Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2020ko azaroaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4609

EBAZPENA, 2020ko urriaren 26koa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, zeinaren bidez herritar guztiengana zabaltzen baita gripearen aurkako txertaketaren estaldura 2020-2021 denboraldiko kanpainan.

Gripearen aurkako txertaketaren helburua da gripearekin lotutako hilkortasuna eta gaixotze-tasa murriztea, bai eta gaixotasun horrek komunitatean duen inpaktua gutxitzea ere.

2020ko irailaren 25ean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen baten bidez, gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren hasiera ezarri zen 2020-2021 denboraldirako. Ebazpen horretan, gripearen aurkako txertoa jartzea gomendatuta dagoen arrisku-taldeetako pertsonen kolektiboak jasotzen dira.

Txertoa egokia da, halaber, gripea konplikazioak izateko arrisku handia duten beste pertsona batzuei kutsa diezaieketen pertsonentzat. Paziente horien eta haien kontaktuen txertaketak sortzen dituen zalantzak direla eta, gogorarazten da kanpaina honetan eskuragarri dauden gripearen aurkako txerto guztiak inaktibatuta daudela eta kontraindikazio hauek dituztela:

– Gaixotasun akutu moderatua edo larria izatea;

– Txertoaren osagairen batekiko (arrautza izan ezik) erreakzio alergiko larria (adibidez, anafilaxia) jasan izana, edo gripearen aurkako txerto inaktibatuaren aurretiazko dosi bat jaso ondoren;

– Guillain-Barré sindromearen (GBS) aurrekariak gripearen aurkako txertoaren aurretiazko dosi baten ondorengo 6 asteetan.

Immunoezabatzea, haurdunaldia eta edoskitzea ez dira kontraindikazioak gripearen aurkako txerto inaktibaturako.

2020-2021 denboraldiko gripearen aurkako txertaketa-kanpainari begira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala eta populazio-txertaketa onartzen dituen Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 18ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren ebazpen bat egin da, txertaketarako arrisku-taldeetan sasoiko gripearen aurkako txertaketa-gomendioei eta txertaketa-kanpainaren hasiera-datari buruz. Orain, ebazpen berri honek planteatzen du kanpainaren estaldura biztanleria osora zabaltzea –arrisku-taldeetan sartuta ez dagoena–.

2020ko kanpainaren estaldura herritar guztiengana zabaltzearen arrazoia Euskadin bizi dugun egoera berezia da, COVID-19 pandemiaren ondorioz. Egoera horren eraginez, komeni da gripearen aurkako txertaketaren irizpideak aldatzea, gripe-COVID koinfekzioaren probabilitatea murrizteko; gainera, horrek lagunduko du asistentzia-zerbitzuen gainsaturazioa prebenitzen eta, bereziki, ospitale-baliabideena, plantan eta zainketa intentsiboetan.

Horregatik, herritarrak aurten bi gaixotasunen birusen (gripea eta SARS-CoV-19) eraginpean egongo direnez, birus horien koinfekzioak dakarren arrisku potentzialarekin batera, erabaki da berriz definitzea arrisku-taldeak eta, beraz, txertaketa-kanpainaren xede-biztanleria. Horregatik guztiagatik, aurten, patologia kronikoa duten arrisku-taldeen eta 65 urtetik gorakoen txertaketari garrantzi berezia emanez, xede-biztanleria 65 urtetik beherako helduetara zabaldu behar da.

Osasun Sistema Nazionalak adierazitako pertsonei emango dizkien txerto inaktibatu tribalente edo tetrabalenteen erabileran oinarritzen dira gomendio horiek. Bakoitzaren fitxa teknikoko indikazioen arabera erabiliko dira txertoak.

2020-2021eko denboraldiko txertoaren konposizioa bat dator Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak emandako gomendioekin.

2020ko irailaren 25ean ezarri zen gripearen aurkako 2020-2021 txertaketa-kanpaina 2020ko urriaren 13an hasiko zela. Aldez aurretik, urriaren 5ean, EAEko adinekoen zentro soziosanitarioetako langile eta erabiltzaileen eta osasun-langileen txertaketa hasi zen.

Urriaren 22an, Txertaketen Euskadiko Aholku Batzordeak erabaki zuen egokia zela gripearen aurkako txertoaren eskaintza 6 hilabetetik gorako biztanle guztiei zabaltzea, gripearen birusak infektatzeko arriskua murrizteko, SARS-CoV-2 pandemiak eragindako egoera kontuan hartuta. Halaber, erabaki zuen gomendagarria zela txertoa hartu nahi duten eta arrisku-talderen bateko kide ez diren pertsonei anamnesi bat egitea txertoa eman baino lehen, txertaketarako izan daitezkeen kontraindikazioak direla-eta, Euskadiko Txertaketen Eskuliburuan adierazitakoaren arabera.

Txertaketaren lehentasunak arrisku-faktoreak –adina barnean dela– dituen biztanleria izan behar duela kontuan hartuta, arrisku-faktore horiek ez dituen biztanleriaren txertaketak ez luke talka egin behar lehentasun horrekin. Horregatik, biztanleria orokorraren txertaketa atzeratu egingo da, eta txertaketa hori azaroaren 2tik aurrera hasiko da.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala onartzen duen Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 18ko Aginduaren 8. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Kanpainaren estaldura zabaldu egiten da arrisku-taldeetan sartzen ez diren herritar guztiengana –sei hilabeteko adinetik aurrera–, gripearen aurkako txertoa borondatez eskatzera joan daitezen.

Bigarrena.– Arrisku-faktorerik ez duten herritarrentzako kanpaina 2020ko azaroaren 2an hasiko da; halere, arrazoi epidemiologikoak direla-eta, data hori aldatu ahal izango da.

Hirugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 26a.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,

JUAN JOSE AURREKOETXEA AGIRRE.


Azterketa dokumentala