Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2020ko abenduaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
5198

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2020ko urriaren 7ko bilkuran hartua, «Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren 2018ko ekitaldiaren Kontu Orokorra» fiskalizazio txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak, 2020ko urriaren 7an egindako bilkuran, hau

ERABAKI DU:

«Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren 2018ko ekitaldiaren Kontu Orokorra» fiskalizazio txostena behin betiko onestea, zeina erabaki honen eranskin modura ageri baita.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 7a.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
«GIPUZKOAKO UR KONTSORTZIOAREN 2018KO EKITALDIAREN KONTU OROKORRA» FISKALIZAZIO TXOSTENA

Laburtzapenak:

BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

GFA: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Gusa: Gipuzkoako Urak-Aguas de Gipuzkoa, SA.

HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

SPKL: 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa.

Urkidetza: Gipuzkoako Uren Kontsortzioa.

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, otsailaren 5eko 1/1988 Legean ezarritakoari jarraikiz, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren 2018ko ekitaldiaren Kontu Orokorraren fiskalizazioa egin du.

HKEEk egindako Kontsortzioaren Kontu Orokorraren aurreko fiskalizazio lana 1998ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.

Alderdi hauek aztertu ditu fiskalizazioak:

– Legezkoak: Honako atal hauetan: aurrekontua, langileria, obren kontratazioa, hornidura eta zerbitzuak eta zuzenbide publikoko sarrerei buruzko arautegia.

– Kontularitzakoak: Kontsortzioaren kontuak, Gipuzkoako Urak SAren kontuak eta kontu bateratuak aplikagarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu diren aztertuko dugu. Bi erakundeen kontuak kanpoko enpresa batek ikuskatu ditu.

– Lanean ez da jaso gastuaren efikaziari eta efizientziari buruzko analisia. Hala ere, aurkitu diren hutsak «Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko gogoetak» epigrafean azaldu dira xehetasunez.

Kontsortzioaren helburua lehen mailako sareetan ura hornitzeko azpiegitura ezarri eta ustiatzea eta dagozkion zerbitzuak ematea da.

Kontsortzioak bere helburuak garatzeko mendeko duen Gusa sozietatearen bitartez dihardu, zeinaren akzioen % 100en jabetza baitu; Gusak Altako sareko hornidura eta saneamendua, Bajako sarean erabiltzaileen kudeaketa eta banaketaren ustiapena, eta Kontsortziora atxikitutako udalerrien estolderia eta saneamendu zerbitzuak ematen ditu, Kontsortzioak horretarako lagatako instalazioen bitartez.

2018ko abenduaren 31n Kontsortzioaren jardun-eremuak 74 udalerri besarkatzen ditu, 340.717 biztanlerekin. 51 udalerritan uraren ziklo osoko zerbitzua ematen da; 21 udalerritan Altako sareko hornidura eta saneamendua; et bi udalerritan bai Altako sareko hornidura eta saneamendua, bai Bajako saneamendu zerbitzua ere.

Hona hemen Kontsortzioko kideak eta bakoitzari dagozkion botoak, guztira 265 osatzen dituztela:

(Ikus .PDF)

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

1.– Kanpoko enpresa espezializatuek egindako langileen hautaketak –GusaK osatutakoak– euskarritzen dituzten agiriek ez dute egiaztatzen uzten berdintasun eta merezimendu printzipioak bete diren. Egoera honek eragina du 2018ko ekitaldian izaera mugagabeko hiru lanpostutan eta aldi baterako beste hiru lanpostutan, 2019ko ekitaldian mugagabe bihurtuko direnak; baita, 2017ko ekitaldian kontrataturiko aldi baterako sei lanpostutan, 2018ko ekitaldian mugagabe bihurtuko direnak.

Bestalde, aldi baterako lau lanposturen iragarkiek ez dute jasotzen probaldi baten ostean mugagabe bihurtuko direla urtebeteko epean, eta langileen hamar kontratazioren iragarkietan baldintza modura ezarri da Gipuzkoako probintzian bizi izatea, berdintasun printzipioa urratuz.

2.– Gusak SPKL indarrean sartu ostean eta kontratazio-espedienterik izapidetu gabe 2,5 milioi euroren gastuak egikaritu ditu obra, hornidura eta zerbitzuetan, zegozkion prozedura ireki bidez izapidetu behar ziratekeenean.

Epaitegi honen iritzira, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek, 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete dute 2018ko ekitaldian ekonomia- eta finantza-jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

1.– Gusak erregistratutako hornidurak kontsortzioarekin izenpetutako emakida akordiotik eratorritako konpromiso hartuetatik datozen obligazioak islatzeko, ondasunen erabilera lagatzeari dagokionez (51,5 milioi euro abenduaren 31n), zenbatespenetan daude oinarrituak eta, zati batean, hirugarrenen txosten teknikoetan eta aurrekontuetan. Nolanahi den ere, ez dituzte aintzat hartu eguneratze finantzarioaren ondorioz sor litezkeen doiketak eta ez dute horren eraginaren zenbatespenik.

Epaitegi honen iritzira, aurreko paragrafoan adierazitako Gusari dagokion salbuespena alde batera, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan erakusten dute 2018ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, araudian jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan jasotzen dira jarduera ekonomikoa eta finantzarioa arautzen duten printzipioak betetzea nabarmen eragiten ez duten akatsak nahiz kudeaketa hobetzeko agerian jartzen diren prozedura-alderdiak.

III.1.– Kontularitzako eta kontroleko alderdiak.

– Kontsortzioak ez du langilerik eta kontu-hartzailetza lanak Gusako gerenteak egiten ditu. Gogoan hartuta Kontsortzioa GFAri atxikia dagoela eta aurrekontu, kontabilitate eta kontrolari buruzko foru araudiari meneratua, iruditzen zaigu GFAri eskatu beharko litzaiokeela Kontsortzioko kontu-hartzailea izendatzea, egiteko horiek betetzeko GFAn gaituak dauden langileen artetik.

– Kontsortzioko Kontu Orokorraren Oroitidazkian barne hartutako inbertsio-konpromisoei buruzko informazioari dagokionez, 17,9 milioi euroren zenbatekodunak, honako alderdi hauek azpimarratu behar ditugu:

* 4,4 milioi euroren konpromisoak barne hartu dira, «Amundarain-Ibiur»i dagozkionak, GFArekin 2007an izenpetutako hitzarmen batean jasoak. Alabaina, ez dira barne hartu hitzarmen berean aurreikusitako konpromisoak, «Hornidura Ataun»i dagozkionak 750.000 euroren zenbatekoan. Hitzarmenaren antzinatasuna aintzat hartuta, komenigarria litzateke obra horien egoera eta konpromisoak gaurkotzea, hartara aurrekontuek zuzen jasoko dituzte Kontsortzioaren inbertsio konpromisoak.

* Gainera, 4,9 milioi euroren konpromisoak barne hartu dira Eusko Jaurlaritzaren eta Uraren artean elkar-finantzatuko diren inbertsio batzuen kontzeptupean; ordea, txosten hau idatzi dugun datan, ez da dagokion hitzarmena izenpetu.

– Kontsortzioak inbertsioetako kapitalezko transferentzien soberako kredituak, GFArekin 2014an izenpetutako hitzarmenean barne hartutakoak, amaitu ahala txertatzen ditu; honela, bada, 2018ko ekitaldian 1,3 milioi euro txertatu dira, «zehaztu gabeak» izeneko kontu-sail batean barne hartutakoak. Kredituen txertaketak egin behar dira justifikatu gabeko arrazoiarengatik gastua egiterik edo dagokion obligazioa aitortzerik izan ez denean; ez da, baina, halakorik gertatu jada amaitu diren inbertsio hauetan.

– Kontsortzioko kontularitza sistemak ez ditu gastuen baimentze eta erabilera faseak aurreikusten, nahiz egiten den kontularitzaz kanpoko kontrol zehatz bat gastuaren egikaritzako aurrekontuko fase hauen gainean. Honi dagokionez, konpromiso kredituen egoerak ez du ematen ekitaldi itxieran kredituen egikaritza fasearen berri; ez da inongo konpromisorik gauzatu 2018ko abenduaren 31n, ez baitira dagozkion obrak esleitu.

– Kontsortzioak gastuen aurrekontuetan osotasunean erregistratzen du obrak egiteko izenpetutako hitzarmenetan aurreikusitako urteko bakoitzaren guztizkoa. Behin proiektuak balioztatu ostean, inbertsio bakoitzerako diru-izendapena gaurkotu eta aurrekontuan bereizirik jaso behar litzateke eta kredituak inbertsioaren egikaritza-fase bakoitzean erregistratu.

III.2.– Langileria-gastuak.

– Gusak 2018ko ekitaldian aldi baterako langileen hiru kontratazio egin zituen ordezkapenetarako, inongo hautaketa prozesurik gabe.

– Lanpostu bati aplikatutako ordainsari igoera antzeko beste lanpostu batzuek betetzen dituzten egitekoekin homologatzeagatik ez da agiri bidez baimendu; organo eskudunak egin behar zukeen zegokion baimen ematea eta arrazoiketa.

III.3.– Ondasunen eta zerbitzuen kontratazioa.

– Gusak Partzuergoaren bitarteko propio pertsonifikatu izaera du, SPKLren 32. artikuluak agindutakoari jarraikiz. Delako izaera hori Gusaren estatutuetan islatu behar litzateke eta Kontratazio Plataforman argitaratu.

– Gusa botere esleitzailea da, Administrazio Publiko izaera gabea, eta honenbestez, SPKLren 316tik 320ra bitarteko artikuluek arautzen dute. Honela, bada, ez dira beharrezkoak kontratazioko barne jarraibideak, izan ere legeak horiek aurreikusten ditu botere esleitzaile izaera ez duten sektore publikoko entitateentzat. Alabaina, Gusaren kontratatzailearen profilak barne hartzen dituen kontratazioko barne jarraibideak ez zaizkio SPKL berriari egokitzen, ez baitute jasotzen botere esleitzaileei ezargarriak zaizkien artikuluen agindua.

– Gusak ez ditu kontratu txikien kontratazio espedienteak izapidetzen, SPKLren 118. artikuluak agintzen duen moduan eta izaera orokorrarekin zenbait eskaintza eskatu ostean, dagozkion fakturak erregistratu baizik ez du egiten. Dagozkion espedienteak izapidetu behar direla uste dugu eta kontratazio atalak txostena egin behar duela, kontratuaren beharra arrazoituz, gastua onartuz eta kontratazioko arau orokorrak saihesteko kontratuaren xedea ez dela eraldatu justifikatuz. Azkenik, kontratu txikiak kontratatzailearen profilean argitaratu behar dira, gutxienez hiruhilean behin.

Obren kontratazio espedienteak aztertu ditugu eta honako alderdi hauek bereizi ditugu:

– Ez dago obra proiektuak ustiapen zuzendariak edo obren arduradunak gainbegiratzen dituelako ebidentziarik, kontratazioko barne jarraibideek agintzen duten moduan. Gainera, proiektu horiek ez ditu kontratazio atalak onartu.

– Segurtasun eta osasun plana eta lan-programa ez ditu kontratazio atalak onartzen.

– Ez da obren harrera akta egin.

Hona hemen kontratazioko espedienteak berrikustean azaleratu diren beste alderdi batzuk:

– Guztira 1,2 milioi euroren zenbatekoan esleitutako hiru kontratazio espedientetan (3, 4 eta 11 zk.) ez da eskatu baldintza administratiboen pleguetan aurreikusitako bermea.

– Guztira 1,7 milioi euroren zenbatekoan esleitutako kontratazioko zortzi espedientetan (4tik 11ra bitarteko espedienteak) ez dira kontratuak egiten enpresa esleipendunekin eta horretarako baliatzen dira baldintza administratiboen pleguak, data jarriz eta lizitazio-zenbatekoak esleipenekoekin ordeztuz. Komenigarria da kontratua izenpetzea.

– Guztira 504.848 euroren zenbatekoarekin esleitutako hiru obra espedientetan, gauzatutako obrek gainditu egiten diztuzte esleitutako zenbatekoak % 10ekoa baino ehuneko handiagoan, ustegabeko aldaketetarako araudiak ezartzen duen gehiengoa, hala nola lizitazioko baldintza oinarrizkoak eta kontratuaren esleipena aldaraztea.

Kontratazio espedienterik gabeko gastua.

Kontratazio espedienterik gabeko gastuak aztertu ditugu eta ikusi dugu bi hornidurari dagozkion guztira 72.638 euroren gastuak daudela, zeinaren urteko zenbatespena nekeza izan baitaiteke prozedura ireki erraztu bidez izapidetzeko, baina errepikariak direnak; aztertu egin behar lirateke prozedura laburtu bidez kontratatu ahal izateko, eta egokia denean, aleko prezioen arabera.

IV.– Urteko kontuak.

IV.1.– Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren urteko kontuak.

IV.1.1.– Aurrekontuko kontuak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

IV.1.2.– Ondare kontuak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

IV.2.– Gipuzkoako Urak SA-ren Urteko Kontuak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

IV.3.– Kontu bateratuak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)
GIPUZKOAKO UR KONTSORTZIOAREN ALEGAZIOAK

Lehenengoa.– II.1.– Legeria betetzen den ala ez.

1.– Txostenean esaten da Gusa Gipuzkoako Urak, SA sozietatearen langile hautaketarako oinarri den dokumentazioarekin ezin dela egiaztatu berdintasun eta meritu printzipioak betetzen diren ala ez.

Gusak kontrataziorako bere txosten eta prozedurak aldatu egin ditu, printzipio horiek ahalik eta modu argienen agiaztatu ahal izan daitezen.

Bestalde, Gusak lanpostu finko baterako deialdia egiten badu, urtebeteko probaldia ezartzen du. Aldi horretan, HIRU ebaluazio egiten zaizkio langileari: kontratazio-arduradunak lau eta zortzi hilabetera, eta kudeatzaileak hamar hilabetera.

Bigarrena.– II.1.– Legaria betetzen den ala ez.

Gusak badaki sektore publikoko entitate bat dela, baina ez dela botere adjudikatzailea, eta hori arrazoi hauengatik:

1.– Izaera industriala eta komertziala ditu: bere gain hartzen ditu daraman enpresa jarduerak dakarzkion galerak.

2.– Beste enpresa pribatuekin lehiatzen da, hainbat udalerritako uraren ziklo osoa kudeatzeko. Hala, udalerri batzuetako uraren ziklo osoaren kudeaketa adjudikatu diote; esaterako, Tolosa, Ermua, Mallabia, Zizurkil, eta Zarautzeko uraren ziklo osoaren kudeaketa; beste hainbatetan, aldiz, ez, Zumarragan eta Urretxun, esaterako.

Lehiaketa horietara aurkezteko, Gusak zerbitzu enpresa gisa behar dituen ziurtagiriak baditu.

3.– Gusa autofinantzatu egiten da eta ez du inolako dirulaguntzarik jasotzen. Aldi berean, Gipuzkoako Ur Kontsortzioari kopuru bat ordaindu (edo zuzkitu) behar izaten dio hark lagatzen dizkion azpiegiturak erabiltzeagatik: 5.048.000 euro, 2018ko ekitaldian, Urteko Kontuen arabera.

Hirugarrena.– III.1.– Kontabilitate eta kontrol kontuak.

Inbertsio konpromisoei dagokienez, 2019ko ekitaldiko Memorian aldatu eta xehatu dira.

Laugarrena.– III.1.– Kontabilitate eta kontrol kontuak.

Kreditu txertaketari dagokionez, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak (GUK) aurrekontuan sartzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin (GFA) sinatutako lankidetza hitzarmenek eskatzen dituzten zenbatekoak.

GFAk ez dio GUKari proiektuak eta obrak nola gauzatzen ari diren informatzen, are gutxiago urteko aurreikuspenen berri ematen. Horregatik, GUKak ez ditu bere kredituak aldatzen, hitzarmen bakoitzak hasieran xedatutakoak bere horretan jarraitzen du eta, ekitaldiaren amaieran kreditu guztia erabiltzen ez bada, hurrengo ekitaldian txertatzen da.

Bosgarrena.– III.2.– Pertsonal gastuak.

Hiru langile hautespen prozesurik gabe kontratatu dira (Laborategiko langileak) aldi baterako: hori horrela egin da hiru horiek aurretik eginiko ordezkapenetarako hautespen prozesutik pasa zirelako.

Zuzendari gerenteak hitzez baimendu zuen lanpostu bati lansaria igotzea antzeko beste lanpostuen eginkizunekin homologatzeagatik.

Seigarrena.– III.3.– Ondasunen eta zerbitzuen kontratazioa.

Botere adjudikatzailea izateko, hiru baldintza bete behar dira, guztiak batera eta aldi berean bete ere:

1.– Interes orokorreko beharrei erantzuteko berariaz sortua izatea eta izaera industriala edo komertziala ez izatea:

Beste enpresa pribatuekin lehiatzen da, hainbat udalerritako uraren ziklo osoa kudeatzeko. Hala, udalerri batzuetako uraren ziklo osoaren kudeaketa adjudikatu diote; esaterako Tolosa, Ermua, Mallabia, Zizurkil eta Zarautzeko uraren ziklo osoaren kudeaketa; beste hainbatetan, aldiz, ez, Zumarragan eta Urretxun, esaterako.

Lehiaketa horietara aurkezteko, Gusak zerbitzu enpresa gisa behar dituen ziurtagiriak baditu.

Gusak bere gain hartzen ditu bere enpresa kudeaketak dakarzkion galerak.

2.– Nortasun juridiko propioa izatea.

3.– Bere finantzatzaile nagusiena Estatua, autonomia erkidegoa, toki entitatea edo Zuzenbide Publikoko beste organismoren bat izatea.

Gusa autofinantzatu egiten da eta ez du inolako dirulaguntzarik jasotzen. Aldi berean, Gipuzkoako Ur Kontsortzioari kopuru bat ordaindu (edo zuzkitu) behar izaten dio hark lagatzen dizkion azpiegiturak erabiltzeagatik: 5.048.000 euro, 2018ko ekitaldian, Urteko Kontuen arabera.

Beraz, eta Gusak baldintza horietako bi betetzen ez dituela ikusita, uste dugu ez dela botere adjudikatzailea.

Zazpigarrena.– III.3.– Ondasunen eta zerbitzuen kontratazioa.

2020.ko ekitalditik, Ustiapeneko zuzendariak gainbegiratzen eta sinatzen ditu proiektuak.

2020ko ekitalditik, Kontratazio Organoak onartzen du Segurtasun Plana.

2020ko ekitalditik, obren harrera egiten da.

2020ko ekitalditik, kontratuak egiten dira obren esleipendunekin.

Adierazitako guztiagatik, hau eskatzen diogu.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiko osoko bilkurari: idatzi hau arren aurkeztutzat hartzeko, onartzeko eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko Osoko Bilkurak Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren 2018ko ekitaldiari buruzko fiskalizazioaren emaitzak behin-behinean onartu zituen akordioaren aurkako alegazioak garaiz eta forman azaldutzat emateko.

Donostian, 2020ko abuztuaren 26an.


Azterketa dokumentala