Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2020ko abenduaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5179

1267/2020 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez egiten den Osakidetzako Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Irakaskuntza Unitate Multiprofesionaleko osasun-prestakuntza espezializatuko ikasketaburuaren eginkizunak lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Beharrezkoa denez Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Irakaskuntza Unitate Multiprofesionaleko osasun-prestakuntza espezializatuko ikasketaburuaren eginkizunak betetzea, deialdi honetan aplikagarriak dira Euskal Autonomia Erkidegoan espezializatutako osasunari buruzko prestakuntzaren sistema arautzen duen 2012ko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 12tik 18ra bitarteko artikuluak, baita horren Hirugarren Xedapen Gehigarrian adierazitakoak ere. Bertan aurreikusitakoaren arabera, 18.3 eta 24.3.b) artikuluetan eta Dekretu horren Laugarren Xedapen Gehigarrian jasotako hartzeko ekonomiko indibidualak, Aurrekontuen Legean sartutakoen arabera, dagokion lansari-kontzeptuan gauzatu ahal izango dira. Horiek ezartzeko argitaratzen den Osakidetza Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpenak zehaztutako datatik aurrera gauzatuko dira eta izango dituzte ondorioak.

Beraz, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 28. artikuluko hirugarren arau komunarekin, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuarekin, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan espezializatutako osasunari buruzko prestakuntzaren sistema arautzen duen 2012ko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuarekin, eta kontuan hartuta ezarritako oinarri hauek:

OINARRIAK

1.– Xedea:

Deialdi honen xedea da Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Irakaskuntza Unitate Multiprofesionaleko osasun-prestakuntza espezializatuko ikasketaburuaren eginkizunak betetzea, lanpostu bati espezifikoki esleitu gabeak. 2012ko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 15. artikuluan jasotakoari jarraiki, lanaldiaren % 10eko gutxieneko dedikazioa ezartzen da. Deialdi honen xede diren Ikasketa-buruaren eginkizunei dedikatu beharrekoa lanaldiaren % 50 izango da.

2.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute betekizun hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

– Plantillako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna), Osakidetzako Fakultatibo Espezialista Mediko gisa Psikiatriako espezialitatean.

– Gutxienez lau urteko lan-esperientzia izatea, A1 lanbide-taldean.

– Zerbitzu aktiboko egoera administratiboan egotea.

3.– Merezimenduen baremoa (gehienez, 100 puntu)

Merezimenduen balorazioak bi fase izango ditu:

A) Proiektua eta bere defentsa (gehienez 50 puntu)

Hautaketako Batzordearen aurrean, proiektu-memoriaren jendaurreko azalpen esplikatzailea egitea izango da, kasuan kasuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Ikasketako Buruzagitzaren kudeaketari buruzkoa, eta hautagaiekin elkarrizketa bat egitea.

B) Merezimenduen balorazioa (gehienez 50 puntu). Puntuazioa honela banatuko da:

– Esperientzia lan-taldeen kudeaketan (gehienez 10 puntu).

Atalburu gisa zerbitzu emandako hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.

Zerbitzuburu gisa zerbitzu emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

Arlo asistentzialeko arduradun gisa edo zuzendariorde mediko gisa zerbitzu emandako hilabete bakoitzeko: 0,1250 puntu.

Kontuan hartuko dira, laneko esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotakotan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan emandakoak ere.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Honetarako, hilabetetzat 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.

– Esperientzia klinikoa (gehienez 10 puntu).

Fakultatibo Espezialista Mediko gisa Psikiatriako espezialitatean emandako zerbitzuko hilabete bakoitzeko (0,0500 puntu).

Kontuan hartuko dira, laneko esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotakotan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan emandakoak ere.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Honetarako, hilabetetzat 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.

– Irakaskuntza eta ikerkuntzako esperientzia (gehienez 10 puntu).

a) Irakaskuntzako jarduera (gehienez 5 puntu).

Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua (urte bakoitzeko): 1,0000 puntu.

Fakultateko Katedraduna (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.

Fakultateko irakasle (urte bakoitzeko): 0,2500 puntu.

Irakaskuntza egiaztatutako etengabeko prestakuntzan (ordu bakoitzeko): 0,0250 puntu.

b) Jarduera ikertzailea (gehienez 5 puntu).

Doktore titulua: 1,0000 puntu.

Ikertzeko gaitasuna/Ikasketa Aurreratuen Diploma: 0,7500 puntu.

Ikerketa-proiektuak (ikertzaile nagusia): 0,2000 puntu proiektu bakoitzeko.

Ikerketa-proiektuak (ikertzaile kolaboratzailea): 0,1000 puntu proiektu bakoitzeko.

Ikerketari emandako sariak eta aipuak: 0,1000 puntu sari bakoitzeko.

Patenteak eta ereduak Biomedikuntzaren esparruan: 0,2000 puntu erregistratutako patente edo eredu bakoitzeko.

Ikasketa-burutzaren, prestakuntza espezializatuko tutoretzaren, koordinazioaren edo irakaskuntzaren lankidetzaren edo laguntzaren eginkizunetan izandako esperientzia (gehienez 10 puntu).

Zerbitzu emandako hilabeteko bakoitzeko 0,1000 puntu.

Irakaskuntza Batzordean parte hartzea (gehienez 10 puntu), batzarren akten bitartez edo Irakaskuntza Batzordeko presidentearen ziurtagiriaren bitartez egiaztatua; parte-hartze bakoitzeko, 0,2500 puntu.

4.– Euskararen ezagutza (gehienez 10 puntu).

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

5.– Eskaerak aurkeztea eta epea.

Interesdunek Osakidetzako Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Langileen Zuzendaritzara María Díaz de Haro, 58 - 48010 Bilbo) bidali behar dituzte eskabideak, 20 egun balioduneko epean, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran.

Interesdunek Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea, beren datu pertsonal guztiak eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera. Curriculum Vitaeko dokumentazioa honelakoa izan behar da:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

c) Deialdia EHAAn argitaratu arte emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua, dagokion kategoria adierazita.

d) Ikasketa-burutzaren Kudeaketarako Proiektu-memoria, deialdi honen xede diren eginkizunei buruzkoa.

e) Merezimendu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

6.– Hautaketa Batzordea.

Euskal Autonomia Erkidegoan espezializatutako osasunari buruzko prestakuntzaren sistema arautzen duen 2012ko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 16.3 artikuluarekin bat etorriz, Hautaketa Batzordea Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak izendatuko du.

6 kidez osatutako Hautaketa Batzordea eratuko da: batzordeburua, idazkaria eta 4 batzordekide.

– Bizkaiko OMSeko Kudeaketa Kliniko 1eko burua (Helduen Psikiatria), presidentea izango dena.

– Euskal Autonomia Erkidegoko espezializatutako osasunari buruzko prestakuntzako Ikasketa-buru bat.

– Erkidegotik kanpoko espezializatutako osasunari buruzko prestakuntzako Ikasketa-buru bat.

– Bizkaiko OMSeko Irakaskuntza Batzordean aritzeko izendapena duen akreditatutako Fakultatibo Tutorea.

– Osasun Saileko Irakaskuntzako eta Lanbide Garapeneko zerbitzuburua.

– Bizkaiko OMSeko Langileen Saileko zerbitzuburua, idazkaria izango dena.

Akta egingo da Hautaketa Batzordea biltzen den bakoitzean. Aktan, hauek jaso behar dira: hautagaien izenak, baremazio-irizpideak, merezimenduen baremoaren ataletako bakoitzean emandako puntuazioak eta guztira lortutako puntuazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoan espezializatutako osasunari buruzko prestakuntzaren sistema arautzen duen 2012ko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 16.3 artikuluaren arabera, Hautaketa Batzordeak izendapen proposamen bat egingo dio zentroko Gerenteari, eta horrek, proposamenarekin bat etorriz, hautatutako izangaia izendatuko du. Zentroko zuzendari gerenteak zuzendari nagusiari emango dio izendapenaren berri, jakinaren gainean egon dadin.

7.– Hautaketa-prozedura.

Epaimahaiak dokumentazioa baloratuko du, betiere hautagaiek behar den epean eta moduan aurkeztu badute.

Ezingo dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn iragartzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Aurretiaz txostena eginda, Baloraziorako Batzordeak betetzeke utzi ahalko du lanpostua, hautagaiek eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte.

8.– Prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena.

Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea) Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentearen ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.

2012ko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 18.3 artikuluan jasotakoari jarraiki, arlo publikoan, Espezializatutako prestakuntzako ikasketa-buruaren lana karrera profesionalaren barruan dagokion maila aitortuz islatuko da, artikulu horretan zein hautaketa eta horniketa prozesuetan ezarritako eran.

9.– Ikasketaburuaren errendimenduaren aldizkako ebaluazioa.

Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 10. artikuluaren arabera, ikasketaburuei dagozkien eginkizunetan aritzeak kudeaketa klinikoan aritzea esan nahi du, eta horren ondorio zuzena da jardunean egindakoak eta izandako emaitzak ere aldiro aztertuko zaizkiola zeregin horretan ari denari.

Ebaluazioa lau urtean behin egingo du Batzorde berri batek, Hautaketa Batzordea eratzeko prozedura berari jarraituta berariaz zeregin horretarako eratu dena. Ebaluazioaren ondorioz, kasuaren arabera, Ikasketa-burua bere eginkizunetan berretsi edo kargutik kendu ahal izango da. Ebaluaziorako, kontuan hartuko da Zentro edo Unitatearen Plan Estrategikoan eta Irakaskuntzako Kalitatea Kudeatzeko Planean ezarritako irakaskuntzako helburuak bete diren.

10.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 6a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.


Azterketa dokumentala