Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2020ko abenduaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5193

1275/2020 EBAZPENA, azaroaren 3koa, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, Osakidetzako Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuan zuzendariorde mediko lanpostu bat izendapen askez betetzeko deialdia egiten duena.

Laster Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuan zuzendariorde mediko lanpostu bat hutsik geratuko dela aurreikusten denez, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoaren arabera, lanpostu hori izendapen askeko prozeduraren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako hauek aintzat hartuta

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) eta A1 lanbide-taldean lanpostua jabetzan izatea.

b) A1 lanbide-taldeari dagokion titulazioa izatea.

c) Gutxienez 5 urteko lanbide-esperientzia A1 lanbide-taldean.

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetzako Euskara Planeko gainerako baldintzak.

2.– Kontuan hartuko diren merezimenduak.

– Taldeen kudeaketan eta koordinazioan esperientzia eta/edo prestakuntza izatea.

– Ospitalizazio-unitateen antolaketa eta funtzionamendua ezagutzea.

– Esperientzia eta/edo prestakuntza ospitale-arloen koordinazioan eta kudeaketan.

Interesgarritzat jotzen diren eta lanpostu hori betetzeari balioa eransten dioten merezimendu guztiak aurkeztu ahal izango dira.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera baloratuko da.

4.– Eskabideak aurkezteko epea.

Interesatuek Osakidetzako Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzara (Begiristain doktorearen pasealekua, z.g. 20014 Donostia. Gipuzkoa) bidali beharko dute eskabidea, datu pertsonal guztiekin, «curriculum vitae» dokumentatuarekin batera. Agiriek honela egon behar dute:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionarioen edo estatutupeko langileen izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratudun langile finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia konpultsatuak.

– Kontuan hartu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatuak.

Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazitako moduan egiaztatzea CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta agertzen diren alderdiak; kasu horretan, izangaiak eskabidean jaso behar du hala dela.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak baloratzeko, eta hautagaiei jakinaraziko zaie.

Batzordeak, jasotako eskabideak aztertu ondoren, erabaki ahal izango du eginbide osagarriak egitea; hala bada, izangaiei jakinaraziko zaizkie.

Izangaiak baloratu ondoren, proposamena egin eta izendapena formalizatuko da. Epaimahaiak, txosten arrazoitua egin ondoren, hutsik uztea proposatu ahal izango du, baldin eta izangaiek ez badituzte eskatutako baldintzak betetzen.

Batzordearen bilkura bakoitzaren akta egingo da. Bertan, aurkeztutako izangaiek egindako eginbide osagarriak jasoko dira (eginbiderik badago), bai eta lanpostua horietako bati esleitzeko edo, hala badagokio, deialdia hutsik uzteko kontuan hartu diren arrazoiak ere.

6.– Hautatzeko prozedura.

Inola ere ezingo dira merezimendutzat hartu deialdia EHAAn argitaratzen den egunean izaten ez direnak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzen duen Ebazpena.

Hemen hasten den prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea) Osakidetzako Donostialdeko ESIko zuzendari gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, intranetean eta Osakidetzaren web-orri korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatzen ez bada.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea emango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Donostia, 2020ko azaroaren 3a.

Donostialdeko ESIko zuzendari gerentea,

ICIAR PEREZ IRAZUSTA.


Azterketa dokumentala