Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2020ko azaroaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5102

9/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, azaroaren 10ekoa, Gipuzkoako toki entitateei aplikatzekoak diren ezohiko eta presazko finantza neurriei buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bitartez onartuak, 48. artikuluan, besteak beste, honako printzipio hauek ezartzen ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen zerga eta finantza autonomiaren printzipioa, beren eskumenak garatzeko eta exekutatzeko; eta Estatuarekiko koordinazio eta lankidetza printzipioak, aurrekontu egonkortasunaren arloan. artikulu horrek ezartzen du, baita ere, Estatuak toki erakundeen arloan unean-unean gauzatzen dituen finantza tutoretzako ahalmenak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskudunei dagozkiela. Halaber, 62.b) artikuluan, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoari honako eginkizun hau esleitzen zaio: «Aurrekontu egonkortasunaren arloko lankidetza eta koordinazio konpromisoak adostea».

Bestalde, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzkoak, azken xedapenetako hirugarrenaren bitartez, bigarren apartatuan, ezartzen du, lege horretan xedatutakoa Euskal Autonomia Erkidegoari aplikatzerakoan, haren foru araubidea kontuan hartuta, Ekonomia Itunaren Legean ezarritakoari kalterik egin gabe jokatu beharko dela.

Era berean, Foru Aldundien Baliabideak Banatzeko eta Ekarpenak Zehazteko Metodologiari buruzko martxoaren 23ko 2/2007 Legeak, bigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan, ezartzen du Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak erabakiko dituela Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoen aurrekontu egonkortasuneko helburuak, Ekonomia Itunaren 62. artikuluan aurreikusitakoa aplikatu eta Euskal Autonomia Erkidegorako hartzen diren konpromisoen esparruan.

Araudi horretan oinarrituta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua onartu zuten, Gipuzkoako toki erakundeen finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena, aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren arloan.

COVID-19ak sortutako pandemiak aurrekaririk gabeko astindu ekonomikoa eragin du, eta agertoki ekonomikoa goitik behera aldatu du. Osasun eta ekonomia krisiaren testuinguru horretan, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera egin da 2020ko irailaren 30ean, eta hor adostu dituzte Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak 2020-2021 epealdirako, defizitaren eta zor publikoaren helburu espezifikoak ezarriz Jaurlaritzarentzat, eta defizitaren helburu bateratuak foru aldundientzat.

Hori oinarri hartuta, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak, 2020ko urriaren 15ean egindako bileran, foru aldundien aurrekontu egonkortasuneko helburuak adostu zituen 2020-2021 epealdirako.

Foru aldundiei defizit helburu horiek esleitzearen arrazoia hau da: arrisku partekatuaren printzipioa dela Ekonomia Itunaren baliabideak banatzeko barne ereduaren ezaugarria. Izan ere, foru aldundiek zerga ahalmen handia dute, eta, beraz, krisi ekonomikoko egoera baten aurrean, berehala jasaten dituzte diru sarreren beherakadak; jaitsiera horiek ezin dira beste administrazio batzuen transferentzia arrunten bidez konpentsatu, eta zorpetzera jo behar izan dezakete.

Era berean, udalek zerga itunduetan duten partaidetzaren ezaugarria arrisku partekatuaren printzipioa da, udalek ere parte hartzen baitute Ekonomia Ituneko baliabideetan izandako irabazietan zein galeretan.

Lehen aipatutako araudiak foru aldundien esku finantza tutoretzaren eskumena utzi izanak ahalmena ematen die tokiko entitateen zorpetze araubidea ezartzeko. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakundeekin batera arriskua konpartituz udalek zerga itunduen banaketan parte hartzeak justifikatzen du aldundiei esleitutako defizit helburu berriak udalekin partekatu ahal izatea.

Gainera, kontuan hartu behar da Espainiako Gobernuak 2020. eta 2021. urteetarako arau fiskalak eteteko aparteko erabakia hartu duela, Europako Batzordeak Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren babes klausula orokorra aktibatu izanarekin bat eginez, administrazio publikoei behar duten malgutasuna emateko COVID-19aren pandemiaren aurkako borrokan. 2020ko eta 2021eko arau fiskalak eteteak egonkortasunaren ibilbidea etetea dakar; beraz, euskal erakundeentzat onartutako defizit eta zor helburuak erreferentziazko tasatzat har daitezke, bi ekitaldietako aurrekontu funtzionamendu arrunta ahalbidetzeko.

Bizi dugun testuinguru honetan, beharrezkoa da gure lurraldeko toki erakundeei zuzendutako neurri batzuk hartzea, bat etorriko direnak aurrekontu egonkortasuneko eta finantza iraunkortasuneko neurri orokorrekin, eta, gainera, errespetatuko dutenak Gipuzkoako foru berezitasuna. Hori guztia zuhurtziaz eta erantzukizunez egin behar da, ez jartzeko arriskuan toki erakunde horien finantza iraunkortasuna etorkizuneko ekitaldietan.

Neurri horiek onartzea presazkoa da honako arrazoi hauengatik: batetik, 2020ko ekitaldiaren aurrerapen maila; eta bestetik, lehen aipatutako akordioetatik ondorioztatutako aparteko egoeraren aurrean toki erakundeek komenigarrienak iruditzen zaizkien neurriak hartzeko duten beharra, bai inbertsio eta zorpetze politikaren arloan, bai 2021eko aurrekonturako jarraibideak ezartzearen arloan.

Hemen proposatzen diren neurriak onartzekotan, ezin da erabili foru arauak onartzeko araugintza prozedura arruntaren bidea, haren epeak oso luzeak direlako. Horregatik, bidezkotzat hartzen da neurriak foru dekretu-arau baten bidez onartzea.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan ezartzen duenaren arabera, behar larri eta apartekoek eraginda, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango ditu, bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen bereziok foru dekretu-arauak izango dira eta ezingo diete eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Horrela hartzen diren xedapenak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu beharko dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren txostena ikusita, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Arau fiskalak etetea 2020an eta 2021ean.

1.– Ezohiko izaeraz, eta 2020rako eta 2021erako bakarrik, etenda uzten dira Gipuzkoako toki erakundeen arau fiskalak. Horrek esan nahi du aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak eraginik gabe uztea, eta gastu araua ez aplikatzea urte horietan.

2.– Aurreko urteetan ezarritako helburuak ez betetzearen ondorioz onartutako plan ekonomiko-finantzarioak gainditutzat jo behar dira.

3.– Arau fiskalak eteteak berekin dakar, halaber, eten egingo dela sarrera handiagoak eta diruzaintzako gerakina zorra murriztera bideratzeko eskakizuna.

Toki erakundeek kreditu aldaketak finantzatzeko erabili ahal izango dituzte beren diruzaintzako gerakinak.

4.– Arau fiskalak eteteak ez die eragingo haiekin zuzenean lotuta ez dauden obligazioei, eta jarraipen eta gainbegiratze neurriei eutsi beharko zaie. Bereziki, zorpetze eragiketak baimentzeko prozedura mantenduko da, foru dekretu-arau honen 3. artikuluan jasotako salbuespenezko neurriekin, baita hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeari dagozkion obligazioak ere, eta horiek betetzen direla egiaztatu beharko da.

Era berean, hurrengo artikuluan araututako defizit helburuak gaindituz gero, toki entitateak behartuta egongo dira plan ekonomiko-finantzario bat egin eta onartzera, plan hori kudeaketa tresna eta epe luzerako planifikazio tresna izan dadin, baina haren betetze mailagatik neurri gehigarriak hartzeko obligaziorik izan gabe.

2. artikulua.– Aurrekontu egonkortasuneko helburuak 2020 eta 2021erako.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei lagako die berari esleitutako defizit helburuaren % 40. Ondorioz, udalentzako defizit globaleko helburu hauek ezartzen dira:

(Ikus .PDF)

2.– Udalen banakako defiziteko helburua zehaztuko da lehen aipatutako defizit globala Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren kuoten proportzio berean banatuz.

3.– Mankomunitateentzako defizit globaleko helburu hauek ezartzen dira:

(Ikus .PDF)

4.– Mankomunitateentzako banakako defiziteko helburu hauek ezartzen dira:

(Ikus .PDF)

5.– Gipuzkoako toki erakundeen epe luzeko zorpetzea koherentea izango da ekitaldi bakoitzerako onartutako defizit helburuarekin.

Arau fiskalak etenda gelditu ondoren, artikulu honetan ezarritako defizit eta zor helburuak erreferentzia tasatzat hartuko dira.

3. artikulua.– Kreditu eragiketak baimentzeko araubidea.

1.– 2020an, salbuespen gisa, udalen kreditu eragiketak baimendu ahal izango dira, sarreren aurrekontuko 9. kapituluan horretarako aurreikuspenik egon ezta ere. Horrela baimendutako maileguaren zenbatekoak ez du gaindituko Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren hasierako aurreikuspenaren eta konturako ordainketen arteko aldea.

2.– 2021ean, ezohiko izaeraz, kreditu eragiketak baimendu ahal izango zaizkie aurreko ekitaldia aurrezki garbi negatiboarekin likidatu duten udalei. Horretarako, baimen eskaerarekin batera, udal kontu hartzailearen txosten bat aurkeztu beharko dute udalek, non egiaztatuko den aurrezki negatibo hori pandemiaren eraginez sarrerak murriztearen ondorio baino ez dela.

3.– 2020an eta 2021ean, ezohiko izaeraz, udalek kreditu eragiketak hitzartu ahal izango dituzte gastu arruntak finantzatzeko. Eragiketa horien amortizazio epeari, zenbatekoari, eta onartzeko behar den gehiengoari ez zaizkie aplikatuko Gipuzkoako Lurralde Historikoko Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Arauaren 34.2 artikuluan jasotako mugak. Horrela baimendutako maileguaren zenbatekoak ez du gaindituko Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2020ko hasierako aurreikuspenaren eta maileguaren urteko konturako ordainketen arteko aldea.

4. artikulua.– Beste aurrekontu neurri batzuk.

2021eko aurrekontua prestatzeko eta gauzatzeko, ezohiko izaeraz, ez dira aplikatuko Gipuzkoako Lurralde Historikoko Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Arauaren 14.6 artikuluko bigarren paragrafoan eta 29.6 artikuluan ezarritako mugak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA.– Arauak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko azaroaren 10a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala