Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2020ko azaroaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4895

AGINDUA, 2020ko urriaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez 2020-2021eko ikasturterako laguntzen deialdia egiten baita titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskoletarako.

Abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren bidez (abenduaren 31ko EHAA, 249. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu ziren, 2002-2003ko eta 2003-2004ko ikasturteetarako. Dekretu horretan, ziklo horretako xedeak eta helburuak zehaztu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolek aldi iragankor horretan bete beharreko kalitate-baldintzak ezarri ziren.

297/2002 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian, hezkuntza-eskaintza planifikatzeko lehentasun-irizpideak ezarri ziren: hiru urtetik beherakoentzako oraingo eskaintza sendotzea; lehentasuna ematea maila sozioekonomiko apalagoa duten aldeei; titulartasun publikoko lehen zikloko haur-eskolak sustatzea; eskaintza sendotu, eta lehen zikloko haur-eskolen kopurua areagotzea halako eskaintzarik ez duten aldeetan.

Azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuak, ildo beretik, luzatu egin zuen 297/2002 Dekretuaren zenbait artikuluren indarraldia, bai eta, besteak beste, hirugarren xedapen gehigarriarena ere, zeinak titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolentzako dirulaguntza-deialdiak arautu baitzituen.

Hirugarren xedapen gehigarri horrek ezartzen duenez, Hezkuntza Sailak laguntza ekonomikoen deialdi bat egingo du ikasturte bakoitzean, zero urtetik hiru urtera bitarteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolei zuzendua, egungo eskaintza sendotu eta, beharrezkotzat jotzen denean, handitzeko.

Era berean, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 3/2008 Legearen 19. artikuluan ezartzen denez, Eusko Jaurlaritzak neurriak jarriko ditu 0-3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolak sendotzeko.

Aipatutako xedapenak betetzeko, agindu honen xedea da beharrezkoa den baimena duten titulartasun pribatuko haur-eskolentzako dirulaguntzen deialdia egitea 2020-2021eko ikasturterako. Beraz, laguntzen helburua da Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola horiei eusteko gastuak arintzea, familiek egin beharreko ordainketak gutxitzeko asmoz.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak VI. tituluan xedatu duenarekin bat etorriz jardun da (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen, eta VI. tituluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuko dirulaguntzak arautzen dira), eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenei jarraikiz ere bai.

Horregatik guztiagatik, eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa oinarritzat hartuta –zeinak arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea–, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura ekonomikoa.

Deialdi honen xedea da EAEko titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolei 2020-2021eko ikasturterako dirulaguntzak ematea. Deialdi honetan, 26.595.745 euroko dirulaguntza emango zaie, gehienez.

2. artikulua.– Helburua.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak emango dira titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolei eusten laguntzeko, familien kuotak gutxitu eta homogeneizatzeko, familia eta lana uztartzeko zerbitzu bat eskaintzeko eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko. Izan ere, dagoen eskaintza sendotu nahi da, eta, beharrezkotzat joz gero, zabaldu, bat etorriz abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen plangintza-irizpideekin.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan, EAEko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola pribatuek hartu ahal izango dute parte, baldin eta 2020-2021eko ikasturtean etapa hori emateko baimena badute.

2.– Laguntza ematea eta, hala bada, ordaintzea baldintzatuta dago; hain zuzen ere, laguntzarik eman edo ordaintzeko, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzak edo dirulaguntzak direla-eta hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

3.– Erakundeak ezin izango dira bildu deialdi honetan araututako laguntzetara, baldin eta dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea eragin dien zehapen administratibo edo penalik badute edo horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik badute, sexu-diskriminazioaren ondoriozkoak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

4.– Ezin izango dira onuradun izan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak. Eskatzaileak dirulaguntzak jasotzeko debekurik ez duela egiaztatuko da 13. artikuluaren 4., 5., 6. eta 7. apartatuetan agertzen den moduan, eta aplikagarria izango da Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikulua.

4. artikulua.– Diruz lagundu beharreko plaza kopurua zehaztea.

Ikastetxe bakoitza arduratuko da 2018, 2019 eta 2020an jaiotako haur guztien matrikula-datu banakatuak eta adinaren arabera haur horiek baimendutako ikasgeletan duten banaketa EAEko unibertsitatez kanpoko ikasleen erregistro-aplikazioan sartzeaz. Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzak 2020ko abenduaren 17an aterako ditu datuak aplikaziotik, eta kontuan hartuko ditu zentro bakoitzak jasoko dituen zenbatekoak kalkulatzeko. Laguntzak kudeatzeko erabiltzen diren ikasleen datu pertsonalak hauek dira:

– Izena eta bi abizen

– Jaioteguna

Dirulaguntza kalkulatzeko orduan kontuan hartuko diren plaza beteak edo okupatuak zehazteari dagokionez, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

Hiru tarteetan, betetako plaza guztiak diruz lagunduko dira, betiere 2020-2021eko ikasturterako baimendutako ikasgeletarako finkatu den mugaz.

Nolanahi ere, 2020ko azaroaren 15ean matrikulatuta dauden ikasleak zenbatuko dira dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko. Ondorio horietarako, ez dira matrikulatutzat joko 2020ko azaroaren 15az geroztik jaiotako haurrak.

2020ko maiatzaren 15a baino lehenago jaiotako umeek ikasturte osoko dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango dute, hau da, 2020ko irailetik 2021eko uztailera.

Matrikulatuta dauden gainerako haurrek irizpide hauen arabera izango dute laguntza jasotzeko eskubidea:

Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean jaiotakoek, 2020ko urritik 2021eko uztailera.

Ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2020ko azarotik 2021eko uztailera.

Uztailaren 16tik abuztuaren 15era bitartean jaiotakoek, 2020ko abendutik 2021eko uztailera.

Abuztuaren 16tik irailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2021eko urtarriletik uztailera.

Irailaren 16tik urriaren 15era bitartean jaiotakoek, 2021eko otsailetik uztailera.

Urriaren 16tik azaroaren 15era bitartean jaiotakoek, 2021eko martxotik uztailera.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren kalkulua.

1.– Hiru adin-tarteetan, betetzen den plaza bakoitzeko, urteko moduluaren % 60 finantzatuko da:

(Ikus .PDF)

2.– Dirulaguntza ikastetxe bakoitzak bere egutegian ezartzen duen jarduera-hilabete kopuruaren proportzionala izango da, eta ezingo da 10 hilabetetik beherakoa izan. Hamar baino gehiago badira, dirulaguntza osoa jasotzeko eskubidea izango du.

3.– Lehenengo artikuluan ezarritako zenbatekoa nahikoa ez bada egin diren eskaera guztiei erantzuteko eta handitzerik ez badago, ateratzen den zenbatekoa hainbanatu egingo da, guztizko zenbateko hori ezarri den mugari egokitzeko.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko. Ez da paperezko dokumentaziorik onartuko.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097010

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7. artikulua.– Betebeharrak, baldintzak eta akreditazioa.

1.– Organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki, eta behar bestetan, laguntzak eskatu dituen pertsonak edo erakundeak Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz.

2.– Eskabideetan jasota egongo da laguntza eskatzen duen pertsonak edo erakundeak beren-beregi onartu ahal izango duela organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea. Hori gorabehera, Administrazio publikoak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko eskumenak izango ditu.

3.– Ez da berriro aurkeztu behar lehenagoko deialdietan Administrazioari aurkeztutako dokumentaziorik.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua betetzeko, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrik ez izatea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera.

– Pertsona edo erakunde eskatzailea ez egotea ez administratiboki ez penalki zigortuta dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko, edo ez egotea laguntzak jasotzea eragozten dien inolako lege-debekuren pean.

– Pertsona edo erakunde eskatzailea ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeretan.

– Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

5.– Erregistratuta egon ezean, edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, jo helbide horretara: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

8. artikulua.– Eskaerak eta aurkeztu behar diren agiriak.

1.– Bide elektronikoz aurkeztu beharko dira eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097010

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

3.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskaerarekin batera, agiri hauek ere aurkeztu behar dira, nahitaez (agindu honen eranskinak https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097010 webgunean daude eskuragarri):

a) Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola-egutegia eta -ordutegia (I. eranskina). 2020-2021eko ikasturteko irakastegunak adieraziko dira bertan.

b) 2020-2021eko ikasturterako eskatutako edo jasotako bestelako laguntzen zerrenda (II. eranskina).

c) 5.6 artikuluan aipatutako Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan alta emanda ez badago, notario-ahalordea edo bestelako egiaztagiri bat, eskatzaileari baimena ematen diona ikastetxearen izenean jarduteko. Dokumentu hori ez da aurkeztu beharko, aurreko deialdietan aurkeztu bada.

d) 2020-2021eko ikasturteko aurrekontua (III. eranskina).

e) Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolako hezitzaileen zerrenda, lan-egoera, titulazio akademikoak eta euskara-titulazioa adierazita (IV. eranskina). 2020-2021eko ikasturterako kontratatutako pertsonen tituluen eta lan-kontratuen fotokopiak aurkeztu beharko dira, baldin eta aurreko ikasturteko hezkuntza-langileen zerrendan ez badaude.

f) 2020an jaiotako umeen familia-liburuen kopia.

5.– Datuen babeserako apirilaren 27ko 679/2016 Europako Erregelamenduak eta Espainiako zuzenbidea Europar Batasunak datuen babesaren arloan emandako araudira egokitzeko presako neurriei buruzko uztailaren 27ko 5/2018 Errege Lege Dekretuak ezarritakoaren arabera, deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak (deialdian parte hartzen dutenek baimentzen dute horiek tratatzea eta argitaratzea) «Haur Hezkuntzarako laguntzak» izeneko fitxategian jasoko dira. Horren helburua da laguntzen deialdia kudeatzea eta parte hartzen dutenei deialdiaren berri ematea. Fitxategi horren arduraduna Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritza da. Datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea egikaritzeko, hona jo behar da: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

6.– Hezkuntza-proiektua Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolan gordeko da, eta agindu honen 15. artikuluan ezarritako jarraipen-batzordearen esku egongo da. Hezkuntza-proiektu horrek honako hauek jasoko ditu, besteak beste:

a) Haurren kopurua, urteen arabera; taldekatzeko irizpideak, eta unitate-kopurua, adinaren eta hizkuntza-ereduaren arabera.

b) Unitate bakoitzeko haur-hezitzaileen zerrenda, honako hauek jasota: lan-egoera, titulazioa eta hizkuntza-gaitasuna. Laguntzaileen zerrenda ere jasoko da.

c) Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolaren egutegia eta ordutegia eta eskaintzen dituen zerbitzuak: jantokia, mediku- eta osasun-laguntza, laguntza psikologikoa, guraso-eskola...

d) Jarduerak hezkuntza-eremuan dituen balio, helburu eta lehentasunen definizioa.

9. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa eta dokumentazioa zuzentzea.

1.– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria izango da dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzio-organoa, eta prozedura ebazteko egoki deritzen agiri guztiak eskatu ahal izango ditu.

2.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak zehaztasun eza edo akatsen bat atzematen badu aurkeztutako eskabidean, eskatzaileari jakinarazi eta hamar eguneko epea emango dio, zuzentzeko.

Aipatutako epean eskatzaileak zuzenketarik ez badu egin, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan jasotakoaren arabera eman behar den ebazpenaren ostean.

10. artikulua.– Deialdia ebaztea.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak emango du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena, sei hilabeteko epean. Ebazpen hori banan-banan eta bitarteko elektronikoak erabiliz jakinaraziko zaie interesdunei, eta, denek jakiteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpenak bide elektronikoz jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» erabiliko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Epea amaitu eta interesdunei ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango dute.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

11. artikulua.– Laguntzak jasotzea eta justifikatzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da. Lehenengo zatian, emandako guztizkoaren % 30 ordainduko da, agindu honen 10. artikuluaren arabera Hezkuntzako sailburuordeak ebazpena onartu ostean. Bigarren zatia, gainerako % 70a, 2021eko uztailean ordainduko da.

2.– 2021eko ekaineko lehenengo hamabostaldian, dirulaguntza jaso duten pertsonek edo erakundeek zera bidali beharko dute Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara: haur-eskolak 2020-2021eko ikasturtean izan dituen gastuak eta diru-sarreren justifikazioa. Horretarako, inprimaki-normalizatua beteko dute (V. eranskina), zeina helbide elektroniko honetan baitago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097010

Justifikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren ziurtagiriak; hain zuzen ere, egiaztatuko du diruz lagundutako jarduerarako emandako zenbateko osoari begira dirulaguntzen kopuruak zuzenak direla eta dirulaguntzak eurak ondo erabili direla. Baliteke zuzendaritzak hasieran eskatu ez zituen justifikagiriak eskatzea onuradunari.

4.– Aurkeztutako justifikazioa aztertuta egiaztatzen bada diru-sarrerak benetan egindako gastuak baino handiagoak direla, Hezkuntzako Sailburuordetzak dirulaguntza likidatuko du; horretarako, atzemandako aldea gutxituko da, gainfinantzaketarik gerta ez dadin. Ondorio horietarako, organo horrek likidazio-ebazpena emango du, eta horretarako kontuan hartuko du abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura.

12. artikulua.– Bateragarritasunen araubidea.

Deialdi honen bidez lortutako kopurua bateragarria izango da hezkuntza-arloan eskumenik ez duten administrazio publikoen edo erakunde pribatuen mende dauden organoen bidez lortutako beste edozeinekin, baina dirulaguntza guztien batura ezingo da izan gastuaren % 100 baino handiagoa. Halakorik gertatuz gero, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko beharrezkoak diren neurriak ere hartu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Legearen 18. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan ezarritakoarekin bat etorriz):

1.– Ematen den dirulaguntza onartzea. Ebazpena interesdunei jakinarazi eta hamabost eguneko epean pertsona/erakunde onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartutzat joko da.

2.– Dirulaguntza helburu jakin baterako ematen da, eta horrexetarako erabili behar da.

3.– Dirulaguntzaren hartzaileak, halaber, men egin behar die dirulaguntza eman duen administrazioak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin ditzaketen egiaztapen-ekintzei, eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin ditzakeen kontrol-ekintzei, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan adierazitakoarekin bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, eskumena duen sailaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak benetakoak direla egiaztatzeko.

14. artikulua.– Ez betetzea eta itzultzeko prozedura.

Laguntza emateko ezarri diren baldintzak betetzen ez badira, jasotako kopuruak eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako moduan. Eta batez ere kasu hauetan:

a) Justifikatzeko obligazioa ez betetzea.

b) Laguntza zertarako eman, horretarako ez erabiltzea.

c) Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.

d) Agindu honen 13. artikuluan ezarritako betebeharretariko bat edo batzuk ez betetzea.

15. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak eta xedea behar bezala betetzen direla bermatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira batzordeko kideak:

– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria edo haren ordezkoa, batzordeburu izango dena.

– Hezkuntzako ikuskaria.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat.

– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat, idazkari izango dena.

16. artikulua.– Jarraipen-batzordearen egitekoak.

1.– Jarraipen-batzordeak, berak zehazten duen prozeduraren arabera, bere esku izango du dirulaguntza jasotzen duen erakundeak bere betebeharrak zein neurritan betetzen dituen egiaztatzea.

2.– Horretarako, jarraipen-batzordeak, 11. artikuluan azaldu den bigarren ordainketa egin aurretik, erakunde onuradunek aurkeztutako datuak aztertu ahalko ditu, eta agindu zaizkion funtzioak betetzeko beharrezko iritzitako agiri osagarri guztiak eska ditzake.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak –zeinak arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea– 5.3 artikuluan xedatzen dituen ondorioetarako, agindu honen dirulaguntzak ebaztea Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021. urterako aurrekontu orokorretan kreditu nahikoa egotearen menpe egongo da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedura-gaietan agindu honek arautzen ez duenerako, osagarri gisa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa beteko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen kontra, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari. Horretarako hilabeteko epea izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau betetzeko behar diren jarraibide guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala