Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2020ko azaroaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4665

AGINDUA, 2020ko urriaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez makineria eta/edo ekipamendu aurreratua erosteko edo errentan hartzeko dirulaguntzen deialdia egiten baita, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan 4.0 inguruneen eremuko teknologiak ezar ditzaten.

Laugarren industria-iraultza mundua eraldatzen ari da, eta horren lekuko gara: gizartearen kontzeptua aldatzen ari da, beste industria-eredu baterako bidean gaude, hein handi batean, teknologia, konektagarritauna eta digitalizazioa oinarri dituena, eta horrek berekin ekarri du bete estrategia batzuk behar izatea produkzio-prozesuetan. Egoera halakoa izanik, eta Euskadin ekonomiaren oinarria produkzioa dela jakinik, bereziki garrantzitsua da produkzio-prozesu tradizionalak aldatzea eragingo dituzten teknologiak eta materiala sartzea.

Era berean, prozesuetan efizientzia lortzea xedetzat hartuta, energiaren faktoreak berebiziko garrantzia du. Prozesuak aztertzean lansarien kostua, lehengaiak, inbertsioa eta errentagarritasuna kontuan hartzeaz gain, energiaren kostua aintzat hartuta aztertu behar dira prozesuak. Alderdi horrek garrantzi izugarria du zenbait sektoretan, hala nola automozioan eta aeronautikan, izan ere, pisua murriztea gakoetako bat da energia-kontsumoak eta emisioak murrizteko. Horrenbestez, alderdi hori oso garrantzitsua da gure enpresen produktibitateari begira.

Sektore produktiboak aldaketa sakonak eskatzen ari dira lanbide-heziketan, eta hauek dira egoera horren arrazoiak: gertatzen hasiak diren gizarte-aldaketak, kalitatezko enplegua eskuratzeko aukera, lan-merkatuaren berregituraketa, berrikuntza teknologikoen aurrerabidea, produkzio-prozesuen automatizazio-maila gero eta handiagoa, antolatzeko eta kudeatzeko modu berriak, beste lanbide-eremu batzuen sorrera, eta tekniken nahiz ekipamenduen eraldaketa bizkorra.

Gaur egun, hainbat berrikuntza, hala nola adimen artifiziala, droneak, 3D inprimagailuak, gauzen Interneta, errealitate birtuala eta sare digitalak ondasun eta zerbitzuak trukatzeko ohiko arauak aldarazten ari diren fenomenoetako batzuk dira, eta horiek guztiak heldu beharreko erronka dira enpresa-sektorearentzat nahiz pertsonen prestakuntzan. Horren guztiaren ondorioz, Euskadiko lanbide-heziketak ezinbestez egin behar ditu behar beste eraldaketa, 4.0 gizarte baten benetako premietara egokituko den lanbide-heziketa sustatzeko eta garatzeko.

2018ko uztailaren 5ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea argitaratu zen eta, haren bidez, berrikuntza gisa, LHko eredu konbinatu bat sartzen da Lanbide Heziketan. Eredu horrek Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako lanbide-heziketa integratua hartzen du barnean, baina baita berrikuntza aplikatuko ikaskuntzak eta ekintzailetza aktiboa ere. Horrezaz gain, lehiakorragoak izaten laguntze aldera, produkzio-sektoreen eta gure enpresa-sarearen eskaerei harik eta azkarren erantzuteaz gain, haien beharrei aurrea hartu behar diegu. Egungo egoeran, lehiakortasunerako funtsezko alderdiak dira azkartasuna, malgutasuna, balio-aniztasuna eta zeharkakotasuna, bereziki, zientziaren eta teknologiaren aurrerakuntzak espezializazio-maila handiko profesional berriak azkar garatzea eskatzen duen inguruneetan.

Gainera, Gobernu Kontseiluak Lanbide Heziketako V. Euskal Plana onartu zuen 2019ko otsailaren 12an. Plan horrek giza garapen jasangarria du helburutzat, eta, xede hori lortzeko, gizakien talentua sustatzen du, zenbait gaitasun eta kualifikazio txertatuz, produkzio-ingurune berri batetik sortutako erronkei aurre egiteko.

Lanbide Heziketako V. Euskal Plan horretan bederatzi eremu estrategiko definitu ziren, eta eremu horietako bakoitzak epe ertainean lortu behar diren helburu espezifikoak eta helburu horiek lortzeko garatu beharreko jarduketa-ildoak zehaztu zituen. Eremu estrategiko horietako batzuk hauek dira: berrikuntza teknologikoa eta sistema adimendunak; biozientziak eta garapen jasangarria; eta Lanbide Heziketako ikastetxeak, erakunde adimendunak lortzeko asmoa. Eremu horietako bakoitzak helburu jakin batzuk ditu, eta Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxeetan 4.0 inguruneen eremuko teknologiak inplementatzera bideratutako jarduketa-ildoen inguruko helburu hauek zehazten dituzte:

a) 4.0 industria-inguruneetan ikertzea eta berritzea, lortutako ezagutza Euskadiko LHren balio-katera transferituz.

Helburu horren bidez, zera lortu nahi da: egungo joerei erantzutea ahalbidetzen duten gaitasun bereizgarriak har daitezen sustatzea, sortzen eta hazten ari diren sektoreekin lotutako espezializazio-arloak sortzeko.

Automoziora, aeronautikara eta industria sanitariora bideratutako material berriak txertatzea lortu behar dugu. Batez ere balio erantsi handiko elementuak fabrikatzeko prozesuak, haien kalkulua eta simulazioa eta ziklo motzetan fabrikatzeko prozesuak kontuan hartuta. Funtsezkoa izango da, halaber, fabrikazio-produktu eta -prozesu berrien diseinua hobetzea simulazio-tresnak erabiliz. Horri gagozkiola, funtsezkoa izango da fabrikazio-prozesu berriei ekitea, hala nola fabrikazio aditiboari eta prototipaketa azkarrari.

Energia optimizatu behar da industria-ikuspegia emanez, fabrikazio-prozesuetan kontsumitutako energia optimizatzean eta energia berreskuratzean eta biltegiratzean arreta jarriz; horrezaz gain, adimena txertatu behar da produkzio-prozesuetan, prozesu horiek efizienteak eta aldakorrak izan daitezen.

Horretarako, beharrezkoa izango da lanbide-heziketako ikastetxeetan teknologia aurreratuak sustatzea eta ezartzea, ingurune konplexuetan irakasleen eta ikasleen konpetentziak hobetzeko.

b) Errendimendu handiko 4.0 Lanbide Heziketako Ikastetxeak garatzea.

Helburu horretan aurrera egiteko, laugarren industria-iraultzarekin lotutako teknologien erabilera txertatu nahi dugu trebakuntza-metodoetan eta -prozesuetan; horretarako, gure lanbide-heziketako ikastetxeetan lehiakortasuna eta kalitatea areagotu behar dugu.

Horrenbestez, Lanbide Heziketako ikastetxeetako lantegiak eta laborategiak 4.0 espazio adimendunetara egokitu beharko dira, ekipamenduen sentsorizazioa, komunikazioa eta kudeaketa gehituz. Garrantzi handia du ikastetxeetako informazioa behar bezala kudeatzeak eta informazioa modu seguruan eta automatizatuan edukitzeak, erabakiak hartzeko. Horrezaz gain, Big Datako eta Zibersegurtasuneko kudeaketa-ereduak aplikatu beharko dira ikastetxe-sarean, eta errealitate areagotuaren eta errealitate birtualaren bidez egin beharko da lan. Gauzen Internetaren ingurunea (IoT) aplikazio guztietan txertatu beharko da, eta 3D inprimaketaren esparruan esperimentuak egin beharko dira lehentasunezko lau eremutan: industrian, osasunean, elikaduran eta ehungintzan.

c) Lanbide Heziketara aplikatutako berrikuntza eta ikerketa zientifikoa garatzea nekazaritzako elikadura jasangarrian, natura-ingurunean eta itsas ingurunean, etxegintza adimendunean eta eraikuntza jasangarrian, eta osasunean eta biozientzietan.

Helburu horrekin, batetik, giza garapen jasangarria lortu nahi da, enpresei elikaduraren, natura-ingurunearen eta itsas ingurunearen eremuetan sortzen zaizkien erronka teknologikoei erantzunez; bestetik, talentuaren garapena, sinergiak, produktibitatearen hobekuntza eta eraikuntzan prozesu eta/edo irtenbide adimendunak hartzeko ezagutza lortzearen sustapena bultzatu nahi da; eta hirugarrenik, Lanbide Heziketei laguntzea biozientzien eta osasunaren lehentasunezko eremua garatzen eta indartzen (asmo hori Euskadiko RIS3 espezializazio-estrategian definituta dago.

Horretarako, ezinbestekoa izango da ingurune estrategikoak eta espezializazio-arloak ezartzea bioekonomiaren eta hari lotutako sektoreen alorrean, enplegagarritasun-eskakizun berrietara egokitutako ezagutza espezializatuen eskaintza garatzea eraikuntza jasangarriaren eta etxegintza adimendunaren alorrean, eta bioteknologian oinarritutako euskal industriaren garapena bultzatzea Lanbide Heziketako ikastetxeetan, biozientzien eta osasunaren eremuan atzemandako premietara egokitutako konpetentziak eskainiz.

d) Lanbide Heziketako ikastetxeen erakunde berria. Erakunde adimendunak lortzeko asmoa.

Helburu horren bidez, sormena eta berrikuntza etengabeko praktikatzat dituzten erakunde-ereduak lortu nahi dira, baliabideak funtzionamendu hobea izatera eta inpaktu handiko ikaskuntzak egitera bideratuz.

Helburu hori lortzeko ezinbestekoa da ikastetxeak osatzen dituzten, eta, beraz, ikaskuntza kolektiboa sustatzen duten pertsona guztiek etengabeko elkarrekintza izatea erraztuko duten kudeaketa-metodo berriak erabiltzea, Lanbide Heziketako ikastetxeei erakunde adimendunen kontzeptura igarotzea erraztuko dieten beharrezko prozesuak eta prozedurak garatzea, bai eta erakunde-prozesuak malgutzea ere, etorkizuneko premiei eta erronkei erantzungo dieten espazio berriak eta arlo berriak hartzen lagunduz.

Teknologia horiek aldaketa disruptiboak sortzen ari dira produkzio-ereduan, bai eta produktuetan eta zerbitzuetan beretan ere, eta, hala, industria berri bat sortzen ari da, digitala eta konektatua. Horrenbestez, gaur egun ditugun erronkei behar bezala heltzeko ezinbestekoa da etengabe egokitzea lanbide-heziketako euskal sistema, 4.0 industria-inguruneetan ikertzea, errendimendu handiko 4.0 Lanbide Heziketako ikastetxeak garatzea, Lanbide Heziketara aplikatutako berrikuntza eta ikerketa zientifikoa egitea, ikastetxeak erakunde adimendunen eredurantz eraldatzea, ziurtatzeko haiek guztiek antolaketa-dinamika ireki eta konektatu batean parte hartzen dutela, etengabeko autohazkundea lortze aldera.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2020. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitakoa da, zeina Hezkuntzako sailburuaren Agindu bidez onartu baitzen.

Ondorioz, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan xedatutakoarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzen araubidea arautzekoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuarekin, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea makineria eta/edo ekipamendu aurreratuaren erosketa edo errentamendu-kuotak finantzatzea da, bai eta makineria eta/edo ekipamendu hori instalatzeak eragindako gastuak finantzatzea ere, inplementatzeko Agindu honetako I. eranskinean adierazitako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloetan 4.0 inguruneen eremuarekin lotutako teknologien erabilera.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta Agindu honen I. eranskinean adierazitako 4.0 inguruneen eremuarekin lotutako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloren bat badute itunduta Euskal Autonomia Erkidegoan 2020-2021 ikasturtean.

3. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako ondoreetarako, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da Agindu honen 1. artikuluan definitutako makineria eta/edo ekipamendu aurreratuaren erosketa edo errentamendua.

Makineria eta/edo ekipamendu aurreratu hori Agindu honetako I. eranskinean adierazitako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloetan 4.0 inguruneen eremuarekin lotutako teknologia hauek inplementatzeko erosi edo hartu behar da errentan:

– Internet industriala, enpresara aplikatutako Interneta; horri esker, tokiko kudeaketa-datuen sareak sor daitezke sentsore analogikoen datuekin, eta online informazioa sor daiteke makinen egoerari, prozesuei, produktuen bizitzari eta mantentze-lanari, desbideratzeei, aurreikuspenei eta abarri buruz.

– Sistema ziberfisikoak; sentsore fisikoetatik eta sare digitaletatik lortutako informazioa integratzeari egiten diote erreferentzia (2030ean aurreikusten da 30.000 milioi sentsore egongo direla interkonektatuta), eta horrek eremu fisikoko produktu edo objektuen segimendua egitea dakar, informazioa biltegiratuz eta tratatuz.

– Errealitate areagotua eta errealitate birtuala; simulazioak edo errealitate birtualak aukera ematen du produktu, prozesu eta makinen 3Dko ereduak sortzeko. Eremu fisikoa birtualki hainbat egoeratan birsortzean datza.

– Fabrikazio aditiboa; 3Dko eredu digitaletik abiatuta, molderik gabe, material-geruzak gehituz, objektu bat sortzen duten 3D inprimagailuei egiten dio erreferentzia. Horri esker, denbora gutxiago behar da eta merkeagoa da ereduak egitea, baita piezak konpontzea ere.

– Fabrikazio aditiboa robotikara aplikatuta.

– Robotika kolaboratiboa; adimen artifiziala robotei aplikatzeko urrats logikoa da, langile baten mugimenduak imitatu ahal izan ditzaten, elkarri modu seguruan eraginez eta sentsoreen informazioa integratuz, hala nola droneena.

– Errealitate mistoa; elkarrekintza fisiko eta birtualak eta ingurunea esperimentatzeko modu berri bat biltzen du, belaunaldi berriko detekzio- eta digitalizazio-teknologien sorta baten bidez. Mundu erreala birtualarekin konektatzea du xede, eta munduarekin 360 gradutan elkarrekintzan aritzeko aukera gehiago ematen ditu.

2.– Ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

3.– BEZa ez da, inola ere, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.

4.– Agindu honen bidez diruz lagundutako ekipamendu-erosketa hori 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko azaroaren 30era bitartean egin beharko da. Justifikazio-kontua aurkezteko epea amaitu baino lehen gauzatu beharko da horren ordainketa. Horren harira, benetan ordaindutakoa hartuko da diruz laguntzeko moduko zenbatekotzat.

Errentamendu-kuoten kasuan, diruz lagundu ahal izango dira 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko azaroaren 30era bitartean ordaindu diren hileko kuotak.

5.– Agindu honen dirulaguntzako ekipamenduak dirulaguntzaren xede zehatz horretarako izango dira, eta bi urte baino gutxiago ezin izan daitekeen denboraldi baterako, ekipamendua erosi edo errentan hartzen den egunetik aurrera.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Agindu honetarako diren dirulaguntzen zenbateko osoa milioi bat (1.000.000) eurokoa da.

2.– Dirulaguntza bakoitzaren banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honen 1. apartatuan adierazitako zuzkidura proportzionalki banatuko da 2. apartatuan adierazitako eskabideen artean, 9. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatu eta lortu duten puntuazioaren arabera; ematen den azken zenbateko horrek ezin izango du gainditu eskatutako zenbatekoa.

3.– Banaketa hori egiteko, lehenik, lortutako puntu bakoitzeko balioa zehaztuko da; horretarako, hau egingo da: deialdiko zuzkiduraren kopurua zati onartutako eskabide guztietan lortutako puntuazio guztien batura. Kasu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hau egingo da: kalkulu horren emaitzatik ateratzen den puntu-balioa bider eskabide bakoitzak lortutako puntu-kopurua.

4.– Kalkulu horretatik ateratako kopurua eskatutako kopurua baino handiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da horren parera, eta soberako kopurua banatu egingo da, deskribatutako sistemaren arabera, egoera berean ez dauden eskabideen artean.

5. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

Edonola ere, Agindu honen deialdiko dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, interesdunek honako hauek bete behar dituzte:

a) Itunpeko ikastetxe pribaturen baten titularra izatea, non 2020-2021 ikasturtean Agindu honen I. eranskinean adierazitako 4.0 inguruneen eremuarekin lotutako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloren bat ematen baita.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen duen zigor penal edo administratiboren baten eraginpean ez egotea sexu-diskriminazioa dela-eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Betekizun biek iraun behar dute emandako dirulaguntzak likidatu arte; beraz, egiaztatu egingo da bete egiten direla bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean ez egotea.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek prozedura honetako izapide guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta PLATEA E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/fp_ekipamendua_4_0/web01-tramite/es

4.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (II. eranskina), behar bezala eta osorik beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dira, Agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hamabost egun naturaleko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpena jasoko dute, honako betebehar eta eskakizun hauek egiaztatzeko:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.

b) Ez egotea dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean, berariaz adierazita sexu-bazterkeriagatik izandakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako debekuetako batean ere.

e) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.

4.– Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Beharrezko ekipamenduaren justifikazio-memoria, III. eranskina.

b) Eskatzaileren batek inbertsioa amaitu badu eskabidea aurkezten duen egunerako, inbertsio hori egin izanaren eta egindako benetako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu ahal izango ditu.

5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak baimena espresuki ukatu ahalko du, eta organo eskudunak emandako administrazio ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Dirulaguntza hauen balorazio-irizpideak hauek izango dira:

1.– Agindu honen I. eranskinean adierazitako 4.0 inguruneen eremuarekin lotutako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloen kopurua, zehazki, Hezkuntza Sailarekin itundu eta emandakoak 2020-2021 ikasturtean. % 50eko balio haztatua izango du. Heziketa-ziklo bakoitzari koefiziente bat emango zaio, I. eranskinean adierazitako kostu-taldeetakoak izatearen arabera. Zer taldetakoak diren kontuan hartuta, aplikazio-koefiziente horiek taula honetan adierazitakoak izango dira:

(Ikus .PDF)

Batu egingo dira aipatutako ikasturtean ikastetxe bakoitzak emandako heziketa-zikloei dagozkien koefizienteak. Koefiziente horien batuketetan batura handiena lortzen duen eskabideak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.

2.– Agindu honen I. eranskinean adierazitako 4.0 inguruneen eremuarekin lotutako heziketa-zikloetan 2020-2021 ikasturtean izena eman duten ikasleen kopurua. % 20ko balio haztatua izango du. Aurreko paragrafoan zehaztutako heziketa-zikloetan matrikulatutako ikasle-kopuruaren batuketa egingo da. Koefiziente horien batuketetan batura handiena lortzen duen ikastetxeak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.

3.– Agindu honen I. eranskinean adierazitako 4.0 inguruneen eremuarekin lotutako heziketa-zikloekin zerikusia duten berrikuntza-proiektu aplikatuen kopurua. % 30eko balio haztatua izango du. Ikastetxe bakoitzak 2019-2020 ikasturtean parte hartu duen proiektu-kopuruaren eta 2020-2021 ikasturtean parte hartuko duen proiektu-kopuruaren batuketa egingo da.

Proiektu horietan kopuru handiena lortzen duen eskabideak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerako eskabideetarako balorazioa proportzio sinple baten bidez kalkulatuko da.

10. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariak izango du emate-prozedura instruitzeko eskumena.

2.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:

a) Batzordeburua: Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako titularra, edo haren ordezkoa.

b) Batzordekideak:

M.ª Eugenia Santos Urdiain, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna, edo haren ordezkoa.

Luisa Ana Guinea De La Cruz, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Maite Lizartza Urrestarazu, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Mikel Imaz Gorrotxategi, Arabako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Pablo Gaztelumendi Martínez, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa; idazkari-lanetan arituko da, hitza bai baina botorik gabe.

3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori Agindu honen 6. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie onuradunei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, halaber, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.

4.– Aurkeztutako alegazioak aztertuta, balorazio-batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatutako eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.

5.– Ebazpenerako behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen onuradun gisa proposatutako pertsonen alde, harik eta emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

11. artikulua.– Ebazteko prozedura, jakinarazpena eta publikotasun-prozedurak.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta, horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta.

2.– Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako dirulaguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, adierazi behar dira onuradunaren izena edo izen soziala, zer ikastetxe den, zenbateko puntuazioa lortu duen, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete horren kontra Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; dena den, herritarrak jakitun izan daitezen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, hauek adierazita: onuradunen zerrenda, zer ikastetxe den, zenbateko puntuazioa lortu duen, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutako ondoreetarako.

6.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzeko baldintzapean geratuko da.

12. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Justifikazio-agiriak aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Dirulaguntzen onuradunek justifikazio-kontuari dagozkion agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) IV. eranskina – Justifikazio-memoria ekonomikoa. Dokumentu horretan, errentamendu-kuoten fakturen eta/edo ordainketen zerrenda jasoko da, honako hauek adierazita: hornitzailea/finantza-erakundea, faktura-zenbakia/errentamendu-kontratuaren zenbakia, fakturaren jaulkipen-data/errentamendu-kontratuaren izenpetze-data eta errentamendu-kuoten/fakturen ordainketa-data. Eranskinarekin batera justifikazio-agiri hauek aurkeztu behar dira:

– Makineria eta/edo ekipamendua erosiz gero, fakturen benetako kopiak eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak.

– Errentamendua bada, finantza-errentamenduaren gastuen hileko kuotaren justifikazioa, errentamendu-kontratuaren benetako kopiaren eta ordainagirien bidez.

Dirulaguntzaz gain, finantzaketaz ere baliatu bada inbertsioa, bai baliabide propioez bai bestelako dirulaguntzez edo baliabideez, justifikazio horretan, egiaztatu beharko da zenbatekoa, haren jatorria eta funts horiek diruz lagundutako jardueretarako erabili direla.

Onuradunek jatorrizko justifikazio-agiri guztiak izan behar ditu zaintzapean eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura, hark eskatzen baditu ere.

b) V. eranskina – Azken memoria, hauek adierazita, besteak beste:

– Egindako inbertsioaren azalpen laburra.

– Programatutako helburuen betetze-mailari buruzko informazioa.

– Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.

3.– Agiri horiek aurkezteko azken eguna 2020ko abenduaren 30a izango da.

4.– Emandako zenbateko osoa eskuratzeko, makineriaren eta/edo ekipamenduaren eskuratzeari egotzitako kostuek diruz lagundutako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dute.

13. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak ordainketa bakar batean emango dira, behar bezala justifikatu ostean.

2.– Ordainketa hori egin ahal izateko, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 34.5 artikuluan adierazitako betekizun guztiak betetzen dituela. Era berean, ordainketak egiteko baldintza izan daiteke deialdian edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen den dokumentazioa aurkeztea.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuak nahiko arrazoi izango dira dirulaguntzak ezeztatzeko eta berandutze-interesekin batera itzularazteko, dirulaguntza ordaintzen denetik itzularaztea egokia dela erabaki arteko interesak, hain zuzen ere. Horretarako, egoki iritzitakoak egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza Sailak.

2.– Era berean, erosketa, errentamendu-kuotak eta eskatutako kopuruak ez justifikatzeak dirulaguntza osorik edo zati batean kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

3.– Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Horretarako, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

15. artikulua.– Ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira eta beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako dirulaguntzak ere lortzen badira, eta, horren ondorioz, ezarritako mugak gainditzen badira, emate-ebazpena ere aldatu ahal izango da hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe.

16. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

17. artikulua.– Inbertsioa egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek, inbertsioa egiteko, baldintza eta betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Diruz lagundutako makineria eta/edo ekipamendua dirulaguntzaren xede zehatz horretarako izango dira, eta bi urte baino gutxiago ezin izan daitekeen denboraldi baterako, erosi edo errenta-kontratua egiten den egunetik aurrera.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

8.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari erraztu behar diote diruz lagundutako makineria eta/ edo ekipamendu bakoitzaren kontrola, jarraipena eta ebaluazioa.

9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau jasotzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2020ko deialdian finantzatutako 4.0 makina eta/edo ekipamendu».

Dirulaguntzaren bidez ekipamenduaren zati bat bakarrik finantzatu bada, hau adieraziko da: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2020ko deialdian kofinantzatutako 4.0 makina eta/edo ekipamendua».

10.– Honako hauetan xedatutako betebehar guztiak betetzea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.

18. artikulua.– Datuen babesa.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetarako deialdiaren prozedura kudeatzen duten organoek –ekipamendua eskuratu edo errentan hartzeko dirulaguntzak eskatzeko– prozedura kudeatzeko erabiliko dituzte eskabideak betetzearen bidez lortzen dituzten datu pertsonalak.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan araututako laguntzek EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107. 1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNTZEKOAK DIREN HEZIKETA-ZIKLOAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ESKABIDE ELEKTRONIKOAREN EREDUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
BEHARREZKO MAKINERIAREN ETA/EDO EKIPAMENDUAREN JUSTIFIKAZIO-MEMORIA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-MEMORIA EKONOMIKOA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
AZKEN MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala