Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2020ko urriaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4195

EBAZPENA, 2020ko abuztuaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Munazategi II-12 hirigintza-eremuari loturiko errepide-sistema nagusiari buruzko Oņatiko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren gaineko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko maiatzaren 6an, Oņatiko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Munazategi II-12 hirigintza-eremuari loturiko errepide-sistema nagusiari buruzko Oņatiko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren gainekoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei 2020ko ekainaren 3an, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Munazategi II-12 hirigintza-eremuari loturiko errepide-sistema nagusiari buruzko Oņatiko arau subsidiarioen aldaketa puntuala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Artikulu horretan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira. Prozeduran, ingurumen-organoak erabakitzen du planak edo programak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duten ala ez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiri estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez. Bestela, ingurumena behar bezala babesteko zer zehaztapen txertatu behar diren ezartzen du.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Munazategi II-12 hirigintza-eremuari loturiko errepide-sistema nagusiari buruzko Oņatiko arau subsidiarioen aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategia egitean, zehaztapen hauekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea GI-2630 errepidetik Munazategi II-12 industria-sektorerako eta errepide ondoko baserrietarako ibilgailuen sarbidea antolatzea, biribilgune bat eraikita. Planaren bitartez, biribilgunea egiteko behar diren lursailak errepide-sistema orokorraren barne geratuko dira, eta tokiko errepide-sistemaren barne, berriz, baserrietarako sarbidea.

Duruaran errekaren gainean egin nahi da GI-2630 errepideko biribilgunea. Biribilgunea egun errepidea dagoen tokitik zertxobait ipar-mendebaldera egongo da, eta hego-mendebalderanzko norabidea izango duen bide bat izango du, Garibaiko industrialdea I.42 eta Munazategi II.12 hirigintza-eremuekin lotzeko, eta beste bide bat, ipar-ekialderanzko norabidean, errepidearen beste aldean dauden baserrietara sartzeko.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak.

Kontuan hartuta ebazpen honen A apartatuan jasota daudela plana garatzeko jarduketak, esan liteke Planak ez daukala baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

Gainera, Plana bateragarria da goragoko mailako antolamenduekin, eta egokia da ingurumen-irizpideak txertatzeko, batik bat, garapen jasangarria sustatzeari begira.

2.– Ondorioen eta eragina nozitu lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xede den eremuak 4.539,35 m2 ditu, eta Oņatiko hirigunearen ipar-mendebaldean dago, GI-2630 errepidetik ULMA Construcciķn enpresaren lantegirako sarbidean. Hain juxtu, barneko errepide batetik iristen da Munazategi II-12 hirigintza-eremura. Errepideak malda handia du Kastillokoa baserriaren parean. Eremua industria-erabilerako hiri-lurzoru finkatua da, GI-2630 errepideari lotua, eta nekazaritza eta abeltzaintzako eta landazabaleko lurzoru urbanizaezina. Azken eremu hori, Nekazaritza eta Basogintzari buruzko LAParen arabera, balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintzako lurzoru eta trantsizioko eta landazabaleko landa-paisaia gisa dago sailkatuta.

Egin den aukerak Duruaran errekaren ibilgua kaltetuko du (Oņati ibaiaren adarra); bi zatitan geratuko da lurpean, biribilgunearen pean; horietako bat, gaur egun jada gauzatuta dago GI-2630 errepidearen pean, eta ia ez da aldatuko. Bestea, berria egin beharko da. Biribilgunearen barnean geratuko den erreka zatiak ez du obren kalterik izango, eta egun bezala geratuko da.

Beraz, GI-2630 errepidearen ezkerraldea eremu antropizatua da, eta eskuinaldean hiri-ortuak eta baserriak daude. Erreka inguruan bakarrik daude zuhaitzak; erriberako landaredia eta koniferoak.

Bestalde, aztergai den eremuan ez da hauteman Batasunaren intereseko habitatik, ezta espezie mehatxaturik ere. Era berean, ez da identifikatu fauna espezie interesgarririk, ezta kudeaketa-plan onarturik duenik ere.

Eremua ez dago ezein naturagune interesgarritan edo babestutan, ezta korridore ekologikoen sarearen barnean ere.

Eremutik hurbil, kultura-intereseko bi elementu daude (Kastillokoa baserria eta Kastillokoa zubia), baina, eman den informazioaren arabera, biribilgunea eraikitzeak ez du eraginik izango horietan.

Lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden lurzoruei dagokienez, lurzoru zati txiki bat, ULMAri dagokiona (20059-00024 kodea), aztergai den eremuaren barnean dago, baina, antza, gaizki mugatuta dagoelako, GI-2630 bide-azpiegituraren barnean dagoenez.

Bestalde, planaren xede den eremuan ez dago ingurumen-arrisku adierazgarririk.

Beraz, planaren esparruan, erabat hiritarra izanik, inpaktu nagusiak biribilgunea eraikitzeko obra-fasetik eratorriko dira (lur-mugimenduak, giza habitataren kalitatea okertzea, hondakinak sortzea, makinen joan-etorriak, emisio atmosferikoen eta akustikoen ondoriozko eragozpenak, etab.). Aldi baterako izango dira, eta obrak amaitzean desagertuko dira.

Azkenik, ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, eta planaren zehaztapenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea haren gauzapenaren ondorioz, betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultur ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz, besteak beste, egiten badira. Eta bereziki beteko da Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan xedatutakoa, baita kultura-ondareari, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei eta zaratari buruzko indarreko araudian ezarritakoa ere.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

a) Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua osatzea gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduta, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

b) Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

c) Partikula eseki gutxiago airean zabaltzeko, batik bat aldi haizetsuenetan, kamioiak eta/edo obrako makineria ibiltzen diren bideak aldizka ureztatu egingo dira. Gainera, kamioiak estalkia jarrita ibiliko dira.

d) Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dagoen sektoreko lurzatiari dagokionez (20059-00024 kodea), Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotzen diren inguruabarretako bat ematen bada, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena izapidetu beharko da, aipatutako legeak ezarritako prozedurari jarraituz (aipatu legearen 31. artikulutik 34.era).

e) Landaredia babesteari dagokionez:

– Obrak hasi baino lehen eta horien zuinketak dirauen artean, ibilbide sakon bat egingo da eragindako azaleran honako hauek detektatu eta markatzeko, baldin eta halakorik balego: aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten zuhaitzak eta, behar bezala babestuz gero, kontserba daitezkeenak edo, behar izanez gero, birlandatu daitezkeenak.

– Ahal dela baliabide mekanikoak erabiliz kenduko dira sastrakak, herbiziden erabilera minimizatuz.

– Natura-interesekoa den zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

– Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, Planaren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko. Beharrezkoa bada, urbanizazio-proiektuari flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo bat atxikiko zaio, aplikatuko diren neurriak zehaztuta (landareak kentzeko eta kanpoko lurretan espezie horietako haziak edo propaguluak ez garraiatzeko).

– Erreka oneratzeko proiektua egingo da, eta hirigintza-proiektuari atxikiko zaio. Oneratu behar diren eremuak, erabiliko diren espezieak, landaketa-esparrua, metodologia, mantentze-lanak, etab., zehaztuko dira horretan. Haltzadi kantauriarreko espeziek erabiliko dira eremua lehengoratzeko.

– Obrak amaitu eta gero, zolatu gabeko eremuak eta obrek kaltetutakoak landareztatuko dira. Landareztatu behar den inguruneko berezko landarediaren espezie autoktonoekin egingo da landareztatzea.

– Lorategiak jartzen badira, inola ere ez dira landatuko espezie aloktono inbaditzaileak, eta, lorategiok diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Munazategi II-12 hirigintza-eremuari loturiko errepide-sistema nagusiari buruzko Oņatiko arau subsidiarioen aldaketa puntualak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Oņatiko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Munazategi II-12 hirigintza-eremuari loturiko errepide-sistema nagusiari buruzko Oņatiko arau subsidiarioen aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 24a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala