
199. zk., 2020ko urriaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (310 KB - 7 orri.)
- EPUB (227 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4142
EBAZPENA, 2020ko abuztuaren 13koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sondikako BIPLAX 1 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2020ko martxoaren 25ean, Sondikako Udalak eskabide bat bete zuen, BIPLAX 1 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Eskabide horri atxiki zitzaizkion Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira kontsultak egiteko izapide horretan, eta haien emaitza espedientean jasota dago.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Sondikako BIPLAX 1 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plan) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen du, baita Planak ingurumenaren gainean kontrako ondorio esanguratsuak ez izateko ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan ere.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Sondikako BIPLAX 1 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xede den eremua hiri-lurzoru finkatugabea da, eta 7.654 m2 ditu. Sondikako hirigunean dago.
Indarrean den Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko zehaztapenen garapen xehatua egin nahi du planak. Hala, sestra gainean ezarrita dagoen 10.595 m2 (t)-ko eraikigarritasuna kontuan hartuta, 100 etxebizitza eraikitzea baimentzen da, 4 bloketan, eraikinon kokapenarekin espazio publiko handi bat sortuta (1.900 m2-koa).
Halaber, sestra pean ezarrita dauden 5.600 m2-ak solairu bakarrean egongo dira, eta sarbide-arrapala bakarra izango du, ibilgailuek lurzatia zeharkatu beharrik ez izateko. Oinezkoen bideak ere egituratzen dira, inguruetako kaleetarako konexioak erraztuta (Izartza eta Goiri kaleekin).
Gainera, eraikinen ezaugarriak zehazten dira: lerrokadurak, hegalak, atzeraemanguneak, altuerak, aparkalekuak, estalkipeko solairua...
Bestalde, antolamenduz kanpo uzten ditu hirigintza-eremuan dauden eraikinak (gaur egun erabilerarik ez duten BIPLAX enpresaren pabiloiak); beraz, eraitsi egin ahalko dira.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak modu xehean antolatzen du eremua, hiri-lurzorua dena. Hori onartu eta gero, dagozkion hirigintzako ekintzen programa eta urbanizazio proiektua garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak lurzatiaren antolamendu xehatua garatzen du, Sondikan indarrean den Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean xedatzen diren irizpideekin bat etorrita. Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plana egokia den edo ez ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzeko: Planaren bitartez, lurzoru jada urbanizatu eta narriatua baliatuko da, eta ez da artifizialdu gabeko lurzorurik baliatuko ikastetxea eraikitzeko. Ukitutako eremuaren paisaia egokitzeko eta integratzeko jarduketen garapen-proiektuetan eta planaren ondoriozko jarduketen jasangarritasunerako sartu behar diren neurriak ezartzen ditu (argi-inpaktua gutxitzeko, energia-efizientziako eta eskari energetikoa kudeatzeko, uraren eta hondakinen kudeaketa hobetzeko eta planaren eremuaren barneko mugikortasuna hobetzeko).
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen eta lurzoru kutsatuen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, zarataren, airearen kalitatearen eta biodibertsitatearen arlokoa.
2.– Ondorioen eta eragina nozitu lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Planaren xede den eremua Basozabal auzoan dago; alegia, Sondikako hirigune nagusiaren erdi-erdian. Hiri-lurzoru finkatugabea da, udalerriko hiri-egituran erabat sartua. BIPLAX enpresaren eraikin abandonatuak daude, antolamendutik kanpo daudenak, planaren arabera. Basozabalen iparraldean, planaren xede den eremutik 300 bat metrora, Loiuko aireportua dago, eta 500 metro ingurura, aireportuko pistak.
Eremu urbanizatu eta eraikia da gehienean; pabiloi industrialak eta orubeak daude, erabilera zehatzik gabeko lurzoruetan hazi ohi den landaredia erruderal nitrofiloarekin. Lurzatiaren zati txiki batean ortu bat dago, eta sahats batzuk, lahardiak eta hiru eukalipto ale handi samar. Landare exotiko inbaditzaileak ere aipatu behar dira: Cortaderia Selloana (Panpako lezka), Phyllostachys aurea (banbua), Arundo donax (kanabera) eta Acacia dealbata (mimosa).
Ez da topatu ez naturagune babesturik, ez Batasunaren intereseko habitatik, ez ibai-ibilgurik, ez hezegunerik. Espezie babesturik eta Euskadiko korridore ekologikoen sareko elementurik ere ez dago planaren xede den eremuan.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, BIPLAX enpresaren instalazioak dauden lurzatia lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak egon diren lurzoruen inbentarioan jasota dago (48904-00039 kodea). Jaso den dokumentazioaren arabera, lurzati horren lurzoruaren kalitate-adierazpenaren izapidea egin da, eta 2017ko irailaren 12ko Ebazpenak, Ingurumen Administrazioko zuzendariarenak, BIPLAX, Industrias del mueble SA enpresa lehen zegoen lurzatiko lurzoruaren kalitate-adierazpena eman zuen.
Zarata- eta bibrazio-iturri hurbilenak eremua inguratzen duten kaleak (Izartza bidea, Goiri kalea eta Aresti bidea) eta ETSren Lutxana-Sondika trenbidea dira. Trenbidea lurpetik doa planaren xede den eremuaren parean, iparraldeko mugatik 30 bat metrora. Era berean, kontuan hartu behar da Bilboko aireportuak sortzen duen zarata.
Inpaktu akustikoaren azterketan lortutako emaitzen arabera, egungo egoeran bete egiten dira kalitate akustikoaren helburuak kanpoaldean, 2 metroko altueran, baina etorkizunean apur bat gainditzea espero da, 1 dB-tan gutxi gorabehera, bai kanpoaldean, bai Izartza bideko errepidetik gertuen dagoen fatxadan. Hala ere, neurri zuzentzaileak aplikatuta, etorkizuneko hirigintza-garapenetarako eta hizpide dugun eremu akustiko motarako (nagusiki bizitegi-lurzorua duten eremuak/sektoreak) ezarritako kalitate akustikoaren helburuak beteko lirateke. Aurkeztu den inpaktu akustikoaren azterketak kontuan hartutako neurri zuzentzailea: Izartza bidean gehieneko abiadura-muga 30 km/h izatea, planaren xede den eremuaren parean, ekialdean. Inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, neurri hori aplikatuta beteko dira kalitate akustikoaren helburuak, hala kanpoaldean, 2 metroko altueran eremu eraikigabetan, nola leihodun fatxada guztietan, altuera orotan; beraz, neurria efikaza da.
Bestalde, Euskotrenen Lutxana-Sondika trenbidearen hurbiltasuna kontuan hartuta (eremutik 30 metrora dago, lurpean), ingurumen-agiri estrategikoak EAEko hots-kutsadurari buruzko Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012) zehazten den metodologiari jarraikiz egindako bibrazio-saiakuntza baten emaitzak hartzen ditu barnean. Saiakuntza horretako emaitzen arabera, Euskotrenen trenek lurzoru-kotan eragindako bibrazio-mailak (44,9 dB) ez ditu gainditzen egingo diren eraikinen barnealdean aplikatuko diren kalitate akustikoaren helburuak (75 dB). Hala ere, egiaztapena zimendu-kotan ere egitea komeni da, eraikinetarako indusketak egitean, zimenduak bibrazio-fokutik hurbil egongo baitira.
Ondorioz, inpaktu nagusiak, a priori, etxebizitza berrien urbanizazio- eta eraikuntza-lanen ondoriozkoak izango dira; hondakinak, eraispen-hondakinak, soberakinak, istripuzko isurien arriskua eta emisio atmosferikoek eta akustikoek eragindako eragozpenak, etab. Horiek guztiak nagusiki bizitegi-erabilerakoa den eremu batean gertatuko dira.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.
Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.
Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.
Horretarako, aurkeztu den inpaktu akustikoaren azterketak kontuan hartutako neurri zuzentzailea aplikatuko da: Izartza bidean gehieneko abiadura-muga 30 km/h izatea, planaren xede den eremuaren parean, ekialdean.
Halaber, Euskotrenen Lutxana-Sondika trenbidea planaren xede den eremutik hurbil dagoela kontuan hartuta, eta eraikinen zimenduak bibrazio-fokutik gertu egongo direla, ingurumen-agiri estrategikoan adierazten denaren arabera, bibrazio-saiakuntza berriro egin beharko da eraikinen indusketak egin ostean, eraikiko diren etxebizitzen barnealdean aplikatu beharko diren kalitate akustikoaren helburuak betetzen diren egiaztatzeko, zimendu-kotan.
Planaren xede den eremuko lurzati bat lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan jasota dago eta lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura egin du, eta horri loturiko ingurumen-arriskuari dagokionez, 2017ko irailaren 12ko Ebazpenean jasota dauden baldintzak bete beharko dira, batik bat, hauek aurkeztuta industria-eraikinak eraitsi aurretik: industria-aurriaren azterketa, lur azpiko uren analisia (kokagunean kutsatzailerik ote dagoen zehazteko) eta, beharrezkoa bada, arrisku-azterketa kuantitatiboa (eraikuntza-datu berriak aztertuta). Gainera, eremuan egingo den proiektuan lur-mugimenduak egitea aurreikusita dagoenez, indusketa-plana aurkeztu beharko da.
Bestalde, eraikuntza-prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:
– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–. Inguru iragazgaiztuetan kokatuko dira horiek guztiak.
– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.
– Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.
Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko dena) ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplika dakizkiokeen segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
– Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak kontuan hartuko dira. Gida, aukerak ematen dira, birlandatu beharreko ingurunearen arabera, eta ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko.
Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.
– IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (17. lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza-2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.
Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.
Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
Ur gris gutxiago sortzea.
Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.–Zehaztea, bildutako baldintzen eta Ebazpen honetan jasotako baldintzen arabera, eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak bertan txertatzen badira, Sondikako BIPLAX 1 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ez duela ondorio adierazgarririk eragingo ingurumenean, eta, beraz, ez da beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Sondikako Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Sondikako BIPLAX 1 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 13a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
RSS