Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2020ko abenduaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5162

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 24koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez, zuzendaritza nagusi honen 2020ko irailaren 16ko Ebazpenean aurreikusitako dotazio ekonomikoa gehitzen baita euskaltegi pribatuek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek 2020-2021 ikasturtean gauzatutako euskara-ikastaroak diruz laguntzeko, eta dirulaguntza horien deialdiaren oinarrietan zenbait alderdi aldatzen baitira dirulaguntzen onuradun izateko, COVID-19aren eraginez helduen euskalduntzearen esparruko ondorio kaltegarriak arintzeko helburuarekin.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, helduei euskara irakasteko antolamendu orokorra garatzen du, euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek dagokien erregistroan inskriba daitezen bete behar dituzten baldintzak ezartzen ditu, eta HABEren laguntza aurreikusten du zentro horien jarduera finantzatzeko, bere aurrekontu-baliabideek ahalbidetzen duten neurrian.

Dekretu horretan eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 30eko Aginduak, 2020ko Dirulaguntzen Plan Orokorra onartzen duenak, jasotako aurreikuspenen arabera, HABEren Zuzendaritza Nagusi honek, 2020ko irailaren 16ko Ebazpenaren bidez, euskaltegi pribatuei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei 2020-2021 ikasturterako dirulaguntzak emateko deialdia egin zuen, eta dirulaguntza horiek eskuratzeko baldintzak ezarri. Ebazpen horren I. eranskinaren 1.2 oinarrian zehazten da deitutako dirulaguntzetarako dotazio ekonomikoa 22.158.000 eurokoa dela. Hala ere, HABEren aurrekontuetan ez dira agortu beste dirulaguntza batzuetarako aurrekontu-partiden izakinak, eta, aldi berean, beharrezkotzat jotzen dira izakin horiek euskaltegi pribatuetan eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetan aurreikusitako premiei aurre egiteko. Beraz, HABEren aurrekontuetan handitu egin behar da euskaltegi pribatuei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei 2020-2021 ikasturteko euskara-ikastaroetarako emandako dirulaguntzetarako kreditua.

Aldi berean, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologiaren aurrean, deialdiaren zenbait alderdi egokitzeko beharra atzeman da, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bitartez ezarritako alarma-egoeran Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren bidez ezarritako prebentzio-neurrien ondorioei aurre egiteko.

Besteak beste, bidezkotzat jotzen da 11. oinarrian dirulaguntzak zuritzeko aurreikusita dauden gastuen aukerak egokitzea, betiere diruz lagungarriak badira Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera. Era berean, deialdiaren 12. oinarriaren 1.1 atalean jasotako kitapen-modua egokitzeko beharra nabarmendu da aitortutako dirulaguntza ez gutxitzeko, aipatutako prebentzio-arauen eraginez eta aurrerantzean onartzen direnen ondorioz, hasita egon eta bertan behera uzten diren ikastaroengatik euskaltegi pribatuek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek jasan ditzaketen gastuek, edota, alarma-egoeraren eraginez edota prebentzio-neurrien eraginez, neurri horiek hartu ondoren hastea aurreikusita egon eta hasi ezin izango diren ikastaroek sortuko dituztenek aitortutako dirulaguntza zuritzen duten heinean.

Izan ere, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko onartu diren prebentzio-neurriek ondorio zuzenak dituzte helduen euskalduntzearen esparruan, bai euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek hartu behar dituzten prebentzio-neurrien aldetik, baita ere ikasleen demandaren aldetik. Horregatik, neurri horiek modu iraunkorrean izan ditzaketen ondorio kaltegarriak arindu ahal izateko, egokitzat jo da aipatutako aldaketak bideratzea euskaltegi pribatuak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak 2020-2021 ikasturtean antolatutako euskara-ikastaroak finantzatzeko deituta dauden dirulaguntzen onuradun izateko.

Horregatik guztiagatik, aipatutako xedapenek eta HABEren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak aitortutako ahalmenen arabera, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (aurrerantzean, DLO) eta lege horren uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak onartutako Erregelamenduarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zuzendaritza Nagusi honen 2020ko irailaren 16ko Ebazpenean aurreikusitako dotazio ekonomikoa 250.000 eurotan gehitzea euskaltegi pribatuek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek 2020-2021 ikasturtean antolatutako euskara-ikastaroak diruz laguntzeko, 59.275 euro 2020ko urritik abendura bitarteko epealdian eta 190.725 euro 2021eko urtarriletik irailera bitarteko epealdian. Horrela, deialdiaren zenbateko osoa 22.408.000 euro izango da. Honela banatzen da kopuru hori:

a) 19.223.000 euro, I. eranskineko 6.1 oinarrian aipatzen den euskaltegien berezko ekimenezko aurrez aurreko jarduera babesteko.

b) Autoikaskuntzarako zentroen bere ekimenezko autoikaskuntzako jarduera babesteko:

1) 675.000 euro, I. eranskineko 6.2 oinarrian aipatzen den autoikaskuntzarako zentroen bere ekimenezko autoikaskuntzako jarduera babesteko.

2) 1.675.000 euro, I. eranskineko 6.3 oinarrian aipatzen den euskaltegien bere ekimenezko autoikaskuntzako jarduera babesteko.

c) 835.000 euro, I. eranskineko 6.4 oinarrian aipatzen den barnetegietako jarduera babesteko.

Bigarrena.– Euskaltegi pribatuek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek 2020-2021 ikasturtean antolatutako euskara-ikastaroak finantzatzeko, HABEko zuzendariak 2020ko irailaren 16ko Ebazpenaren bidez egindako dirulaguntzen deialdiaren 11. eta 12. oinarriak aldatzea, ondoren zehazten den moduan:

– 11.1 atalaren d) azpiatala aldatzen da eta atal horri g) azpiatala gehitzen zaio. Honela idatzita gelditu da:

1.– HABEren dirulaguntza behar bezala zuritua dagoela ulertuko da, DLOren 30. eta 31. artikuluek zedarritutakoaren arabera egina dagoenean, jarraian adierazten diren kontzeptuengatik bidalitako zuri-agiri guztien batuketa, gutxienez, emandako dirulaguntza adinakoa bada.

HABEren dirulaguntzen zuriketarako honako gastu hauek onartuko dira eta bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira. Dena den, HABEk beharrezkotzat joko balu, laginketa tekniken bidez, badu eskatzerik gastu hauen agirien originalak edo kopia konpultsatuak:

a) Langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Gastu hauen zuriketari dagokionez, euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan jasota dauden langileak soilik hartuko dira kontuan. Langileen gastuak, euren ordainketarako banku bidezko zerrendak (edo nominak), eta Gizarte Segurantzari eta PFEZari dagozkion ordainketen agiriak aurkeztuz zurituko dira. Banka elektronikoaren bidez eginiko eragiketen agiriek dagozkien aztarna elektronikoen kodeak eduki behar dituzte eta bankuaren ordainagiriek, zigilua edo baliozkotze mekanikoa. Langileen gastuen bitartez deialdi honetako 6.1, 6.2 eta 6.3 oinarrietan zehaztutako jarduerak babesteko emandako dirulaguntzaren % 75 gutxienez zuritu beharko da.

b) Lokalen alokairuak: soilik euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan jasotako lokalen alokairuak hartuko dira kontuan. Legezko gutxienekoak (BEZ, Ogasunerako atxikipena...) betetzen dituzten agiriak soilik onartuko dira. Alokatzailea erakunde publikoa denean, bankuaren bidez luzaturiko erreziboak onartuko dira.

c) Mantenu-gastuak: barnetegiko pentsiotarako dirulaguntza onartua duten euskaltegiek, eta horretarako esleitutako kopurua, gehienez.

d) Garbiketa-gastuak.

e) Gastu didaktikoak: klaseak ematearekin zuzenki lotuta dauden gastu arruntak (material didaktikoa, liburuak, dokumentazioa, etab.).

f) Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin sortutako beste edozein gastu. Horretarako onuradun bakoitzak deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzaren % 3 gutxienez jarraian zerrendatzen diren hobekuntza-prozesuetan erabili izana ziurtatu beharko du: irakasleen formazioan (barruko zein kanpoko formazio-jarduerak), Informazio eta Komunikaziorako Teknologietan (IKT), materialgintzan eta kudeaketaren hobekuntzan. Dena den, euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroren batek ikusten badu, behin-behineko egoera medio, hobetzeko jardueretako agiriekin ez duela portzentaje hori zuritzerik izango, memoria arrazoitua helaraziko dio HABEko zuzendariari 2021eko urriaren 15eko epe-mugarekin.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera diruz lagungarria izan eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta dagoen beste edozein gastu.

– 12. atalaren 1.1 paragrafoa honela idatzita gelditu da:

1.1.– Emandako talde- eta ikasle-orduak eta barnetegi-egunak esleitutakoak baino gutxiago izan badira, emandakoak hartuko dira aintzat (bere ekimenezko jarduerari dagokionez, deialdi honen 6.1, 6.2 eta 6.3 oinarrietan finkatu irizpideak aplikatuta). Hala ere, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko adierazitako alarma-egoera edota prebentzio-neurrien ondorioz, emandako orduak, autoikaskuntzako matrikulak edota barnetegi-egunak murriztearen arrazoia ikastaroak etetea izan bada, edo dirulaguntza aitortzeko kontuan hartutako proiekzio akademikoan alarma-egoera deklaratu ondoren hasteko aurreikusita zeuden ikastaroak hasi ez direlako murriztu badira, ikastaro horiei dagokien dirulaguntza ez da murriztuko dirulaguntza hori justifikatzen duen gastua modu egokian egiaztatzen bada deialdiaren 11.1 oinarrian zehaztutakoaren arabera.

Hirugarrena.– «HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskuratzeko prozedurak ezartzen dituen 2016ko azaroaren 23ko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak emandako Agindua» idatzita agertzen den guztietan honako hau irakurriko da: «Agindua, 2020ko irailaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztagintza arautzen dituena, eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena».

Laugarrena.– Interesdunei jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Donostia, 2020ko azaroaren 24a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala