Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2020ko urriaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4204

AGINDUA, 2020ko irailaren 30ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ebazten baitira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko ekainaren 1eko Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideak. Aipatutako aginduak goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzen ditu.

AURREKARIAK

1.– 2020ko ekainaren 17an, EHAAn argitara eman zen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko ekainaren 1eko Agindua, goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzeko dena.

2.– 2020ko ekainaren 1eko Aginduaren 10.6 artikuluarekin bat etorriz, balorazio-batzordeak dirulaguntza-eskabideen gaineko agindu-proposamena egin zuen 2020ko irailaren 29ko bilkuran, baita Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinarazi ere, hura ikusita, aurkeztutako dirulaguntza eskabideen gaineko erabakia har zezan.

Horrela bada, balorazio-batzordeak egindako agindu-proposamena ikusita eta Aginduaren 13.1 artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I. eranskinean jakinarazten diren entitateei dagozkien dirulaguntzak ematea.

Bigarrena.– II. eranskineko eskabideak ez onartzea, bertan agertzen den arrazoia dela eta.

Hirugarrena.– 2020ko ekainaren 1eko Aginduan arautako dirulaguntzak jasotzen dituztenek, testuaren 15. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Laugarrena.– Dirulaguntza bi ordainketetan pagatuko da; lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar, eta esleipen-ebazpena jakinarazitakoan eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, beste berrogeita hamarra, 2021eko urtarrilaren 1etik hara gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatutakoan, zeina 2021eko martxoaren 1a baino lehenago burutu beharko baita.

Hori horrela izateko, emandako dirulaguntza onartu egin beharko da. Dirulaguntza ematen zaiela jakinarazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek ez badiote dirulaguntzari espreski eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

Bostgarrena.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, 2021eko martxoaren 1a baino lehen, erakunde onuradunek dokumentu hauek aurkeztuko dituzte http://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bitartez:

a) Jarduerari buruzko txostena. Bertan, 2020ko ekainaren 1eko Aginduan baloratzen diren alderdiak gutxienez azaldu beharko dira.

b) Lehiaketa dirulaguntza-eskabidea aurkeztu eta gero egin bada, epailearen aktak eta lehiaketaren behin betiko programa.

c) Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko dokumentuen bidez egiaztatuko dira gastuak. Faktura eta dokumentu guztiak espedientera igo behar dira. Aurkezten diren fakturek dirulaguntzan emandako kopurua justifikatu behar dute.

d) Jarduera-gastuen zenbatekoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da gastu-zerrendan (V. eranskina).

e) Ekitaldiaren aurrekontu gauzatua; diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, baldin eta eskabideak aurkezteko unean haiek eraginkor izango ziren jakiterik ez bazegoen (IV. eranskina).

f) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak.

g) Jarduera gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

Seigarrena.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko agindua aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-agindua emango du esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko.

Zazpigarrena.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak (zenbateko osoa edo zati bat) 2020ko ekainaren 1eko Aginduan onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) 2020ko ekainaren 1eko Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-aginduan adierazitako kopurua ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

Ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

Zortzigarrena.– Interesdun guztiei agindu honen berri emango zaie banan-banan, nahiz eta EHAAn ere argitaratuko den.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala adierazten baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 30a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala