izan beharko dute.

Ez da beharrezkoa izango langileek egiaztagiririk aurkeztea.

Langile bakoitzak mailegu bat izan dezake indarrean aldi berean.

Mailegua berehala onartuko da, betiere, banakako 25 mailegu baino gehiago ez badaude enpresan aldi berean indarrean.

Indarrean banakako 25 mailegu baldin badaude, horrelakoak eskatu nahi dituzten langileek itxaron-zerrenda batean emango dute izena, eta zerrenda horren hurrenkeraren arabera, banakako mailegua jasoko dute, indarrean daudenak amortizatu eta ezeztatu ahala.

Ez da inolako interesik sortuko.

Mailegua eman eta urtebetera amortizatuko da, langilearen nominari egindako deskontu proportzionalen bidez. Deskontu hori dagokion nominari egingo zaio, langilea enpresan altan egon zein etenaldi-egoeran egon (hau da, prestazioak, prestazio horien osagarriak edo, hala badagokio, bestelako konpentsazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea ematen duen etenaldi-egoeran).

Maileguaren mugaeguna heldu aurretik lan-harremana iraungitzen bada, langileak ordaintzeke dituen zenbateko guztiak batera ordaindu beharko ditu; horretarako, zenbateko horiek hartzekoen likidaziotik kenduko dira, edo enpresak langileari ordaindu behar dion beste edozein zenbatekotatik. Zorren konpentsazioaren ostean zatiren bat amortizatu gabe geratuz gero, enpresarekin duen lan-harremana iraungitzen den egunean ordaindu beharko du langileak.

Halaber, edozein arrazoi dela medio langilearen kontratua eteten bada inolako ekonomia-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe (eszedentziagatik, esaterako), etenaldia hasten den momentuan langileak enpresari itzuli beharko dio amortizatu gabe dagoen maileguaren kapital osoa.

42. artikulua.– Osasun-asegurua.

Enpresak, langileen fiskalitatea optimizatze aldera, euren borondatez mediku-aseguru bat izateko aukera emango die langileei.

Mediku-asegurua gauzazko ordainsari bat da, eta ordainketa-sistema malgu baten barruan dago ezarrita. Enpresak mediku-aseguruaren poliza-primen zenbatekoa ordainduko dio hitzartutako entitate aseguratzaileari, eta zenbateko hori langilearen nominatik kenduko du.

Mediku-aseguruaren baldintzen eta estalduren berri emango zaie langileei, langilearen atariaren bidez.

43. artikulua.– Informatikako eta telefoniako tresneria erosteko laguntza.

Hornitzaileekin dituen kontaktuak eta harremanak erabiliko ditu enpresak langileentzat prezio onak eta beherapenak lortzeko informatikako eta telefoniako tresnetan.

ZORTZIGARREN KAPITULUA
HUTSEGITEAK ETA ZEHAPENAK

44. artikulua.– Diziplina-erregimena.

I.– Enpresako zuzendaritzak langileak zigortu ahal izango ditu hurrengo ataletan zehazten den hutsegite- eta zehapen-erregimenaren arabera.

II.– Langileek egiten dituzten hutsegiteak honela sailkatuko dira garrantziaren eta inguruabarren arabera: arinak, larriak edo oso larriak.

III.– Jarraian zehazten diren hutsegiteen zerrendaren helburua ez da egoera guzti-guztiak arautzea. Hortaz, enpresako zuzendaritzak indarrean dagoen lan-araudiaren aurkako urratzeak edo kontratu-hausteak zigortu ahal izango ditu, nahiz eta arau-hauste horiek hitzarmen honetan jasota egon ez.

1.– Hutsegite arinak hauek izango dira:

a) Lanera berandu iristea edo lanetik behar baino lehenago irtetea justifikatu gabe eta hilean hiru aldiz (guztira, gehienez hogei minutuz).

b) Inolako justifikaziorik gabe, egun batean lanera ez etortzea hilabete batean.

c) Justifikatutako arrazoi batengatik lanera huts egin eta horren berri behar bezain garaiz ez ematea, halabeharrezko kasuren batean ez bada.

d) Inolako arrazoi justifikaturik gabe, denbora-tarte laburrez lanpostua uztea, betiere lanpostua uzteagatik pertsonen edo gauzen segurtasuna arriskuan jarri ez bada; bestela, hutsegite larritzat edo oso larritzat joko da.

e) Axolagabekeria eta zuzentasunik eza jendea tratatzerakoan, betiere horrek enpresaren irudiari kalte handirik eragiten ez badio.

f) Langilearen ardurapean dagoen materialaren zaintzan deskuiduak izatea eta materialari narriadura txikia eragitea.

g) Lanean ezohiko mozkorraldian egotea.

2.– Honako hauek hutsegite larritzat joko dira:

a) Lanera berandu iristea edo lanetik behar baino lehenago irtetea, justifikatu gabe, hilean gehienez hiru aldiz eta guztira hirurogei minutuz.

b) Inolako justifikaziorik gabe lanera ez etortzea bi egunetik lau egunera bitarte, hilabete batean.

c) Gizarte Segurantzan eragina duten datuak faltsutzea, nahita ezkutatzea edo oztopatzea.

d) Gaixo egotearen edo istripua eduki izanaren itxurak egitea, d) idatzi-zatiko 3. zenbakian aurreikusitakoa bazter utzi gabe.

e) Beste langile bat ordezkatzea, laneko sarrera edo irteerako erregistroak eta kontrolak aldatuz.

f) Lanerako agindu eta jarraibideei jaramonik ez egitea, segurtasun- eta higiene-arauei dagozkienak barne, eta lanean arduragabekeriaz edo utzikeriaz jokatzea, horien ondorioz enpresarentzako kalte larririk, enpresaren instalazioetan edo makina zein ondasunetan matxurarik, edo pertsonentzako istripu-arriskurik sortu ezean; kasu horretan, hutsegite oso larritzat joko baitira.

g) Langilearen kargurako tresna, erreminta, ibilgailu eta obrei atzemandako kalteak edo irregulartasunak enpresari ez jakinaraztea, betiere horren ondorioz enpresari arrisku larria eragiten badio.

h) Lanaldiaren barruan lan partikularrak egitea, edo, lanaldiaren barruan zein lanalditik kanpo, enpresaren lanabesak, erremintak, lan-tresnak, ibilgailuak eta, oro har, ondasunak erabiltzea lana ez den beste helburu baterako, horretarako baimenik izan gabe.

i) Isilpean gorde beharreko sekretuak haustea edo urratzea, enpresari kalte larririk eragiten ez bazaio.

j) Lanean eskuarki mozkortuta egotea.

k) Norberaren txukuntasunik eta garbitasunik eza, produkzio-prozesuari edo zerbitzuari kalterik eragin badiezaioke, eta betiere aldez aurretik enpresak ohartarazi badio.

l) Agindutako lanak behar bezala ez egitea, betiere horrek pertsona edo gauzei kalte larririk eragiten ez badie.

ll) Noizbehinka lanaren ohiko errendimendua murriztea.

m) Lantoki barruan jendea hitzez edo ekinez iraintzea, irainak oso larriak direnean.

n) Hitzezko ohartarazpena ez den bestelako zehapenik tartean dagoela, hiruhilekoan bost hutsegite arin baino gehiago egitea, nahiz eta hutsegite horiek era ezberdinetakoak izan.

3.– Hauek hartuko dira hutsegite oso larritzat:

a) Lanera berandu iristea edo lanetik behar baino lehen irtetea, hamar aldiz sei hilabetetan edo hogei aldiz urtebetean, behar bezala ohartarazita.

b) Hilabete batean, segidako hiru egunetan edo txandakako bost egunetan lanera ez etortzea, justifikaziorik gabe.

c) Esleitutako gestioetan konfiantza-abusua, desleialtasuna edo iruzurra, eta enpresaren, lankideen edo beste inoren jabetzako ondasunak ebastea, lapurtzea edo horietaz bidegabe jabetzea enpresaren egoitza barruan.

d) Gaixo egotearen edo istripua eduki izanaren itxura egitea, norberaren edo besteren kontura beste edozein lan egiteko.

e) Isilpean gorde beharreko sekretuak ezagutaraztea, enpresari kalte larria eraginda.

f) Ohiko mozkorraldia edo toxikomania, lanean eragin negatiboa badute.

g) Enpresari bidegabeko lehia dakarkioten jarduerak egitea.

h) Lan-errendimendu normala edo itundua nahita eta modu jarraituan gutxitzea.

i) Agintea daukatenek aginpideaz abusatzea.

j) Sexu-jazarpena.

k) Laneko segurtasun eta higieneko babes-elementuak behin eta berriz ez erabiltzea, behar bezala ohartarazita.

l) artikulu honen 1.d) eta 2.l) eta m) idatzi-zatien ondorio diren faltak.

m) Hutsegite larriak behin eta berriro egitea; egoera hau hartuko da halakotzat: langile bat era bateko zein besteko hutsegite larriengatik urtebeteko epean bi aldiz edo gehiago zehatuta izan ondoren beste hutsegite larri bat egitea.

n) Laneko segurtasuneko eta osasuneko betebeharrak ez betetzea.

o) Posta elektronikoa zein enpresaren intranet eta barne-komunikazioko sistemak lanekoak ez diren helburuetarako erabiltzea

4.– Aginte-gehiegikeria

Nagusien aginte-gehiegikeria hutsegite oso larritzat joko da beti. Kaltetutako langileak horren berri emango dio berehala enpresako zuzendaritzari bide hierarkiko egokiaz baliatuz. Zuzendaritzak espedientea izapidetzeko aginduko du segituan.

45. artikulua.– Zehapen-araubidea.

Enpresako zuzendaritzari dagokio zehapenak ezartzeko ahalmena, betiere, lan-hitzarmen honetan ezarritakoari jarraituz. Hutsegiteen larritasunaren arabera, gehienez zehapen hauek ezar daitezke:

Arau-hauste arinengatik:

● Hitzezko kargu-hartzea.

● Idatzizko kargu-hartzea.

● Enplegurik eta soldatarik gabe uztea, gehienez hiru egunez.

Arau-hauste larriengatik:

● Enplegurik eta soldatarik gabe uztea, lau egunetik hamabost egunera bitartean.

Arau-hauste oso larriengatik:

● Hamasei egunetik hirurogei egunera arte enplegurik eta soldatarik gabe uztea.

● Kontratua haustea eta, beraz, enpresako eskubide guztiak galtzea.

Legedia orokorrean aurreikusitako izapideak jarraituko dira zehapenak jartzeko.

Aurreko puntuan adierazitakoa gorabehera, zehapenak enplegu-soldatak etetea baldin badakar, langileen ordezkariek txosten bat aurkeztu ahal izango dute, hutsegite larri, oso larri eta arinen kasuan.

46. artikulua.– Preskripzioa.

Hitzarmen kolektibo honen 41. artikuluan adierazitako hutsegiteak honela preskribituko dira

● Hutsegite arinak hamar egunean preskribituko dira, egiten direnetik hasita.

● Larriak, hogei egunean.

● Hutsegite oso larriak, egin eta hirurogei egunean preskribituko dira, eta, gehienez ere, hutsegitea egin eta sei hilabetean.

BEDERATZIGARREN KAPITULUA
LAN-OSASUNA ETA INGURUMENA

47. artikulua.– Laneko arriskuen prebentziorako politika orokorra, prebentzio zerbitzua, prebentzioko ordezkariak eta segurtasunerako eta osasunerako batzordeak.

I) Laneko arriskuen prebentziorako eta lan-osasunaren politika orokorra enpresa-mailan gauzatuko da, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeari jarraikiz (abenduaren 12ko 54/2003 Legeak eta Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak aldatua).

Zentzu horretan, eta 54/2003 Legearen 2. artikuluko 1.2 atalarekin bat eginez, prebentzio-jardueraren etengabeko jarraipena egingo du enpresariak, saihestu ezin izan diren arriskuak eta babes-mailak identifikatzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko jarduerak etengabe hobetzeari begira.

Halaber, eta 54/2003 Legearen 2. artikuluaren 2.1 atalarekin bat eginez, laneko arriskuen prebentzioa enpresako kudeaketa-sistema orokorrean txertatu beharko da, bere baitan dituen jarduera guztietan nahiz bere hierarkia-maila guztietan; horretarako, lan-arriskuen prebentziorako plan bat ezarri eta aplikatuko da.

Laneko arriskuak prebenitzeko plan horrek bildu behar ditu, erregelamenduak ezarritakoaren ildotik bildu ere, enpresan arriskuak prebenitzeko ekintza gauza dadin beharrezko antolaketa-egitura, erantzukizun, eginkizun, praktika, prozedura, prozesu eta baliabideak.

39/1997 Errege Dekretuaren 1.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, prebentzioa enpresaren hierarkia-maila guztietan sartzeak eragiten du hierarkia-maila guztiei esleitzea, bai eta maila horiek egin edo agintzen duten jarduera orotan arriskuen prebentzioa sartu behar izatea eta haiek onartzea ere.

Halaber, prebentzio-jarduera lanpostuen arriskuaren ebaluazioaren emaitzen arabera ezarriko da, eta beste alderdien artean, langileei beren lanpostuei lotutako arriskuei buruzko prestakuntza eta informazioa ematea jasoko ditu, eta baita arrisku horiek ekiditeko neurriak ere; prebentzio-jarduera bakoitzean hura burutzeko epea, arduradunen esleipena eta jarduera burutzeko behar diren giza-baliabideak eta materialak bilduko ditu.

Enpresa-batzordeko kideen artean enpresa-batzordeak hautatutako ordezkariek esleitutako prebentzio-ordezkariak izango dituzte enpresek, eta ordezkari haiek Segurtasun eta Osasun Batzordeak osatuko dituzte, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean aurreikusitakoarekin bat eginez. Beren eskumenak eta eskubideak dagozkien akordioetan ezarritakora doituta beteko dira.

Halaber, enpresek enpresa-jarduerak koordinatuko dituzte enpresa kontratista, azpi-kontratatzaile, edo lanak egiteko edo zerbitzuak emateko kontratatutako langile autonomoen laneko arriskuen prebentzioari dagokionez.

Ildo horretan, azpikontratatutako enpresen lan-arriskuetako prebentzioaren jarraipena egingo dute segurtasunerako eta osasunerako batzordeek, eta prebentzio-ordezkarien eta langileen legezko ordezkarien informazioa eta partaidetza prestatuko, horri buruzko lege-xedapenei eta batzorde horien funtzionamendua arautzen duten barne-prozedurei jarraikiz.

Hori guztia berariazko jarduerengatik enpresaren eremuari dagozkion ardura, betebehar eta eskumenak eragotzi gabe.

48. artikulua.– Arriskuak.

Aurreko artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzita, hau izango da kontuan:

I) Lan-eremuan substantzia kimikoen eta agente fisikoen gehienezko mailatzat joko dira indarrean dagoen legediak zehazten dituen momentu bakoitzeko atalase-mugetako baloreak.

II) Prebentzio-zerbitzuak laneko zentroetan inspekzioak egiten dituen kasuetan, enpresa-zuzendaritzak inspekzioen emaitzak jakinaraziko dizkio langileen legezko ordezkariei, prebentzio-ordezkariei, eta, hala balegokio, segurtasuneko eta lan-osasuneko batzordeari.

49. artikulua.– Ingurumena babesteko eta zaintzeko jarduna.

Hitzarmen honen alderdi sinatzaileen ustez, ingurumenarekiko errespetua eta ardura zainduta jardun behar dute enpresa eta langileek, ingurumenaren babesari eta zaintza arreta berezia eskainita, gizartearen interesak eta kezkak kontuan hartuta. Enpresa-zuzendaritzak langileen ordezkariei ingurumen arloan duten informazioa jakinaraziko die.

50. artikulua.– Obrak eta zerbitzuak azpikontratatzea.

I) Beren jarduera bera burutzeko obrak eta zerbitzuak azpikontratatzen dituzten enpresariek, laneko zentro berdinean burutzen badira lanak, plantillan dauden langileekin, zentroko langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaie hurrengo alderdiei buruz:

a) Enpresa kontratista edo azpikontratistaren izena, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

b) Kontrataren helburua eta iraupena.

c) Kontrata burutuko den lekua.

d) Enpresa nagusiaren lanlekuan kontrata edo azpikontratako langileek jardun behar badute, langile horien kopurua.

e) Laneko arriskuei aurre hartzeko jarduerak koordinatzeko aurreikusitako neurriak.

Enpresa nagusiak, kontratistak edo azpikontratistak lantoki berean jarduten badute jarraian, lehenengoak erregistro-liburu bat eduki beharko du, eta han jaso beharko da aurreko informazio hori, aipatutako enpresa guztien gainean. Liburu hori langileen legezko ordezkarien eskura egongo da.

II) Enpresa nagusiko eta kontratistetako eta azpikontratistetako langileen legezko ordezkariek, lantoki berean baldin badabiltza jarraian, zilegi dute bilerak egitea, beren artean koordinatzeko, eta lan egiteko baldintzen gainean berba egiteko, Langileen Estatutuaren 81. artikuluan zehazturik dagoen bezala.

HAMARGARREN KAPITULUA
BERDINTASUN-PLANA

51. artikulua.– Berdintasun-plana.

3/2007 Lege Organikoak ezartzen duenaren arabera, enpresetako berdintasun-planak antolatutako neurrien multzoak dira; neurri horiek egoeraren diagnostiko bat egin ondoren hartuko dira, eta xede izango dute enpresan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna lortzea eta sexuan oinarritutako bereizkeria ezabatzea.

Berdintasun-planek ezarriko dituzte lortu beharreko berdintasun-helburu zehatzak, horretarako gauzatu beharreko estrategia eta jardunbideak, bai eta ezarritako helburuei jarraipena egiteko eta helburuok ebaluatzeko sistema eragingarriak ere.

Helburu horretarako, hitzarmen kolektiboa izenpetu duten alderdiek ulertzen dute lege-esparru hau egokitzea beharrezkoa dela enpresako tratu eta aukera berdintasunerako eskubidea bermatzeko. Hori dela eta, hurrengo helburu orokorrak adostu dituzte alderdiek:

a) Berdintasun-planak egiteko, haien egitura zehazteko eta prozedura finkatzeko jarraibideak ezartzea, giza baliabideen kudeaketa egokia lortzearren, diskriminazioak saihesteko eta benetako aukera-berdintasunak eskaintzeko, gizarte-elkarrizketa etengabe oinarri hartuta.

b) Hitzarmen honetako Batzorde Paritarioari esleitzea jarraian aipatzen diren eskumenak laneko tratu- eta aukera-berdintasunaren arloan lanketa eraginkor bat garatu ahal izateko:

a) Artikulu honetan berdintasun-planei buruz ezarritako xedapenen interpretazioari edo aplikazioaren inguruan sor daitezkeen zalantzak ulertzea.

b) Enpresan adostutako berdintasun-planaren garapenaren jarraipena.

c) Gizonen eta emakumeen laneko tratu- eta aukera-berdintasunarekin lotutako alderdien txosten teknikoak osatzeko aukera.

d) Enpresako aukera-berdintasunari buruz berariazko ikerketa bat osatzea.

e) Ateratako ondorioetan oinarrituta enpresako tratu- eta aukera-berdintasunaren arloan jardunbide egokien araudi bat osatuko da.

52. artikulua.– Egoeraren diagnostikoa.

Bete behar diren berdintasun-helburuak ezarri aurretik, egoeraren diagnostiko bat osatu beharko du enpresak; horren helburua izango da sexuen arabera bereizitako datuak lortzea lan-baldintzei buruz, eta, bereziki, honako hauen moduko beste gai batzuei buruz: lana lortzea, prestakuntza, sailkapen eta sustapen profesionala, ordainsari-baldintzak eta lanaldia antolatzeko baldintzak, lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzea, eta abar.

Diagnostiko horretatik ateratako ondorioak idatziz jakinaraziko zaizkie langileen ordezkariei.

Egoeraren diagnostikoak sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko ditu, besteak beste, honako alderdiei buruz:

a) Langileen banaketa adina, antzinatasuna, saila, hierarkia-maila, talde profesional eta prestakuntza-mailaren arabera.

b) Langileen banaketa kontratu-motaren arabera.

c) Langileen banaketa talde profesionalen eta soldata-taldeen arabera.

d) Langileen banaketa lanaldiaren antolamenduaren, urteko lan-orduen eta familia eta lan-bizitza uztartzeko neurrien arabera.

e) Absentismo-maila, arrazoiak zehaztuta eta baimen, ezintasun eta bestelako arrazoien ondorio direnak banakatuta.

f) Azken urteko eszedentziak eta haiek hartzeko arrazoiak.

g) Azken urteko lan-igoerak, talde profesionala eta igoera zein lanpostutara egin den zehaztuz.

Aldi berean, alderdi hauen diagnostikoa ere eman beharko da: hautaketa-, prestakuntza-, eta igoera-prozesuetan erabilitako irizpideak eta informazio eta/edo komunikazio bideak, profil profesionalak eta lanpostuak deskribatzeko erabilitako metodoak, lan eskaintzetako eta hautaketa-, prestakuntza- eta igoera-prozesuetan parte hartzeko eskabideetan erabilitako hizkera eta edukiak.

53. artikulua.– Berdintasun-planaren helburuak

Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, lortu beharreko helburu zehatzak ezarriko dira, izandako emaitzetan oinarrituta, ekintza positiboko neurrien ezarpenekoak izan ahalko dira emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerak egiaztatu diren alderdietan, eta tratu-berdintasuneko eta diskriminaziorik ezeko printzipioaren aplikazio eraginkorrerako neurri orokorren ezarpenean.

Helburu horiek betetzeko estrategiak eta jarduerak bilduko dituzte, eta alderdi hauetara bideratuko dira: enplegu, prestakuntza, sailkapen eta lan-igoerako sarbidea, ordainsari- eta lanaldi-egoera, eta lan- eta familia-bizitzaren uztarketa, eta abar. Besteak beste, honako hauek izan daitezke:

a) Enpresan sartzeko hautaketa-prozesu gardenak bermatzea lan-eskaintzak modu ez-diskriminatzaile batean idatziz eta zabalduz eta lanpostu horretarako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko proba objektibo eta egokiak ezartzea, norberaren trebetasun eta gaitasunen balorazioarekin esklusiboki lotuta.

b) Agintea eta/edo ardura barne hartzen duten lanpostuetan emakumeen inklusioa bultzatzea.

c) Emakumeek ordezkaritza gutxi duten lanpostuetarako hautaketarako edo igoerarako programa bereziak ezartzea.

d) Gizonei eta emakumeei enpresako barne- zein kanpo-prestakuntzarako sarbidea bermatzea, emakumeek enpleguan jarraitzea bermatzeko asmoz, prestakuntza-maila garatuz eta enplegurako betekizunetara egokitzeko gaitasuna garatuz.

e) Soldata osatzen duten osagarriak berrikustea, emakume langileen diskriminaziorik biltzen ez dutela egiaztatzeko.

f) Gizonen eta emakumeen artean egon daitezkeen soldata-desberdintasunak zuzentzeko prozesuak eta epeak sustatzea.

g) Gizonek eta emakumeek familia- eta lan-bizitza uztartzeko aukera gehiago eta hobeak lortzea, sentsibilizazio-kanpainen bidez, existitzen diren legezko baimen eta eszedentziak hedatzearen bidez, besteak beste.

h) Emakume langileen osasunerako arriskuak hauteman eta zuzentzeko neurriak ezartzea, batik bat haurdun dauden emakumeen kasuan, baita jazarpen moraleko eta sexualeko kasuak hauteman eta zuzentzeko ere.

Enpresan berdintasun-plana ezarri ostean langileen ordezkariei planaren bilakaeraren berri emango zaie urtero; ordezkariek, egoki irizten badute, horren inguruko txostena igorri ahalko dute.

HAMAIKAGARREN KAPITULUA
BESTE XEDAPEN BATZUK

54. artikulua.– Erretiro partziala eta errelebo-kontratua.

Langileek errelebo-kontratu bidezko erretiro partziala 60 urterekin har dezakete, hala eskatzen badute eta adina, betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte unean-unean indarrean dagoen legediaren arabera. Halabeharrezko kasuetan izan ezik, enpresak ezin izango du erretiro-mota hori ukatu. Eskumeneko agintariek kontratu hori gauzatzea eragozten badute, enpresak erretiro aurreratua hartu nahi duten langileekin banan banako akordioak egin ditzake.

Ordezko langileak lanaldi osorako kontratatuko dira, eta euren kontratua mugagabe bihurtuko da hiru urteko gehienezko epean. Hala ere, ordezko langile gisa lan egindako bigarren urtetik aurrera, lehenago eta behin-behineko gisa lan egindako aldia hartuko da kontuan, eta horrela gutxienez urtebete lanean jardun dutenen kontratua mugagabe bihurtuko da.

55. artikulua.– Berdintasuna.

Enpresak eta enpresa-batzordeak aktiboki zainduko dute berdintasun-printzipioa errespetatzea lanean, ondorio eta aplikazio-maila guztietarako (enplegurako sarbidea, hautaketa, ordainketa, prestakuntza, etab.), eta ez da onartuko sexu-diskriminaziorik, egoera zibila, ezgaitasuna, sexu-joera, adina, arraza, kondizio soziala, ideia erlijiosoak edo politikoak, sindikatu batean afiliatua egotea ala ez, eta abar, betiere ordenamendu juridikoak markatutako mugen barnean.

HAMABIGARREN KAPITULUA
AZKEN XEDAPENAK

56. artikulua.– Batzorde misto edo paritarioa.

Batzorde misto bat eratuko da. Hitzarmen honen negoziazioan parte hartu duten enpresako hiru ordezkarik eta langileen hiru ordezkarik osatuta egongo da batzorde hori. Hitzarmena osorik betetzen dela zainduko du, eta interpretazio-, adiskidetze-, eta zaintza-organoa izango da.

Berariazko eginkizunak:

● Hitzarmen kolektiboa aplikatu eta interpretatzeko arloko auzien berri izan eta erabakiak hartzea, indarreko legediarekin bat etorriz.

● Hitzarmen kolektibo honek indarrean dirauen bitartean, testu hau egokitu eta, behar izanez gero, aldatzea.

● Langileen Estatutuaren 41. artikuluan jasotako lan-baldintzak nabarmen aldatzeak ekar litzakeen auzien berri izan eta horien inguruko erabakiak hartzea, baldin eta kontsulta-epea amaitu ondoren akordiorik lortu ez bada.

Alderdietako batek eskatzen duenean bilduko da batzorde mistoa, eta bere eskumeneko gaiak aztertuko ditu. Batzarrerako deia egin duen alderdiak idazki bat igorriko dio beste alderdiari, non aurrekariak, egintzak eta artikuluen edo gaiaren interpretazio-aldeak azalduko baititu. Hartzaileak hamabost egun baliodun izango ditu idazkiaren edukia aztertzeko.

Enpresaren egoitza sozialean egingo dira bilerak. Gai bat batzorde mistoari aurkezten zaionetik ezingo da hilabetea baino gehiago igaro, batzordea batu eta erabakia hartu arte.

Batzorde mistoak gehiengoz hartzen dituen akordioak lotesleak izango dira bi alderdientzat, eta indarreko hitzarmen kolektiboko edukiaren balio bera izango dutenez, haren parte izango dira. Hartutako akordioen akta egingo da.

Adostasunik lortu ezean, batzorde mistoak edo alderdietako edozeinek (langileek edo enpresak) bere esku izango du adiskidetze-prozedura honetara jotzea: Gatazkak Konpontzeko Borondatezko Prozedurei buruzko akordioan (PRECO II) araututakora.

57. artikulua.– Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen kolektibo honetan itunduriko baldintzek osotasun organiko eta zatiezina eratzen dute, eta, aplikazio praktikoari begira, osorik hartuko dira kontuan.

Lan-, administrazio- edo epai-arloetako agintaritzak, bere ahalmenez baliatuz, ezartzen badu hitzarmen honetan jasotako akordioren batek indarrean dagoen legedia urratzen duela, negoziazioan parte hartzen duten alderdiek ados jarrita erabaki beharko dute eragindako klausulak berriro negoziatuko dituzten edo ezabatu egingo dituzten, betiere, klausula horietako bat edo batzuk deusezak izateak hitzarmen osoa deuseztatzea ez dakarrela.

58. artikulua.– Xurgapena eta konpentsazioa.

Enpresak, hitzarmen honek indarrean dirauen artean, ez du ez konpentsatuko ez xurgatuko plus pertsonalekin itundu daitekeen soldata-igoerarik. Hori horrela dela ere, plus pertsonala kendu ahal izango da, baldin eta, une jakin batean, langileak ez baditu betetzen plus hori eskuratzeko arrazoi izan ziren eginkizunak (adibidez: langileak 39 ordu lan egin beharrean, 35 egiten baditu, edo 3. mailakoak maila hori galtzen badu).

59. artikulua.– Osagarri pertsonalak.

Hitzarmen hau izenpetu aurretik jasotako banakako diru-sarrera guztiak errespetatuko dira; alde horretatik, hitzarmeneko arauek ez dute diru-sarrera horien murrizketa ekarriko.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, inork ezingo ditu berarentzat hitzarmeneko baldintza partzial onenak eskatu.

60. artikulua.– Ordezko xedapenak.

Hitzarmen honetan berariaz arautu ez diren gaietan ordezko xedapen hauek bete beharko dira:

1.– Eguneroko Prentsaren arloko Estatuko Hitzarmen Kolektiboa.

2.– Langileen Estatutua.

3.– Indarrean dauden gainerako legeetan xedatua, betiere, arauen arteko hierarkiaren printzipioari men eginez.

61. artikulua.– Giza harremanak.

Enpresak eta langileek Diario El Correo SAren barruan begikotasun-giroa nagusitzea nahi dute, betiere, bertan langileek enpresaren aginduei men eginez eta diziplina gordez.

Halaber, langileei laneko eginbeharrak betearazteko ardura dutenek eginahalak egingo dituzte enpresako kideen arteko tratu egokiari eusteko. Alde horretatik, langileen ordezkariek nagusiei jakinaraziko dizkiete aipatutako giroa arriskuan jar dezaketen gorabeherak. Nagusiak, bestalde, lanak banatu eta baloratzeko garaian, langileekiko errespetua eta tratu egokia mantentzen ahaleginduko dira.


Azterketa dokumentala