Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2020ko urriaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4050

AGINDUA, 2020ko uztailaren 28koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautu eta 2020rako deitzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko «Euskadi Turismo Bonua» programa.

COVID-19ak sortutako pandemiak eragin izugarria izan du gure gizartean. Lehenik eta behin, osasuna mehatxupean jarri da, eta horrek heriotzak, herritarren konfinamendua eta sufrimendu pertsonal eta soziala eragin ditu, iritsi aurretik nekez imajinatu zitezkeen parametroetan. Osasun- eta gizarte-krisi honen antzekorik ez dugu ezagutu aspaldi honetan, eta eragin sozioekonomiko nabarmena ere izan du, eta horrek eragin orokorra izan du gizartean, bereziki ekoizpen-sektore batzuetan.

Turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektorea da, zalantzarik gabe, kaltetuenetako bat. Konfinamendu orokorrak, birusaren aurkako borrokaren lehen uneetan, herritarren mugikortasuna ia modu orokorrean mugatuta edukitzeak eta turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-establezimenduak publiko orokorrarentzat itxita egoteak erabat geldiarazi zuen sektorearen jarduera.

Pandemiak osasunean izandako inpaktuaren zati garrantzitsuena gainditu ostean, konfinamendu-egoera arintzeko zenbait deskonfinamendu-fase izan ditugu. Faseok ekarri dituzten liberalizazioei esker, jarduera ekonomikoa normalizatzea ahalbidetu da hainbat adarretan. Hala ere, eragina oso nabarmena da oraindik ere turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektorean, ezarritako mugen ondorioz, pertsonen arteko tartea mantendu behar baita eta herritarren mugimenduari mugak jartzen baitzaizkio.

Normaltasuna berrezartzeko asmoz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bi denborako estrategia batekin jokatu du: erresistentzia eta berpizte ekonomikoa.

Erresistentziaren lehen fasean, dirulaguntzen lerro baten bidez jardun da, turismoaren sektoreari bizirauten laguntzeko.

Suspertzeko eta dinamizatzeko bigarren fasean, kontsumoa eta jarduera turistikoa berpiztu nahi dira, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko neurrien bidez. Horretarako, gainerako EAEko erakundeekin koordinatuta lan egingo da «Euskadi Turismo Bonua» delakoaren funtsezko elementuen diseinu orokorrean.

Xede horrekin, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, EAEko hiru hiriburuetako udalek eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak Jarduteko Protokolo Orokorra sinatu dute. Protokolo horren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen jarduera sinkronizatua bideratzea da, turismoarekin, sukaldaritzarekin eta ostalaritzarekin lotutako zerbitzuen krisi sanitarioa baino lehenagoko kontsumo- eta eskaera-mailak berreskuratzeko.

Gauzak horrela, Jarduteko Protokolo Orokorrak estrategia bateratu batean zertzen du erakundeen borondatea, eta kontsumoa sustatzeko neurri baten funtsezko elementuak definitzen ditu, turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreko enpresak suspertzen laguntzeko, deskontu-bonuak jaulkiz. Kontsumoa sustatzeko neurri hori eraginkorra izan da sektore horien fakturazioaren jaitsiera arintzeko.

Bestalde, administrazio sinatzaileek Erabaki honetan adostu dute pizgarri- eta estimulu-sistema berezko zerbitzu eta bitartekoen bidez ezarri eta gauzatuko dela erakunde bakoitzean, eta ez dutela hori gauzatzeko formularik zehaztuko.

Bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jo du dirulaguntzen programa baten figura erabiltzea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore turistikoetako, sukaldaritzako eta ostalaritzako establezimenduetan kontsumoa sustatzera eta bultzatzera bideratutako jarduera hori ostatuetan, jatetxeetan, ostalaritzan eta jarduera turistikoetan deskontuak eskuratzeko bonuen bidez gauzatzeko.

Aipatutako erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenen justifikatuta dago laguntza-ildo berri baten beharra, baita pandemiaren ondoriozko krisi ekonomikoa gainditzen laguntzeko eta, aldi berean, sektoreak askotan egindako eskaera bati erantzuteko esparru guztietan bultzatzen ari diren estrategietan ere.

Testuinguru horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ondo daki turismo-sektoreak bultzada ekonomikoa behar duela, alde batetik, horretan diharduten erakunde eta enpresei jarduera berrabiarazten laguntzeko, guztiei, ahal dela; eta, bestetik, ohiko jarduera eta pandemiaren aurreko egoera ahalik eta azkarren berreskuratzeko, «Euskadi Turismo Bonua» sustapen- eta pizgarri-programa honen bidez.

Honako hauek dira dirulaguntza bidezko programa honen helburuak:

– Turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako norbere konturako langileei eta txikizkako merkataritza-sektoreko mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei indartzen laguntzea, eta hurbileko eta tokiko turismoa dinamizatzea, produktu, ondasun eta zerbitzu turistikoen kontsumoa eta sukaldaritza- eta ostalaritza-zerbitzuak sustatuz eta herritarrei eta bisitatzen gaituztenei halakoak eskuratzen lagunduz.

– Sektore turistikoaren euskarri diren herritarrei eta enpresei laguntza ematea, eskaria sustatuz.

– Sukaldaritza, ostalaritza eta turismoaren jarduera dinamizatzea, udalerrian eta eskualdean duten eragina sustatuz.

– Turismo-establezimenduen maniobra-funtsa hobetzea.

Eskumenen ikuspegitik, uztailaren 28ko 13/2016 Legeak, Turismoari buruzkoak, 4.1 artikuluan zehazten ditu EAEko Turismo Administrazioaren turismo-politika bideratuko duten printzipio gidariak, eta b) eta c) apartatuetan adierazten du turismoa, sektore estrategikoa den aldetik, sustapenean oinarrituko dela, baita turismo-enpresen lehiakortasunaren hobekuntzan ere, errentagarritasunari eta fakturazioari dagokienez, eta enplegua sortzeari eta finkatzeari dagokienez.

Bestalde, lege horren 5. artikuluaren 1. paragrafoaren a) eta e) apartatuek Euskadiko Turismo Administrazioari esleitzen diote printzipio gidari horiek gauzatzeko eskumena, baita eskaintza turistikoa bultzatu eta sustatzeko neurri egokiak hartzeko eskumena ere, beste administrazio eta erakunde batzuekin koordinatuta. Agindu horrek berak 2. paragrafoan xedatzen duenez, atribuzio horiek Eusko Jaurlaritzan turismoaren arloko eskuduntza duen organoari dagozkio.

EAEko Administrazioaren egungo egiturarekin bat etorriz eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 13.1.a) artikuluaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio turismo-arloko eskuduntzak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori), Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak du laguntza-programa hau onartzeko ahalmena.

Azkenik, 2020ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako aurrekontu-kreditu nahikoa dauka laguntza-programa honek, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2020rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da «Euskadi Turismo Bonua» programa arautzea eta 2020rako deitzea, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreko establezimenduetan ondasunak, produktuak eta zerbitzuak kontsumitzea bultzatzeko, deskontu-bonuak jaulkita.

2.– Dirulaguntzen programak honako helburu hauek ditu:

– Turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako norbere konturako langileei eta txikizkako merkataritza-sektoreko mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei (ETE) indartzen laguntzea, baita turismoa dinamizatzea ere, batez ere hurbileko eta tokiko turismoa, produktu, ondasun eta zerbitzu turistikoen kontsumoa eta sukaldaritza- eta ostalaritza-zerbitzuak sustatuz, herritarrei eta bisitatzen gaituztenei halakoak eskuratzen lagunduz.

– Sektore turistikoaren euskarri diren herritarrei eta enpresei laguntza ematea, eskaria sustatuz.

– Sukaldaritza, ostalaritza eta turismoaren jarduera dinamizatzea, udalerrian eta eskualdean duten eragina sustatuz.

– Turismo-establezimenduen maniobra-funtsa hobetzea.

3.– Emandako laguntzak itzuli behar ez diren dirulaguntzak izango dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Laguntzetara zuzendutako baliabide ekonomikoak 2.000.000 euro dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jasota baitaude.

3. artikulua.– Kudeaketaren organo arduraduna eta erakunde laguntzaileak.

1.– Laguntzak kudeatzeaz arduratuko den organoa Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza izango da, eta hari dagokio programa behar bezala gauzatzen dela gainbegiratzeko eta kontrolatzeko jarduerak garatzea.

2.– Programa hau kudeatzeko lanak eta dirulaguntzen banaketa Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberaren, Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberaren eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberaren (aurrerantzean, euskal ganberak) laguntzarekin egingo dira.

3.– EAEko ganberek, dirulaguntzaren kudeaketan laguntzaile diren heinean, funtzio hauek beteko dituzte:

a) Jasotako funts publikoak Agindu honetan aurreikusitako irizpideen arabera banatzea, eta programari atxikitako establezimendu eta enpresei eskatzen zaizkien baldintza eta betekizunak betetzen direla eta eraginkorrak direla egiaztatzea.

b) Dirulaguntzen programa Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, sukaldaritza- eta ostalaritza-sektoreetako establezimendu eta enpresei zabaltzea, bai oro har, webgunearen eta sare sozialen bidez, bai banaka.

c) Establezimenduei eta enpresei informazioa eta laguntza ematea, programari atxikitzeko izapideak egin ditzaten.

d) Programa kudeatzeko euskarri izango diren plataforma teknologikoa eta aplikazio informatikoak ezartzea eta martxan jartzea, Agindu honen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

e) Programaren kudeaketa egokia kontrolatzea: atxikipen-inprimakiak jasotzea; atxikipen-eskabideak ebaztea; programan sartzeko eskabidea egin duten establezimendu eta enpresei onarpena edo ezespena jakinaraztea; egon litezkeen erreklamazioak ebaztea; establezimenduei eta enpresei esleitutako deskontu-bonuen kopurua jakinaraztea; atxikitako establezimendu eta enpresei eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta ziurtatzeko jarduketak egitea; establezimenduen zerrenda argitaratzea eta plataforma teknologikoan eguneratzea; programa bukatutakoan, aplikatu gabeko zenbatekoen itzulketak kudeatzea.

Aipatutako funtzioetan jardutean, EAEko ganberek konfidentzialtasun- eta isiltasun-betebeharrak bete beharko dituzte, negozioen eta pertsonen datuei dagokienez.

4.– Erabat debekatuta dago establezimenduei egindako diskriminazio edo tratu-desberdintasun oro, bereziki horren oinarrian baldin badago establezimendu elkartua den ala ez eta establezimendua zein elkartekoa den.

5.– Programa honi esleitutako funts publikoak printzipio hauen arabera kudeatuko dira:

a) Publikotasuna, gardentasuna, aldiberekotasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta ez-baztertzea.

b) Eman duen administrazioak finkatutako helburuak lortzean izandako efikazia.

c) Baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko eraginkortasuna.

4. artikulua.– Programari atxikitako establezimenduak eta enpresak.

«Euskadi Turismo Bonua» dirulaguntza-programari atxiki ahal izango zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden establezimendu eta enpresak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Beren jardueraren helburu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan turismoko, sukaldaritzako eta ostalaritzako ondasun, produktu eta zerbitzuak kontsumitzeko eskaintza izatea, agindu honen 10. artikuluan adierazitako turismoko azpisektoreen barruan.

b) Pertsona autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE) izatea.

Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak dira, eta gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) ezarritakoa hartuko da kontuan, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenek ezarritakoa.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte, hala badagokio.

5. artikulua.– Pertsona onuradunak.

18 urtetik gorako pertsona fisikoak izango dira laguntza hauen onuradunak, baldin eta Euskadin bizi badira edo beste leku batzuetatik bisitatzen bagaituzte, eta agindu honen 8. eta 10. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoan turismo, sukaldaritza eta ostalaritzako ondasun, produktu eta zerbitzuak kontsumitzen dituztenean.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagunduko da turismo, sukaldaritza eta ostalaritzako ondasun, produktu eta zerbitzuen kontsumoa, mota guztietakoa, deskontu-bonuak eskuratuz. Horiei esker, onuradunak erosketa-prezio txikiagoa ordainduko du ondasun, produktu eta zerbitzu horietan.

2.– Establezimendu, enpresa eta profesional hauek merkaturatutako ondasunak, produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko aplikatuko dira deskontu-bonuak:

– Ostatuak (landa-turismoa, aterpetxeak, apartamentuak, kanpinak, landetxeak eta hotelak).

– Gidari turistikoak. Jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat informazio- eta interpretazio-lana egiten dute Euskadiko interes kulturaleko ondasun eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural eta gastronomikoari buruz. Zerbitzu horiek ohikotasunez, profesionaltasunez eta prezio bidez ematen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko beste edozein hizkuntzatan.

– Bitartekaritzako turismo-enpresak. Turismoaren arloko aholkularitza-, bitartekaritza- eta antolaketa-zerbitzuak profesionaltasunez eta ohikotasunez ematen dituztenak dira, erregelamenduz ezarritako betekizunak betez, jarduera horiek egiteko baliabide propioak erabiltzeko aukerarekin, betiere, jarduera eta zerbitzu horiek EAEko hiru lurralde historikoetako edozeinen esparruan ematen badituzte. Honako hauek hartzen dira bitartekaritzako turismo-enpresatzat: bidaia-agentziak; enpresa elkartuen turismo-eskaintzen merkaturatze komuna egitea helburu duten turismo-enpresen elkarteak; erreserben zentralak, bitartekari turistikoak eta operadore turistikoak.

– Sukaldaritza- eta ostalaritza-establezimenduak (jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta tankera horretako establezimendu finkoak, guztientzat irekiak, tokian bertan kontsumitzeko otorduak eta edariak eskaintzen dituztenak modu ohikoan eta profesionalean).

– Naturan egiten diren kirol-jarduerak eskaintzen dituzten enpresak, hala nola turismo aktiboa eta abentura-turismoa. Lehia asmorik gabeko aisia-, kirol- eta abentura-jarduera turistikoak prezio baten truke modu jarraituan eta profesionalean eskaintzen dituztenak. Jarduerok egiteko, egiten diren lekuan bertan (airean, lur gainean edo uretan) naturak eskaintzen dituen baliabideak bakarrik erabiltzen dituzte, eta jarduerotan beti dago arriskua, eta beharrezkoa da neurri batean trebatuta egotea.

– Turismo-garraioko enpresak. Pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipamendu-ondasunak edukita, jarduera nagusi gisa Euskadi barruan interesekoak diren baliabide edota toki desberdinetan ibilbide gidatuak egitea duten enpresak.

– Kultura-, gastronomia- eta natura-ondarea ezagutarazten duten enpresak.

– Aisia-zentroak.

7. artikulua.– Plataforma teknologikoa.

1.– Dirulaguntzen programa berariazko plataforma teknologiko baten bidez eta teknikoki egokienak diren aplikazio informatikoen bidez kudeatuko da, deskontu-bonuen funtzionamendua abiarazteko eta eraginkortasunez gauzatzeko.

2.– Plataforma horren bidez, dirulaguntzen programari atxikitzeko izapide guztiak egingo dira, baita deskontu-bonuak jaulki, lortu, aplikatu, trukatu eta konpentsatzeko eragiketa guztiak ere, agindu honen 8., 9., 11. eta 13. artikuluetan zehaztutako moduan.

8. artikulua.– Dirulaguntzak egikaritzeko prozedura.

1.– Deskontu-bonuak hiru baliotan emango dira (5, 10 eta 20 euro), eta programari atxikitako establezimendu eta enpresetan onuradunek egindako erosketa-balioaren arabera aplikatuko dira (20, 40 eta 60 euro). Deskontu horiek establezimendu eta enpresa horiei konpentsatuko zaizkie, agindu honen 13. artikuluan jasotako sistemaren bidez.

2.– Deskontu-bonuek honela funtzionatuko dute:

– 5 euroko deskontu-bonuak 20 euroko gutxieneko erosketetan erabili ahalko dira programari atxikitzen zaizkion ostalaritzako, sukaldaritzako eta interes turistikoko jardueretako establezimendu eta enpresetan.

– 10 euroko deskontu-bonuak 40 euroko gutxieneko erosketetan erabili ahalko dira programari atxikitzen zaizkion ostalaritzako, sukaldaritzako eta interes turistikoko establezimendu eta enpresetan.

– 20 euroko deskontu-bonuak 60 euroko gutxieneko erosketetan erabili ahalko dira programari atxikitzen zaizkion ostalaritza-establezimenduetan.

3.– Programari atxikitako establezimendu eta enpresek, agindu honen 7. artikuluan aurreikusitako plataforma teknologikoaren bidez, deskontu-bonuen kopuru jakin bat eskuratu ahal izango dute, eta horien bidez deskontua aplikatu eta konpentsatzeko eragiketa guztiak egingo dira.

4.– Atxikitako establezimendu edo enpresa bakoitzari dagozkion bonuen kopurua lineala izango da, eta jaulkitako bonuen kopuruaren eta deialdian parte hartzen duten establezimenduen kopuruaren arteko erlazioaren araberakoa izango da.

5.– Deskontu-bonuak atxikitako establezimendu eta enpresek berek aplikatuko dituzte turismo, sukaldaritza eta ostalaritzako ondasun, produktu eta zerbitzuak erosten diren unean; gehienez ere bi deskontu-bonu emango dituzte establezimendu edo enpresa bakoitzean faktura bakoitzeko, eta erabiltzaile bakoitzak gehienez ere 40 euroko deskontua izango du, eta NANaren bidez identifikatu beharko da.

6.– Atxikitako establezimendu eta enpresek onuradunaren nortasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute plataforman egiten duten eragiketa bakoitzeko, baita deskontu-bonuarekin jarduteko beharrezkoak diren zenbatekoen faktura ere. Halaber, plataforma horretan gorde, kontabilizatu eta ordainduko dira atxikitako establezimendu edo enpresa bakoitzari aplikatutako deskontu-bonuak.

9. artikulua.– Deskontu-bonu erabilgarriak eta lurralde historikoen araberako banaketa.

1.– Guztira 250.000 deskontu-bonu emango dira, eta EAEko ganberek banatuko dituzte hiru lurralde historikoetan, bakoitzaren pisu demografikoaren arabera. Lurralde-banaketa horren arabera, ehunekoak eta deskontu-bonuen kopurua honako hauek izango dira:

– Bizkaiko Lurralde Historikoa: % 52; 130.000 deskontu-bonu.

– Gipuzkoako Lurralde Historikoa % 33; 82.500 deskontu-bonu.

– Arabako Lurralde Historikoa: % 15; 37.500 deskontu-bonu.

Agindu honen I. eranskinean deskontu-bonuen banaketa ageri da, lurralde historikoen eta turismoko azpisektoreen arabera.

2.– Hala ere, eskabideen egoerak hala eskatzen badu, banaketa hori egokitu egin ahal izango da, onuradunen artean ahalik eta deskontu-bonu gehien banatu ahal izateko.

10. artikulua.– Deskontu-bonuen motak, turismoko azpisektorearen arabera.

1.– Deskontu-bonuak lau motatakoak izan daitezke, xede dituen turismo-industriako azpisektoreen arabera:

– Ostalaritzako bonua. Eustaten estatistika-taulen sailkapenean «563. edarien establezimenduak» kalifikazioa duten establezimenduentzat, turismo-arlo bereizgarrienei dagozkienak.

– Sukaldaritzarako bonua. Eustaten estatistika-taulen sailkapenean «561. jatetxeak eta janari-postuak» kalifikazioa duten establezimenduentzat, turismo-arlo bereizgarrienei dagozkienak.

– Turismo-intereseko jardueretarako bonuak. Sukaldaritza, ostalaritza eta ostatuez bestelako establezimendu eta enpresentzat.

– Ostatu-bonua. Ostatu-establezimenduetara zuzenduta.

2.– Turismoko azpisektore bakoitzari deskontu-bonuen kopuru jakin bat esleituko zaio, agindu honen I. eranskinean adierazten den bezala.

11. artikulua.– Dirulaguntzen programara atxikitzeko prozedura.

1.– Establezimenduak eta enpresak «Euskadi Turismo Bonua» dirulaguntzen programari atxikitzeko epea hiru astekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Atxikimendua eskatzeko inprimakia agindu honen II. eranskinean dago jasota, eta EAEko ganberen egoitzetan eta agindu honen 7. artikuluan aurreikusitako plataforma teknologikoan izango dute eskura establezimendu eta enpresek. Interesa duten entitateek plataforma horretara bidaliko dute eskabidea telematikoki.

3.– EAEko ganberek atxikitzeko eskabidea onartu edo baztertu dutela jakinaraziko diete erakunde eskatzaileei. Atxikitako establezimendu eta enpresei beharrezko den dokumentazioa eta programaren sustapen-materiala emango zaie.

4.– EAEko ganberek plataforma teknologikoan argitaratuko eta eguneratuko dute programari atxikitako establezimenduen eta enpresen zerrenda.

12. artikulua.– Programari atxikitako establezimendu eta enpresen betebeharrak.

Dirulaguntzen programa honi atxikitako establezimendu eta enpresek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Establezimenduaren kanpoaldean programari atxikita dagoela ezagutaraztea, publizitate-materialak jasoz eta jarriz.

b) Hala nahi duten bezeroen eskura jartzea programaren balorazioari buruzko galdera sorta labur bat.

c) Harremanetan jartzeko aukera izatea, funtzionamendua egiaztatzeko eta, oro har, prozesuaren eta programaren inguruan zer iritzi duten egiaztatzeko.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiaztatu eta kontrolatu ahal dituen bitartean, jasotako funtsen aplikazioa frogatzen duten bonu, erosketa-txartel edo faktura guztiak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailera bidali arte gordetzea.

13. artikulua.– Programari atxikitako establezimendu eta enpresek aplikatutako deskontu-bonuak trukatzeko prozedura.

1.– Programari atxikitako establezimendu eta enpresek asteroko deskontu-bonuak erabili ahal izango dituzte plataforma teknologikoaren bidez eta programa kudeatu eta gauzatzeko garatuko diren aplikazio informatikoen bidez.

2.– Azken kopurua programari atxikitako establezimenduak edo enpresak horretarako ezarritako kontu-zenbakian sartuko da. Deskontu-bonuak ez dira inola ere eskudirutan trukatuko.

3.– Trukea egiteko orduan, honako hauek aurkeztu beharko dira justifikazio gisa: programari atxikita egotearen egiaztagiriak, onuraduna identifikatzeko agiriak, erosketa-txartela edo aplikatutako deskontu-bonu bakoitzari dagokion faktura.

14. artikulua.– Laguntzen indarraldia.

1.– Dirulaguntzen programa honetako deskontu-bonuen baliozkotasuna Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremura bakarrik mugatuko da.

2.– Dirulaguntzen programa honek argitaratzen den egunaren hurrengoan hartuko du indarra ondorio guztietarako, eta 2020ko abenduaren 31n amaituko da.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako eguna baino lehen programa honi lotutako funts publikoak agortzen badira, Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailak horren berri eman beharko du.

15. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan araututako laguntzak bateragarriak dira beste edozein laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, publikoak zein pribatuak izan.

16. artikulua.– Ikuskatzea eta ez-betetzeak.

1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotzen dituen egiaztapen, ikuskapen eta gainerako kontrol guztiak egin ahal izango ditu ziurtatzeko baliabide publikoak ondo erabiliko direla eta dirulaguntzen programa hau modu egokian garatu eta aplikatuko dela.

2.– Atxikitako establezimenduek edo enpresek ez-betetzeren bat izango balute, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak programarekiko atxikipena bertan behera utzi ahal izango die, eta horren berri emango die EAEko ganberei, deskontu-bonuak trukatzea galarazteko.

3.– Atxikitako establezimendu eta enpresek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, EAEko ganberek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunetan eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

1.– Dirulaguntzen programa honi atxikitzeko eskabidea betetzean eskuratutako datu pertsonalak, baita deskontu-bonuen onuradunenak ere, «turismoaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Honako arau hauen arabera tratatuko dira datu horiek: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta laguntza-programa honen kudeaketara mugatuko dira modu esklusiboan.

2.– Interesdunak jakinaren gainean daude, eta baimena ematen dute beren datuak aipatutako helbururako erabiltzeko eta EAEko ganberei lagatzeko, eta azken horiek arduratuko dira dirulaguntzen programak irauten duen bitartean datuak tratatzeaz, programaren ondorioetarako bakarrik.

18. artikulua.– Isilpekotasuna.

Dirulaguntzen programa honen esparruan sortzen den informazioa ez da erabiliko dagokion esparruko helburuez bestelakoetarako.

19. artikulua.– Publizitatea.

«Euskadi Turismo Bonua» dirulaguntzen programaren irudia eta #euskaditurismobono traola atxikitako establezimendu eta enpresek sortzen dituzten material inprimatuetan sar daitezke, besteak beste, karteletan, liburuxketan eta informazio-orrietan.

20. artikulua.– Proiektua garatzeko baldintzak.

1.– Programa garatzean, atxikitako establezimendu eta enpresek ezin izango dituzte urratu Estatuko zein nazioarteko edozein tresna legaletan hirugarren pertsonei onartutako eskubideak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala barne.

2.– Era berean, 1083/2006 (EE) Erregelamenduko I. tituluko IV. kapituluko 16. eta 17. artikuluetan jasotako jarraibideei jarraikiz, laguntza-tresnen bidez, atxikitako establezimendu eta enpresek egiten duten merkataritza-jarduerak Erregelamendu horretako irizpideak errespetatu beharko ditu. Hori dela eta, sentsibilizazioa egingo da garapen jasangarriarekin eta ingurumenaren babesa eta hobekuntza sustatzearekin lotutako jardunbide egokien inguruan, baita enpresetan bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzearekin zerikusia duten ekintzen inguruan ere. Halaber, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egingo da, eta sexu, arraza edo jatorri etniko, erlijio edo sinesmen, elbarritasun, adin edo sexu-orientazioan oinarritutako bereizkeriaren aurka.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera, atxikitako establezimendu eta enpresek, beren jarduera zabaldu eta egiteko, euskara eta gaztelania erabiliko dituzte, ahal dela, baina beste hizkuntza batzuk ere erabili ahal izango dituzte hala behar denean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko arauak; prozedura-arloan, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 28a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala