Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2020ko azaroaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4800

90/2020 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Shift2Rail (JU) baterako ekimenaren eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arteko Elkar Ulertze Memoranduma argitaratzeko agindua ematen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du memorandum hori, eta, dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Shift2Rail (JU) baterako ekimenaren eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arteko Elkar Ulertze Memoranduma.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 2a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

Jon Iñaki Urbina García de Vicuña.

ERANSKINA, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren AZAROAREN 2ko 90/2020 EBAZPENARENA
SHIFT2RAIL JOINT UNDERTAKING (S2R JU) ETA EUSKO JAURLARITZAREN EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILAREN ARTEKO ELKAR ULERTZE MEMORANDUMA

Donostia, 2020ko urtarrilaren 22a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Carlo Borghini jauna, Shift2Rail JUren zuzendari exekutiboa (Avenue de la Toison d’Or 56-60, B1060, Brusela (Belgika)).

Eta bestetik, María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Lehendakariaren azaroaren 26ko 27/2016 Dekretuari, izendapenerako denari, jarraikiz.

ATARIKOA

Ikerketa eta berrikuntza lehentasunak dira 2014-2020ko eta ondorengo funts europarren programazioan.

Eskualdeko Programa Operatiboen esparruan, egiturazko eta inbertsiorako funtsen (ESIF) zati handi bat erabiltzen da Enpresa Txikien eta Ertainen (ETE) lehiakortasunari, tren-industriari, unibertsitateei eta ikerketa- eta berrikuntza-zentroei laguntzeko ikerketa- eta berrikuntza-jardueretan.

Horizonte 2020 programak ikerketa eta berrikuntza ditu ardatz. Batera finantzatutako proiektuek lehentasunez landu behar dituzte, esate baterako, bikaintasun zientifikoa, industria-lehiakortasuna eta erronka sozialak.

Europako Batzordeak eta estatu kideek Europako Egiturazko eta Inbertsiorako Funtsetarako (ESIF) eta Horizonte 2020 programarako arauak xedatzen dituen Erregelamendua bete behar dute, eta, beraz, behartuta daude koordinazioa bermatzera, sinergiak sortzeko bidea ematera eta osagarritasunak baliatzera. Hori lortzeko, behar-beharrezkoa da estrategiak eta ezartze modalitateak bateratzea, lehendik dauden eta etorkizunean egongo diren ibilbide-orriak bultzatzeko eta osatzeko.

2014-2020 tarterako eta hurrengo urteetarako programazioaren erronka da koherentzia orokorra hobetzea, berrikuntzaren, lehiakortasunaren eta eragile ekonomikoen mesedetan –ETEentzat bereziki, Europan lehiakortasunerako funtsezko faktore baitira, baina ez horientzat bakarrik–. Ildo horretatik, ESIF eta Horizonte 2020 programek aukera ematen dute mekanismo egokiak abiarazteko, «espezializazio adimentsuko arlo» direlakoen eskualdeko estrategietan koherentzia bermatze aldera. Horiek bikaintasuna sustatzen dute, eta inbertsio publikoaren ardatz bihurtzen dituzte ikerketa eta berrikuntza.

Horrek lagungarria izan beharko luke berrikuntza-eragileen artean harmonizazio hobea lortzeko, onuradunak hobeki informatuta egoteko eta agintari publikoak hobeki koordinatzeko.

EAE Espainiako eskualde bakarra da, eta Europa hegoaldeko bakarrenetakoa, Berrikuntza Poloen Zerrendan sartuta dagoena, Europako Batzordeak 220 eskualde europarretan egindako azterketa bati jarraikiz. Izan ere, inbertsio egonkorra egiten da I+G arloan; 2017an, inbertsioa 1.363 milioi eurokoa izan zen –BPGd-ren % 1,85–. Gainera, 18.577 ikertzaile izateak ere (biztanleria aktiboaren % 1,79, EB-28ko % 1,27ren gainetik) lagundu du posizio horretara iristen.

EAEko tren-industriaren sektoreari dagokionez, 7.000 langiletik gora ditu, eta Espainiako tren-industria osoaren % 40 da hori.

Hori horrela

kontuan hartuta S2R JUk paper estrategikoa duela, trenbideen alorreko ikerketarako eta berrikuntzarako elkartze bidezko programa europar publiko-pribatu nagusia den heinean;

kontuan hartuta Kontseiluaren 642/2014 Erregelamenduak (EB), ekainaren 16koak, S2R JU sortzekoa denak, xedatzen duela ekimenak ESIF eta Horizonte 2020 programekin interakzio estuak sortzeko ahalegina egin behar duela, S2R JUren eremuan tokiko, eskualdeko eta nazioko ikerketa- eta berrikuntza-ahalmenak sendotzen eta espezializazio adimentsuaren oinarriak finkatzen laguntzeko;

kontuan hartuta Kontseiluaren 642/2014 Erregelamenduak (EB), ekainaren 16koak, S2R JU sortzekoa denak, xedatzen duela ETEek bere jardueretan parte hartzeko bidea eman behar duela baterako ekimenak;

kontuan hartuta, aurreko aginduei erantzuna emateko, Shift2Rail egitasmo erkideak alde biko harremanak sustatu nahi dituela EAErekin, haren printzipioak eta arauak errespetatuz;

kontuan hartuta tren-industriaren etorkizunerako garrantzia izango duela funts europarrak erabiltzeak trenbideen alorrean ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko, araudi europar aplikagarriek egun behar dituzten egiturazko funtsekin elkarreraginean eta konbinatuta;

kontuan hartuta, duela zenbait urtez geroztik, EAEk bere garapen ekonomikorako politiken ardatz bihurtu dituela berrikuntza eta lehiakortasuna:

– espezializazio adimentsurako eskualdeko berrikuntza-estrategian,

– garapen ekonomikorako eskualde-ereduan,

– Garraioko Programa Operatiboan,

– Inbertsio Programak Planifikatzeko Kontratuan,

– EAEko Unibertsitate Sisteman.

kontuan hartuta EAEk osagarritasuna eta sinergia sustatu eta bultzatu nahi dituela funts europarren eta Horizonte 2020 programaren eta eskualdeko eta Europako eragileen artean;

kontuan hartuta ETEek, eskualdeko tren-industriak, unibertsitateek eta I+G zentroek Shift2Rail Programan eta S2R JU ekimenak Horizonte 2020 programan egindako deialdietan izan duten parte-hartzaile kopurua eta interes-maila, eta kontuan hartuta EAEk paper estrategikoa jokatzen duela tren-sektoreko eta harekin lotutako sektoreetako espezializazio adimentsuaren sustapenean, esate baterako, I G alorrean, oro har, eta lehiakortasunean, ingurumenean, materialetan eta abarretan, alderdiek honako hau

ADOSTU DUTE:

A) Irismena.

Elkar Ulertzeko Memorandum honen xedea da S2R JU ekimenaren eta EAEren arteko lankidetza sustatzea, honako hauek oinarri hartuta:

– Finantzaketa-tresnetan lehentasun komunak eta sinergia posibleak hautematea, honela:

● Elkarri informazioa helaraztea erregulartasunez.

● EAEk «Informazioaren eguna» ekitaldian eta S2R JUk antolatutako antzeko beste ekitaldi batzuetan parte hartzea.

● S2R JUk, edo hark izendatutako ordezkariren batek, EAEk (edo kasuan kasuko agentzia eskuordetuek) tren-alorreko gaietan antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzea, honako hauetan bereziki: garraio-industriako eragileek, tren-industriak, azpiegitura-administratzaileek, erakunde arautzaileek, tren-materialen hornitzaileek, ikerketa-zentroek eta mundu akademikoak programa europarretan parte hartzea sustatzeko diseinatuta dauden informazio-jardunaldietan; eta espezializazio adimentsua trenbide-sektorearekin eta I+Grekin lotuta lantzen diren bileretan / lantaldeetan parte hartzea (honako hauek barne: motorrak, material gurpilduna, tren-azpiegiturak, bidalketa-sistemak, teknologia eta material berriak, tren-sektorera aplikatutako 4.0 industria, tren-garraioaren segurtasuna, fidagarritasuna eta eraginkortasuna, tren autonomoak barne, tren-bibrazioak eta -zaratak, gurpilen eta errailen higadura, segurtasunaren kontrako arriskuei aurre egiteko babesa, bidaiarien eta salgaien tren bidezko garraioa erakargarriago egitea egungo bezeroentzat eta bezero potentzialentzat, informazio-teknologia berrien bidez, modu-aldaketa errepidetik trenbidera eta mugikortasunaren, logistikaren eta modu-trukearen sustapena, ingurumenean eragin txikia izanik, eta abar), EAEk industriarekin bilerak eta lantaldeak antolatzen dituen gaietan, eskualdeko alderdi interesdunek horietan parte hartu nahi baitute, eta EAEk bilerak antolatu nahi baititu, sinergia posibleak hautemateko.

– Programen arteko sinergiak hautematea, honakoen bidez:

● Bata bestearen gainean eraikitzen diren segidako proiektuak / proiektu sekuentzialak.

● Elkarren osagarri diren proiektu paraleloak, nazioko edo Batasuneko funtsak baliatzen dituztenak, dagozkien parte hartzeko arauen mende daudenak, eta EAErentzat eta S2R JUrentzat interesgarriak direnak. Horrek I+G jardueretarako funtsak konbinatzea ekar dezake, bai eta denbora errealean eskala handiko erakustaldiak egitea eta inplementazioa koordinatzea ere.

● Gainera, ESIF programak diseinatu eta ezarri ahal izango lirateke, halaber, Shift2Rail egitasmo erkidearekin adostutako gaikako helburuak eta gaiak eta kalitate handiko proiektu-proposamenak bultzatzeko eta haien gaineko ardura hartzeko, gerta daitekeelako S2R JUren programen alorrean eta S2R JUren deialdietan horientzat behar adina aurrekonturik ez izatea, baina horiek garrantzitsuak izatea bai S2R JUrentzat bai EAErentzat.

● Bestalde, ESIF programak diseinatu eta ezarri ahal izango lirateke, orobat, S2R JUn I+G jarduerekin konbinatuko diren azpiegituren alorrean gaitasunak / trebetasunak / inbertsioak garatzen laguntzeko.

B) Lankidetza-arloak.

Prozedurak eta tresnen eta esparruen arteko lan-akordioak finkatzea tren-sektoreari laguntzeko, S2R JUk tren-sektoreko ikerketaren eta berrikuntzaren alorrean kudeatzen dituen funts europarren eta egiturazko eta inbertsioko funtsen artean sinergiak eta osagarritasunak sustatuz:

● Bereziki, S2R JUren eskumenen esparruan hasitako eta aurreikusitako jardueren eta Garraioko Programa Operatiboak barne hartutako arlo osagarriak identifikatuz, eta, zehazki, Europak sustatuko RIS3 Euskadi, Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren eta Euskadi 2020, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren bidez.

● S2R JUk edo EAEk sustatutako deialdiekin lotuta, eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatutako Hazitek, Elkartek eta Bikaintek ikerketa-proiektuen deialdiak bereziki, proiektuen garapenean laguntzeko xedea dutenak.

EAEk bere Berrikuntza Estrategiaren esparruan egiten dituen eta EAEn espezializazio adimentsua bideratzea xede duten ekintzen monitorizazio- eta jarraipen-sistema bat finkatzea:

– S2R JU, edo hark izendatutako ordezkariren bat, tren-sektorearekin lotutako espezializazio adimentsuko lantaldeekin elkartuz, eta, bereziki:

● EAEko tren-alorreko ikerketarako eta berrikuntzarako plataforma sortzea. Plataforma Eusko Jaurlaritzak gainbegiratuko luke, eta EAEn kokatuta dauden eta S2R JUren ekintzan parte hartu nahi dutela adierazi duten tren-sektoreko eragileen ordezkariak bilduko lituzke.

● EAEko tren-alorreko ikerketarako eta berrikuntzarako plataforma sortzeak ez du esan nahi S2R JUk legezko erakundeetan eta/edo egituretan parte hartzen duenik edo haietako kide denik.

Eskualde-esparru aplikagarrian, baterako ebaluazioa eginez EAEko eragile ekonomikoek edo akademikoek proposatutako eta Shift2Rail JUk hautatutako proiektu berritzaileekin lotutako jarduera osagarri posibleen gainean, eskualdean industria-garapena bultzatze aldera:

– ESIF funtsak kudeatzen dituzten agintariek, beren ekimenez eta nahi izanez gero, erabaki ahal izango dute bidaltzen dizkieten eta Shift2Rail JUren ekintzarekin lotuta dauden proposamenen ebaluazioan Shift2Rail JU inplikatzea, bai eta Shift2Rail JUrekiko sinergiak hautespen-irizpideetan kontuan hartzea ere. Edonola ere, ESIF agintariek jarraituko dute erakunde eskudun izaten ESIFen Lan Paketearen (WP) Shift2Rail JUren ebaluazio-emaitzei buruzko erabakiak hartzeko, bai eta, beren eremuan eta aplikagarri diren arauekin bat, Shift2Rail JUren proiektu batekiko sinergia-maila zehazteko ere.

Eta dagozkien mekanismoak sustatzea, eragile ekonomikoei eta industrialei zuzendutako informazio hedapenerako politika baten bidez:

– Eusko Jaurlaritzaren webgunean (www.euskadi.eus www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ekonomiaren-garapen-azpiegitura-saila/ www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-desarrollo-economico-infraestructuras/) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV / EHU) kudeatzen duen (https://www.ehu.eus/eu/web/europeanprojects/home) webgunean online eguneraketa bat eginez, Shift2Rail JUren proiektuen deialdiekin lotutako informazio garrantzitsua, eta Shift2Rail JUren webgunean EAEk tren-sektorearen alorrean duen eskualde-politikaren deskribapena;

– Shift2Rail JUk argitaratutako aldizkaria eta beste argitalpen batzuk.

C) Miszelanea.

Alderdiak urtero bilduko dira, lankidetza nola doan aztertzeko, eta hemen finkatutako helburuen lorpen-maila ebaluatu eta etorkizuneko ikuspegia finkatzeko.

Elkar Ulertze Memorandum honek ez du legezko betebeharrik edo eskubiderik ezartzen, dokumentu honetan zehaztutakoez gain.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute Elkar Ulertze Memorandum hau fede onez gauzatzeko, eta adosten dute gatazkei adiskidetasunezko konponbidea emango dietela, eta ez dutela epaitegietara edo hirugarrenengana joko akordioak lortzeko.

Interes-gatazkei buruzko arauak Shift2Rail JUko organoen arauei jarraikiz aplikatuko dira.

Alderdiek ziurtatzen dute informazio garrantzitsua babestuko dutela, eta alderdiekin edo Elkar Ulertze Memorandum honen babesean egiten diren jarduera teknikoetako parte-hartzaileekin lotutako barne-dokumentuak eta informazioa konfidentzialtasunez gordeko dituztela.

Alderdietako edozeinek Elkar Ulertze Memorandum honen babesean eskatzen duten jakinarazpen oro idatziz egingo da; entregatutzat joko da beste alderdiak jasotzen duenean; eta posta elektronikoz bidaliko da.

D) Indarrean jartzea eta iraupena.

Elkar Ulertze Memorandum honek urtebeteko iraupena izango du, eta bi alderdiek sinatzen duten unean jarriko da indarrean. Automatikoki berrituko da urtebeteko epez, baldin eta alderdietako batek ez badio beste alderdiari jakinarazten kontratua azkendu nahi duela, iraungi baino hiru hilabete lehenago beranduenik ere.

Eta orain arte jasotakoarekin ados daudela adierazteko, Elkar Ulertze Memorandum hau sinatzen dute, idazpuruan zehaztutako lekuan eta egunean.

Shift2Rail JUko zuzendari exekutiboa,

Carlo Borghini.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

María Aranzazu Tapia Otaegui.


Azterketa dokumentala