Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2020ko azaroaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5110

270/2020 DEKRETUA, azaroaren 24koa, Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko kide batzuk kargutik kentzen dituena eta beste batzuen izendapenak eta berritzeak ezartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 14. artikuluaren bidez, Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua sortu zen. Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 68.1 artikuluak ezartzen du kontseilu hori dela unibertsitate-sistema publikoaren helburuak zehazteko zeregina duen koordinazio, aholkularitza eta parte-hartzerako erakundea. Bestalde, 68.2 artikuluak xedatzen duenez, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen saileko sailburua edo hark izendatutako ordezkaria izango da erakunde horren buru. 68.2.a) artikuluari jarraikiz, kontseilua, besteak beste, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailaren ordezkari arituko diren sei kidez osatuta egongo da, zeinak sailburuak izendatuko baititu.

Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua arautzen duen azaroaren 17ko 314/1998 Dekretuak 7.2 artikuluan ezartzen duenaren arabera, «bai Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak aukeratu eta Eusko Jaurlaritzak Dekretu bidez izendatutako kideak, bai Unibertsitateko errektoreak izendatutakoak, bai Gizarte Kontseiluko lehendakariak gizartearen interesen ordezkaritzat izendatutakoak, lau urtez arituko dira eginkizun horietan izendatzen dituztenetik aurrera [...]».

Ekainaren 23ko 113/2015 Dekretuaren bidez (uztailaren 1eko EHAA) eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak aukeratuta, Amaia Esquisabel Alegria andrea Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko kide izendatu zen.

Uztailaren 27ko 156/2015 Dekretuaren bidez (uztailaren 31ko EHAA) eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak aukeratuta, Adolfo Morais Ezquerro jauna Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko kide izendatu zen.

Horrenbestez, XII. legegintzaldian Hezkuntza Sailaren zuzendaritza-taldean egon diren aldaketen ondorioz, Hezkuntzako sailburuak Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilurako aukeratutako kide batzuk kargutik kendu eta beste batzuk izendatu behar dira. Halaber, lehen aipatutako kideen izendapenak berritu behar dira.

Horiek horrela, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko azaroaren 24ko bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko kide hauek kargutik kentzea:

– Olatz Garamendi Landa andrea.

– Miren Maite Alonso Arana andrea.

2. artikulua.– Honako hauek Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko kide izendatzea:

– Patxi Xabier Aizpurua Telleria jauna, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea.

– María Begoña Pedrosa Lobato andrea, Hezkuntzako sailburuordea.

3. artikulua.– Hezkuntzako sailburuak Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilurako aukeratutako kide hauen izendapenak beste lau urterako berritzea, zeren eta igaro baita Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua arautzen duen azaroaren 17ko 314/1998 Dekretuaren 7.2 artikuluan aipatzen den lau urteko epea:

– Adolfo Morais Ezquerro jauna, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea.

– Amaia Esquisabel Alegria andrea, Ikerketaren zuzendaria.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERÍA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala