Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2020ko urriaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4261

AGINDUA, 2020ko urriaren 7koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez 2020ko ekitaldirako dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezartzen baitira eta horietarako deialdia egiten baita, ZTBP Euskadi 2020 planaren (Bai+D+i programa) «Hiri-habitata» aukera-nitxoko helburuak lortzen lagunduko duten ideia eta proiektu berritzaileak garatzeko.

Bai+D+i (Berriz aztertu Auzoak I+G+b / Repensar los Barrios I+D+i) Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ekimena da, gure lurraldean berrikuntza sustatzeko jomuga duena eta bereziki zentratuta dagoena hiri-garapen osasungarri eta jasangarrirako proiektuetan, smart city deritzenak barne hartuta, baldin eta proiektu horiek, Bultzatu 2050 Euskadiko Hiri Agendaren esparruan eta, bereziki, hiriak berroneratzeko eta eraldatzeko egitasmoen bidez erronka estrategiko nagusiei –ingurumen-alorrekoei, sozialei, demografikoei, ekonomikoei, kulturalei, teknologikoei, segurtasunarekin lotutakoei eta osasun-arlokoei– heltzeko balio badute, betiere berrikuntzan oinarrituta eta biztanleria osoaren ongizatean sakontzen saiatuta.

Europako Hiri Jasangarriei buruzko Leipzigeko Gutuna (2007) berrikusten ari da gaur egun, eta berrikuspen hori EBko inbertsio eta I+G+b programen arretagune nagusietako bat izango da; berrikuspenak agerian utziko du hiriak, metropoli-eremuak (edo eremu funtzionalak) eta eskualdeak gero eta garrantzi handiagoa ari direla hartzen herritar guztien ongizatea lortzeko.

Hiri-berroneratzearen arazoari ikuspegi holistiko batetik heldu behar zaio, jasangarritasunaren alderdi guztien multzoa aintzat hartuta (alderdi sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak); izan ere, hiri-errealitatearekin lotutako konplexutasunek ezin dute egon «eraikuntza jasangarri» edo «energia-eraginkortasun» bezalako elementuekin lotuta soil-soilik; gainera, esparru horretan abiarazitako euskal estrategiak nazioarteko agendetan (nola mundukoetan hala Europakoetan) sartu behar dira.

Hain zuzen ere, azken urteotan, nazioarteko agendek hiri-berroneratzearen planteamenduari buruzko ikuspegia aldatu dute; zehazki, NBEk eta Europar Batasunak Hiri Agenda Berria eta Europako Hiri Agenda hartu dute beren gain, hurrenez hurren. Testuinguru horretan, Euskadiko Hiri Agendak lurralde-eremuan eragina duten politika publikoei koherentzia emateko esparru egonkor eta estrategiko bat eskaini nahi du, energia, klima-aldaketa, osasuna, enplegua, lurralde-antolamendua eta antzeko arloetan gobernuak sortutako planetan ezarritako helburuetan oinarrituta, aurrean ditugun erronka nagusiei erantzun egokia emateko gaitasuna izate aldera.

Ikuspegi berritzailea lehen mailako premia da estrategia horren barnean, bai teknologiari dagokionez (soluzioak digitalizazioan, material berrietan, mugikortasun adimentsuan, ekonomia zirkularrean eta abarretan) bai antolakuntzari dagokionez (gizarte-berrikuntza, partaidetza-eredu berriak, finantza-berrikuntza, eta abar.

Honako hauekin lotuta egongo dira epe ertain eta laburrean aurre egin beharko diegun erronketako zenbaitzuk: mugikortasuna, energia eta digitalizazioarekin loturiko bektoreen ildotik (trantsizio energetiko eta digitala); eguzki-kaptadore fotovoltaikoak integratzea (energia-mendekotasuna murrizteko); ingurunearen sentsorizazioa, gero eta handiagoa; eta gauzen Interneten eta ekonomia zirkularraren garapena, aurreikuspenen arabera, esponentziala izango dena; hori guztia, betiere, ikuspegi zabal batean (uraren, lurzoruaren, produktuen eta zerbitzuen zikloa, etab.) oinarrituta eta zaintzetara eta osasunera bideratuta (trantsizio demografiko eta soziala, etab.).

Agindu honen helburua da I+G+B-k Euskadiko Hiri Agendaren garapenari egindako ekarpenak bideratzea, merkatuaren eta gizartearen eskarira orientatutako ikerketa (Market PULL) eta zientziaren eta teknologiaren aurrerapausoek bultzatutako ikerketa (Technology PUSH) bat etor daitezen lortzea sustatzeko moduan, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP) eta Espezializazio Adimentsuko Estrategian (RIS3) ezarritakoarekin bat etorrita.

Agindu honetan bildutako ekimenen azken helburua honako hau izango da:

– EAE lurralde orekatua, kohesionatua eta jasangarria izan dadin lortzea.

– Eskuratutako jakintza indartzea, lurralde-plangintzari eta hiri-berroneratze integralari dagokienez.

– Lehentasunez jardutea kalteberatasun-egoeran dauden auzo eta eremuetan.

– Euskadin garatutako digitalizazioaren eta jasangarritasunaren arloko soluzio teknologikoak integratzea, hiriek planteatutako erronkei aurre egiteko.

– Partaidetzan oinarritutako plangintza eta kudeaketa integratu eta jasangarri bat egiteko gaitasuna sustatzea, osasuna eta osasun-alorrean berdintasuna bermatzea bilduta helburuen artean.

– Euskadiko Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren (RIS3) garapena ahalbidetzea, hiri-berroneratze integralean I+G+B aplikatuta eta berrikuntza txertatuta enpresa-lehiakortasunaren ezinbesteko faktore gisa.

– Euskadi hiri-berroneratze integralaren alorreko Europako erreferente bihurtzea.

Hiri-berroneratze integralaren inguruko proiektuak txertatzeari esker, berehala eta etorkizunean gure lurraldeak izango dituen erronkei aurre egiteaz eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, enpresa eta enplegu berriak sor daitezke.

Horrenbestez, BAI+D+i Programaren helburua honako proiektu hauek indartzea da:

– Hiri-berroneratzeari ikuspegi integral bat ematen diotenak, ahal dela, gizartean, ekonomian eta ingurumenean berrikuntza-elementuak barnean hartuz.

– Digitalizazioa, auzo kalteberen eraldaketa, zahartze aktiborako soluzioen sustapena, ekitatea, kultura eta beste hainbat alderdi txertatzea sustatzen dutenak.

– Auzoen berehalako premiei erantzuteko gaitasuna ez ezik, etorkizunean antzeko ezaugarriak dituzten beste auzo batzuetan ere aplikatu ahal izango diren soluzioak ekarriko dituztenak.

– Nola enpresek eta elkarteek hala herritarrek hirien eta hiru trantsizio handien esparruan berrikuntza disruptiboko produktu eta soluzioekin –oinarri teknologikokoak izan ala ez– loturiko ekimenak, ekintzak eta garapena gauza ditzatela sustatzen dutenak; horien lan-lerro nagusiak behean zerrendatutakoak izango lirateke, baina zerrenda ez da itxia eta geroago beste batzuk garatu edo bildu ahalko ditu; hona hemen hiru trantsizio horiek:

1.– Energetiko-Ingurumenekoa:

– Energetikoki positiboak izango diren eraikin eta auzoak garatzea.

– Naturan oinarritutako soluzioak (NOK) eraikin eta auzoetan.

– Isolatzeko gaitasun handiko material berriak.

– Eraikin eta auzoetan energia biltegiratzeko produktuak eta materialak garatzea.

– Ekonomia zirkularra bultzatzea.

– Klima-aldaketa arintzeko edo horretara egokitzeko soluzioak (klima-aldaketaren aurreko erresilientzia).

2.– Teknologiko-Digitala:

– Eraikin eta auzoko biki digitalak.

– Hiri-datuen analisia eta ustiapena.

– Hiri-plangintza dinamikorako tresnak garatzea.

– Zerbitzuak eta bizi-kalitatea hobetzeko teknologia aurreratuak.

3.– Demografikoa-Soziosanitarioa:

– Fisikoki eta digitalki eskuragarri egongo diren hiriak pertsona guztientzat.

– Biztanleriaren zahartzea. Eraikinak eta hiria biztanleria zahartura egokitzea.

– Hiri-irisgarritasuna eta -mugikortasuna.

– Mugikortasunaren kudeaketa dinamikoa.

– Hiri eta ingurune osasungarriak.

Horrenbestez, deialdi honetara aurkezten diren proposamenek bete behar duten eremu orokorrak bat etorri behar du «Hiri-habitata» nitxoko esparru estrategiko hauetako batekin:

a) Kalteberatasun-egoeran dauden bizitegi-auzoak.

b) Teknologia eta material berriak (soluzioak identifikatzea digitalizazioaren, material berrien, mugikortasun adimendunaren, ekonomia zirkularraren eta abarren esparruan).

c) Garapen ekonomikorako aukerak (alderdi teknologikotik haratago doazen alderdiak nabarmentzen ditu, eta hiri-berroneratzearen gizarte-inpaktuan ipintzen du arreta –ekintzailetza, enplegua, prestakuntza, etab.–).

d) Partaidetzarako eta gizarte-berrikuntzarako mekanismoak eta finantza-mekanismo berritzaileak (antolaketa-kontzeptuarekin bat datoz, eta gizarte-berrikuntza, partaidetza-eredu berriak, finantza-berrikuntza eta abar bultzatu beharrari erantzuten diote).

e) Nazioarteko benchmarkinga eta Europako proiektuak (zeharkakoa da, eta Euskadi auzoen hiri-berroneratzeari dagokionez Europako esparruan erreferente gisa kokatzeko borondatearekin bat dator).

f) Hiri jasangarrien eremuan 2030era begira aurre egin beharreko erronka nagusiei buruzko ezagutzak areagotzeko beste proiektu batzuk, hiru trantsizio handien eragina kontuan hartuta: «teknologiko-digitala», «energetiko-ingurumenekoa» eta «demografiko-soziosanitarioa», «ZTBP Euskadi 2030en Oinarrizko Lerro Estrategikoak eta Ekonomikoak» aurretiazko dokumentuan identifikatuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak, lurralde-antolamenduko programaren helburuen artean, I+G+b ekimenen balioa nabarmentzea aurreikusten du. Hori lortzeko, dirulaguntzen agindu berri bat izapidetu beharko dela jasotzen da lege horretan, «Hiri-habitata» aukera-nitxoaren helburuak lortzeko lagungarriak izango diren ideia eta proiektu berritzaileak bilatuz. Aurreikuspen hori gauzatzeko, «2020ko dirulaguntzak. Hiri-habitatari lotutako I+G+B ekimena (ZTBP 2020-2021-2022)» aurrekontu-partida biltzen da.

Bestalde, aipatzekoa da dirulaguntza horiek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen 2018-2020 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota daudela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Zehazki, 1. helburu estrategikoan jasotzen dira: «Hirigintza eta hiri-berroneratze integrala», «Sozialki bateratua, orekatua eta jasangarria izango den lurraldea» ardatz estrategikokoa.

Ondorioz, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak –zeinak 13. artikuluko k), l) eta m) letretan Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari esleitzen baitizkio I+G+b ekimenak babesteko funtzioa– ematen didaten eskumena baliatuta, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Laguntzearen xedea eta irismena.

1.– Agindu honen helburua da «Hiri-berroneratze integralean aplika daitezkeen proiektu berritzaileetarako» laguntzak emateko prozesua arautzea, ZTBP Euskadi 2020 planaren «Hiri-habitata» aukera-nitxoko helburuak lortzen lagunduko duten proiektuak egitea sustatzeko.

2.– Agindu honi Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (EBAO, L 187, 2014-06-26koa) eta, ondorioz, erabat haren 25.2 artikuluan identifikatutako ikerketa-kategoria hauetakoak diren proiektuen zatiak baino ez dira finantzatuko:

b) ikerketa industriala.

c) garapen esperimentala.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko –651/2014 (EB) Erregelamendua– 2. artikuluko 85. eta 86. puntuetan jasotako definizioaren arabera, diruz lagundu ahal izango dira ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerak:

1.– Ikerketa industrialeko jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko edo lehendik bazeudenak askoz hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko jomuga dute; sistema konplexuen osagaiak sortzea hartzen du barne eta laborategiko ingurune batean edo lehendik dauden sistemekin simulatutako interfazeak dituen ingurune batean prototipoak egitea ere jaso dezake, bai eta lerro pilotuak ere, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean.

2.– Garapen esperimentaleko jarduerak. Aurretik ere baziren jakintzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen plan eta egitura edo diseinuak prestatzeari begira. Horrez gain, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien kontzeptuzko definizioa, plangintza eta dokumentazioa egiteko jarduerak ere barne har ditzake.

Garapen esperimentalak honako hauek hartu ahalko ditu barne: prototipoak sortzea, erakustea, proiektu pilotuak egitea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak entseatzea eta baliozkotzea, funtzionamendu-baldintza errealen adierazgarri diren inguruneetan, betiere helburu nagusia funtsean finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak ematea bada. Halaber, komertzialki erabil daitezkeen prototipo edo proiektu pilotuak garatzea ere hartu ahalko du barne, baldin eta azken produktu komertziala badira eta haien fabrikazioa garestiegia bada erakutsiak eta baliozkotuak izateko helburu hutserako.

Garapen esperimentalak ez ditu barnean hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste operazio batzuei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek hobekuntzak ekarri.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Honako lerro hauekin bat etorriz egindako ikerketa industrialerako eta garapen esperimentalerako proiektuak edo jarduerak lagundu ahalko dira diruz:

1.– 1. lerroa: kalteberatasun handiko edo oso handiko egoeran dauden bizitegi-auzoetan hiri-berroneratze integralarekin lotutako jarduketak, «Euskadiko parke eraikia berritzeko premien diagnostikoa (2011)» eta «EAEko hiri-eremu kalteberak identifikatzeko eta geotipologizatzeko ereduaren eguneratzea (2020)»ren araberakoak edo ezaugarri berekoak, horien oinarrizko garapenak 1950 baino lehenagokoak badira (hirigune historikoetan ez daudenak) eta bizitegi-garapenak, berriz, 1950 eta 1980 bitartean eraikiak, indarrean dagoen araudiaren eskakizunak betetzen ez dituztenak.

«Esku-hartze premien diagnostikoa Euskadin eraikita dagoen etxebizitza-parkea berritzeko» lanaren arabera, parke eraikiaren % 31k ahulezia- edo kalteberatasun-maila altua edo oso altua du, eta etxebizitza horietan esku hartzeko premia oso larria da. Ezaugarri hauetako asko dituzten auzoak dira:

a) Irisgarritasun-arazo larriak hiri-eskalan (landa-eremuetatik edo industriaguneetatik gertu, periferikoak, udalerrietako auzo altuak, trantsizioguneak, orografia konplikatuko lekuak, eta abar).

b) Oinarrizko ekipamenduen eta zerbitzuen gabetasunak (udalerriko oinarrizko zerbitzuetatik urrun, Hirigintza-estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuan eskatutakoan baino zuzkidura-estandar txikiagoak izanik).

c) Eraikinen energia-eraginkortasuneko eta irisgarritasuneko arazoak (isolamendu termikorik eta berokuntzarik gabeko eraikinak edota instalazioak falta zaizkienak).

d) Eraikinaren bizigarritasun-arazoak (etxebizitza-azalerak egun indarrean den araudian eskatutako gutxieneko estandarrak baino txikiagoak, oinarrizko zerbitzuetara sartzeko arazoak, eta abar) edo kontserbazio-arazoak, inguratzaileari eta egonkortasunari dagokienez, zenbait kasutan.

e) Gizarte-kalteberatasun handia (biztanleria zahartuaren eta/edo baliabide ekonomiko baxuko biztanleriaren gizarte-profila, langabezia-tasa altuak, immigrazioa, etxebizitza horretan aldi baterako bizi diren gazteak, ikasketa-maila baxuko biztanleak, eta abar).

Lerro horretan sartuko dira, halaber, ezaugarri horiek betetzen dituzten EAEko lehentasunezko jarduketa-eremuetako esparruak (Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri eta Oiartzualdea). Ekimen hau Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak 2018ko maiatzaren 24an hartutako akordioaren barnean dago bilduta, zeinak Ezkerraldearen, Meatzaldearen eta Oiartzualdearen egoera sozioekonomikoa aztertzeko ponentzia onartzekoa.

2.– 2. lerroa:

Hiria berroneratzeko eta eraldatzeko proiektu integralak izango dira, ingurumen, gizarte, genero, demografia, ekonomia, kultura eta teknologia, segurtasun eta osasunaren arloko erronka estrategiko nagusiei berrikuntzaren ikuspegitik heldu ahal izango dietenak, herritar guztien ongizatean sakontzen saiatuz.

Hiri jasangarrien esparruan, soluzioak diseinatu, garatu eta aplikatzera bideratutako proiektuak izango dira, «ZTBP Euskadi 2030en Oinarrizko Lerro Estrategikoak eta Ekonomikoak» aurretiazko dokumentuan aurreikusitako helburuei erantzuteko, hiru trantsizio handien eragina kontuan hartuta: «teknologiko-digitala», «energetiko-ingurumenekoa» eta «demografiko-soziosanitarioa».

4. artikulua.– Erakunde eta pertsona onuradunak.

1.– Honako hauek baliatu ahal izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak:

a) Industria-jardueretan, merkataritza-jardueretan edo irabazi-asmoko zein irabazi-asmorik gabeko zerbitzuak emateko jardueretan aritzen den zuzenbide pribatuko edozein pertsona juridiko edo profesional, baita pertsona horiek osatutako elkarteak ere, interes orokorrak eta komunak ordezkatzen badituzte. Pertsona juridikoek zein elkargokide diren profesionalek alta emanda egon beharko dute jarduera ekonomikoen gaineko zergan, zehazki, euren berrikuntza-proiektuarekin lotutako jarduerari dagokion epigrafean.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileak, betiere horretarako akreditatuta badaude ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).

2.– Laguntza-erregimen honen esparrutik kanpo geratzen dira hauek:

Administrazio publikoekin lotuta edo haien mende dauden eta nortasun juridikoa duten erakunde eta sozietate publikoak, hala nola administrazio instituzionalarenak, zeinahi dela ere integratuta dauden administrazioa, aurreko 1. apartatuaren b) epigrafean bildutako entitateak salbuetsita.

5. artikulua.– Erakunde eta pertsona onuradunen betebeharrak.

1.– Hala eta guztiz ere, aurreko artikuluan adierazitako erakunde eta pertsona onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez establezimendu edo sukurtsal bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.

b) Erakunde eta pertsona onuradunak nahitaez jardun beharko dira enpresaburu eta/edo profesional gisa, eta ez dute izan behar debekurik edota gaitasun-gabetzerik dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin nahiz beste edozein erakunde publikorekin kontratuak egiteko.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren entitate autonomoek emandako mota bereko laguntzei edo dirulaguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

3.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko, erakunde eta pertsona onuradunek ezingo dute izan dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

4.– Halaber, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. zenbakitik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

5.– Krisialdian dauden entitateak izango dira onuradun izan, Krisialdian dauden enpresen salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera (2014-07-31ko AO, C 249).

6.– Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik jaso Batzordeak laguntza bat legez kontrakotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jotzea erabaki ondoren berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten erakundeek, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 1.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (EBAO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa).

7.– Laguntzak eskuratzeko kondizioek dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko dira.

8.– Arestian adierazitako betekizun eta kondizioak erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira. Adierazpen hori eskabidearekin batera jasoko da.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta aurkezpena.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez arautzen da: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak kanal elektronikoaren bidez nola izapidetu behar diren zehaztuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: tokia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabidea lortzeko eta betetzeko egoitza elektronikoa erabili behar da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1069702

3.– Espedientea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasota dauden eskabidearen geroagoko gainerako izapide guztiak honako helbide honen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Horretaz gain, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Eskabideak berekin dakar baimena organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan dirulaguntzak eskatzen dituzten pertsonek zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekin dituenak betetzen dituztela. Hala ere, pertsona eta erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak datu pertsonalak dagokien babes-mailarekin tratatzeko konpromisoa hartzen du, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta arazoari aplikatzekoa zaion gainerako araudia.

7.– Kooperazio-proiektuetarako, erakunde interesdunek eskabide bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Ondorioz, proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz arduratze aldera, proiektuan parte hartzen duten pertsona eta/edo erakundeetako batek hartu behar izango ditu bere gain administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak, bai interes teknologikoagatik, edo bai kontratista nagusia delako eta proiektuaren garapenean protagonismo handiagoa duelako. Hala, proiektua bide onetik doala bermatuko du pertsona edo erakunde horrek, eta berorren zuzendari eta partzuergoaren ordezkari izango da eta, beraz, proiektuaren lider ere izango da. Proiektuaren garapenean protagonismo handiena izateagatik lider den pertsonaren izenpe elektronikoa –edo, hala badagokion erakundearen legezko ordezkariarena– duela aurkeztuko da eskabidea.

Egoera hau berariaz adierazi behar izango du pertsona edo erakunde liderrak eskabidean eta, beraz gain, gainerako pertsona edo erakunde parte-hartzaileek ere izenpetu behar izango dute. Gainera, bai enpresa liderrari eta bai gainerako erakunde parte-hartzaileei, ahalorde-eskrituraren kopia eskatuko zaie.

8.– Inolaz ere ez zaio dirulaguntza bat baino gehiago emango pertsona fisiko, juridiko edo elkarte berari.

