Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2020ko urriaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4327

EBAZPENA, 2020ko irailaren 28koa, Hezkuntza Sailaren Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien kidegoan sartzeko Hezkuntzako sailburuaren 2019ko azaroaren 14ko Aginduaren bidez deitutako lehiaketa-oposizioan hautatutako izangaien praktikaldia.

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien kidegoko praktiketako funtzionario izendatu ziren sailburu beraren 2019ko azaroaren 14ko Aginduaren bidez deitutako lehiaketa-oposizioan hautatutako izangaiak.

Aipatutako deialdiarekin bat etorriz, praktikak arautu eta kalifikazio-batzordearen osaera eta eskumenak zehaztu behar dira.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien kidegoko funtzionario izendatutako izangaien praktikak batzordeak kalifikatuko ditu. Hona batzorde horren osaera eta jardute-prozedura:

1.1.– Batzorde bakar bat eratuko da, egoitza Arabako Lurralde Historikoan izango duena, eta kide hauek izango ditu:

– Ikuskaritza nagusiko ikuskari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak izendatuko du, eta batzordeburu gisa jardungo du.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez hamar urtetan kidegoan zerbitzua eskaini dutenak. Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak izendatuko ditu, eta kide gisa jardungo dute.

1.2.– Kalifikazio-batzordearen osaera Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/

1.3.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa aplikatuko zaie kalifikazio-batzordeko kideei.

1.4.– Batzordeak izendatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko eskarmentua duten karrerako funtzionarioen tutoretzaren pean gauzatuko da praktikaldia.

Kalifikazio-batzordeak izendatuko du tutorea, lurralde bakoitzeko ikuskariburuaren proposamenez, eta praktiketan dagoen ikuskariak parte hartzen duen inguruko taldeko ikuskariak lehentasunez hautatuko dira. Nolanahi ere, lurraldeko ikuskariburuaren proposamenez, kalifikazio-batzordeak ikuskari-tutore bakoitzari –edo azken batean baita inguruko ikuskariburuei ere–, praktiketako ikuskari bat edo gehiago esleitu diezaioke.

Praktikaldia gauzatzen den bitartean esleitutako tutoretza betetzea eragozten duen gorabeheraren bat gertatuko balitz, lurraldeko ikuskariburuak beste tutore bat proposatuko du adierazitako irizpideei jarraituz, eta kalifikazio-batzordeak izendatuko du.

1.5.– Tutorearen betebeharra izango da Hezkuntza Ikuskaritzari dagozkion egitekoak gauzatzearen inguruko aholkuak eta informazioa ematea praktiketako funtzionarioei, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzaren ekainaren 28ko 98/2016 Dekretuan jaso bezala.

2.– Praktikaldiaren bukaeran, aipatutako eranskinean jasotzen diren alderdiei dagokienez hautagaiak egindako lanaren balorazioa jasotzen duen txostena egingo du ikuskari-tutoreak, eta dagokion lurraldeburuari bidaliko dio.

Era berean, eranskinean jasotzen diren alderdiei dagokienez hautagaiak egindako lanaren balorazioa jasotzen duen txostena egingo du praktikaldia burutu den ikuskaritza-lurraldeburuak, eta dagokion lurraldeburuari bidaliko dio.

Azkenik, dagokion lurraldeburuak txosten horiek bidaliko dizkio kalifikazio-batzordeari. Lurraldeburuak uste badu komeni dela informazio berria ematea, txosten osagarri baten bidez adieraziko du; txosten hori tutorearen eta inguruko buruaren txostenekin batera aurkeztuko da. Tutorearen edo inguruko buruaren txostenen adierazleren batean balorazio negatiboak edo nahikoak ez direnean, txosten osagarri hori nahitaezkoa izango da, eta, gutxienez, ebazpen honen eranskineko adierazleei erreparatu beharko die.

Gainera, batzordeak izangaiei azken txosten bat eskatu ahal izango die; horretan, egindako irakasle-praktika autoebaluatuko eta izandako zailtasunak eta jasotako laguntzak baloratuko dituzte.

Txosten guztiak dagokion kalifikazio-batzordera bidaliko dira.

3.– Hautagaien ebaluazioa kalifikazio-batzordeak egingo du, honako honen arabera:

a) Ikuskari-tutoreak, inguruko buruak, eta, horrela badagokio, praktikaldia burutu den ikuskaritza-lurraldeko buruak, praktiketako funtzionarioaren jardunari buruz egindako txostenak.

b) Hautagaiaren azken memoria-txostena, kalifikazio-batzordeak eskatuz gero.

Ikuskari-tutorearen, inguruko buruaren, eta horrela badagokio, praktikaldia burutu den ikuskaritza-lurraldeko buruaren txostenek honako hauek adierazi beharko dituzte: oinarri dituzten elementuak eta txostenak egiteko erabili dituzten agiriak.

4.– Egindako txostenak ikusita, kalifikazio-batzordeak hautagaiaren ebaluazioa egingo du, eta praktiketako funtzionarioen zerrenda igorriko dio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari, bakoitzari dagokion kalifikazioarekin batera.

5.– Praktiken kalifikazioa «gai» edo «ez-gai» izango da.

Hautatutako izangaiek «gai» kalifikazioa lortzeko, eranskinean aipatzen diren gaitasunak gainditu beharko dituzte. Gaitasun bat gainditzeko, haren esparru guztiak gainditu behar dira. Esparru bat gainditzeko, esparru horren balorazio globalean, gutxienez, 2. erreferentzia-egoera lortu behar da.

Esparruaren balorazio globalean 2. erreferentzia-egoera lortzeko, lehentasuna daukaten eginkizun bakoitzean (letra lodiz idatziak), gutxienez, 2. erreferentzia-egoera lortu beharko da. Gaitasunak, esparruak eta eginkizunak graduatzeko lau erreferentzia-egoera duen eskala baten arabera egingo da (ikusi Eranskina).

«Ez-gai» gisa kalifikatutako praktiketako funtzionarioek kalifikazio horien gaineko helegiteak aurkez ditzakete, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari aldez aurretik jakinarazita, eta bost eguneko epean, jakinarazpena egiten den egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 76. artikuluan xedatutakoaren arabera. Epe hau igarota, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak ebazpena emango du, eta dagokion kalifikazio-batzordeari eta interesdunari igorriko zaio.

Bigarrena.– Kalifikazio-batzordeak hamar eguneko epean eratu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera. Kalifikazio-batzordeak osatzeko, kide guztiek egon beharko dute, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak baloratu beharko dituen zirkunstantzia berezirik gertatu ezean. Batzordea osatzeko ekitaldiaren akta egingo da, eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaio.

Hirugarrena.– Kalifikazio-batzordeak «gai» edo «ez gai» kalifikazioen behin betiko akta idatzi ahal izateko, batzordeburuak eta gainontzeko batzordekideen erdiak egon beharko dute. Edonola ere, batzordea eratu ondoren ezinbesteak bultzaturik edo ustekabeko arrazoiengatik batzordekideetako batzuk edo batzordeburua ezin badira agertu, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari eman beharko zaio horren berri eta behar dena erabakiko du.

Laugarrena.– Praktikak, oro har, amaitutzat joko dira, eta ebaluatu egin ahal izango dira ikuskari-lanean egiazko sei hilabeteko zerbitzuak egin eta gero, gutxienez eguneko 2/3 lanaldiarekin.

Salbuespenezko kasuetan, praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoeran, amatasun-bajan edo beste ezinbesteko kasuan (aurreikusi gabeko eta salbuespenezko egoera) badago eta horren ondorioz ezin badu praktikaldia ohiko eran egin –kalifikazio-batzordeak baloratuko du–, praktikaldiak, gutxienez, hiru hilabete eta egun bat iraun beharko du, eta aldi horrek jarraitua izan beharko du (denbora horretatik, gutxienez, 60 egun izango dira haren egiazko lanean). Salbuespenezko kasu horietan, gutxienez eguneko 2/3 lanaldia egin beharko da.

Praktiketako funtzionarioak idazki bat aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari (Donostia kalea 1, Lakua, Vitoria-Gasteiz 01010), non adieraziko baitu zein den salbuespen-egoera. Idazki hori kalifikazio-batzordeari helaraziko zaio, horren berri izan dezan, eta, aldi baterako ezintasuna eta amatasun-baja ez den beste kasu bat bada, baloratu dezan, praktikaldia murriztea posible den ala ez erabakitzeko, bai eta egoera horretan posible bada ebaluazioa egiteko beharrezko den informazio lortzea ere.

Kalifikazio-batzordeak egingo duen azken aktan ebaluazioa egin behar zaien praktiketako ikuskari guztiak eta beren kalifikazioak agertuko dira. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaizkio praktikak ebaluatzeko akta horiek.

«Ez gai» kontsideratzen den izangaia hurrengo promozioan aukeratutako hautagaiei batu ahalko zaie, praktikaldia behin soilik errepikatzeko. Kasu horretan, sartuko den promozioan aukeratutako azken pertsonaren hurrengo lekua beteko du. Hurrengo urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan sartzeko hautaketa-prozedurarik deituko ez balitz, «ez gai» izendatutako ikasturtearen hurrengoan zehar bete beharko luke praktikaldia.

Lanean hasten ez denak edo bigarrenez «Ez gai» kalifikazioa jasotzen dutenak Hezkuntzako Ikuskarien karrerako funtzionarioaren izendapena jasotzeko eskubide guztiak galduko ditu. Ebazpen arrazoitu baten bidez, deialdia egin duen agintariak eskubide horien galera aldarrikatuko du.

Bosgarrena.– Praktikaldian, praktiketako funtzionarioei azterketa medikuak egiteko eskatu ahal izango du Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, kalifikazio-batzordearen proposamenez, Hezkuntzako Ikuskarian behar bezala jarduteko baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz.

Seigarrena.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari eskuduntzak ematen zaizkio, praktikaldi hau aurrera eramateko behar diren argibideak emateko.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 28a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

PATXI XABIER AIZPURUA TELLERIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala