
216. zk., 2020ko azaroaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (331 KB - 10 orri.)
- EPUB (227 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4608
EBAZPENA, 2020ko urriaren 13koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Bilbo Zaharra eremuko Birgaitze eta Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketa puntualari buruz.
AURREKARIAK
2020ko ekainaren 2an, Bilboko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Bilbo Zaharra eremuko Birgaitze eta Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketa puntualari buruzkoa (aurrerantzean, Plana), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei 2020ko abuztuaren 11n, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Bilboko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Bilbo Zaharra eremuko Birgaitze eta Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketa puntuala; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
– Lehenengoa.– Bilbo Zaharra eremuko Birgaitze eta Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, Debako Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Aldaketa puntualaren helburua da plana berrikustea eta egokitzea Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrira (aurrerantzean, HAPO) eta azken urteetan onartutako sektore-legedira (gaur egun izapidetze-fasean dago). Legedi horrek Planaren antolamendu-eremuari eragiten dio, eta, besteak beste, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeari, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legeari edo onartutako birgaitze-dekretuei; denak Plana onartu ondoren onartu ziren. Horretarako, jarduketa hauek proposatu dira:
– Planaren erreferentziak indarreko araudietara egokitzea eta eguneratzea; artikuluak eta araudi-dokumentuko puntuak berriz zenbakitzea modu formalean: Dokumentuaren eguneratzeak eragindako zuzenketak dira. Programazio-dokumentuak, azterlan ekonomikoak eta jasangarritasun ekonomikoari buruzko memoria ere biltzen ditu.
– Planaren eremua berriz mugatzea, IB.03 Bilbo Zaharra-San Frantzisko-Zabala hirigintza-azpieremura egokitzeko, HAPO berriaren arabera. Eremu hauei eragiten dieten eremu txikiak dira:
– Conde Aresti egoitzaren atzealdea: Planaren eremutik kanpo geratzen da.
– Komentuko lurzatia, Kontzezio kaleko 8. zenbakian dagoena: lurzati gehiena Planaren eremuaren barruan zegoen, eta gainerakoa kanpoan. Lurzati osoa Planaren eremuan sartzea proposatzen da.
– Miribilla ikastetxe publikoa (Vitoria-Gasteiz, 5): lurzati gehiena Planaren eremutik kanpo zegoen, eta zati txiki bat barruan. Lurzati osoa Planaren eremuaren barruan sartzea proposatzen da.
– Hernani 3: Lurzati gehiena Planaren eremuaren barruan zegoen. Lurzati osoa Planaren eremuan sartzea proposatzen da.
– Bilbo Zaharreko Birgaitze Integratuko Eremua (BIE) doitzea, HAPO berrira egokitzeko.
– Planaren eremuan dauden sistema orokorrak HAPO berrian xedatutakora egokitzea.
– Hirigintza eta kudeaketako arauak aldatzea: Besteak beste, aldaketa horiek erabilera nagusi eta baimenduei dagozkie (etxebizitzarekin bateragarria den erabilera tertziarioa eta erabilera produktiboa erantsi dira, eta 4 hirigintza-erabilera orokorretan banakatzen dira: bizitegi-erabilera, etxebizitzarekin bateragarria den erabilera produktiboa, tertziarioa –ostatu-jarduera turistikoak, bulegoak, merkataritza-lokalak, ekipamenduak–) eta eraikuntzaren babesa. Hala, kapitulu hau Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Lege berriaren zehaztapenetara egokitu da.
Gainera, planaren aldaketaren izapideak baliatu dira haren antolamenduan jarduketa integratu berri bat sartzeko: Zabala 23B eraikina eraistea. Leku horretan geratuko den etxadi-patio osoa erabilera publikorako libre utziko da, eremu horrek duen narriadura- eta abandonu-egoerari irtenbidea emateko, bai eta pixkanaka erabilera publikoa bultzatzeko ere.
– Dokumentazio grafikoa aldatzea, Plana egokitzeko Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legera eta Bilboko HAPOren Berrikuspenaren egungo idazketak eragindako egiturazko antolamenduko zehaztapenetara.
– Eraikuntza babesteari buruzko eranskina eguneratzea, babes motaren bat duten eraikinen zerrendak jasotzen dituen eranskin berri bat gehituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen babes-mailaren arabera: Babes Berezia (Done Jakue Bidea), babes ertaina («La Ceres» irin-fabrika) eta oinarrizko babesa (maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen arabera babes-maila hori duten Planaren eremuko eraikinen zerrenda barne hartzen du).