Pertsona edo erakunde batek bi laguntza edo gehiago eskatuz gero, organo kudeatzaileak horren berri emango dio, 10 eguneko epean zehaztu dezan zein proiekturi egiten dion uko. Pertsona interesdunaren jakinarazpenik jasoko ez balitz, organo kudeatzaileak zehaztuko du aurrekontu txikieneko proiektuak hartuko duela parte deialdian.

9.– Proiektu bakoitzeko eskabide bakar bat aurkeztu beharko da. Eskabidea bete eta honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da:

a) Eskabide-inprimakia proiektuaren lider den pertsona edo erakundeak sinatu beharko du eta honako hauek bildu beharko ditu: proiektuan parte hartzen duten pertsona eta/edo erakundeen datuak, egin beharreko jarduerak eta pertsona eta/edo erakunde bakoitzak aurreikusita duen aurrekontua.

b) Lankidetzarik egonez gero, pertsona eta/edo erakunde parte-hartzaile guztiek sinatutako akordioa eta emandako ordezkaritza-ahalordea aurkeztu beharko dira.

c) Proiektuaren memoria tekniko/ekonomikoa. Lagungarria izan behar da proiektuak balioztatzeko, deialdi honetako esleipen-irizpideen arabera, eta 30 orrialde izango ditu eskabide bakoitzak gehienez ere:

a) Proiektuaren izena.

b) Proiektuaren helburua.

c) Liderraren, kideen eta kontratisten identifikazio argia. Hala badagokio, proiektuan parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztien datuak jasoko ditu, egin beharreko jardueren xehetasunak eta horietako bakoitzerako aurreikusitako aurrekontua barne hartuta.

d) Arduraduna eta proiektuaren komunikazio-helbidea zehaztea.

e) Proiektuaren eta proposatutako soluzioaren deskribapena, haren fase guztiak, jarduera bakoitzarekin lotutako langileak eta haien arduraldia zehaztuta.

f) Proiektuan proposatutako soluzioaren izaera berritzailearen justifikazioa. Proposatutako soluzioak oinarri duen ezagutza aditua eta buruaren eta kideen I+G+B-ko jarduerak sartu beharko dira bereziki.

g) Proiektuaren garrantzi estrategikoa, agindu honen 12. artikuluan xedatutako esleipen-irizpideetan bildutako alderdiak garatuta.

h) Proiektuak merkatua aktibatzeko egin dezakeen ekarpena, agindu honen 12. artikuluan xedatutako esleipen-irizpideetan jasotako alderdiak garatuta.

i) Proiektuaren lantaldearen zehaztapena. Zehazki, honako hauek bilduko ditu: hornitzaileak, adituen profilak, bakoitzak esleituta dituen funtzioak, arduraldia, esperotako emaitzak nazioartean garatzeko bokazioa, hala badagokio.

j) Zabaltze-plana, proiektuaren emaitzak asko zabaldu daitezela konferentzien, argitalpenen, sarbide libreko oinarrien edo doako nahiz iturri irekiko programa informatikoen bidez.

k) Proiekturako proposatutako lan-metodologia. Faseen eta zereginen deskribapena jaso beharko ditu eta, horrekin batera, proiektuaren helburuak lortzeko alderdi kritikoen azterketa bat, baita horien arriskua murrizteko jarduerak ere. Erabili beharreko materialen, analisien eta ekipamenduen justifikazioa bildu beharko du. Proiektuburuaren eskema bat aurkeztuko du, oso denbora-epe mugatuan helburuak lortzeko kudeaketa aurreratuarekin.

l) Kronograma zehatza eta proiektuaren plangintza, zeregin bakoitzeko parte-hartzaileen ardurak eta bide kritikoa zehaztuta, kontuan hartuta ezinbestekoa dela lana oinarri hauetan jasotako epearen barruan bukatzea.

m) Aurreikusitako lankidetza publiko-pribatua; proiektuaren zenbait alderdi garatuko dira, baliabide publikoekin eta Administrazioaren jarduketekin lotutakoak, proiektuak arrakasta izateko aukerak areagotze aldera.

n) Proposamen Ekonomikoa. Proposamen ekonomikoak proiektuaren guztizko kostuak (BEZik gabe) banakatuta jasoko ditu, agindu honen 1.2 artikuluan zehaztutako kostu-kategorien arabera. Aurrekontua atazen eta/edo jardueren arabera egongo da banakatuta, ataza bakoitzaren barne-gastuak (proiektua zuzentzen duen eragilearen beraren eta partzuergoko kideen gastuak) eta kanpoko edo azpikontratatutako eragileen gastuak (kanpo-erakundeak azpikontratatzeagatiko gastuak) bereizita.

o) Identifikatzea proiektuaren zein zati sartuko liratekeen honako bi kategoria hauetako bakoitzean (Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25.2 artikuluan identifikatutako lau kategorietako bi dira):

b) ikerketa industriala.

c) garapen esperimentala.

p) Pertsona edo erakunde parte-hartzaile bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuak deskribatzeko memoria, gehienez 2 orrialdekoa, eta erakunde motaren egiaztagiria (erakundearen tamaina), azken 3 ekitaldietako kontu itxien bidez, erakunde eskatzaileko eta harekin elkartutako eta lotutako erakundeetako langile kopuruaren bidez.

8. artikulua.– Proiektuak betearazteko epea.

1.– Proiektuak gehienez ere hilabeteko epean hasi beharko dira, laguntza eman dela jakinarazten denetik aurrera, eta 2022ko azaroaren 30a baino lehen amaitu beharko dira.

2.– Horretaz gain, finantzatu diren lanen gutxienez % 55 egin dela egiaztatu beharko da 2021eko azaroaren 30erako. Hala egin ezean, interesdunari entzunaldi-izapidea eman ondoren, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak neurri zuzentzaileak eskatu ahalko ditu edo, hala badagokio, baita laguntzari uko egin ere; hori gertatuz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du interesdunak eta dagokion zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, jakinarazi eta 10 eguneko epea emango dio erakunde eskatzaileari, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskabidean atzera egindakotzat joko dela ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

2.– Akatsak zuzentzeko betebeharra bide elektronikoz jakinaraziko da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo behar da.

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.

3.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara mezuak bidaliz. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

4.– Kooperazioan egin beharreko proiektuen kasuan, proiektuburu edo lider den pertsona edo erakundearekin gauzatuko da jarduera hori.

10. artikulua.– Aurreikusitako kreditua eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Hiri Habitaterako laguntzak esleitzeko, guztira 400.000,00 euro bideratuko dira, EAEko 2020. urteko aurrekontu orokorren kargura, honako banakapen honi jarraikiz:

2020. urtean: 100.000 euro / 2021. urtean: 150.000 euro / 2022. urtean: 150.000 euro.

2.– Dirulaguntzak eskuratutako puntuazioaren arabera esleituko dira, lehiaketa bidez, harik eta aurrekontu-kreditua agortu arte, eta itxarote-zerrendan geratuko dira, puntuazio-ordenaren arabera, gutxieneko puntuazioa gainditu baina laguntzarik eskuratu ez dutenak.

3.– Jarduketak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera; diruz lagundu daitekeen jarduketatzat hartzeko, jarduketak 70 puntu lortu behar ditu gutxienez, balorazio-irizpideetan.

4.– Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25.5 artikuluaren arabera, onuradun bakoitzak jaso dezakeen laguntzak ez ditu hauek gaindituko:

a) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50, ikerketa industrialerako.

b) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, garapen esperimentalerako.

5.– Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntzaren zenbatekoak diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80raino igo ahalko dira, hemen adierazten den bezala:

a) portzentajezko 10 puntu enpresa ertainentzat eta portzentajezko 20 puntu enpresa txikientzat;

b) portzentajezko 15 puntu honako baldintza hauetako bat betez gero:

1) Proiektuak lankidetza eraginkorra badakar hauen artean:

– Enpresen artean, eta horietako bat gutxienez ETE bat bada, edo gutxienez bi estatu kidetan, edota estatu kide batean eta EEE hitzarmeneko alderdi kontratugile batean egiten bada, eta enpresa bakar batek diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70 baino gehiago ordaintzen ez baditu; edo

– Enpresa baten eta ezagutzak zabaltzeko eta ikertzeko erakunde baten edo gehiagoren artean: erakunde horiek, halaber, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 10 hartu behar dituzte beren gain gutxienez, eta beren ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea eduki behar dute.

2) proiektuaren emaitzak asko zabaltzea konferentzien, argitalpenen, sarbide libreko oinarrien edo doako nahiz iturri irekiko programa informatikoen bidez.

c) Atal honen aurreko epigrafeak aplikatzeari dagokionez, ETEtzat (mikroenpresatzat edo enpresa txiki edo ertaintzat) hartuko dira, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko I. eranskinean ezarritakoaren arabera, 250 langile baino gutxiago dituzten eta gehienez 50 milioi euroko negozio-bolumena duten edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak. Halaber, enpresa txikitzat hartuko dira 50 langile baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra gehienez ere 10 milioi eurokoa badute; mikroenpresatzat hartuko dira, bestalde, 10 enplegatu baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 2 milioi eurokoa badute gehienez. Kasu bietan, elkartutako edo uztartutako enpresen langile eta mugen zenbatespena 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4., 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

6.– Bi lerroetako edozeinetarako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izango da proiektuak idazteko eta gauzatzeko; 30.000 eurokoa izango da, berriz, proiektuak idazteko esklusiboki eman ahalko den gehieneko zenbatekoa.

11. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira gastuak (kontuan izanik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedaturikoaren eraginpean daudela) baldin eta, erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan jasota egonik, «ikerketa eta garapena» kategoria espezifikora esleitzen badira; zehazki, hauek izan daitezke:

a) Zuzeneko langile-kostuak: ikertzaileak, teknikariak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerketa-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileak, proiektura bideratuta dauden heinean. Horretarako, agiri bidez justifikatu beharko da pertsona bakoitzaren arduraldia.

b) Zeharkako kostuak: erakundearen administrazio-gastu orokorren zati proportzionalari dagozkio (energia elektrikoa, telefonoa, administrazio-langileak, alokairuak, etab.). Diruz lagundu daitekeen oinarria kalkulatzeko, onartutako langile-kostuen % 15 hartuko da kontuan gehienez.

c) Proiektuaren zati batzuk azpikontratatzea, erakunde onuradunek eurek ezin baitituzte egin konplexuak edo espezializatuak izateagatik. Azpikontratazio horretan ezin izango dira sartu artikulu honetan aipatu ez diren bestelako gastuak.

d) Kontratu-ikerketaren kostuak, ezagutza teknikoak edo patenteak, erositakoak edo kanpoko iturriek erabateko lehiako baldintzan emandako lizentzia bidez lortutakoak, eta proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak.

2.– Honako hauek laguntzaren xede diren kostuetatik kanpo daude:

a) BEZ eta gainerako zeharkako zergak, nola eta ez den egiaztatzen kostua eragiten diola erakunde onuradunari.

b) Honako kostu hauek:

– Aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak.

– Sustapenerako eta marketinerako materiala sortzea.

– Softwareko lizentziak erostea.

– Merkataritzako web edo plataformak garatzea.

c) Laguntza eman aurretik sortutako edozein kostu.

3.– Pertsona edo erakunde onuradunak proiektua azpikontratatu nahi badu, emandako zenbatekoaren % 85 baliatu ahalko du, gehienez, azpikontratazio horretarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoa betetzeaz gain.

12. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

1.– Hauek dira balorazio-irizpideak eta haien haztapena, 100 puntuko oinarria hartuta:

a) Proiektuaren garrantzi estrategikoa. Irizpide horren balorazioa 30 puntukoa izango da gehienez, eta honako elementu hauek hartuko dira aintzat horren barnean:

1) Eskainitako balio-proposamena eta indarra (gizarte-eraldaketarako indarra eta indar ekonomikoa). 15 puntu gehienez.

2) Proiektuaren jasangarritasuna eta emaitzen transferentzia. Proiektuaren irismenaren zabaltasuna (jasangarritasunaren hiru esparruetan: soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa) eta etorkizunerako aurreikusitako jasangarritasuna. Proiektuak etorkizunean errepikatzeko eta zabaltzeko izango dituen aukerak. 15 puntu gehienez.

b) Proiektua zer neurritan datorren bat deialdirako hautatutako esparruekin. Irizpide horren balorazioa 30 puntukoa izango da gehienez, eta honako elementu hauek hartuko dira aintzat horren barnean:

1) Proiektuaren motibazio, beharrizan eta aukerak. Agindu honen 2. artikuluan aipatutako 1. lerroaren garapenera bideratutako proiektuak. 10 puntu.

2) Proiektuaren helburuak, xedea eta kolektibo hartzailearen garrantzia. 10 puntu gehienez.

3) Proiektuaren bikaintasuna, Euskadi hiri-berroneratze integralaren alorrean Europako erreferente bihurtzeari dagokionez. 10 puntu gehienez.

c) Proiektuaren plangintza eta lanerako plana. Irizpide horren balorazioa 20 puntukoa izango da gehienez, eta honako elementu hauek hartuko dira aintzat horren barnean:

1) Proposatutako metodologiaren kalitatea eta egokitasuna. 10 puntu gehienez.

2) Proposamena berritzaile edo disruptiboa izatea. 10 puntu gehienez.

d) Diziplina-aniztasuna: proiektua elkarrekin edo talde baten barnean aurkeztea. Proiektua diziplina desberdinetako erakunde batek baino gehiagok elkarrekin edo talde baten barnean aurkezten dutenean baino ez da kontuan hartuko irizpide hori; koadro hau aplikatuko da:

(Ikus .PDF)

e) Proiektuan genero-ikuspegia integratzea. 10 puntu gehienez.

2.– Gutxienez 70 puntu lortzen ez dituzten proposamenak kanpoan utziko dira.

13. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendariari dagokio agindu honen arabera emandako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.

14. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Kide anitzeko balorazio-epaimahai bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, honela osatuko dena:

a) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularra, zeina mahaiburu izango baita.

b) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko buruzagitzaren titularra.

c) Zuzendaritza horretako arlo teknikoko bi pertsona; horietako bat idazkaria izango da.

2.– Eskatzaileen abstentzio- eta errekusatze-eskubideak bermatzeko, baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko zaie eskatzaileei balorazio-epaimahaiko kideak nor diren, organo kudeatzaileak haren osaera erabaki bezain laster.

3.– Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzaren titularrari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatu du esleipen-irizpideen arabera.

15. artikulua.– Esleipen-ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Balorazio-epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzaren titularrak dirulaguntza esleitzeko ebazpena eman eta jakinaraziko du bi hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu dirulaguntzak ebazpen horrek, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu, eta onetsitakoen kasuan, pertsona edo erakunde onuraduna, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, diruz lagundutako jarduketa, ordaintzeko modua eta epean eta dirulaguntza justifikatzeko era zein diren adieraziko ditu. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzearen arrazoiak adieraziko ditu.

2.– Aurreko paragrafoan aipaturiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko da, eta agindu honen 16. artikuluan seinalatutako mugak ezarriko dira bertan, beste hainbat elementuz gain; gainera, eta informazio gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

4.– Gehienezko epea inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde eta pertsona interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko modua eta epea.

1.– Pertsona eta erakunde onuradunek www.euskadi.eus egoitza elektronikoan («nire karpeta») izapidetu beharko dute hirugarrenaren alta.

2.– Dirulaguntza honelaxe ordainduko da:

a) Emandako zenbatekoaren % 25, ordainketa aurreratu gisako libramendu baten bitartez, 18. artikuluaren a) letran zehaztutako epea igaro ondoren, betiere onuradunak ez badio uko egin dirulaguntzari.

b) Laguntzaren zenbatekoaren % 18,75, finantzatutako lanen % 43,75en justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu eta gero; agiri horiek 2021eko maiatzaren 30a baino lehen aurkeztu behar dituzte pertsona eta erakunde onuradunek, formatu elektronikoan.

c) Laguntzaren zenbatekoaren % 18,75, finantzatutako lanen % 62,50en justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu eta gero; agiri horiek 2021eko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu behar dituzte pertsona eta erakunde onuradunek, formatu elektronikoan.

d) Laguntzaren zenbatekoaren % 18,75, finantzatutako lanen % 81,25en justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu eta gero; agiri horiek 2022ko maiatzaren 30a baino lehen aurkeztu behar dituzte pertsona eta erakunde onuradunek, formatu elektronikoan.

e) Laguntzaren zenbatekoaren gainerako % 18,75a, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak behin betiko proiektua eta dagokion memoria ekonomiko xehatua onartu ondoren, 2022ko azaroaren 30a baino lehen.

3.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diruz laguntzekoak diren gastu guztiei aplikatuko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan adierazitakoa.

2.– Laguntzen onuradun diren pertsona eta erakundeek nahitaez prestatu beharko dituzte entregatu beharreko dokumentuak –eskabidean deskribatutakoak–, eta ondoren, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzara bidali beharko dituzte.

3.– 16. artikuluko b), c) eta d) letretan eskatutako justifikazio tekniko eta ekonomikoa 16. artikuluan ezarritako epean eta moduan egingo da, eta honako hauek jaso beharko ditu gutxienez:

a) Dirulaguntza eskatu den jarduketa-lerroari dagozkion diruz lagundutako ekintzak gauzatzeari buruzko azalpen-memoria, jarduketaren ezaugarri aipagarrienak eta helburuen betetze-maila adierazita.

b) Langile-gastuei dagokienez: pertsona bakoitzak egindako orduen erantzukizunpeko adierazpena eta haietako bakoitzaren unitateko kostuaren beharrezko egiaztapena (esaterako lansarien kopia edo TC10), bai eta unitateko kostu horren kalkulua ere.

Pertsona bakoitzeko ordu-kostua honela kalkulatuko da:

KOGS x 12 x 1,25 / urteko ordu kopurua.

KOGS: langilearen hileko kotizazio-oinarria Gizarte Segurantzari, ohiko kontingentziengatik. Beste kotizazio-erregimen batzuetara atxikitako pertsonen kasuan, Gizarte Segurantzako araubide orokorrarekin parekatutako oinarri bat hartuko da. Urteko ordu kopurua langilearen urteko lanordu kopurua da, hitzarmenean bildutakoa, dagokion lanaldi-murrizketaren ehunekoak eragiten diona, langileak lanaldi-murrizketarik izanez gero. Lehenespenez, 1.720 ordu aplikatuko dira urtean.

c) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak.

d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, gastu bakoitza eta beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adierazita. (Gastu-zerrenda laburtzeko eredu-fitxa: helburu-zenbakia, jarduera-zenbakia, esleitutako gastu-zenbakia, gastuaren hartzailea eta zenbatekoa).

4.– Behin betiko proiektuaren itxierak, artikulu honetako 2. apartatuan xedatutakoa betetzeaz gain, honako hauek jaso beharko ditu gutxienez:

a) Behin betiko proiektuaren memoria teknikoa eta dagokion memoria ekonomiko xehatua; halaber, etorkizunean gauzatuko diren garapen teknologikoko eta aplikazio industrialeko lerroen proposamen justifikatu eta lehenetsi bat ere izan beharko du agiri horrek.

b) Proiektua ixteko memoria ekonomikoan hauek jasoko dira, kostu motaren arabera: batetik, onartutako gastuak, bestetik, benetan egindako gastuak.

c) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskribatzailea.

d) Proiektuan sortutako materialen kopia.

5.– Egindako proiektuan berariaz adierazi beharko da finantzaketa publikoa dela, eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzaren dirulaguntza jaso duela; beraz, jardueraren aipamena egiten den entregatu beharreko dokumentu, akta, komunikazio-ekintza, kartel eta testu guztietan sail horren logotipo ofiziala ezarri beharko da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

18. artikulua.– Pertsona onuradunaren betebeharrak eta dirulaguntzetarako bestelako baldintzak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsona eta erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluarekin bat etorriz:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde eta pertsona onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

c) Dirulaguntza esleitzen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-ekintzak bete behar dituzte, baita Espainiako zein Europako kontrol-organo eskudunek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen jarduketa oro ere. Horretarako, jarduketa horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eskaini behar dute onuradunek.

d) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik diruz lagunduriko jarduerak finantzatzeko dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Hori jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen; hala bada, agindu honen 11. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela egiaztatzea esleitzeko ebazpen-proposamena eman aurretik.

f) Erakunde eta pertsona onuradunek dirulaguntzei buruzko publizitatea eman beharko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta, edonola ere, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.

20. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Baldin eta agindu honetan xedatutako dirulaguntza jaso duen proiektuaren kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa proportzioan murriztuko da, eta orduan, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

21. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.

1.– Baldin eta eskatu eta eman zen helbururako erabiltzen ez badu dirulaguntza pertsona edo erakunde onuradunak, dirulaguntza eman zitzaion jarduera burutzen ez badu, dirulaguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, emandako justifikazioa ez bada nahikoa edo, orokorrean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan, agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako itzulketa-kausaren bat gertatzen ez bada, eman zaion eta jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako berandutze-interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. apartatuan jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu berbera duten funts publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako dirulaguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, deialdi honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoari gehiegizko kopuru hori kenduko zaio.

2.– Nolanahi ere, kontuan izan behar da Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 8.1 artikuluan hau ezartzen dela: laguntzak jakinarazteari dagokionez, atalaseak zehazterakoan kontuan hartu behar da proiektuari emandako estatuko laguntzen guztizko zenbatekoa.

23. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, erakunde eta pertsona interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 7a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala