Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2020ko urriaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4201

EBAZPENA, 2020ko irailaren 28koa, Hezkuntza Sailaren Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren kidegoan sartzeko Hezkuntzako sailburuaren 2019ko martxoaren 1eko Aginduaren bidez iragarritako hautaketa-prozeduretan hautatutako izangaien praktikaldia arautzen da.

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren kidegoko praktiketako funtzionario izendatu ziren Hezkuntzako sailburuaren 2019ko martxoaren 1eko Aginduaren bidez iragarritako hautaketa-prozeduretan hautatutako zenbait izangai; horiei onartu zitzaien praktikaldia egiteko legezko atzerapen-egoeran egotea edo berriro egin behar dituzte.

Aipatutako deialdiarekin bat etorriz, praktikak arautu eta Kalifikazio Batzordearen osaera eta eskumenak zehaztu behar dira.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren kidegoko funtzionario izendatutako izangaien praktikak batzordeak kalifikatuko ditu. Hona batzorde horren osaera eta jardute-prozedura:

1.1.– EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauekin:

– Hezkuntzako ikuskari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak izendatuko du, eta batzordeburu jardungo du.

– Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak izendatutako bokal modura jardungo du.

– Maisu-maistren kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan eta Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak izendatutako bokal modura jardungo dute.

1.2.– Kalifikazio Batzordeen osaera Hezkuntza Sailaren web orrian argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/

1.3.– Kalifikazio Batzordeko kideei aplikatuko zaie Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta errekusazioari buruz ezarritakoa.

1.4.– Izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko zuzendariak proposatuta, kalifikazio-batzordeak izendatutako irakasle arituen tutoretzapean eramango da aurrera praktikaldia. Irakasle horiek ikastetxean destinoa duten Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen artean aukeratuko dira eta, ahal izanez gero, izangaiak praktikak egiten dituen espezialitatean habilitazioa dutenen artean.

1.5.– Praktikaldian esleitutako tutoretza aurrera eramatea eragozten duen gorabeheraren bat gertatuko balitz, ikastetxeko zuzendariak beste tutore bat proposatuko du, azaldutako irizpideen arabera, eta Kalifikazio Batzordeak izendatuko du.

1.6.– Baldin eta praktiketako funtzionarioek destinoa eskola unitario edo osatugabe batean badute –gutxienez Haur Hezkuntzako mailan edo Lehen Hezkuntzako ikasturteetan ziklo bakoitzeko unitate bat ez duena–, ikastetxeko ikuskariak praktiketako irakaslearen ebaluazioa egingo du eta ebazpen honen I-II eranskinak kontutan izango ditu. Horretarako, beharrezko duen informazioa eskatu ahal izango dio zuzendaritzari edo beste edozeini. Egoera hori Kalifikazio Batzordeari jakinaraziko zaio.

1.7.– Irakasle-tutoreak ondorengo gaiei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkie praktiketako funtzionarioei praktikaldian zehar:

– Irakasle-praktikaren planifikazioa.

– Irakasle-praktikaren garapena.

– Ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

– Koordinazio didaktikoa.

– Tutoretza- eta orientabide-planak.

– Hezkuntza-premia espezifikoak eta aniztasunari arreta ematea.

– Familiekiko harremanak adingabeen kasuetan.

Gainera, gomendatzen da irakasle-tutoreak praktikaldian dagoen funtzionarioaren gelara bisitaldia (hilabetean behin, gutxienez) egitea, irakaskuntza-praktikaren heziketa-behaketa egiteko, horren hausnarketa sustatzeko eta hori hobetzeko lagungarriak diren orientabideak proposatzeko.

Praktikaldia amaitzean, irakasle-tutoreak txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. Ebazpen honen II. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan.

1.8.– Zuzendaritza-taldeak ondorengo gaiei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkie praktiketako funtzionarioei praktikaldian zehar:

– Ikastetxearen hezkuntza-proiektua eta curriculum-proiektua.

– Ikastetxearen urteko plana eta urteko memoria.

– AJA (ROF) eta elkarbizitza-plana.

– Ikastetxeko gobernuko eta koordinazio didaktikoko organoen funtzionamendua.

– Hezkuntza erkidegoaren parte-hartzea.

Praktikaldia amaitzean, ikastetxeko zuzendariak txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. Ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan.

2.– Izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko erreferentziako ikuskariak koordinatuko du praktiketako funtzionario-irakasleak ebaluatzeko prozesua, ezarritako prozeduraren arabera.

Ikastetxeko zuzendariaren eta irakasle-tutorearen txostenak jasoko ditu, eta balorazio-txosten bat emango du, izangaiak egindako irakasle-lanari buruz. Horretarako, kontuan izango ditu ikastetxeko zuzendariaren eta irakasle-tutorearen txostenak, bai eta I. eta II. eranskinetan adierazitako adierazleak ere.

Aldez aurretik eta ezarritako prozeduraren arabera, ikastetxeko erreferentziako ikuskariak jasoko du izangaiaren praktikaldiari buruzko beharrezko informazio guztia, eta irakasle-praktikaren saioren bat ere ikusi ahal izango du.

Ikastetxeko erreferentziako ikuskariak Kalifikazio Batzordeari bidaliko dizkio txosten guztiak.

Gainera, Batzordeak izangaiei azken memoria bat eskatu ahal izango die; horretan, egindako irakasle-praktika autoebaluatuko eta izandako zailtasunak eta jasotako laguntzak baloratuko dituzte.

3.– Kalifikazio Batzordeak izangaien azken ebaluazioa egingo du, irizpide hauen arabera:

a) Praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruz zuzendariak, irakasle-tutoreak eta ikastetxeko ikuskariak egindako txostenak, ebazpen honen I. eta II. eranskinen arabera.

b) Izangaiaren azken memoria, Kalifikazio Batzordeak eskatuz gero.

c) I. eta II. eranskinetan adierazitako adierazleekin edo praktikaldiaren araudian dauden baldintzekin lotuta dagoen bestelako dokumentazio osagarria.

Eskola unitario edo osatugabeetan destinoa duten praktiketako funtzionarioen ebaluazioa egin behar denean, bereziki, kontuan izango da ikastetxeko erreferentziako ikuskariak praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruz egingo duen txostena.

Egokitzat jotzen badute, Kalifikazio Batzordeak ikastetxeko Hezkuntza ikuskariari eskatu ahal izango dio izangaiaren praktiken garapenari buruzko txosten osagarri bat, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan azaltzen diren alderdietan oinarrituta. Eskaera berariaz egingo da eta ezarritako prozeduraren arabera, baldin eta zuzendariaren, irakasle-tutorearen edo ikuskariaren txostenak aipatutako eranskinetan ezarritako adierazleren batean ezezko edo gutxiegizko balorazioak baditu.

Edozein kidegotako praktikako funtzionarioen kalifikazioa «ez gai» izango da izangaia nahikotasun-mailetara heltzen ez bada dagozkion eranskinetan ezarritako adierazle guzti-guztietan.

4.– Emandako txostenak kontuan hartuta, Kalifikazio Batzordeak izangaiaren azken ebaluazioa egingo du eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari helaraziko dio praktiketako funtzionarioen zerrenda, dagokion kalifikazioekin.

5.– Praktikaldien kalifikazioa «gai» edo «ez gai» izango da. «Ez gai» kalifikazioa eman zaien praktiketako funtzionarioek, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak aldez aurretik jakinarazi ondoren, bost eguneko epean, jakitera eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, alegazioak jarri ahal izango dizkiote kalifikazio horri, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 76. artikuluan xedatutakoaren arabera. Epe hori igaro ondoren, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak emango du ebazpena eta dagokion Kalifikazio Batzordeari eta interesdunari bidaliko zaie.

Bigarrena.– Kalifikazio Batzordeak hamar eguneko epean eratu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Kalifikazio Batzordeak osatzeko, kide guztiek egon beharko dute, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak baloratu beharko dituen zirkunstantzia berezirik gertatu ezean. Batzordea osatzeko ekitaldiaren akta egingo da eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaio.

Hirugarrena.– Kalifikazio Batzordeak «gai» edo «ez gai» kalifikazioen behin betiko akta idatzi ahal izateko, batzordeburuak eta gainontzeko batzordekideen erdiak egon beharko dute. Edonola ere, batzordea eratu ondoren ezinbesteak bultzaturik edo ustekabeko arrazoiengatik batzordekideetako batzuk edo batzordeburua ezin badira agertu, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari eman beharko zaio horren berri eta behar dena erabakiko du.

Laugarrena.– Praktikak, oro har, amaitutzat joko dira eta ebaluatu egin ahal izango dira irakaskuntza zuzeneko egiazko sei hilabeteko zerbitzuak egin eta gero, gutxienez 2/3ko eguneko lanaldiarekin.

Salbuespenezko kasuetan, praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoeran, amatasun-bajan edo bestelako ezinbesteko kasuan (aurreikusi gabeko eta salbuespenezko egoera) badago eta horren ondorioz ezin badu praktikaldia ohiko eran egin –Kalifikazio Batzordeak baloratuko du–, praktikaldiak, gutxienez, hiru hilabete eta egun bat izan beharko du, eta aldi horrek jarraitua izan beharko du (denbora horretatik, gutxienez, 60 egun ikasgelan edo hezkuntza-testuinguruan zuzenekoan izango dira). Salbuespenezko kasu horietan, gutxienez 2/3ko eguneko lanaldia egin beharko da. Kasu horietan, lehentasuna emango zaio ikastetxeko ikuskaria irakasle-praktikaren garapenaren saioren batera joateari.

Praktiketako funtzionarioak idazki bat aurkeztuko du, non adieraziko baitu zein den salbuespenezko egoera; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari (Donostia kalea 1, Lakua), Vitoria-Gasteiz (posta-kodea: 01010). Idazki hori Kalifikazio Batzordeari helaraziko zaio, horren berri izan dezan eta, aldi baterako ezintasuna eta amatasun-baja ez den beste kasu bat bada, baloratu dezan, praktikaldia murriztea posible den ala ez erabakitzeko.

Kalifikazio Batzordeak egingo duen azken aktan ebaluazioa egin behar zaien praktiketako irakasle guztiak eta beren kalifikazioak agertuko dira. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaizkio praktikak ebaluatzeko akta horiek.

«Ez gai» kontsideratzen den izangaiak praktiketako funtzionario gisa hasi beharko du «ez gai» izan den ikasturtearen hurrengo ikasturtean; praktikaldia behin bakarrik errepikatuko da. Hurrengo urtean deituko balitz kidego eta espezialitate bererako hautaketa-prozedura, sartu den promozio horretan, euren espezialitatean hautatutako azken izangaiaren hurrengo tokia beteko du zerrendan.

Lanean hasten ez denak edo bigarrenez «ez gai» kalifikazioa jasotzen dutenak karrerako funtzionarioaren izendapena jasotzeko eskubide guztiak galduko ditu. Ebazpen arrazoitu baten bidez, deialdia egin duen agintariak eskubide horien galera adieraziko du.

Bosgarrena.– Praktikaldian, praktiketako funtzionarioei mediku-azterketak egiteko eskatu ahal izango du Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, Kalifikazio Batzordearen proposamenez, irakaskuntzan behar bezala jarduteko baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz.

Seigarrena.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari eskuduntzak ematen zaizkio praktikaldi hau aurrera eramateko behar diren argibideak emateko.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 28a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

PATXI XABIER AIZPURUA TELLERIA.

I. ERANSKINA
ZUZENDARIAREN TXOSTENERAKO ADIERAZLEAK

Ikastetxeko kudeaketan parte hartzea.

1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldean laguntzea, ikastetxea berak behar bezala funtzionatzeko eta beraren hezkuntza-jardueretan.

2.– Hezkuntza-jardueren diseinuan eta egitean laguntzea, ikastetxeko kide bakarreko organoen proposamenez.

3.– Organo kolegiatuen hitzarmenak betetzea eta parte hartzea.

4.– Sail, ziklo eta talde-ikasgeletako taldearen akordioak betetzea, ikasleen ikaskuntzako ebaluazio eta kalifikazioari dagozkionak bereziki.

5.– Irakasleen Klaustroan eta hezkuntza komunitatean integratzea.

6.– Ikastetxearen hobekuntzan kolaborazio- eta ekarpen-jarrera.

7.– Ikastetxeko eskola- eta hezkuntza-ekintzetan parte hartzea.

8.– Eskolaz kanpoko eta osagarriak diren hezkuntza- eta irakaskuntza-ekintzak ikasleekin batera burutzeko zereginetan parte hartzea, OOGn onartuak eta Ikastetxeko Planean islatuak.

Talde-lanerako kolaborazio- eta ahalmen- jarrera.

9.– Talde-lanerako ahalmena.

10.– Ikasteko, praktika onak partekatzeko, errespetutik baliagarriak diren proposamenak egiteko eta lankideen lanaren baloraziorako jarrera irekia.

11.– Irakasleen batzarretan eta lantaldeetan era aktiboan parte hartzea eta laguntzea.

Eskola-komunitatearekin harremana.

12.– Bizikidetza positiborako eta ikaskuntzako giro onerako ekarpena.

13.– Ikasle eta familiekin harremanak eta komunikazioa izateko gaitasuna.

Eginkizunak, eginbeharrak eta betebeharrak betetzea.

14.– Ikastetxean egoteko ordutegi pertsonala betetzea.

15.– Talde-ikasgelan emateko ikasgaien ordutegiak betetzea.

16.– Ikastetxeak jarritako edozein kargu edo erantzukizun behar bezala betetzea.

17.– Irakaskuntza-funtzioak berekin dakartzan alderdi guztiak behar bezala betetzea.

II. ERANSKINA
TUTOREAREN TXOSTENERAKO ADIERAZLEAK

Ikastetxearen kudeaketan parte hartzea.

1.– Ikastetxearen antolakuntza- eta kudeaketa-dokumentuak ezagutzea.

2.– Irakasle-taldearen partaidea den aldetik, lan-batzarretan eta ikasleak hezteko prozesuan era aktiboan koordinatzea eta laguntzea.

Ikaslearen gela / motibazioaren gela / metodologia / giroaren planifikazioa eta kudeaketa.

3.– Hezkuntza eta irakaskuntza ekintzetako plangintza eta programazioa talde-ikasgelan garatzeko xedez, indarreko curriculum eta Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuari jarraikiz.

4.– Talde-ikasgelaren programazioa sailean edo zikloan ezarritako irizpideei egokitzea, etaparen curriculum-proiektuaren arabera, ondorengo gaietan:

– Estrategia metodologiko egokiak aplikatzea.

– Hezkuntza-etapari edo espezialitateari egokitutako ebaluazio-prozedurak aplikatzea.

– Ikasleen aniztasuna aintzat hartzea, hezkuntza-premia bereziak dituztenak batez ere.

– Espezialitatearen programa, bidezkoa bada.

5.– Ikasleen testuinguruari eta adinari eta ezaugarriei egokitzea.

6.– Ikasleen aniztasunaren gaia talde-ikasgelan tratatzea.

7.– Gelako antolakuntza inklusiboa.

8.– Praktika metodologiko erangikorrak eta ikasleen ezaugarrietara egokitzea.

9.– Ikasleak ikaskuntzarako motibatzea.

10.– Talde-ikasgelan sortutako gatazkak konpontzeko trebetasuna.

Ebaluazioa, ikaslearen jarraipena eta tutoretza.

11.– Prestakuntzazko ebaluazioaren eta ebaluazio sumatiboaren diseinua eta aplikazioa programatutako irakasteko eta ikasteko prozesuetan.

– Gutxieneko ezagupenak, konpetentzien garapen maila, eta zehaztutako ebaluazio-, kalifikazio- eta sustapen-irizpideak.

– Tresnak eta ebaluazio-prozedurak erabiltzea, ikasleen ebaluazio objektiboa egiteko eskubidea ziurtatzeko.

– Talde-ikasgelako ikasleek lortutako emaitzak eta ikasleek banan-banan lortutako ikaskuntza maila aztertzea.

– Ikasleen aurrerapenari jarraipena egitea.

– Ikasleei eta familiei horren berri ematea (eta behar denean, talde-ikasgelako tutoreari).

– Hobetzeko erabaki diren proposamenak: aldaketak metodologian; ekintzak egokitzea; materialak eta baliabide didaktikoak aukeratzea; ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak adostea.

12.– Tutore-lana eta horri esleitutako funtzioak betetzea.

Eskola-komunitatearekin harremana.

13.– Ikaslearen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzeko familiekin koordinatzea.

Praktikari, autoebaluazioari eta heziketari buruzko gogoetak.

14.– Etengabeko hobekuntzarako irakaskuntzari buruzko gogoetak.

15.– Ikaskuntzarako eta berrikuntzarako jarrera irekia.

16.– Prestakuntza-prozesuetan parte hartzea eta laguntzea.


Azterketa dokumentala