Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2020ko azaroaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4697

AGINDUA, 2020ko azaroaren 3koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2020ko uztailaren 28ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko «Euskadi Turismo Bonua» programa arautu eta 2020rako deitzen duena.

2020ko urriaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Agindua, zeinaren bidez arautu eta 2020rako deitzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko «Euskadi Turismo Bonua» programa.

Agindu horren helburua zen Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko neurri gisa balio izatea. Programa hori gainerako euskal erakundeekin koordinatuta egin zen, «Euskadi Turismo Bonua» delakoaren funtsezko elementuen diseinu orokorrean.

Helburu hori betetzeko, beharrezkoa da normaltasun-baldintza sozial batzuk egotea, besteak beste, honako alderdi hauei dagokienez: pertsonen mugikortasuna, turismo-establezimenduetako edukiera, sukaldaritza- eta ostalaritza-zerbitzuetako ordutegiak edo turismo-jardueretako pertsona-taldeak.

SARSCoV-2 delakoak eragindako infekzioak ez zabaltzeko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua argitaratzeak eta Euskal Autonomia Erkidegoan hori aplikatzeko emandako Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuak (zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko) nabarmen aldatu dituzte «Euskadi Turismo Bonua» programa arrakastaz garatzeko beharrezkoak diren normaltasun-baldintza horiek.

Bi arau horietan jasotako neurriak, praktikan, bateraezinak dira aipatutako sektoreetako saltokietan jarduera dinamizatzea eta ondasunak, produktuak eta zerbitzuak erostea helburu duen programa baten ohiko garapenarekin.

Testuinguru horretan, programan parte hartzen duten erakundeek, jakitun izanik programa behar bezala gauzatzeak duen garrantzia turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimendu eta enpresetan (hau da, COVID 19ak eragindako pandemiaren ondorioek gehien kaltetu dituztenak) kontsumoa sustatzeko, guztion artean programa hori mantentzeko erabakia hartu dute, ezarritako helburuak lortzeko haren epeak luzatuz.

Horretarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren uztailaren 28ko Aginduaren 11. artikuluaren («Dirulaguntzen programara atxikitzeko prozedura») 1. paragrafoa eta 14. artikuluaren («Laguntzen indarraldia») 2. paragrafoa aldatu nahi dira. Agindu horren bidez, arautu eta 2020rako deitzen da Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko «Euskadi Turismo Bonua» programa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egungo egituraren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio turismoaren arloko eskumenak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 81/2017 Dekretuaren 3. artikuluak xedatutakoa kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko «Euskadi Turismo Bonua» programa arautu eta 2020rako deitzen duen Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduaren 11.1 artikulua aldatzea. Honela geratzen da idatzita artikulu hori:

«11. artikulua.– Dirulaguntzen programara atxikitzeko prozedura.

1.– Establezimenduak eta enpresak "Euskadi Turismo Bonua" dirulaguntzen programari atxikitzeko epea azaroaren 30a artekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.»

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko "Euskadi Turismo Bonua" programa arautu eta 2020rako deitzen duen Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduaren 14.2 artikulua aldatzea. Honela geratzen da idatzita artikulu hori:

«14. artikulua.– Laguntzen indarraldia.

2.– Dirulaguntzen programa honek argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra ondorio guztietarako, eta 2021eko maiatzaren 31n amaituko da.»

Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

Laugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 3a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.


Azterketa dokumentala