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Aldaketa puntualaren helburua da egungo Plana egokitzea Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrira eta azken urteotan onartutako sektoreko legedira, eta, besteak beste, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legera, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legera edo Plana onartu ondoren onartutako birgaitze-dekretuetara, Planaren esparruan garatzen diren urbanizazio-, eraikuntza- eta birgaitze-proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko eta irisgarritasuna, segurtasuna eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko. Erabilera nagusi eta baimenduekin lotutako aldaketak ere badakartza, etxebizitzarekin bateragarria den erabilera tertziarioa eta erabilera produktiboa gehitzen baitzaizkio.
Horrek guztiak bizitegitarako hiri-lurzoru finkatu bati eragiten dio, Bilbo Zaharrari. Eremu horrek bizitegi-eremua izaten jarraituko du, nahiz eta etxebizitzarekin bateragarriak diren erabilera tertziarioak onartu. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plana egokia den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: Planaren aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean. Besteak beste, aipatzekoa da Plana egokitu egin dela Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen zehaztapen berrietara, eremuaren ondare-balioari eutsiz eta hura indartuz, eremua egituratzen eta baldintzatzen duen elementua baita. Gainera, zenbait alderdik hiri-ingurune atseginagoa ekarriko dute bertako biztanleentzat, hala nola genero-ikuspegia barne hartzeak eta irisgarritasuna, segurtasuna eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeak, eta eremu batzuek dituzten narriadura- eta abandonu-egoera jakin batzuei irtenbidea emateko erabilera publikorako espazio libre berriak aurreikusteak; alderdi horiek hiri-garapena finkatuko dute hiri-bilbearen barruan, eta, ondorioz, lurzoru-kontsumoa arrazionalizatuko da. Bestalde, Plana araudi berrira egokitzea egokia izan daiteke, eraikingintzan eta urbanizazioan baliabideak modu efizienteagoan erabiltzea eta baliabideak kalitate handiagokoak izatea bultzatzeko.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren xede den eremua bizitegi-erabilera duen hiri-lurzoru finkatua da erabat. Planak eragindako jarduketek ez dute garapen berrietarako azalera handituko, ezta egoera naturalean dauden lurzoruak okupatuko ere. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kultura-ondareari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eragindako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
Giroko zaratari dagokionez, egungo egoeran eta bizitegi-erabilerarako, kalitate akustikoaren helburuak gainditu egiten dira Planaren xede den eremuko hainbat kaletan, kontuan hartutako hiru aldietarako (eguna, arratsaldea, gaua). Planaren eremua Bilboko udal-mugarteko hiri-eremu jarraitu eta finkaturako zehaztutako Babes Akustiko Bereziko Eremuaren zati da, eta dagokion Zarataren Ekintza Plana (2018-2023) du. Bertan, Planaren indarraldian eragin akustikoa murrizteko aurreikusitako neurriak eta jarduketak zehazten dira, eta, ondorioz, Bilbo Zaharra eremuari aplikatu behar zaizkio.
e) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari –berotegi-efektuko gasak– eta airearen kalitateari (emisio atmosferikoak, zarata, argia) dagokienez.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.
Plan Bereziaren eremua Bilboko udal-mugarteko hiri-lurzoru finkatua da. Bizitegi-eraikinak erabat finkatuta dauden eremua da, udalerriaren erdigunean bertan kokatua.
Eremu honetan ez dago interes geologikoko gunerik, ez hezegunerik, ez eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroko elementurik ere. Ez dago naturagune babesturik, natura-intereseko eremurik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik.
Hala ere, aipatzekoa da kultura-ondarean babes-maila duten elementu ugari daudela; besteak beste, honako hauek:
Babes Bereziko Kultura Ondasunak: Done Jakue bidearen bide-trazadura eta -euskarria, San Frantzisko komentuko eraikinen aurriak, Martzana kaiko zamalekua eta meategia.
Babes Ertaineko Kultura Ondasunak: «La Ceres» irin-fabrika.
Balizko arkeologia-gunea: San Frantziskoko komentua, Iturburu kaleko etxea.
Oinarrizko kontserbazioko beste batzuk (Planaren eremuko eraikin askok babes-kategoria hori dute), Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen arabera.
Planaren eremuko paisaia erabat hiritarra da, hirigune finkatu eta jendeztatu bati dagokiona, eta «Bilbo» ikuseremuan txertatuta dago. Paisaia hori «jabari antropogenikoko hiri-paisaia» motakoa da, «oso arrunta» kalifikazioarekin. Katalogatu gabeko ikuseremua da. Hala ere, hiriaren historiaren funtsezko zati bati lotutako ondare- eta kultura-elementu interesgarriak daudenez, interes historikoagatik babestu eta berroneratu beharreko multzoa da. Beraz, ikuspegi horretatik, kontserbatu beharreko elementu baliotsuak dituen paisaiatzat hartu behar da, eta horiek babestea da, hain zuzen ere, Birgaitze eta Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren barnean sartuta egotearen arrazoia. Era berean, espedientean jasotako txostenen arabera, Planak eragindako eremuak arkeologia-potentzial handia du, dagoeneko egindako aurkikuntza batzuek egiaztatu dutenez.
Eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan bildutako bi lurzati daude. Oro har, industria-jarduera izan duten azalera txikiko lurzatiak dira, baina eremuaren hego-ekialdean orban handiago bat barneratzen da, iraganean Miribilla inguruan egin zen meatze-jarduerari lotutako zabortegi zahar bati dagokiona.
Uholde-arriskuei dagokienez, 500 urteko errepikatze-denborako uholdearen orbanak eragina du eremuaren hegoaldeko eremu txiki batean.
Giroko zaratari dagokionez, esan bezala, egungo egoeran eta bizitegi-erabilerarako, kalitate akustikoaren helburuak gainditu egiten dira Planaren xede den eremuko hainbat kaletan, kontuan hartutako hiru aldietarako (eguna, arratsaldea, gaua). Eremu hori Bilboko hiri-eremurako zehaztutako Babes Akustiko Bereziko Eremuaren (BABE) barruan dago, eta badu Zarataren Ekintza Plana (2018-2023). Bertan zehazten dira Bilbo Zaharra eremuan eragin akustikoa murrizteko aplikatu beharreko neurriak.
Aurrekoa ikusita, bai eta proiektatutako jarduketak eta Planaren eragin-eremua ere, a priori, Planak proposatzen dituen jarduketak garatzeak ekarriko dituen ondorioak, funtsean, eraikinak birgaitzeko eta eraberritzeko obrei, Zabala kaleko 23B eraikina eraisteko obrei eta antzeko beste jarduketa batzuei lotuta egotea espero; horiek giza habitataren kalitatea murriztuko dute aldi baterako (zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotzea) eta hondakinak sortuko dituzte obra-fasean. Plana gauzatu ondoren, egungo hiri-bilbea nabarmen hobetzea espero da, biztanleek ez alde egiteko eta biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko, bai etxebizitzen barruan, bai espazio libreen, hiri-bilbearen eta ekipamenduen kantitateari eta kalitateari dagokienez.
Eremuaren eragin akustikoari dagokionez, ez da espero aurreikusitako jarduerek aztergai den eremuko maila akustikoa zuzenean handitzea. Planaren aldaketak, funtsean, eraikinak birgaitzeko irizpideak jasotzen ditu, eta horiek banakako azterketa akustikoak beharko dituzte, erabilera eta etorkizuneko garapena zein diren.
Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da udalerrian indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.
Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planaren aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Bilbo Zaharra eremuko Birgaitze eta Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketa puntualari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:
– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.
Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokaleku batzuekin. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.
Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenaren arabera, lurzoruaren kalitatearen adierazpena antolamendua xehatua barne hartzen duten hirigintza-tresnak behin betiko onartu aurretik egin beharko dela; edo, salbuespenez, jarduera hirigilearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko urbanizazio-proiektuari hasierako onarpena eman aurretik.
– Uholde-arriskuari dagozkion neurriak.
Arrisku horri dagokionez, Planak kontuan hartu behar du 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoa, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa ere.
– Ingurumen-zaratari buruzko neurriak:
Planaren eremua Bilboko hiri-eremurako zehaztutako Babes Akustiko Bereziko Eremuaren zati da, eta badu Zarataren Ekintza Plana (2018-2023). Bertan, Planaren xede den eremuan aplikatu behar diren zarata-murrizketako neurriak zehazten dira.
Aurrekoa alde batera utzi gabe, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, eraikin berriei aplikatu beharreko eskakizunei dagokienez, barrualderako kalitate-helburuak bete beharko dira. Horretarako, Udalak gai hori justifikatzeko txostena egin beharko du, lizentzia eman aurretik, kanpoaldea babesteko neurriak ezarrita.
– Kultura Ondarea babestea:
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatutako kultura-ondasun bat deklaratzeko balioei eragiten dien edozein esku-hartze gauzatu aurretik, proiektu tekniko espezifiko bat beharko da, ondasunaren izaerarekin eta esku-hartzearen izaerarekin bat datorrena; proiektu hori proiektuaren titularrak aurkeztu beharko du. Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen sailak onar dezan. Sail horrek zehaztuko ditu egin beharreko jarduketak. Hori guztia maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 46.2 zenbakian xedatutakoa alde batera utzi gabe.
Era berean, Planaren eremuan dauden ondare arkeologikoko ondasunei dagokienez, jabeak edo egin nahi diren obren sustatzaileak orubearen edo eraikinaren balio arkeologikoari eta obra-proiektuak izan dezakeen eraginari buruzko azterlan bat aurkeztu beharko du Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-ondarearen arloko sail eskudunak hirigintza-lizentzia eman aurretik onar dezan.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio kultur ondarearen arloan eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko sailari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.
Gainera, komenigarria izango litzateke Planaren zehaztapenetan eremu horretako kultura-ondareari buruzko atal espezifiko bat sartzea, balizko arkeologia-guneak eta egon daitezkeen arriskuen aurreko babesa jasoko dituena. Zehazki, San Frantziskoko komentuko eta Iturburu etxeko balizko arkeologia-guneak barne hartuko dituen ondare arkeologikoaren kategoria bat sartzea gomendatzen da, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko maiatzaren 5eko ebazpenean aurreikusitako mugaketa zehaztuta dokumentazio grafikoan (ebazpen horren bidez, Bilboko –Bizkaia– balizko arkeologia-guneen adierazpena egin zen). Horrez gain, hirigintza-araudian txertatu behar da Dekretu horretan eta Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betetzeko nahitaezkotasuna.
Arestian aipatutakoaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean beste gomendio batzuk jasotzen dira, Plana onartzean kontuan har daitezen:
– Babes ertaineko ondasunen maila birdefinitzea, babes ertaina lor dezaten, dekretu bidez oraindik aitortu gabe egon arren.
– Oinarrizko Kontserbazioko eraikinen balio-elementutzat hartzea konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak, oinarrizko egitura tipologia eta barne-komunikazioen konfigurazio orokorra. Esku-hartze onargarritzat hartzea elementu horiek guztiak babesteko esku-hartzeak.
– A azpitaldeko eraikinetan jarduteko baldintzetan, begiratokien eta arotzeriaren ordezkapenak mugatzea, soilik horiek lehengoratzea ezinezkoa dela behar bezala justifikatzen denean.
– Industria-ondarearen kategoria txertatzea, eta kategoria horretan sartzea San Luis meategiari lotutako instalazioak eta Cortes kaleko 29.– 31. zenbakiko eta Mesedeetako kaiko 3. zenbakiko industria-eraikinak.
– Lerrokadurak lehengoratzea eraikin hauetan: sorospen-etxe zaharra (Urrazurrutia 7 bis), Urrazurrutiako eskolak eta Urrazurrutia kaleko 36., 38. eta 38. zenbakiko eraikinak, eta dagokien babes-maila ematea.
– Ingurumena zaintzeko multzoen artean sartzea Mariaren Bihotza plaza, eta Harrobi plaza Kontzesio bidearekin lotzen dituzten eskailerak.
– Babes ertaineko ondasunen mailan txertatzea Planaren memoriaren 3. eranskinean jasotako elementuak.
– Oinarrizko kontserbazioko bizitegi-eraikinen balorazioak berrikustea, fatxadekin lotutako alderdi estetikoez eta konposizioez gain, ondasunaren balio tipologikoak ere kontuan hartuta.
– Aurkeztutako memoriaren 2.5 apartatuko 2. atalean zerrendatutako ondasunak finkatzea.
– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, Plana gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.
– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.
– Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa: Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.
Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.
– Bilboko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
– Lorategiz hornitzea jasangarritasun-irizpideak erabiliz. Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.
– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
– Hondakin solido gutxiago sortzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Bilbo Zaharra eremuko Birgaitze eta Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren xedapen-aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Bilboko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena – Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Bilbo Zaharra eremuko Birgaitze eta Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketa puntuala onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriz hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 13a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS