Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2020ko urriaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4584

EBAZPENA, 2020ko urriaren 22koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baitira zuzendaritza horren 2019ko abuztuaren 29ko Ebazpenez ezarri ziren baldintzak udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek, udal titularitateko euskaltegi publikoek 2019-2020 ikasturteko euskara ikastaroen finantzaketarako dirulaguntzen onuradun izateko, COVID-19ren eraginez helduen euskalduntzearen esparruan sortu diren ondorio kaltegarriak arintzeko helburuarekin.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, helduei euskara irakasteko antolamendu orokorra garatzen du, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek, udal titularitateko euskaltegi publikoek, dagokien erregistroan inskriba daitezen bete behar dituzten baldintzak ezartzen ditu, eta HABEren laguntza aurreikusten du zentro horien jarduera finantzatzeko, bere aurrekontu-baliabideek ahalbidetzen duten neurrian.

Dekretu horretan eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako aurreikuspenen arabera, HABEren Zuzendaritza Nagusi honek, 2019ko abuztuaren 29ko Ebazpenaren bidez, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei 2019-2020 ikasturterako dirulaguntzak emateko deialdia egin zuen, eta dirulaguntza horiek eskuratzeko baldintzak ezarri; bertan aurreikusten da, deialdiaren 12. oinarrian, dirulaguntzaren zenbatekoa nahitaez likidatu behar dela, baldin eta dirulaguntzaren zenbatekoa eragin zuten baldintzetan beherako aldaketa bat gertatu bada; kasu horietan, aitortutako dirulaguntzaren zenbatekoa gauzatutako jarduerari dagokion zenbatekoari egokitu behar zaio, oinarri horretan ezarritakoaren arabera.

Aurrekoa gorabehera, 2019-2020 ikasturtean egindako alarma-egoeraren ondorioz ezarri ziren prebentzio-arauek COVID-19k eragindako egoerari aurre egiteko, eta egoera horrek ondoren izan duen bilakaerak, aldaketa nabarmenak ekarri dituzte helduen euskalduntzearen esparruan, udal euskaltegiek eskaini dituzten zerbitzuen aldetik, bai eta zerbitzu horien eskariaren aldetik; hain zuzen ere, esparru horretan dihardutenen kaudimena eta esparruko enplegu maila arriskuan jar daitezke, neurri egokiak hartzen ez badira.

Horregatik, egokitzat jo da egoera horren eragin ekonomiko kaltegarria murrizten lagunduko duten neurriak hartzea, Zuzendaritza honen 2019ko abuztuaren 29ko Ebazpenaren bidez ezarritako baldintzak aldatuz, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek, udal titularitateko euskaltegi publikoek 2019-2020 ikasturtean antolatutako euskara-ikastaroak finantzatzeko laguntzen onuradun izateko, eta horrela saihestuz, ahal den neurrian, izaera iraunkorra izan lezaketen ondorio kaltegarriak.

Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da diruz lagundutako gastutzat hartzea, deialdiaren oinarrietan izaera hori dutenez gain, aipatutako prebentzio-arauak ezarri zirenean hasita egon eta bertan behera utzi behar izan ziren ikastaroen eraginez udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek, udal titularitateko euskaltegi publikoek jasan zituzten gastuak, eta, era berean, alarma-egoera deklaratu ondoren hastea aurreikusita egon eta hasi ezin izan zituzten ikastaroek sortu dizkietenak.

Horregatik guztiagatik, aipatutako xedapenek eta HABEren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak aitortutako ahalmenen arabera, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (aurrerantzean, DLO) eta lege horren uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak onartutako Erregelamenduarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei 2019-2020 ikasturtean antolatutako euskara-ikastaroak finantzatzeko, HABEren zuzendari nagusiak 2019ko abuztuaren 29ko Ebazpenaren bidez egindako dirulaguntzen deialdiaren 12. oinarriaren 1.1 paragrafoa aldatzea. Honela idatzita gelditu da:

1.1.– Emandako talde-orduak dirulaguntza aitortzerakoan kontuan hartutakoak baino gutxiago izan badira, esleitutako dirulaguntza proportzio berean doituko da. Hala ere, COVID-19k eragindako egoerari aurre egiteko adierazitako alarma-egoeraren ondorioz, emandako orduak edo autoikaskuntzako matrikulak murriztearen arrazoia ikastaroak etetea izan bada, edo dirulaguntza aitortzeko kontuan hartutako proiekzio akademikoan alarma-egoera deklaratu ondoren hasteko aurreikusita zeuden ikastaroak hasi ez direlako murriztu badira, ikastaro horiei dagokien dirulaguntza ez da murriztuko dirulaguntza hori justifikatzen duen gastua modu egokian egiaztatzen bada deialdiaren 11.1 oinarrian zehaztutakoaren arabera.

Bigarrena.– Interesdunei jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Donostia, 2020ko urriaren 22a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala