Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2020ko urriaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4143

EBAZPENA, 2020ko abuztuaren 31koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo «Ernaute Berri» EU-3 unitateko P-2a, P-2b eta P-4 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko otsailaren 13an, Irungo Udalak eskabide bat bete zuen, «Ernaute Berri» EU-3 unitateko P-2a, P-2b eta P-4 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko (aurrerantzean, Plana), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira kontsultak egiteko izapide horretan, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

«Ernaute Berri» EU-3 unitateko P-2a, P-2b eta P-4 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen du, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan ere, Planak ingurumenean ondorio txarrik izan ez dezan.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Ernaute Berri» EU-3 unitateko P-2a, P-2b eta P-4 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.

Planaren jarduketek hiru lurzati dituzte xede. Horiek orube eraikigarriak dira, 8.2.01-A sektorearen plan partzialeko «Ernaute Berri» 3. exekuzio-unitatea berrantolatzeko proiektuaren arabera, eta indarrean den HAPOk plan partzialaren berrantolamendu xehatua egin du.

Beraz, hauek dira berrantolatzeko proiektuaren zehaztapenak, plan partzialeko aprobetxamenduak eta indarrean den plan orokorrean jasotakoak:

Lurzati zk. Aprobetxamendua Plan Partziala HAPO/eraik./etxeb. kop.

P-2a (785 m2s) 400 m2t (2 etxebizitza) RU-26. P-4: 400 m2t (2 etxebizitza).

P-2b (785 m2s) 400 m2t (2 etxebizitza) RU-27. P-1: 400 m2t (2 etxebizitza).

P-4 (1.816 m2s) 311 m2t (1 etxebizitza) RU-27. P-3: 311 m2t (2 etxebizitza).

Indarrean den planak aipatu lurzatien kalifikazio xehatua aldatzea du xede, etxebizitza kopurua handitzeko, azalera txikiagotuta eta familia bakarreko/bi familiako etxebizitzak eraiki beharrean familia bakarreko etxebizitza atxikiak eraikita, baina etxebizitza horiei guztiei esleitutako hirigintza-eraikigarritasuna aldatu gabe.

Planak, beraz, jarduketa hauek hartzen ditu barnean:

– Familia bakarreko/bi familiako etxebizitzaren kalifikazio xehatua aldatu (RU-26, RU-27), eta familia bakarreko etxebizitza atxikiarena ematea (RD-23, RD-24). Etxebizitza kopurua handitzea; 6 zeuden aurreikusita, 11 egin nahi dira.

HAPO Plan Berezia Proposamena HAPO/eraik./etxeb. kop.

RU-26 (785,50 m2s) RD-23 (785,50 m2s) 400 m2 (t) s/r (4 etxebizitza).

RU-27 (785,50 m2s) RD-23 (785,50 m2s) 400 m2 (t) s/r (4 etxebizitza).

RU-27 (2.098 m2s) RD-24 (1.816 m2s) 311 m2 (t) s/r (3 etxebizitza).

– Arauzko lerrokadurak, sestrak eta profilak ezartzea.

– Jatorrizko antolamendua berrezarriko da, indarrean den HAPOn RU-27 kalifikazioa duen lurzoru publikoari «eremu librea-lorategiak» kalifikazioa emanda.

Planean antolatzen den eremuak 3.669 m2-ko azalera du, eta lurzoru publikoko lurzati batez eta beste hiru lurzatiz osatuta dago. Irungo hirigunearen ekialdean dago, Behobia auzoan, hain juxtu.

Eremuaren hegoaldean eta ekialdean Behobia Auzoa kalea dago, eta hiri-azpiegitura guztiak errepidetik doaz.

Sortuko diren lurzati eraikigarri guztiek zuzenean komunikatuta daude errepide horrekin; ondorioz, proposatzen diren eraikinek bermatuta izango dute azpiegituretarako sarbidea.

Planaren eremuan ez da hauteman interes geologikoko eremurik, ezta naturagune babesturik ere, eta ez dago EAEko igarobide ekologikoen sarearen barruan. Kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere ez dago.

Horrenbestez, ziurta daiteke giza habitataren kalitatearen gainekoak izango direla inpaktu adierazgarrienak, Planari loturiko eraikuntza-proiektua gauzatzearen ondorioz. Obra-fase horretan, adierazgarrienak izango dira hondakinak sortzea, airearen kalitateari erasatea eta kutsadura akustikoa eragitea.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira hizpide dugun planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak eremuaren kalifikazio xehatua soilik aldatzen du, etxebizitza kopurua zertxobait handituta; beraz, ez du eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeari begira. Plana garatuta, hiri-lurzoruaren aprobetxamendua hobetu, eta haren okupazio jasangarria bultzatuko da. Gainera, aurkeztu den dokumentazioan, obretarako ingurumen-jardunbide egokien eskuliburua aipatzen da. Hori dela eta, plana egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk. Ingurumen-inpaktu nagusiak Planari lotutako proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoa areagotuko dutelako, bai partikulen emisioengatik, bai zaratengatik, eta hondakin gehiago sortuko direlako.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo estatuko legedia txertatzeko.

2.– Nolako ingurumen-efektuak sor daitezkeen eta zer ezaugarri dituen eragina nozitu lezakeen eremuak:

Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementurik ere.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du arrisku aipagarririk, eta akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasuna oso txikia da. Ez da hauteman lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dauden edo egon diren lurzorurik.

Kutsadura akustikoari dagokionez, aurkeztu den inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, hala gaur egun, nola etorkizunean, kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dira; gauez, P-1 lurzatiaren iparraldeko mugan eta ekialdeko kantoian, ordu guztietan, P3 lurzatiaren iparraldeko erdian. Leihodun fatxadetako zarata-mailari dagokionez, gauez, fatxadetako batean, kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dira.

Planaren xede den eremua Irunen onartzekoa den Zarataren Aurkako Ekintza Planean jasota dago, «9-BABE» zehazki.

Hala bada, ingurumen-efektuen ezaugarriak eta planak eragindako eremuarenak kontuan hartuta, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-efektu adierazgarririk, baldin eta eragindako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta kutsadura akustikoari dagokienez, besteak beste.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoaren arabera. Planari loturiko proiektua betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:

– Proiektua gauzatzean, ahalegina egin behar da obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten. Jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, landaredian duen eragina kontrolatzea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta ez botatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Irungo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektatutako eraikuntzen kanpoaldean erabat gainditzen dira kalitate akustikoaren helburuak (KAH-ak). Alabaina, aztertu den eremua babes akustiko bereziko eremu izendatzekoa den baten barnean dagoela kontuan hartuta, eta dagokion zonako plana egin beharko dela (EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutako edukiaren arabera), kalitate akustikoaren helburuak gainditzen badira eta ezin badaiteke kanpoaldea babestu aipatu KAH-ak ez gainditzeko, neurri osagarriak hartu beharko da, gutxienez eraikinen barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak bete ahal izateko.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (17. lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak. (Eusko Jaurlaritza-2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:

Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

Hondakin solido gutxiago sortzea.

Lurzoruaren okupazioa murriztea.

Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

Ur gris gutxiago sortzea.

Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

Barneko airearen kalitatea hobetzea.

Konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Bildutako zehaztapenei jarraikiz, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, eta, betiere, ezarritako babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak Planean txertatzen badira, ez da aurreikusten «Ernaute Berri» EU-3 unitateko P-2a, P-2b eta P-4 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Irungo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galdu eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «Ernaute Berri» EU-3 unitateko P-2a, P-2b eta P-4 lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 31.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala