Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2020ko urriaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4132

1056/2020 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Ospitalez Kanpoko Arretako Pertsonal Administratiboaren Taldeburu lanpostu bat izendapen askez betetzeko deialdia egiten den.

Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuan, hutsik dago Ospitalez Kanpoko Arretako Pertsonal administratiboaren taldeburu lanpostua. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarrien arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Estatutario, funtzionario edo lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetzako zerbitzu-erakunderen batean, eta plaza jabetzan edukitzea C2/D2 lanbide-taldean.

b) C2/D2 lanbide-taldeari dagokion titulazioa edukitzea.

c) C2/D2 lanbide-taldean, gutxienez, 2 urteko lan-esperientzia edukitzea.

d) 2. HE (derrigortasun data: 2016-12-03).

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako baldintzak.

2.– Kontuan hartuko diren merezimenduak.

Ezagutza eta esperientzia e-Osabide aplikazio informatikoaren erabileran (profesionalen kudeaketa, agenden kudeaketa), bai kanpo-kontsultetan, bai erradiologian.

Esperientzia e-Osabideko erabiltzaileei prestakuntza ematen.

Esperientzia osasun-zentro bateko bezeroari arreta emateko arloen kudeaketa administratiboaren arloan (prozesuak, dokumentazioa).

Prestakuntza eta/edo esperientzia ekipoen antolaketan eta/edo kudeaketan.

ISOri buruzko ezagutzak.

Lantaldeetan parte hartzea.

Datuen babesaren arloko ezagutzak.

3.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetzako Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran.

Interesdunek eskabidea datu pertsonal guztiekin, eta dokumentatutako «curriculum vitae»-rekin batera, Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute (Begiristain pasealekua z.g. 20014 Donostia, Gipuzkoa). Dokumentazioa honelakoa izan behar da:

NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

Kontuan hartzeko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da beharrezkoa izango dokumentuak aurreko paragrafoan adierazi den bezala egiaztatzea, CV aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala egiaztatuta badaude; betiere, izangaiak eskabidean horrela dela adierazi baldin badu.

4.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.

5.– Hautatzeko prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu , aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

6.– Prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena.

Hemen hasitako prozeduraren amaiera (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), Osakidetzako Donostialdeko ESIko zuzendari gerentearen Ebazpenaren bitartez egingo da, eta Osakidetzako intraneten eta web-orrian argitaratuko da. Era berean, Iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik, bertan besterik xedatu ezean, behintzat,

7.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Donostia, 2020ko irailaren 1a.

Donostialdeko ESIko zuzendari gerentea.
E. (53/2019 Ebazpena, urtarrilaren 24koa).

Pertsonaleko zuzendaria,

ESTHER LITAGO SOLA.


Azterketa dokumentala