
218. zk., 2020ko azaroaren 4a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (400 KB - 15 orri.)
- EPUB (373 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4668
AGINDUA, 2020ko urriaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzetarako.
Hezkuntzako sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduaren bidez (2020ko abuztuaren 7ko EHAA, 154. zk.) deialdia egin zen Doktore ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programaren laguntzak arautu eta laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko 2020-2021 ikasturtean. Agindu horrek aukera ematen du egonaldiak egiteko programaren aplikaziokoak ez diren zentroetan; horrela, aginduak erantzun egiten die ikertzaileak hobeto prestatzeko eta nazioarteko doktoregoa lortzeko egonaldiok duten interesari.
Kontuan hartu da Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua (2020ko irailaren 7ko EHAA, 176. zk.), zeinaren bidez sortu, ezabatu eta aldatu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu.
Kontuan hartu dira, halaber, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA), zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra, eta zeinaren bidez ezarri baitziren dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak, eta, bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
Aintzat hartu da, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.
Oinarri hartu da, gainera, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Laguntzetarako deialdia egitea beka aplikatzen den zentroez bestelakoetan doktoretza-aurreko egonaldiak egin ditzaten prestakuntzan ari diren ikertzaileek. Egonaldi horien helburua izango da ikertzaileak zientzia- eta teknika-ikerketan hobeto prestatzea eta, horretarako, ikerketa-lanak egitea, ikerketa-proiektuei aplikatzeko teknika berriak ikastea, bibliografia- eta ikerketa-funtsetan kontsultatzea eta beste ikerketa-jarduera oro egitea esku artean duen tesi-proiektuaren testuinguruan, ikertzailearen zientzia- eta teknika-prestakuntza hobetzeko, tesiaren garapena bultzatzeko eta nazioarteko doktoregoa lortzea errazteko.
2.– Egonaldiak egin ahal izango dira unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+b-ko jarduera duten enpresetan, atzerrikoetan zein estatukoetan, betiere doktoratu-aurreko programa aplikatzeko zentroaz bestelako hiri batean egiten badira eta aldi baterako egoitza aldatzeak justifikatzen badu agindu honetan zehazten diren laguntza ekonomikoak ematea.
3.– Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira biltzarretara, bilera zientifikoetara eta, Ikerketa Zuzendaritzaren iritziz, 1. paragrafoan ezarritako helburura egokitzen ez diren bestelako egonaldietara joatea, bai eta egonaldiak egitea ere EAEn kokatuta dauden zentroetan, bizi diren probintzian, ezarpen-zentroa atzerrian duten eta prestatzen ari diren ikertzaileentzat.
2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.
Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 175.000 euro erabiliko dira guztira.
3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Eusko Jaurlaritzak ematen dituen Doktore ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko 2020-2021 Programaren onuradun direnek eskatu ahal izango dituzte laguntzok.
2.– Laguntza hauetaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da prestakuntzan ari diren ikertzaileak jardunean egotea eta beka-programa lehenengoz, bigarrenez eta hirugarrenez berrituta izatea.
3.– Aurretik deialdi honen onuradun izandako ikertzaileek, berriz, ezingo dute laguntza hau eskuratu.
4.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean dauden pertsonak:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izana hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, prozedura orotan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.
d) Xedapen hauetako egoeraren batean egotea: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badira, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ez betetzea, erregelamenduz zehazten den moduan.
f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten izatea egoitza fiskala.
g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta beraz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu izana.
4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.
1.– Laguntza hauen gai diren egonaldiei 2021. urtean eman beharko zaie hasiera.
2.– Laguntzaren bidez, hiru hilabeteko egonaldi bakarra egin ahal izango da, eta egonaldi horiek bat etorri beharko dute destino-zentroen aldi akademikoekin eta/edo ohiko jardunarekin, justifikatutako salbuespenak izan ezik.
3.– Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.
4.– Proiektua destinoko zentro bakar batean egingo da.
5. artikulua.– Eskabideak egin eta aurkezteko epeak.
1.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikulua aplikatuz, zeinak ezartzen baitu bide elektronikoak erabiliz komunikatu beharra, interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak direnean, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, jarduera profesionalagatik edo egiaztatutako beste arrazoi ororengatik, beharrezko baliabide teknologikoak eskuratzeko eta eskuratzeko aukera bermatuta badute, eskabidea Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez telematikoki eskuragarri egongo den formularioaren bidez soilik beteko da. https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2021/egonlabur/web01-tramite/eu/. Eskabideari atxikitako dokumentuak harekin batera bidali beharko dira, aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die.
Aplikaziora ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da (helbide honetan daude argitaratuta onartutako identifikazio elektronikoko sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.
2.– Eskabide telematikoa guztiz betetakoan, egoitza elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren sistema bat erabiliz identifikatu beharko da eskatzailea, eta eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; alegia, eskabide bat sinadura elektronikoaren bitartez baliozkoa izatekoa, erregistroan jasota geratu behar da. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak dokumentuen erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratutako eskabiderik.
Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, eskabidea automatikoki baztertuko da.
3.– Eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bat ere erantsi behar da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikuluan aipatzen dena (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen). (Ikus II. eranskina).
4.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
5.– Eskatutako dokumentuak.
Ondoren zerrendatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko dira aplikazioaren bitartez.
a) Egonaldiaren helburua deskribatzeko txostena (bi orri, gehienez ere). EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak. Era berean, memoriak normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo artikulu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidean zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.
b) Zentro hartzailearen gutun ofiziala, non egiaztatzen baita bisitaldia onartzen dela eskatutako egunetan.
c) Egitekoa den egonaldiarekiko adostasuna adierazten duen dokumentua, tesiaren zuzendariak edo eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariak izenpetua. Aplikazioan, eskuragarri dago dokumentu horren txantiloi bat.
Diruz lagundutako aldia –3 hilabete– baino egonaldi luzeagoetan, egonaldiaren aldi osorako adostasuna adierazten duen dokumentua eskatuko da.
d) Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituzten dokumentuak, halakorik behar izanez gero.
6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntza-eskabidea guztiz betetzen ez bada, edo nahitaezko dokumentuak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzatela eskatuko die Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.
12. artikuluko 2. zenbakian ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da zuzenketa eskatzeko jakinarazpena.
7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta asegurua.
1.– Mantenu-gastuetarako, 25 euroko laguntza izango da eguneko.
2.– Bidaiak norberaren ibilgailuan egin daitezke, eta taula honen arabera finkatuko da bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa:
(Ikus .PDF)
Kilometroak kalkulatzeko, http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza hartuko da erreferentziatzat. Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak lantokia duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.
Oro har, garraiobide kolektibo publikoetan egingo dira joan-etorriak; hala ere, organo eskudunak baimena eman dezake norbere ibilgailua erabiltzeko, kasu bakoitzeko inguruabarrak aintzat hartuta.
Helmugara ezin dela garraiobide publikoen bidez heldu frogatzen denean soilik emango da norbere ibilgailua erabiltzeko baimena. Baimen-eskabidea Ikerketa Zuzendaritzaren aplikazioaren bitartez bideratuko da, egonaldia hasi aurretik.
Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.
Bidai-gastuetarako laguntzaren zenbatekoak ez ditu barne hartzen norbere ibilgailuan aplikazio-zentrokoa ez den jatorri-hiri batetik aplikazio-zentrokora egindako joan-etorrien gastuak.
Joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.
Bidai-gastuetarako ematen den laguntzaren zenbatekoak ez ditu barne hartuko egonaldian egiten diren tokiko garraioaren gastuak.
3.– Ikerketa Zuzendaritzak, laguntzak esleitu eta gero, justifikatuta dagoen kasuetan aldaketak onartu ahal izango ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.
4.– Asegurua: Ikerketa Zuzendaritzak baimenduta atzerrian egiten diren egonaldietarako, laguntzen onuradunek, dagokion Gizarte Segurantzaren estaldura izateaz gainera, erantzukizun zibileko, istripuetarako eta bidaia-laguntzako aseguru bat izango dute. Interesdunaren ezkontidea eta 25 urtetik beherako seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin, bidaia-laguntzako asegurua haientzat ere zabaldu ahal izango da, interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen frogagiri ororen bidez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.
9. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.
Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bera duen beste dirulaguntza ekonomikoekin, salbu Doktore ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programako laguntza bera.
10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
1.– Hautaketa-batzorde batek balioetsiko ditu eskabideak. Honako kide hauek osatuko dute batzorde hori: Ikerketako zuzendaria, batzordeburu izango dena; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, Ikerketako zuzendariak izendatua, idazkari-lanak egingo dituena. Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena.
Proposamenak hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoak, dagoen kredituaren mugara arte xehatuak, eta erreserben zerrenda.
2.– Honako irizpide eta puntuazio hauen arabera balioetsiko dira eskabideak:
a) Laguntza lehen aldiz berritzen duten eskatzaileak: puntu 1;
b) Laguntza bigarren aldiz berritzen duten eskatzaileak: 2 puntu;
c) Laguntza hirugarren aldiz berritzen duten eskatzaileak: 3 puntu.
11. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira. Horien artean lehentasunak jartzeko, 10. artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuko dira, eta puntu gehien lortzen dituzten eskabideei baino ez zaizkie esleituko dirulaguntzak, harik eta agindu honen 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez esleituko dira agindu honetako laguntzak eta zehaztuko dira haien zenbatekoak, deialdia EHAAn argitaratu eta sei hileko epean.
Ebazpen horretan jasoko dira pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak. Halaber, ordezkoen zerrenda emango da, eta han bilduko dira erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz beka-proposamenean sartu ez direnak. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
2.– www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena. Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera: https://www.euskadi.eus/micarpeta, zeinetara ziurtagiri elektronikoarekin sartu behar baitu.
Jakinarazpen bat bidaliko da jakinarazi duen interesdunaren gailu elektronikora eta/edo posta elektronikora, aipatutako egoitza elektronikoan jakinarazpen bat jarriko dela informatuz.
Hargatik eragotzi gabe aurreko 2. zenbakian ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute egindako jakinarazpenaren balioa izango, inolaz ere.
3.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango zaizkie laguntzak erreserben zerrendan ageri diren pertsona eskatzaileei.
Emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek.
Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartuta, emakida-ebazpena emango du organo horrek, eta interesdunei jakinaraziko die.
4.– Baldin eta artikulu honen 1. zenbakian ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskabideak ezetsiak izan direla.
5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
6.– Laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozedura orok.
7.– Gainera, emandako laguntzen zerrendak publikotasuna izan dezan, EHAAn argitaratuko da, jakinarazpen horretatik aurrera 6 hilabeteko epean.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Laguntzaren onuradunak 10 eguneko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.
b) Emate-ebazpenean adierazitako egunean hasi behar da egonaldia. Salbuespenez, hasiera data aldatzeko eskatu ahal izango da, egonaldia hasi aurretik eta arrazoiak behar bezala eta idatziz emanda, betiere. Ikerketa Zuzendaritzak erabakiko du aldaketa hori egin daitekeen ala ez, eta aldaketak baimenduko ditu justifikatuta daudela iritzitako kasuetan.
c) Zentroan egon beharko du diruz laguntzen den denboraldi osoan. Laguntza jasotzen duen ikertzaileak bere jarduera etenik gabe egin beharko du, eta zentroko lan-egutegiak bete. Proiektuko zioen ondoriozko absentzia orok edo zentroaren ikerketa beharrengatik egindako aldi baterako irteera orok, talde hartzailearen arduradunaren adostasuna beharko du, eta Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraziko zaio zergatik eta noiz gertatu den.
d) Justifikatutako arrazoiengatik, Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du ikerketa-egonaldia aldi baterako eteteko.
e) Egonaldiez baliatzeko epeetan nahiz laguntzak emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa orok izan beharko du Ikerketa Zuzendaritzaren baimena.
Onuradunak aldaketa-eskabidea aurkeztuko du, egonaldia osatzeko data berriak adierazita, eta zentro hartzailearen adostasuna beharko du. Edonola ere, egoki arrazoituak izan beharko dute eskabideek, eta, beharrezkoa bada, dokumentatuak. Proposamen egokia egitearren, egoki iritzitako txostenak eskatu ahal izango ditu Ikerketa Zuzendaritzak. Aldaketek ezin izango dituzte emakidaren baldintzak funtsean aldatu, ez egonaldia, ez proiektua, ez ikertzailea, ez zentro hartzailea, behar bezala egiaztatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik.
f) Diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen gorabehera ororen berri ematea, baita Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
g) Eman den xede xehatzerako erabiltzea dirulaguntza.
h) Deialdi honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunen barruan, eskatzen duten informazio guztia ematea.
i) Helburu bererako lortu den beste laguntza oro deklaratzea.
j) Egonaldia amaitu eta hamabost eguneko epean, 15. artikuluan zehazten diren dokumentuak Ikerketa Zuzendaritzara bidaltzea.
14. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Uko egin nahi izanez gero, Ikerketako zuzendariari jakinarazi beharko zaio, idazki baten bidez, eta onuradunak, tesi-proiektuaren zuzendariak eta ezarpen-zentro kontratatzaileko legezko ordezkariak sinatu beharko dute idazkia, non adieraziko baita zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko egite hori, aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago. Horren berri posta elektronikoz ere eman beharko da huisibas@euskadi.eus helbidera bidalita, uko-egitearen ondorioak hasten diren eguna baino lehenago.
2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.
Uko-egitearen ondorio ekonomikoak uko-egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira. Hala ere, bidegabeko ordainketak egin badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.
15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Laguntza hauek ordainketa bakar batean emango dira, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, onuradunak hirugarrenen altaren dokumentu eguneratua izan beharko du.
2.– Egonaldia amaitu eta hamabost eguneko epean, honako dokumentu hauek Ikerketa Zuzendaritzara bidali beharko dituzte onuradunek:
a) Burutu den egonaldiari buruzko ziurtagiria: lankide izandako ikertzaile arduradunak izenpetutako jatorrizko idazki bat izango da. Egonaldiaren hasiera- eta amaiera-egunak aipatu beharko dira han.
b) Egindako lanaren memoria zientifiko-teknikoa, dirulaguntzaren baldintzak bete direla justifikatzen duena, eta egindako jarduerak eta jasotako emaitzak zehazten dituena.
c) Txosten ekonomikoa, bidaiaren kostuari eta bisaren izapidetzeak dakarren kostuari buruzkoa, honako dokumentu hauek erantsita:
– Garraio publikoan egindako bidaien jatorrizko txartelak eta fakturak.
– Bisa izapidetzean egindako tasa-gastuen eta garraio publikoan egindako joan-etorrien jatorrizko txartelak eta fakturak.
3.– Egonaldia esleitu dena baino txikiagoa bada, mantenurako emandakoaren zati proportzionala itzuli egin beharko du onuradunak, hau da, egin gabeko aldiari dagokion zatia, bat etorriz indarrean den legeriarekin, betiere.
4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntza bidaiaren benetako kostua baino handiagoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.
5.– Dokumentu horiek guztiak aurkezteko, aplikazio telematikoa erabiliko da.
6.– Behin egonaldia bukatuta, emandako laguntzaren likidazioa zuzen egite aldera, onuradunak adierazi beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak ere.
16. artikulua.– Ez-betetzea.
Egonaldia ezin bada egin edo justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak, bai eta dagozkion atzerapen interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren pentzutan ordaindu beharreko dirulaguntzen berme eta itzulerei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA).
Aplikatzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina; 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.
17. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.
Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, baldin eta betetzen badira dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak, betiere.
Honako prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 15. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan adierazten diren kasuetan:
a) Prozedura abiatzeko eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena izango da.
b) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.
Ebazpenak uste badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
18. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileen datu pertsonalak «Laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 27a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS