Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2020ko urriaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4200

AGINDUA, 2020ko irailaren 29koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuen ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko 2019-2020ko ikasturterako dirulaguntzetarako deialdia egiten duen agindua.

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko otsailaren 25eko Aginduaren bidez iragarri zen Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuen ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko 2019-2020ko ikasturterako dirulaguntzetarako deialdia (2020ko martxoaren 10eko EHAA, 48. zenbakia).

Eskaerak aurkezteko epea etenda geratu zen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua argitaratu ondoren. Dekretu horren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera aitortzen da. Dekretu horren hirugarren xedapen gehigarriaren 1. puntuan ezartzen da sektore publikoko erakundeetan prozedurak izapidetzeko epeak eten egingo direla, eta adierazten da epe horien zenbaketa Errege Dekretu horrek edo, hala badagokio, haren luzapenek indarra galtzen duten unean hasiko dela berriro.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak aitortutako alarma-egoera luzatzen duen maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretua argitaratu ondoren (2020ko maiatzaren 23ko BOE), zeinak indargabetu egiten baitu, xedapen indargabetzaile bakarrean, 2020ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin, administrazio-epeak eteten zituen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria, epe horri berriro ekin zitzaion 2020ko ekainaren 1ean, eta irekita egon zen 2020ko ekainaren 29ra arte.

Aipatutako 2020ko otsailaren 25eko Aginduak 2020ko irailaren 15era arteko gehieneko epea ezartzen du justifikazio-agiriak aurkezteko. Administrazio-epeen etenaldiaren ondorioz, atzeratzen ari da deialdiaren behin betiko ebazpena, eta, beraz, beharrezkoa da laguntzak justifikatzeko gehieneko epeari buruzko artikulua aldatzea; izan ere, behin betiko ebazpenean ematen ari den atzerapenak eragina du onuradunek justifikazio-agiriak aurkezteko orduan.

Hori dela eta, indarrean den legediak aitortzen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuen ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko 2019-2020ko ikasturterako dirulaguntzetarako deialdia egiten duen Aginduaren 12. artikuluko 3. puntua aldatzea. Hona hemen aldaketak:

«12. artikulua.– Justifikazioa.

3.– Agiri horiek aurkezteko azken eguna 2020ko abenduaren 3a izango da.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 29a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala