Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2020ko azaroaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5067

AGINDUA, 2020ko azaroaren 17koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integratzea «Maite Albiz» Emakumeen Dokumentazio Zentroa.

Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen 6. artikuluan ezartzen duenari jarraituz, kulturaren alorreko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio Euskadiko liburutegi-sistemak ematen dituen liburutegi-zerbitzuen plangintza garatzea. Eskumen horrek barnean hartzen ditu Autonomia Erkidegoaren eskumeneko titulartasun publikoko liburutegi guztiak, bai eta titulartasun pribatukoak, foru-aldundienak eta estatuarenak ere, baldin eta borondatez sartzen badira Euskadiko Liburutegi Sistemara edo Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarera.

Aipatutako legearen 13.4 artikuluan ezartzen duenez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen helburu garrantzitsuenak dira herritarrei aukera ematea sareko kultura- eta informazio-erregistroetara sartzeko eta ahalik eta aukera zabalena eskaintzea erabilera publiko orokorreko liburutegi-zerbitzuetako kanpoko informazio eta kultur edukietara sartzeko. Lege horrek, halaber, 13.2.b) artikuluan ezartzen du Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integra daitezkeela erabilera publiko orokorreko liburutegiak, dagozkien hitzarmenen bidez.

Bestalde, jarraibideak eta errutinak ezarri behar dira integrazio horren prozesu teknikoa gauzatzeko, hau da, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integra daitezen «Maite Albiz» Emakumeen Dokumentazio Zentroko liburutegiko katalogoak. Behin hori eginda, Euskadiko Liburutegiei buruzko 19. artikuluan ezarritakoari jarraituz, «13. artikuluko 2. paragrafoko b) apartatuan aipatzen diren liburutegiak Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen saileko buruaren agindu baten bitartez sartuko dira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean, betiere lege honetan eta berau garatzeko arauetan finkatutako eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren. sailburuaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da».

Bada, behin egiaztatuta aipatutako liburutegiek betetzen dituztela Euskadiko Liburutegiei buruzko Legearen 14. artikuluko betekizunak, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartzeko ezarritakoak, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agintzea Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integra dadila «Maite Albiz» Emakumeen Dokumentazio Zentroa, Euskadiko Liburutegiei buruzko Legearen 14. eta 19. artikuluetan ezarritakoa oinarri hartuta.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 17a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala