Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2020ko azaroaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4985

EBAZPENA, 2020ko urriaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Asfaltados Olarra SA enpresak Sondikan (Bizkaia) duen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioari buruz.

AURREKARIAK

2019ko martxoaren 4an, Asfaltados Olarra SA enpresak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako eskaera osatu zen, Sondikan (Bizkaia) dituen instalazioetan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazio bat ezartzeari buruzkoa. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.a) artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2020ko uztailaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen arloko oharrak egin zitzaten.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldean dago jasota. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Asfaltados Olarra SAk Sondikan (Bizkaia) eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko sustatutako instalazioaren proiektuari. Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, proiektua zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Asfaltados Olarra SA enpresak Sondikan (Bizkaia) sustatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalaziorako, zehaztapen hauen arabera:

A) Asfaltados Olarra SA merkataritza-enpresak Sondikako Sangroniz industrialdeko 26. zenbakian dituen instalazioetan gauzatuko duen jardueraren xedea hondakin ez-arriskutsuen balorizazioa izango da, zehazki errepideak asfaltatzeko lanetako fresaketaren hondakinena (agregakin birziklatuak), gero enpresa horrek egiten duen asfaltoa ekoizteko prozesuan aprobetxatzeko.

B) Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioa ezartzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Asfaltados Olarra SAren jarduera nagusia asfalto-ekoizpena da, errepideen bide-zoruetan eta beste sektore batzuetan erabiltzeko. Prozesua osatzeko, errepideetako asfaltoaren fresaketaren hondakinak berrerabili nahi dira. Hondakin ez-arriskutsua da, eta asmoa da enpresak dituen instalazioetan tratatzea eta proportzio jakin batean gehitzea ekoizpen-prozesuari.

Ebaluazioaren xede den jarduera hondakin ez-arriskutsuen kudeaketa da, zehazki errepideak asfaltatzeko lanetako fresaketan sortutako hondakin ez-arriskutsuak (17 03 02 EHZ kodea: errepideen fresaketaren aglomeratua - 17 03 01 kodean zehaztutako nahasketa bituminosoez bestelakoak), betiere Asfaltados Olarra SAren ekoizpen-prozesuan erabiltzeko, zehazki, beste nahasketa bituminoso batzuk beroan ekoizteko lehengai gisa.

Jarduera berria Asfaltados Olarra SAren ekoizpen-instalazioetan egingo da, Sondikako Sangroniz industrialdeko 26. zenbakian. Hondakinak balorizatzeko jarduerarako instalazioetan egun dauden azpiegiturak erabiliko dira, zehazki orube zolatu bat, aire zabalean kokatua, zementuarekin tratatutako nahasketen instalazioetatik hurbil dagoena. Bertan gordeko dira hondakinak (agregakin birziklatuak), asfaltoaren ekoizpen-prozesuan erabili arte. Ez da eraikitze-faserik aurreikusten.

Agregakin birziklatuak Asfaltados Olarra SAk nahasketa bituminosoak beroan ekoizteko gauzatzen duen prozesuaren parte izango dira. Oro har, honela laburbil daiteke prozesua:

– Materialak (agregakin birziklatuak) jasotzea eta aire zabalean gordetzea, gainazal zolatu baten gainean.

– Agregakinak toberetan dosifikatzea pala kargatzailearekin.

– Lehortzeko zilindroa: uhal batek hondakin geldoak lehortzeko zilindroan sartzen ditu (13.700 kW-ko potentzia termikoa duen erregailua); lehortzeko zilindroaren energia-iturria gas naturala da.

– Birziklatzeko eraztuna: agregakin berotuak (lehortzeko zilindrokoak) eta agregakin birziklatua (hotza) nahasten dira, eta bero-transferentzia gertatzen da, bi agregakinen arteko kontaktuaren bidez).

– Nahasteko dorrea: agregakinak nahasgailura pasatzen dira eta bertan betuna dosifikatzen da. Betuna gas naturalez elikatutako olio termikoko galdara baten bidez berotzen da.

– Materiala deskargatzea: nahasketa egin ondoren, kamioian deskargatzen da eta baimendutako olana batekin estaltzen, obrara eramateko.

Lehen esan den moduan, agregakin birziklatuak aire zabalean gordeko dira, gainazal zolatu batean. Gainazal horretan eroritako euri-urak jasotzeko areka bat ipiniko da; solido-dekantagailu batetik eta hidrokarburo-bereizgailu batetik pasatu ondoren, bildutako urak Asua ibaira isuriko dira.

Asfaltados Olarra SAk nahasketa bituminosoak beroan ekoizteko instalazioaren ekoizpen-gaitasuna eguneko 1.600 tonakoa da (180 t/h). Nahasketa bituminosoak beroan ekoizteko instalazio horretan erabiliko diren hondakinen kopuruari dagokionez, gehieneko eta batez beste kopuru hauek kudea daitezkeela kalkulatu da:

– Gehieneko kudeaketa-gaitasuna: 50.000 t urtean.

– Batez besteko kudeaketa-gaitasuna: 25.000 t urtean.

Ur-kontsumoa: bildutako materialak biltegiratzeko eta instalazio barruan garraiatzeko eremuak garbitu eta hezetzeko lanetan erabiltzen den ura da jarduera berriaren ondorioz aurreikusten den ur-kontsumo bakarra.

Isurketak: biltegiratzeko eremuko euri-urak dira aurreikusitako isurketa bakarra; baliteke solido esekiak eta hidrokarburoak herrestan eramatea. Eremu hori gainazal zolatu batean dago, eta ez du areka perimetralik.

Emisioak: Asfaltados Olarra SAk, gaur egun, atmosferara emisioak botatzen dituzten bi foku sistematiko ditu, ekoizpen-prozesuaren ondoriozkoak. Gainera, emisio lausoen hirugarren foku bat ere badagoela adierazi dute, bi jardueraren ondoriozkoa: alde batetik, zementuarekin tratatutako nahasketen instalazioa eta, bestetik, agregakinak biltegiratu eta manipulatzeko jarduerak. Agregakin birziklatuak balorizatzeko jarduera berriaren ondorioz, baliteke partikula solidoen emisio lausoak handitzea (partikulak guztira, PM10 eta PM2,5), agregakin birziklatuak jaso, biltegiratu eta dosifikatzeko jardueren ondorioz.

Atmosferara egindako emisioei dagokienez, 2019ko martxoaren 26an ebazpen bat eman zuen Ingurumen Administrazioaren zuzendariak, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako Asfaltados Olarra SAren baimena aldatzeko, beroan eta/edo hotzean nahasketa bituminosoak eta zementuarekin tratatutako nahasketak ekoizteko Sondikan (Bizkaian) duen instalazioan.

Hondakinak: jarduera berriak ez du eragingo asfaltoa ekoizteko prozesuan erabiltzen diren agregakin birziklatuez bestelako hondakinak sortzea eta/edo kudeatzea.

2.– Proiektuaren kokapena.

Jarduera berria Asfaltados Olarra SAren ekoizpen-instalazioetan egingo da, Sondikako Sangroniz industrialdeko 26. zenbakian. Agregakin birziklatuak gordetzeko eremua gainazal zolatu bat da, aire zabalean dago, eta ez dago iragazgaiztuta baina, sustatzaileak emandako informazioaren arabera, ez du hausturarik eta egoera onean dago. Kokapena Asua ibaitik gertu dago (100 m-ra baino gutxiagora), bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planak Bizkaian espezie horren habitata hobetzeko hobekuntza-eremu gisa izendatutako eremu batean.

Hori kenduta, jarduera gauzatuko den lurzatia eremu guztiz antropizatuan dago, eta ez du natura-intereseko elementurik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, agregakin birziklatuak gordetzeko erabiliko den eremua Asua ibaitik gertu dagoen gainazal bat da (Euskadi Barneko Arroen eremua). Uholde-arriskuko polizia-eremuan dago kokatua, 500 urteko errepikapen denborako uholde-arriskua du eta uholdeak izateko arrisku potentzialeko «ES17-BIZ-IBA-05– Sondika-Erandio» eremuari lotuta dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko 2015-2021 aldiko Planaren arabera.

Bestalde, Asfaltados Olarra SAren lurzatia inbentarioan ageri da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak egin diren edo egiten diren kokaleku gisa, 48904-00020 kodearekin.

Litologiaren emaitzei eta substratuaren iragazkortasunari erreparatuta, nabarmendu behar da proiektuaren lurzatiak urrakortasun txikia duela akuiferoak kutsatzeari dagokionez.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak:

Abian jarri nahi den jardueraren nolakotasunari eta ezaugarriei erreparatuta, agregakin birziklatuak kudeatzearen ondoriozko inpaktuak honako hauek izango dira: biltegiratze-eremuetan sortutako euri-ur «zikinak» (solido esekiak izan ditzaketen edo hidrokarburoz kutsatuta egon daitezkeen urak) isurtzearekin lotutakoak, lurzorua eta gainazaleko urak kutsatzeko arriskua handitu dezaketenak (aipagarria da Asua ibaiaren gertutasuna); atmosferara egindako emisioen hazkundea, hala agregakin birziklatuak aire zabalean biltegiratzearen eta manipulatzearen ondoriozkoak nola makineriaren joan-etorriek ekarritakoak, zeinek airearen kalitatea murriztuko duten, partikulen emisio lausoak direla eta (inpaktu ez oso garrantzitsua, printzipioz, kontuan hartuta biltegiratu eta kudeatuko diren materialak ez direla hautsak); makineriaren motorretako errekuntzaren ondorioz sortutako beste konposatu batzuk eta zarata handitzearen ondoriozko eragozpenak. Ez da aurreikusten hondakin gehiago sortzerik, jarduera berriaren ondorioz. Aipatu beharrekoa da, halaber, uholdeak gertatzen badira urak biltegiratutako materialak herrestan eramatean gerta daitekeen kutsadura-arriskua.

Afekzio hauek Asfaltados Olarra SAren jarduerak gaur egun sortzen dituenen antzekoak dira.

Edonola ere, aipatu behar da hondakinak balorizatzeko jarduerak badakartzala zenbait alderdi positibo, hala nola materialak berrerabiltzea eta, ondorioz, lehengai naturalen erabilera murriztea, ez bakarrik asfalto-ekoizpenean erabilitako materialei dagokienez, baita birziklatu nahi diren agregakinak deuseztatzeko eremu txikiagoa beharko delako ere.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Asfaltados Olarra SA enpresak eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko Sondikan sustatu duen proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:

1.– Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, ezin baimendu daitezke material-bilketak 500 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuetan. Ondorioz, materialak biltzeko eremua ezingo da egon uholde-eremu horretan.

2.– 500 urteko errepikatze-denborako uholdeak saihesteko neurriak planteatuz gero, 100 urteko errepikatze-denborako uholde-eremutik kanpo egon beharko dira. Neurri horiekin batera azterlan hidrauliko bat aurkeztu beharko da, eta bertan justifikatu eremuan aurretik zegoen uholde-arriskua ez dela larriagotuko. Azterlan hori egiteko kontuan izango dira Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 14. eranskinean jasotako irizpideak eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren 2. eranskina. Azterlan hori formalki helarazi beharko zaio Uraren Euskal Agentziari, baliozkotu dezan eta oniritzia eman diezaion.

3.– Agregakin birziklatuen kudeaketarekin lotuta egiten diren jarduera guztiak egitean beharrezko diren segurtasun-baldintzak beteko dira lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

4.– Agregakin birziklatuak horretarako prestatutako kokalekuan bakarrik biltegiratuko dira, eta bertako hormigoizko zoladura baldintza ezin hobeetan egongo da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua dakarten eremurik gabe.

5.– Areka perimetral bat ipiniko da instalaziotik datozen euri-ur «zikinak» biltzeko. Bildutako ur horiek arazteko gailuak instalatuko dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko kalkulu hidraulikoen arabera eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen arabera.

Arazketa-sistema mantentzeko lanak egingo dira, ondo funtzionatuko duela bermatzeko behar den maiztasunarekin. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari bidaltzea.

6.– Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (horren bidez garatzen da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) xedatutakoa bete beharko da.

Atmosferara eginiko emisio lausoak murrizteko neurriak.

Agregakin birziklatuak kudeatzeko jarduerak ez du aldaketarik ekarriko emisioen nolakotasun eta ezaugarrietan, gaur egun Asfaltados Olarra SAk Sondikako instalazioetan gauzatzen duen jardueraren ondoriozko emisioekin alderatuta, ez eta emisio horien hazkunde nabarmenik ere. Ondorioz, egokia da jarduera berriari 2016ko abenduaren 22an Ingurumen Administrazioaren zuzendariak emandako ebazpenean ezarritako baldintzak aplikatzea (horren bidez, baimena eman zitzaion Asfaltados Olarra SAri atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiteko, beroan eta/edo hotzean nahasketa bituminosoak eta zementuarekin tratatutako nahasketak ekoizteko Sondikan –Bizkaia– duen instalazioan).

Aplikatzekoak izango dira, bereziki, ebazpen horretan hauts-emisioak saihestu eta agregakinak aire zabalean biltegiratzeko ezarritako baldintza orokorrak.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

1.– Jardunbide egoki operatiboak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki material birziklatuak biltegiratzean, zamalanetan eta garraioan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, eta zaratak eta bibrazioak jatorrian murriztean. Betiere, foku igorle berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012) 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

2.– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak (azaroaren 17ko 37/2003 Zaratari buruzko Legea garatzen duena) 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena) eta arau osagarriek ezarritakora.

3.– Sustatzaileak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera, zorrotz errespetatu beharko dira enpresaren jarduteko lizentzian ezarritako funtzionamendu-aldiak.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

1.– Ebazpen honen xede den Asfaltos Olarra SAren jarduera berrian hondakin mota bakarra onartuko da: errepideak asfaltatzeko lanetako fresaketan sortutako hondakin ez-arriskutsuak (17 03 02 EHZ kodea: errepideen fresaketaren aglomeratua - 17 03 01 kodean zehaztutako nahasketa bituminosoez bestelakoak).

2.– Edonola eta, oro har, baldin eta balorizazio-jardueraren ondorioz hondakinak sortzen badira, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta aplikatu behar diren gainerako araudietan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira. Karakterizatu egin beharko dira, horien nolakotasuna zehaztu eta helmugarik onena erabakitzeko. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik.

3.– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

Jarduera uztea.

1.– Instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

2.– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hortaz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Sondikan (Bizkaia) eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioaren proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 27a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala