Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2020ko azaroaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5065

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 18koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita toki-erakundeek 2014-2020 Programa Gazte Enplegurako Operatiboaren esparruan gazteak kontratatzeko 2020rako laguntzen deialdiaren aldaketa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko azaroaren 17ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, onartu du toki-erakundeek 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan gazteak kontratatzeko 2020rako laguntzen deialdia aldatzea, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio argitaratzea.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea toki-erakundeek gazteak kontratatzeko 2020rako laguntzen deialdiaren aldaketa, 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2020ko azaroaren 17ko bileran hartutako Erabakiaren bidez onartu zen deialdi hori, eta ebazpen honen eranskin gisa jaso da.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdiaren aldaketa onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Adieraztea ezen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdiaren aldaketa onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 18a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
TOKI-ERAKUNDEEK GAZTEAK KONTRATATZEKO 2020RAKO LAGUNTZEN DEIALDIA ALDATZEA, 2014-2020 GAZTE ENPLEGURAKO PROGRAMA OPERATIBOAREN ESPARRUAN

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2020ko apirilaren 30eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, toki-erakundeek gazteak kontratatzeko dirulaguntzen 2020ko ekitaldirako deialdia onartu zen, 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan. Deialdi hori 2020ko ekainaren 30eko EHAAn argitaratu zen, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiaren 2020ko ekainaren 24ko Ebazpenaren bidez.

Deialdi horretan araututako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei ematen zaizkie Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazte Bermea Sisteman izena emanda dauden gazte langabeak kontratatzeagatik, haien enplegagarritasuna bultzatzeko neurri gisa, lanbide-esperientzia eskuratuz.

COVID-19aren pandemiak eragindako egoerak antolaketa-disfuntzioak eragin ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta horiek atzerapen handia eragin dute aipatutako deialdiaren ebazpenean.

Deialdiaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundutako lan-kontratuak 2020ko azaroaren 28a baino lehen hasi beharko dira. Hala ere, kontratazio horiek egiteko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aurretiaz kudeatu behar ditu enplegu-eskaintzak, ebazpena eman ondoren, 8. artikuluan arautzen den bezala.

Prozesu hori kontuan hartuta, ebazpena emateko atzerapenak egoera zailean jarri ditu erakunde onuradunak, eta oso zaila edo ezinezkoa da lan-kontratuak egiteko ezarritako epea betetzea.

Hori dela eta, aldatu egin behar da toki-erakundeek gazteak kontratatzeko 2020ko ekitaldirako laguntzen deialdia, 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan, lan-kontratuak hasteko epea luzatuz eta, horrela, beharrezko kudeaketak egin ahal izateko, kontratuak formalizatu aurretik.

Horrela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2020ko azaroaren 17ko bilkuran, onartu du aldatzea toki-erakundeek gazteak kontratatzeko 2020ko ekitaldirako laguntzen deialdia, 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan, honela:

Artikulu bakarra.– Deialdi horren 4. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Kontratuak 2020ko abenduaren 19a baino lehen hasi beharko dira».


Azterketa dokumentala