Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2020ko azaroaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4871

EBAZPENA, 2020ko irailaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko ZR_VF01 eta AIR_EA01 hirigintza-eremuetako Itxasbegi lurzatiaren xehetasun-azterketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko otsailaren 18an, Mundakako Udalak ingurumen-organoari eskabidea egin zion Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko ZR_VF01 eta AIR_EA01 hirigintza-eremuetako Itxasbegi lurzatiaren xehetasun-azterketari buruzko (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko otsailaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko ZR_VF01 eta AIR_EA01 hirigintza-eremuetako Itxasbegi lurzatiaren xehetasun-azterketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko ZR_VF01 eta AIR_EA01 hirigintza-eremuetako Itxasbegi lurzatiaren xehetasun-azterketari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, baldintza hauen pean:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Xehetasun-azterlanaren esparrua (aurrerantzean, Plana) Itxasbegi izeneko lurzati bati dagokio, Mundakan indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) jasota dagoen bezala; HAPO 2015eko maiatzean onartu zen behin betiko. Planaren xedea HAPOk Itxasbegi eremurako planteatzen dituen zehaztapenak garatzea da, eta zehazki, haren hirigintza-parametroak definitzea (lerrokadurak, profila eta altuerak), azkenik, 4 etxebizitza bloke eraikitzeko, horietako bat ZR_VF01 hirigintza-eremuan eta beste hiru AIR_EA01 hirigintza-eremuan.

Planaren arabera, HAPOk Itxasbegi lurzatia bi hirigintza-eremutan banatzen du:

a) ZR_VF01 hirigintza-eremua: existitzen den eraikin bat –Itxasbegi–, eta harekin lotutako lurzatiaren zati bat barne hartzen ditu. Eremu hori hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatuta dago (bizitegi-jarduketa isolatua). Guztira, 2.301 m2-ko azalera du. Planak planteatutako doikuntzak egin ondoren, azalera hori 2.331,52 m2-koa dela finkatu da. Planak 6 etxebizitzako bloke bat eraikitzea planteatzen du, familia bakarreko etxebizitza atxikiaren tipologiako etxebizitzez osatua, eta egun existitzen den familia bakarreko etxebizitza ordeztuko luke bloke horrek. Eremu horretan ez da aurreikusten sotoko solairurik egikaritzea; izan ere, sarbidearen aldamenean gune zabal bat dago, zeina aparkalekurako gorde baitaiteke.

b) AIR_EA01 (Itxasbegi) hirigintza-eremua, hiri-lurzoru finkatugabea gisa sailkatua (bizitegiko jarduera integratua –BJI– etena); aurreko ZR_VF01 eremuaren aldameneko eremua, 3.703 m2-ko azalerarekin. AIR_ EA01 eremuko 3 etxebizitza blokeek 33 etxebizitza hartuko dituzte guztira. Eremu horretarako, sestra azpiko eraikuntza planteatzen da, eta lurzatiaren azalera osoa okupatzea baimentzen da, trenbideko garraio-sistema orokorraren zortasun-eremuak eragindako zatia izan ezik, zeinak lurzatia mendebaldetik mugatzen baitu (Bilbo-Bermeo linea). Lurzatiak ibilgailuentzako sarbide bakarra izatea proposatzen da; ekialdeko mugan legoke. Planak sarbide horren zabalera doitzea proposatzen du, indarreko plangintzan zehaztutakoarekin alderatuta, eta oinezkoentzako sarbide bat proposatzen du, ibilgailuetarako sarbidearen paraleloa izango litzatekeena.

AIR_EA01 eremuak, gainera, hedadura txikiko beste gainazal batzuk ere biltzen ditu, zeinak Mundakako hirigunean banatuta baitaude (zehazki, hiru eremu txiki dira: bat, Isla kalea izeneko auzo edo inguruan; beste bat, Atalaia izeneko auzo edo inguruan; eta hirugarrena, azkenik, Hirigune Historikoko Birgaitze Integratuko Eremuan). Eremu horretako lurzoru guztiek 6.525 m2-ko azalera dute. Lurzoru horiek leku libreen eta ekipamenduaren zuzkidura-erabileretarako baliatzen dira, HAPOn ezarrita dagoen bezala; Planaren arabera, lur horien antolamendua behar bezala zehaztuta dago indarreko HAPOn; horrenbestez, Planean ez da bestelako zehaztapenik proposatzen.

Espediente honen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko, Planak proposatzen dituen aldaketak, eremu horretarako indarrean dagoen HAPOn ezarritako antolamendu xehatuari dagokionez, honako hauek dira funtsean:

a) ZR_VF01 lurzatian dagoen eraikinaren ordez (bizitegi isolatu bat da eraikin hori, zehazki, familia bakarreko etxebizitza bat) 6 etxebizitzako bloke bat jartzea, familia bakarreko etxebizitza atxikiaren tipologiako etxebizitzez osatua, eta HAPOk lurzati horretarako duen eraikigarritasuna mantentzea.

b) Orientazioa aldatzea AIR_EA01 lurzatiko eraikinetako baten antolamenduan (diseinu desberdina HAPOn aurreikusitakoarekin alderatuta). Zehazki, ipar-ekialdeko mugan lursaila errematatzen duen eraikina da, bigarren gorputz batekin diseinatzen dena, eraikin horren lehen gorputzarekiko perpendikularrean, eta 8 metro inguruko hondo gehigarria duena.

c) Lurzatira sartzeko bidearen zabalera zuzentzea, 45 m-ko luzera duen tarte batean (gutxi gorabehera); horrek esan nahi du lurzoruaren okupazioa 70 m2 inguru handitu dela HAPOren proposamenarekin alderatuta.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak Mundakako HAPOk Itxasbegi ingururako planteatzen dituen zehaztapenak garatzen ditu; zehazki, 4 etxebizitza-eraikin eraikitzeko bete behar diren hirigintza-parametroak definitzen ditu (lerrokadurak, profilak eta altuerak), baina ez da aldatzen lurzoruaren xedea, ez da handitzen lurzatiaren hirigintza-eraikigarritasuna, ezta murrizten ere indarrean dagoen plangintzan ezarritako zuzkidura publikoen azalera. Behin hori onartuta, lehendik dagoen eraikina eraisteko proiektuak, etxebizitza berriak eraikitzeko proiektuak eta eremuko urbanizazio-proiektuak garatu beharko dira, bide-sarbidea barne hartuta. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planaren xede den lurzatia Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lursailetan dago kokatuta. Gune horretan indarrean dagoen Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren (EKZP) arabera (irailaren 27ko 139/2016 Dekretua), Mundakako HAPOk definitutako Itxasbegi lurzatiaren eremua hiri-lurzoruan dago; beraz, EKZPn «Udal Hirigintza Plangintzak Antolatzeko Eremu» kontsideratzen da lurzatia. Hala ere, xehetasun-azterketak planteatzen duen sarbidearen zabalera zuzentzeak Itxasbegi lurzatiari erantsitako lursailak okupatzea dakar berekin (70 m2 inguru), indarreko udal-plangintzan mugatuta dagoen bezala; zuzenketa horrek zertxobait eragiten die Urdabaiko EKZPren «Kostaldeko Babes Eremua (B2)» delakoaren mugan dauden lursailei. Gune horretako lurzoruaren erabilera egun existitzen den bidea inguratzen duen belar-landarediari dagokio. Beraz, ingurumenaren ikuspegitik planak ez die modu nabarmenean eragiten beste plan edo programa batzuei.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: planak lurzatian garatzen duen antolamendu xehatua Mundakan indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritakoarekin bateragarria izateko baldintzarekin garatu da. Gainera, planak barnean hartzen ditu neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaile orokor eta bereziak. Ildo horretan, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, batez ere erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez, eta horrek energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoa eragingo du, baita kanpoko zarataren aurkako isolamendu hobea izatea eta eraikinak inguruko paisaian integratzea ere, horiexek izaki, hain zuzen, ingurumen-helburuetako batzuk.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: planaren ingurumen-ondorio aipagarrienak baliabide naturalen kontsumoarekin eta lurzoru naturalen artifizializazioarekin lotuta daude; kalkuluen arabera, 5.660 m2 inguruko azaleran izango du eragina Planak, zeina gaur egun belar-landarediz (belardiak eta lorategiak) eta zuhaitz-oin batzuez (konifero apaingarriak eta ale autoktonoak) okupatuta baitago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren parte den eta Natura 2000 Sareko guneetatik oso gertu dagoen eremu batean, geroago xehatzen den bezala.

Gainera, aipatu behar da antolamendu-eremuko kalitate akustikoa BI-2235 errepideak baldintzatuko duela, oso gertutik igarotzen baita, lurzatiaren mendebaldera, baita Bilbo-Bermeo trenbide-lineak ere, zeinaren trazadura lurzatiaren mendebaldeko muga baita; beraz, Planaren antolamendu-eremuaren zati batean ez dira lortuko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak aurreikusitako bizitegi-erabilerarako, hala gaur egun nola etorkizunean. Arrazoi horrengatik aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanean aztertutako zuzenketa-neurriez gain osagarriak hartu beharko dira, kalitate akustikoaren helburuak betetzeko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 36. artikuluan ezarritako baldintzetan.

Nolanahi ere, ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Horri dagokionez, Planean proposatutako jarduketek, indarreko HAPOn aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo ondorioak larriagotzea, HAPOn aurreikusitakoaren aldean. Honenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

e) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari –berotegi-efektuko gasak–, airearen kalitateari (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitateari dagokienez.

2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xede den lurzatia Mundakako hirigunearen iparraldean dago, haren ondoan. Eremuetako bat (ZR_VF01) etxebizitza batek eta dagokion lorategi-eremuak okupatzen dute, zuhaitz batzuekin (konifero apaingarriak eta arte- eta haritz-oin batzuk), eta besteak (AIR_EA01 –Itxasbegi–) ez du eraikinik, baina tamaina oneko zuhaitz bat nabarmentzen da. Lurzatiaren mugek zuhaixka-landaredia dute, batez ere.

Ingurumenaren ikuspegitik, honako ezaugarri hauek nabarmendu behar dira:

Itxasbegi lurzatia (azterketa horri buruzkoa da) ez dator bat Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak xedatutakoaren arabera babestu beharreko naturagune babestuekin. Hala ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurralde-eremuaren parte da (Urdaibaiko Biosfera-Gebenaldea Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legean zehaztua, zeina urriaren 31ko 15/1997 Legearen bidez aldatu baitzen).

Gune horretan indarrean dagoen Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren (EKZP) arabera (irailaren 27ko 139/2016 Dekretua), HAPOk definitutako Itxasbegi lurzatiaren eremua hiri-lurzoruan dago; beraz, EKZPn «Udal Hirigintza Plangintzak Antolatzeko Eremu» kontsideratzen da lurzatia. Xehetasun-azterlanean proposatzen den lurzatira sartzeko bidea handitzeak (70 m2 inguru) Urdaibaiko EKZPren Kostaldeko Babes Eremua (B2) mugan dauden lursailei eragiten die pixka bat. Handitu beharreko eremu horretan, lurzoruaren erabilera lehendik dagoen bidea inguratzen duen belar-landarediari dagokio. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zuzendari kontserbatzailearen txostenak, eraginpeko administrazio publikoei egindako kontsultak izapidetzean emandakoak, baztertu egiten du birdoitze horrek Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinaren eremuan eraginik izatea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 5.1.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bestalde, lurzatiaren iparraldeko muga bat dator ES0000144 HBBEren (Urdaibaiko itsasadarra) mugaketa-lerroarekin; lurzatiaren ekialdeko muga, berriz, HBBE horren mugaketa-lerrotik 25 metro eskasera dago. Bestalde, ES2130007 KBE (Urdaibaiko itsasertzak eta padurak) KBEaren lurralde-eremutik hamarnaka metro gutxira dago. Hasiera batean, planaren ondoriozko jarduketek ez dute eragingo bi gune babestu horien parte diren lursailak okupatzea, baina KBE/HBBEen Babes Eremu Periferikoan daude, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren parte den lurralde osoarekin bat datorrena, ekainaren 4ko 358/2013 Dekretuaren 1.4 artikuluaren arabera. Dekretu horren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzen dira Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donianeko eremuan dauden Batasunaren Garrantzizko 4 Leku, eta onartu egiten dira KBE horien eta Urdaibaiko itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak.

Gainera, adierazi behar da Planaren eremua, iparraldean eta ekialdean, itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-lerroaren mugakidea dela edo horretatik oso hurbil dagoela, nahiz eta kanpo egon.

AIR_EA01 eremuan (Itxasbegi), lurzoruaren erabilera belar-landarediari dagokio (sega-belardiak); intereseko habitata da, altuera baxuetako sega-belardi elkorrak (EB-ko 6510 kodea), Euskal Autonomia Erkidegoko Interes Komunitarioko Habitaten Maparen arabera. Lurzatiaren erdian planta oneko zuhaitz bat dago. Lurzatiaren mugek zuhaixka-landaredia dute. ZR_VF01 lurzatiaren barruan, eraikin bat (familia bakarreko etxebizitza) eta zuhaitz heldu batzuk, konifero apaingarriak eta arte eta haritz batzuk daude.

Bestalde, azterlanaren eraginpeko eremua ez dator bat EAEko Igarobide Ekologikoen Sarearen Azterlanean zehaztutako egitura-elementuekin, ezta azaleko ur-ibilguekin edo hezeguneekin ere. Ur-punturik ere ez da aurkitu. Aztergai dugun eremuan kultura-ondareko elementurik ere ez dago, baina bai handik hurbil.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egiten da uholde-arriskua; akuiferoetako kutsadurarekiko zaurgarritasuna ertaintzat jotzen da, bai eta pitzaduragatiko iragazkortasuna ere. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak hartu edo hartzen dituzten lurzoruen inbentarioan dauden lekuetako lurzorua.

Eremua paisaia-unitate baten parte da, eta ezaugarri hauek ditu: landazabal atlantikoko paisaiaren ohiko osagaiak (gehienbat larreak eta laboreak dituen nekazaritza-paisaia ibai-jabarian), hiri-inguruko berezko elementuekin, Mundakako hirigunearen aldamenean daudelako, eta komunikazio-azpiegitura garrantzitsuak ere badituena (BI-2235 errepidea, Bilbo-Bermeo trenbidea). Kostaldeko lerrotik eta itsaslabarretatik hurbil egotea faktore garrantzitsua da paisaiaren ezaugarriak zehazteko. «Mundaka» ikusizko arroan sartzen da. Katalogatutako arroa da, paisaia-balio handikoa, EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren arabera (Eusko Jaurlaritza, 2005). Ildo horretan, Mundakako HAPOren 2.11.4.11 artikuluak ezartzen dituen baldintzetako bat honako hau da: ikus-arro horretan kokatutako proiektuek eranskin bat erantsi behar diote azalpen- eta justifikazio-memoriari. Eranskin horretan, paisaian integratuta daudela deskribatu eta justifikatu behar da, ahalik eta eragin txikiena lortzeko beharrezkoak diren zuzenketak ezartzeaz gain.

Inguruan dagoen zarata-iturri nagusia BI-2235 errepidea da, lurzatiaren mendebaldetik oso gertu igarotzen dena, bai eta Bilbo-Bermeo trenbidea ere, zeinaren trazadura Itxasbegi lurzatiaren mendebaldeko muga baita; lurzatiaren zati bat aipatutako errepidearen zortasun-eremu akustikoaren barruan dago, zeina Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen baitu, baita ETS Euskal Trenbide Sareak kudeatutako trenbidearen zortasun-eremu akustikoaren barruan ere.

Aurkeztu den inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, bai orain, bai etorkizunean, kalitate akustikoaren helburuak gaindituko dira hizpide dugun eremuan, kontuan hartuta etorkizuneko garapenak eta dagokion eremuak zer motatako eremu akustikoa duen (gehienbat bizitegi-erabilerako lurzoruak dituzten lurralde-eremuak), baita neurri zuzentzaileak hartuta ere (125 m luze eta 3 m altu den pantaila akustikoa). Ez-betetze horrek, funtsean, ipar-mendebaldeko fatxadako bi etxebizitzari eragiten die (kalitate akustikoaren helburuak gauez ez betetzea), bai eta hego-mendebaldeko fatxadako beste biri ere.

Plana garatzeak izango dituen ondorioak lehendik existitzen den eraikina eraisteko, eraikinak eraikitzeko eta eremua urbanizatzeko obrak gauzatzearekin lotuta egongo dira, lurzatirako bide-sarbidea barne hartuta. Obra horien bidez, lurzoru-gainazalak artifizial bihurtuko dira, baliabide naturalak galtzeaz, lurrak mugitzeaz eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzeaz gain. Hala, urak kutsatzeko arriskua egongo da lurrak herrestan eramateagatik, eta giza habitataren kalitatea okerragotu egingo da, ibilgailuen eta makineriaren joan-etorriek eragozpenak eragingo dituztelako eta zarata, hauts eta bibrazio handiagoak egongo direlako.

Ondoren, hirigintza-garapena osatu ondoren, uste da ingurumen-baldintza garrantzitsuenak eremuko egoera akustikoari dagozkionak direla. Lurzatiaren mugan eta etxebizitza berrien fatxadan inpaktu akustikoa minimizatzeko, lurzatiaren mugan zehar pantaila akustiko bat jartzea planteatzen da.

Nolanahi ere, ingurumen-inpaktuen balorazioa indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoerarekin alderatuta egin behar da, plangintzak dagoeneko ezartzen baitu lurzatiaren bizitegi-erabilera. Horri dagokionez, xehetasun-azterketan proposatutako jarduketek ez dute handitzen izan litezkeen ondorioen larritasuna; hau da, Mundakako HAPOn eremurako aurreikusitakoarekin bat datoz. Hala, Planak ez du baliabide naturalen kontsumoa eta ingurumen-arriskuak nabarmen handitzen, ezta lurzatiaren eta etxebizitza berrien kalitate akustikoa aldatzen ere, indarrean dagoen HAPOn aurreikusitakoarekin alderatuta.

Ondorioz, Planak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik.

Beraz, ez da aurreikusten ingurumen-ondorio handirik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

3) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko ZR_VF01 eta AIR_EA01 hirigintza-eremuetako Itxasbegi lurzatiaren xehetasun-azterketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, jarduketa hauek nabarmendu ditzakegu:

Natura-ondarea eta paisaia babesteko neurriak

Bizkaiko hainbat baso-espezie autoktonoren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatzearen kaltetan izan gabe, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek aplikatuko dira:

a) Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira planetik eratorritako jarduketak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arabera babes-kategoriaren batean sartutako lursailak hartu gabe. Eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

b) Proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Espezie autoktonoak landatuko dira, ahalik eta lasterren, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

c) Landare-estaldura lehengoratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

d) Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

e) Eraikuntzak «Mundaka» ikus-arroko paisaian –paisaia-balio handikoan– txertatuko direla bermatzeko beharrezko diren neurriak hartuko dira. Horri dagokionez, Mundakako HAPOren 2.11.4.11 artikuluak ezartzen dituen eraikuntzako esku-hartzeari buruzko baldintzak egokitzat jotzen dira gainjarritako baldintza horrek eragiten dien eremuetarako.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

b) Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

c) Hondakin arriskutsuak dituzten ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du 833/1988 Errege Dekretuak); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isur edo lurrundu ez daitezen.

d) Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

e) Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

f) Induskatutako lurzoruen kontrola: Bermeoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

a) Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenari dagokionez, bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, 213/2012 Dekretuaren, urriaren 16koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoaren, 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

b) Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

c) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

d) Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Jardunbide egokien eskuliburua:

Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanek okupatutako mugak kontrolatzea.

– Natura-intereseko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Planaren eraginpeko urbanizazio mugakideko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Urbanizatu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak planteatutakoak –aurrekoen aurkakoak ez direnak– hartzen badira, ez da aurreikusten Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko ZR_VF01 eta AIR_EA01 hirigintza-eremuetako Itxasbegi lurzatiaren xehetasun-azterketak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Mundakako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko ZR_VF01 eta AIR_EA01 hirigintza-eremuetako Itxasbegi lurzatiaren xehetasun-azterketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriz hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 1a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala