Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2020ko irailaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3923

EBAZPENA, 2020ko irailaren 16koa, HABEko zuzendariarena, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2020-2021 ikasturteko dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena eta horiek esleitzeko baldintzak eta prozedura arautzen dituena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. oinarrian ezarria dauka HABEk laguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen muga barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduen euskalduntzegintzan jardunez, HABEk jarritako helburuak lor daitezen, HABEren zuzendari nagusiak ikasturte akademiko bakoitzaren hasieran dirulaguntzen deialdia egingo duelarik.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2018-2020 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politika alorrean 7. helburu orokor bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, «47130 udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei zuzendutako dirulaguntzak» kodea duen ekintza-atalean. Plan hori garatzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, 2020ko urtarrilaren 30eko Aginduaren bidez, 2020rako Dirulaguntzen Urteko Plana onartu zuen, deialdi honetan aurreikusitakoak barne hartuta.

Bidezkoa da, beraz, 2020-2021 ikasturterako dirulaguntzen deialdia egitea eta finantzaketa-moduluak ezartzea, honen bidez udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, hau da, udal euskaltegi deituei, dagozkienak finkatuz, eta laguntza horiek emateko baldintzak eta prozedura arautzea.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Dirulaguntzen Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, aurrerantzean DLO) eta Lege hori garatzen duen Erregelamenduak (uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak) ezartzen dutenaren arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, zuzendutako 2020-2021 ikasturteko dirulaguntzen deialdia egitea, dirulaguntzak aitortzeko ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetako oinarrietan aurreikusitako baldintzen, prozeduraren eta formularioen arabera.

Bigarrena.– Interesdunei jakinaraztea Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Donostia, 2020ko irailaren 16a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Helburua eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Ebazpen honen helburua da udal euskaltegiei 2020-2021 ikasturteko euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien dirulaguntzen baldintzak eta prozedura arautzea.

2.– Laguntzarako eman daitezen kopuruak HABEk bere aurrekontuetan horretarako dituen fondoetatik emango dira, hau da, 12.810.000 euro, dirutza hori izango delarik aurreikusitako laguntza guztien gehieneko muga jarriko duena.

3.– Dirutza hori eskatutako finantzaketa behar guztiei erantzuteko aski ez balitz, dirulaguntzak hainbanatu egingo dira onuradunen artean, deialdi honetan ezartzen diren irizpideei jarraikiz jaso beharko lituzketen kopuruak kontuan izanda.

2. oinarria.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honen bidez deitutako dirulaguntzen onuradunak HABEren Erregistroan euskaltegi publiko gisa sailkatutakoak izan daitezke, betiere ondoren zehazten diren baldintzak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta DLOren 13. artikuluan jasotakoak betetzen badituzte.

2.– Honako hauek dira bete beharreko baldintzak:

2.1.– Baldintza orokorrak.

a) HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea edo, dagokionean, deialdi honen 3.4 oinarrian ezarritakoaren arabera eguneratzea.

b) DLOren 13. artikuluaren 2. atalean aurreikusitako egoeretan ez egotea. Eta batez ere, zerga guztiak ordainduta edukitzea eta egunean Gizarte Segurantzarekiko ordainketak, baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, dirulaguntza eskatu duten entitateek zerga-betebeharrak egunean dituztela. Hala ere, eskaria egiten duenak baimena emango ez balu, berak aurkeztu beharko ditu baldintza horiei dagozkien egiaztagiriak.

c) Dirulaguntza-eskaria zuzen osatzea, deialdiaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera, eta eskariarekin batera 3. oinarrian eskatzen diren agiriak zuzen betetzea eta aurkeztea.

d) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatzea eta, ondorioz, dirulaguntza hauen onuradunek ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.

e) Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

2.2.– Baldintza akademikoak.

a) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bitartez (uztailaren 31ko EHAAren 149. zk.) ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) unez une aplikatzea.

b) Euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskura ditzaten, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 7ko Aginduak ezartzen dituzten prozedurak eta aipatu lehenengo Aginduaren 4.4 eta 5.2 artikuluetan oinarrituta ikasturtearen hasieran HABEren zuzendari nagusiak emango dituen jarraibideak unez une aplikatzea.

c) Material didaktikoari dagokionez, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa betetzea (uztailaren 31ko EHAAren 149. zk.).

d) Irakaskuntzan erabiliko dituzten lokalek bete beharko dituzte aipatu 179/2003 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako baldintzak. Gainera, oinarri hauetan aipatzen diren laguntzak eskatzen dituztenek konpromisoa hartu beharko dute osasun-agintariek edo arlo horretan eskumena duten gainerako agintariek ezarritako prebentzio eta higiene-neurri guztiak betetzeko, oinarri hauetan aipatzen den deialdiaren bidez diruz lagundutako jarduerari dagokionez, COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko, bai jardueraren antolamenduari dagokionez, bai eta jarduera gauzatzeko erabiltzen diren lokalen ezaugarriei dagokienez ere, eta jarduera horri aplikagarri zaion beste edozein neurri ere, betiere deialdiaren III. eranskinean jasotako konpromiso-adierazpenari jarraikiz. Neurri horiek betetzeak deitutako dirulaguntzen onuradun izateko baldintzaren izaera izango du.

e) Helduentzako euskalduntze-ikastaroak ematen dituzten irakasleek 179/2003 Dekretuak, 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute; eta maila horretako ikasleek C1 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute.

f) Ikasleei matrikula-saria kobratu beharko diete. Ikasleek kopuru horren herena, gutxienez, ikastaroa hasi baino lehen edo beranduenik hasi eta lehenengo hamar eskola-egunetan ordainduta eduki beharko dute. Honetatik at geratzen dira matrikula erakunde batek ordaintzen dien ikasleak.

g) Jasota eta egunean edukiko dituzte matrikulen banku-agiriak, ikasleek matrikulak garaiz ordaindu dituztela frogatzeko. Dirulaguntzen ondorioetarako, matrikula banku bidez ordaindu duten ikasleak bakarrik hartuko dira kontuan, ordainketa nori dagokion ere nabarmen azalduz.

h) 2020-2021 ikasturterako HABEren zuzendariak ematen dituen jarraibideak bere osotasunean bete beharko dira. Gainera, helduen euskalduntzean egiten duten jardun osoaren berri eman beharko diote HABEri.

i) Diruz lagungarria den jardueraren aldetik, Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen diren irizpideak bete beharko dituzte.

j) Aurrez aurreko, jardun biko eta urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntza ikastereduetan, COVID-19ren eraginez sortutako ezohiko egoera eta bete beharreko osasun-baldintzak kontuan hartuta eta deialdi honetarako salbuespen bezala, euskaltegiek ikastaro bakoitzaren hasieran gutxieneko ikasle-kopuru hauek bete beharko dituzte dirulaguntzetan onartuak izateko, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera:

(Ikus .PDF)

Barnetegi erako ikastaroetako taldeek, edozein herritan antolatuta ere, 10.001-25.000 biztanleko herrietakoen trataera bera izango dute.

Halaber, 2020-2021 ikasturteko hasieran hau da, urrian, herri-tamainaren arabera dagokion ikasleen gutxieneko kopurua baino ikasle bat gutxiago daukaten taldeak ere dirulaguntzen xede izan litezke salbuespen gisa, hasieran irailean eta urrian hasitako taldeetako ikasle-kopurua aurreko ikasturteko sasoi berean izandakoa baino txikiagoa izanda, aldea % 20tik gorakoa bada.

Honelako talderik daukan euskaltegiak HABEren zuzendari nagusiari dagokion eskari arrazoitua helarazi beharko dio 2020ko urriaren 16ko epe mugarekin. Salbuespen hau irailean edo urrian hasitako ikastaroetako taldeetan bakarrik aplikatu ahal izango da.

k) HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasieran ebazpenez emango dituen jarraibideak bete beharko dituzte, jakinaraziko diren euskarriak erabiliz eta bertan adieraziko diren epeetan. Halaber, diruz lagungarria den jardueraren berri emateko, udal euskaltegiek HABEra luzatuko dituzten agirien bitartez, hauen berri eman beharko dute:

– Euskaltegiaren oinarrizko informazioa, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.

– Euskaltegiaren barruko karguak, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.

– Ikasturtean aritzen diren irakasle eta beste langile guztiak, hauen jarduera eta titulazioarekin batera.

– Ikasle guztiak, eta hauetako bakoitzaren oinarrizko datuak eta ezaugarriak. Halaber, ikasle bakoitzaren matrikula-ordainketak, ikasten emandako denbora eta aprobetxamenduaren berri. Barnetegien kasuan, ikaslea zein pentsio-motatan dagoen ere adieraziko da.

– Ikastalde bakoitzaren berri, bere ezaugarriak adieraziz (maila, ordutegia, egutegia, eta abar).

3. oinarria.– Eskarien aurkezpena, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Eskariaren formularioan udal euskaltegiak 2020-2021 ikasturtean emango dituen aurrez aurreko talde-orduen eta autoikaskuntzarako matrikulen aurreikuspena zehaztuko du, deialdi honetako 6. oinarrian zehaztutako irizpideen arabera osatutakoa. Beraz, urrian hasitako ikastaldeen orduen zein autoikaskuntzako matrikulen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera bi atal horietan onartutakoen batuketekin bat etorri beharko dute eskariko talde-orduen eta autoikaskuntzako matrikulen kopuruek.

2.– Dirulaguntza aitortu ondoren, gainerako eginkizunak, izapideak eta jakinarazpenak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Eskariak eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2020ko azaroaren 6ra bitartekoa izango da.

4.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

a) Pertsonalaren Fitxa: udal euskaltegiko langileria osoaren informazio zehatza, lanpostuen izaera, egoera, langileen zerrenda, behin betiko karrerako funtzionarioei edo lan-itunpeko behin betiko langileei aitortzen zaizkien antzinatasun-data eta hirurtekoen kopuruak bereziki zehaztuz.

b) 2020-2021 ikasturterako Plana.

c) Udal euskaltegiak HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroan datu guztiak eguneratuak ez balitu, eskariarekin bat falta diren datuak ekarri beharko ditu.

d) Eskaria egiten duenak zerga guztiak ordainduta dituela, eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, HABEri alde horiek zuzenean egiaztatzeko baimena ukatu dioenean.

e) Erantzukizunpeko adierazpenak. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak eta DLOk ezartzen dutenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

e.1.– Udal euskaltegia ez egotea azaroaren 17ko DLOren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeretan, ez izatea zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez egotea laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

e.2.– Udal euskaltegiak administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik helburu berbera izan eta eskatu edo jaso ditzakeen laguntzak bateragarriak direla.

e.3.– Udal euskaltegia ez dela parte dirulaguntzen itzulketagatik hasitako prozeduretan, ezta ere artean izapidetzen ari direnetan, eta horrelakoren batean parte hartu izan badu, prozedura horiek amaituta daudela, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta daudela.

e.4.– Udal euskaltegiak, HABEri helarazten dizkion pertsonen datuei dagokienez, interesdunei beren datuekin gauzatzen duen tratamenduari eta transmisioari buruzko informazioa aldez aurretik jakinarazi diela, alor horretan indarrean dagoen araudiak xedatutakoaren arabera.

4. oinarria.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan, eta adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela, dagokion Ebazpenaren bitartez, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan jasotako baldintzetan.

5. oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

HABEren Zuzendaritza Nagusiari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

6. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

HABEk onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntza pertsonal-beharren eta pertsonal horri aplikatu beharreko soldata- eta antzinatasun-baremoen arabera kalkulatuko da, ondoren zehazten diren irizpideei jarraikiz:

1.– Deialdi honen II. eranskinak ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroei aurre egiteko behar eta eskolak ematen dituzten irakasleak babestuko dizkio HABEk 2020-2021 ikasturtean udal euskaltegi bakoitzari, dagokion zuzendari, idazkari didaktiko eta bulegoko pertsonalaz gain.

Irakasle-beharrak euskaltegiak 2020-2021 ikasturterako egindako proiekzio lektiboaren arabera kalkulatuko dira, kontuan izanik dirulaguntzaren ondorioetarako onartuko den gehieneko proiekzioa urrian hasitako ikastaldeen orduei eta autoikaskuntzako matrikulei gehi 2018-2019 ikasturtean azarotik aurrera onartutako ikastaldeen orduei eta autoikaskuntzako matrikulei dagokiena izango dela, 2010erako Euskal Toki Erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen UDALHITZ izeneko Hitzarmenak aitortutako eskola-orduen kopuruan oinarrituz.

Autoikaskuntzako matrikulen kasuan ere, 2020-2021 ikasturtean urrian hasitako matrikulen ordu teorikoak 2018-2019 ikasturtean ordu teorikoetatik errealetara eman zen aldearen proportzio berean doituko dira (deialdi honen II. eranskinaren 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera), baldin eta 2018-2019 ikasturteko ordu teorikoak baino gehiago badira; gutxiago balira, aldiz, gehienez ere, 2018-2019 ikasturteko ordu errealak izango dira.

Irakasle-beharraren gutxieneko unitatea irakasle erdia izango da, horretatik hurbilenekora biribilduz.

2.– Diruz lagunduko diren langileen kostuak kalkulatzeko ondoko baremoak erabiliko dira:

(Ikus .PDF)

Dirulaguntzen esleipenean, soldataz gain, antzinatasunaren hirurtekoengatiko kopurua ere aintzat hartuko da behin betiko karrerako funtzionarioen eta lan-itunpeko behin betiko langileen kasuan.

7. oinarria.– Dirulaguntzen Ebazpena.

1.– HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenez erabakiko da onuradun bakoitzari 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera onartzen zaion pertsonala eta, ondorioz, bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela datu errealen eta deialdiaren 12. oinarriak dioenaren arabera egingo diren azken doikuntzetara.

2.– Dirulaguntzen aitortzeari edota, hala dagokionean, ezezteari buruzko Ebazpena 2020ko abenduaren 22a baino lehen jakinaraziko da «Nirekarpeta»-ren bidez. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

3.– Izapidetze elektronikoa izanik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da udal euskaltegiak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Nolanahi ere, indarrean dagoen araudian aurreikusita dagoen baliabide edota posta elektronikoaren bidezko abisua aplikatuko da.

Interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

4.– Interesdun bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan berariaz horretarako aurreikusten diren baliabideetan argitaratuko da dirulaguntzak ematen dituen Ebazpena.

5.– Betiere, onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea dirulaguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekiko.

8. oinarria.– Beste dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

9. oinarria.– Dirulaguntzen jarraipena eta ikusketak.

HABEren Ikuskatzailetza ataleko langile baimenduek noiznahi ikuska ditzakete udal euskaltegiak berauek emandako datuak egiaztatzeko, eta bertako arduradunari eska diezazkiokete eskolak emateko erabiltzen dituen lokalei buruzko berriak, eta bai ikasle, ikastalde, irakasle, beste langile eta erabiltzen duten material didaktikoari buruzkoak ere.

HABEren Ikuskatzailetzak aldian-aldian egiten dituen ikusketetan jasotako informazioa udal euskaltegiak HABEri ematen dion informazioarekin bat ez badator, edo Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, HABEren zuzendari nagusiari helaraziko dio horren berri, besterik ezean, dirulaguntzetan dagozkion ondorioak har ditzan.

Ikusketan bertan jasotako informazioa, edo ikuskatzaileak gehienez ere hamabost eguneko epean euskaltegiak emateko eskatutakoa, ikusketa-aktan jaso beharko du ikuskatzaileak, euskaltegiaren arduradunak eta ikuskatzaileak berak sinatuta.

Ikusketa baten ondorioz ez-betetze bat ohartuko balitz, HABEren zuzendari nagusiak behin betiko erabakia hartu baino lehen, udal euskaltegiaren arduradunari ikuskatutako egoera jakinarazi beharko dio, honek hamabost eguneko epean dagozkion alegazioak egin ahal izateko.

10. oinarria.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren Ebazpena hartzean, 2020ko abendua amaitu baino lehen, esleitutako dirulaguntza osoaren % 7,53 ordainduko da eta 2021eko otsailean % 40,47 ordainduko da.

b) 2021eko apiriletik aurrera, udal euskaltegiek 2020ko urri-abendua epeko gastuen zuri-agiriak bidali eta HABEk aztertu eta onartu ondoren, dirulaguntzaren Ebazpenean esleitutako laguntzaren % 42,00 ordainduko da.

c) Ikasturtearen dokumentazio frogagarriak jaso eta gero, dagozkion egiaztapenak egin eta dirulaguntzaren kitapena burutu ondoren, kasu bakoitzean dagokiona kitatuz, ordaintzeko geratzen den kopurua ordainduko da. Hala gertatu ez bada, dirulaguntza-zati horri dagokion aitortza indarrik gabe geldituko da.

2.– Dirulaguntzaren ordainketa baldintzatuta egongo da, beti ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitzera.

11. oinarria.– Zuriketa.

1.– Udal euskaltegiek jasotako dirulaguntzen zuriketa, beren langileen soldata gastu gordinei dagozkien agirien bitartez egingo da, DLOren 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Halaber, lehen zuriketarekin batera, udal euskaltegiak 2020 urtean izan dituen benetako sarrerak eta gastuak atalez atal zehaztuta eta izapidetze elektronikoan dagoen «Sarrerak-Irteerak» izeneko formularioari jarraikiz aurkeztuko dira.

Azken zuriketarekin batera, udal euskaltegiak 2020-2021 ikasturteko Memoria aurkeztuko du.

Gastuak ez zuritzeak dirulaguntza osorik bertan behera uztea ekarriko du eta, horrez gainera, kasu honetan, ordaindutako kopuruak itzuli beharko dira abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

2.– Aipatutako egiaztagiriak HABEri aurkezteko epeak:

a) 2021eko otsailaren 12a, 2020ko urritik abendura bitarteko gastuen zuri-agiriak eta 2020 urteko behin betiko aurrekontu zehatzari buruzko egiaztagiria aurkezteko.

b) 2021eko urriaren 15a, 2021eko urtarril-iraila bitarteko gastuen zuri-agiriak eta 2020-2021 ikasturteko Memoria aurkezteko.

12. oinarria.– Dirulaguntzaren kitapena.

Ikasturtea bukatu ondoren, dirulaguntzaren kitapena egingo da, ondoren zehazten diren irizpideen arabera:

1.– Ikasturteko behin betiko datu errealak eta pertsonal gastuen egiaztagiriak jaso ondoren, dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, dirulaguntzak emateko erabakia aldatu ahal izango da. Zentzu horretan, HABEren zuzendari nagusiak kitapen-ebazpena egingo du, datu errealen eta Ebazpen honetako 6. oinarrian finkatutako irizpideen arabera emandako laguntza-kopuruak doituz. Honetarako, matrikulazioaren jarraipenerako aplikazio informatikoa baliatuz udal euskaltegiak HABEra dagozkion epeetan bidaltzen dituen datuak izango dira 2020-2021 ikasturteko jardueraren oinarri. Aipatutako doikuntza, besteak beste, ondoren zehaztutako jokabideak aplikatuz egingo da:

1.1.– Emandako talde-orduak dirulaguntza aitortzerakoan kontuan hartutakoak baino gutxiago izan badira, esleitutako dirulaguntza proportzio berean doituko da.

1.2.– Aitortutako dirulaguntzaren diru-kopuruak ezingo du gainditu jarduerak sortu dituen kostu errealen diru-kopurua; hala gertatuz gero, dirulaguntzaren diru-kopurua kostu errealen kopurura doituko da.

2.– Dokumentazio frogagarria dirulaguntzaren kontura aurreratutako kopurua estaltzeko adina ez bada, onuradunak behar ez bezala jasotako diru-kopurua itzuli egin beharko du, HABEk eginiko jakinarazpenetik hasita hilabeteko epean, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritako prozedurari jarraikiz. Ordainketa edo itzulketa hori emandako dirulaguntzaren behin betiko kitapena izango da.

3.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta, edozein kasutan, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badira eta gauzatuko den aldaketak ez baditu ukitzen baldintzen edota jardueraren oinarrizko aldeak, edota dirulaguntza aitortzeko erabakiorrak izan ziren ezaugarriak.

13. oinarria.– Onuradunaren betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan eta DLOren 14. artikuluan araututako betebeharreko hauek izango dituzte:

1.– Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

2.– Dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

3.– Oinarri hauetan eta deialdiaren beste eranskinetan ezarritakoak, ondoren zehazten diren xedapenetan oinarrituz: uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen dituenak (uztailaren 31ko EHAA, 149. zk.); Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bidez (EHAA 144. zk., uztailaren 31koa) ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera aritzea diruz lagundutako jardueretan, baita Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak (abenduaren 7ko EHAA, 232. zk.), Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 7ko Aginduaren bidez aldatutakoak, ezartzen dituzten HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskuratzeko prozedurak eta aipatu lehenengo Aginduaren 4.4 eta 5.2 artikuluetan oinarrituta ikasturtearen hasieran HABEren zuzendari nagusiak emango dituen jarraibideak ere.

4.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska ditzaketen informazio oro ematea. Halaber, xedapen horretan ezarritakoaren arabera eta DLOren arabera, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk, helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

5.– Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari, DLOren 18.4 artikuluan araututakoari jarraikiz.

14. oinarria.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.

Edozein kasutan, deialdi honetako onuraduna lotuta dago azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta DLOren 37. artikuluan jasotako oinarrizko xedapenetan zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin.

Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.

15. oinarria.– Datuen tratamendua.

Dirulaguntza-deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak eta egiaztatze-prozeduran sortzen direnak abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta araututakoari jarraikiz, «Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroaren kudeaketa» eta «Ikaslegoaren kudeaketa» izeneko tratamenduetan tratatuko dira, ondoren zehazten diren helburuetarako:

– HABEk euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen finantzaziorako bideratzen dituen dirulaguntzen kudeaketa.

– HABEri atxikita dagoen euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroa kudeaketa.

– Udal euskaltegietako ikasleen kudeaketa: ikas-prozesua, euskara-mailaren egiaztapena eta dirulaguntzaren proposamena.

HABEren zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko eta interes publikokoa den jarduera sustatzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak egikaritzeko.

Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezake helbide honetan: https://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/

16. oinarria.– Aplikagarriak diren arauak.

Ebazpen honetan aurreikusitakoaz gain, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak eta DLOn jasotako oinarrizko xedapenek ezarritakoa erabiliko da.

II. ERANSKINA
IKASTURTEA ETA IKASTARO-MODULUAK

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera, honako hauek dira, HABEren dirulaguntzen deialdian partaide izateko, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu guztiek 2020-2021 ikasturtean euskara-ikastaroak antolatzeko jarraitu beharreko irizpideak:

1.– Ikasturtea.

Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen ikasturtea, 2020ko urriaren 1ean hasi eta 2021eko irailaren 30ean amaituko da. Betiere, helduen euskalduntzearen antolaketaren baitan, irizpide hauen ardatzetan:

– Irailean zehar hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, hurrengo ikasturtekotzat hartuko dira. Ikastaro hauen iraileko orduak dirulaguntzetan onartuak izateko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Taldeek dirulaguntzen deialdi honen 2. oinarriko 2.2.j) puntuan taldeak antolatzeko ezarritako gutxieneko ikasle-kopurua izan beharko dute.

b) Taldeei matrikulazioaren jarraipenerako aplikazio informatikoan aipatutako gutxieneko ikasle-kopurua betetzen denean hasierako itxiera eman beharko zaie.

c) Diruz lagunduko diren orduak gutxieneko ikasle-kopurua bete eta hasierako itxiera ematen den egunetik ikastaroaren azken egunera artekoak izango dira.

– Iraila baino lehen hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, bi ikasturtetan zatituko dira, irailaren 30era bitartekoa batean eta urriaren 1etik aurrerakoa beste ikasturtera bilduz.

Matrikulazioaren jarraipenari dagokionez, HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasierako ebazpenaren bitartez jakinaraziko ditu urrian hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko azken eguna, baita azarotik aurrera hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko epeak ere.

2.– Aurrez aurreko ikasteredua.

Aurrez aurreko ikastereduaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean ikasgela batean aurrez aurre eta taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroa burutzen duen taldea, hain zuzen ere. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 2.2.j) atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen ordu teorikoak eta kitapenean burututakoak hartuko dira kontuan. Irakasleari taldean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aritutako irakasle guztien orduen batuketa gehienez taldean emandakoak izango dira.

Hala ere, baliteke, COVID-19ren eraginez sortutako ez-ohiko egoera eta herri-administrazioek emandako osasun-neurriak bete ahal izateko, taldea onargarria izan dadin, deialdiaren 2.2.j) atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruarekin, guztiekin batera, ezin aurrez aurre jarduera burutzea. Kasu hauetan, salbuespen-gisa, taldearen jarduera modu presentziala eta ez presentziala uztartuz antola daiteke.

Dena den, ikasgelaren edukiera mugatuagatik taldeko ikasle guztiak batera aurrez aurre aritzea ezinezkoa denean, salbuespenez HABEk lehenesten duen aukera taldearen jarduera modu presentziala eta ez presentziala, biak uztartuta ematekoa, euskaltegiak baztertzen badu, taldeko ikasleak multzo txikiagoetan banatuz antola dezake taldearen jarduera euskaltegiak, bakoitzak eskuragarri dituen azpiegitura eta baliabideen arabera. Antolaketaren nolakotasunak dirulaguntzaren onuradunek erabakiko dituzte. Dirulaguntzen esleipenean salbuespenezko arau honen babesean antolatutako taldearen ordu teorikoak eta kitapenean burututakoak soilik hartuko dira kontuan, eta ez euskaltegiak antolatutako azpimultzoetakoak.

Salbuespenezko egoera horretan antolatuko diren ikastaldeei 19 kolektiboa jarriko zaie matrikulazioaren jarraipenerako Q87 izeneko aplikazioan.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean maila bakoitzerako ezarritako erreferentziazko irakastorduen kopuruak kontuan hartuta, euskaltegiek antolatuko dituzten ikastaroek ondoren zehazten diren gutxienekoak bete beharko dituzte:

2.1.– Urritik ekainera bitarteko ikastaroak.

a) Barnetegi iraunkorretako barnetegi ikastaroak: egunean 6 irakastordu eta gutxienez 80 irakastordu osatzen dituzten ikastaroak.

b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako kanpo ikastaroak: A1 mailan gutxienez 125 irakastordu jarraian eta A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan gutxienez 165 irakastordu jarraian osatzen dituzten ikastaroak.

2.2.– Udako ikastaroak, ekainetik irailera bitartekoak.

a) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako kanpo ikastaroak: gutxienez 80 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe.

b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako barnetegi ikastaroak: 2, 3 edo 4 astekoak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu.

c) Baldintza hauetatik kanpo ondoko udako ikastaro bereziak antolatu ahal izango dira udan ekainetik irailera bitartean B1, B2, C1 eta C2 mailetan, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako direnean eta aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena behar ez dutenak:

c.1) Udako aurrez aurreko ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

c.2) Udako barnetegi ikastaroak: aste beteko udako barnetegiak eta egunean gutxienez 8 irakastordu. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

c.1) eta c.2) azpiatal hauetako udako ikastaro bereziek, HABEren dirulaguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute eta ikasleek ondoko baldintzak bete behar dituzte:

– Ikasturtean zehar euskaltegiren batean ikasitako ikasleak izan.

– Euskara-mailen agiriak eskuratzeko ikasturteko lehen azterketa-deialdian aurkezteko aukerarik izan ez duten edo egiaztatze-probak gainditu ez dituzten ikasleak izan.

2.3.– Maila burutzeko ikastaroak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduak ezartzen duen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburu zuzena duten ikastaroak:

a) A1 maila burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua A1A0 salbuespenik gabe.

b) A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 120 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, burutu nahi den mailaren aurreko azpimaila.

Aurreko puntuetan zehaztutako aurrez aurreko ikastaro-moduluetako orduen kontaketa emandako irakastorduena izango da, hauen arteko atsedenaldiak kanpoan utzita.

3.– Tutorizatutako autoikaskuntza ikasteredua.

Tutorizatutako autoikaskuntza ikastereduan oinarria ikaslea da. Dirulaguntzetarako, berriz, esleipenean ikasleak egiten duen matrikula izango da oinarria eta kitapenean atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera burututakoa izango da.

Autoikaskuntza burutzeko euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek IKTen bidezko plataformak erabili ditzakete eta ikaskuntza hiru ataletan banatuko da:

– Ikasleak bakarkako lana egiteko saioak. Atal honetan ikasleak bakarka egindako jarduera bilduko da. Halaber, euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen erabakiz, ikasleen arteko interakzioa bultzatuz trebetasun zehatzak lantzeko helburuarekin taldean burutu daitezkeen jarduerak ere bilduko dira. Honelakoetan, ekintza horien burutzapenean taldean emandako orduak parte hartu duen ikasle bakoitzari zenbatuko zaizkio. Dirulaguntzetarako kasu guztietan bakarkako saioetako orduak atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.

– Mintzamena edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioak. Atal honetako saioetan euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikasleak taldeetan elkartuta burutzen saiatuko dira. Saio hauetan ikasleak hartu dituen orduak zenbatuko zaizkio ikasle bakoitzari. Irakasleari, berriz, atal honetan ikasleekin emandako orduak aitortuko zaizkio. Dirulaguntzetarako mintzamena edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioetako orduak atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.

– Tutoretza-saioak. Ikasle bakoitzarekin burutuko dira. Saio hauetan ikasleak hartu dituen orduak zenbatuko zaizkio ikasle bakoitzari. Irakasleari, berriz, atal honetan ikasleekin emandako orduak aitortuko zaizkio. Dirulaguntzetarako tutoretza-saioetako orduak atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.

3.1.– Ikastaro-moduluak.

Euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek antolatu ditzaketenak:

a) 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 9 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta eta hasiera hilabetea urria, azaroa, abendua edo urtarrila delarik. Ikasle bakoitzeko ikasturtean zehar matrikula bakarra onartuko da.

b) 75 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 3 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta eta hasiera hilabetea urria, urtarrila, apirila edo uztaila delarik. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarraren 0,40 izango da.

c) 25 eskola-ordu matrikula bakoitzeko udako ikastaro berezia, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta, uztailetik irailera bitartean B1, B2, C1 eta C2 mailetan, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako denean. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarraren 0,13 izango da azpiatal honetako udako autoikaskuntzako ikastaro bereziek, HABEren dirulaguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute eta ikasleak ondoko baldintzak bete behar ditu:

– Ikaslearen abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

– Ikasturtean zehar euskaltegiren batean ikasitako ikaslea izan.

– Euskara-mailen agiriak eskuratzeko ikasturteko lehen azterketa-deialdian aurkezteko aukerarik izan ez duen edo egiaztatze-probak gainditu ez dituen ikaslea izan.

– Ikasleko uztailetik irailera bitartean matrikula bakarra onartuko da.

3.2.– Bestelako baldintzak.

Ikasleak bakarlanean emandako ordutzat astean 10 ordu arteko jarduna onartuko da dirulaguntzetarako. Beraz, ikastaroaren gehieneko orduak eman eta hartutako mintza-saio edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioa eta tutoretzakoak gehi ikasleak bakarlanean emandako orduen batura izango da.

Gainera, ikasle bakoitzaren jardueragatik diruz lagunduko diren 6 ordutatik batek, gutxienez, hartutako mintza-ordukoa edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoa izan beharko du. Salbuespen gisara, A1 eta A2 mailetara bitarteko jardueran diruz lagunduko diren 10 ordutatik batek, gutxienez, izan beharko du mintzakoa edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoa. Mintzamen-saioak edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoak aurrez-aurre eta euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan zein IKTen bidezko bideokonferentziaz burutuko dira. Kasu bietan, aurrez aurreko edo bideokonferentziaz eginiko mintza-saioak edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoak ikastaroaren zehar indarrean egongo diren asteko egun eta ordutegi zehatzetan burutuko dira.

Tutoretza-saioetan, bakarlanean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz. Tutoretza-saioak aurrez aurre zein IKTen bidezko bideokonferentziaz burutuko dira.

HABEko teknikariek edozein unetan dirulaguntzaren onuradunek autoikaskuntza bideratzeko erabiltzen dituzten plataformetara sarbidea izango dute, burutzen diren jarduerak ikusteko.

Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kasuan, dirulaguntzetarako ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza-saioei edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioei eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.

IKTen bidezko ikaskuntza-prozesuak bere osotasuna gorde dezan, trebetasunen arteko oreka gorde beharko da, 179/2003 Dekretuak bere 6. artikuluan esaten denari jarraituz, non gutxieneko bezala eskatzen baita «erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne».

4.– Jardun biko ikasteredua.

Jardun biko ikastereduaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean ikasgela batean aurrez aurre eta taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroari dagozkion taldeko jarduerak burutzen dituen taldea, hain zuzen ere, eta horrekin batera, ikasle bakoitzak bakarka burutu behar duen jardunarekin eta ikasleen tutoretza-saioekin osatzen den ikasteredua da. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 2.2.j) atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen aurrez aurreko ordu teorikoak eta gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen araberako tutoretza-saioetako orduak hartuko dira kontuan. Kitapenean, berriz, taldearen aurrez aurreko jardunean burututakoak eta gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen arabera ikasleek burututako tutoretza-saioetako orduak hartuko dira kontuan. Irakasleari, batetik, taldean aurrez aurreko jardunean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aurrez aurreko jardunean aritutako irakasle guztien orduen batuketa gehienez taldean emandakoak izango dira; eta bestetik, gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen arabera burututako tutoretza-saioetan ikasleekin emandakoak.

Hala ere, baliteke, COVID-19ren eraginez sortutako ez-ohiko egoera eta herri-administrazioek emandako osasun-neurriak bete ahal izateko, taldea onargarria izan dadin, deialdiaren 2.2.j) atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruarekin, guztiekin batera, ezin aurrez aurre jarduera burutzea. Kasu hauetan, salbuespen-gisa, taldearen jarduera modu presentziala eta ez presentziala uztartuz antola daiteke.

Dena den, ikasgelaren edukiera mugatuagatik taldeko ikasle guztiak batera aurrez aurre aritzea ezinezkoa denean, salbuespenez HABEk lehenesten duen aukera taldearen jarduera modu presentziala eta ez presentziala, biak uztartuta ematekoa, euskaltegiak baztertzen badu, taldeko ikasleak multzo txikiagoetan banatuz antola dezake taldearen jarduera euskaltegiak, bakoitzak eskuragarri dituen azpiegitura eta baliabideen arabera. Antolaketaren nolakotasunak dirulaguntzaren onuradunek erabakiko dituzte. Dirulaguntzen esleipenean taldearen aurrez aurreko ordu teorikoak, ez azpimultzoetakoak, eta gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen araberako tutoretza-saioetako orduak hartuko dira kontuan. Kitapenean, berriz taldearen aurrez aurreko jardunean burututakoak, ez azpimultzoetakoak, eta gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen arabera ikasleek burututako tutoretza-saioetako orduak hartuko dira kontuan.

Salbuespenezko egoera horretan antolatuko diren ikastaldeei 19 kolektiboa jarriko zaie matrikulazioaren jarraipenerako Q87 izeneko aplikazioan.

Bestalde, HABEren dirulaguntzen barruan onartuak izan daitezen, ikastaro hauek, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izan behar dute aurrez aurreko jardunean, bakarkako jardun tutorizatuan eta tutoretza-saioetan banatuta:

a) Aurrez aurreko jardunean, gutxienez, 40 eta gehienez 120 irakastordu.

b) Bakarkako jardun tutorizatuan, gutxienez, aurrez aurreko jardunaren irakastorduen kopurua. Atal hau ez da diruz lagunduko.

c) Tutoretza-saioetan, aurrez aurreko jardunean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.

Tutoretza-saioak aurrez aurre edo bideokonferentziaz egin ahal izango dira.

5.– Urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntza.

Urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntzaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean IKTen bidezko plataformak erabiliz taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroa burutzen duen taldea, hain zuzen ere. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 2.2.j) atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen ordu teorikoak eta kitapenean burututakoak hartuko dira kontuan. Irakasleari taldean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aritutako irakasle guztien orduen batuketa gehienez taldean emandakoak izango dira.

5.1.– Ikastaro-moduluak.

Aurrez aurreko ikastereduan onartzen diren guztiak erabili ahal izango dira.

5.2.– Bestelako baldintzak.

5.2.1.– Urrutiko aurrez aurreko saioetan ikastaro-moduluaren ordu guztiak emango dira eta ikastaldearen jarduerak ordutegi zehatzetan eta ikasle guztiekin batera burutuko dira. Urrutiko aurrez aurreko saioek gutxienez 40 minutuko iraupena izango dute eskola-eguneko.

5.2.2.– Urrutiko aurrez aurreko saioak edozein e-learning edo b-learning plataforma erabiliz (GoToWebnar, Zoom, Jitsi, Microsoft Teams, Moodle/MoodleCloud,...) egingo dira.

5.2.3.– Ebaluazioak e-learning edo b-learning plataformak (Google Forms, Questbase, Socrative,...) erabiliz burutuko dira.

5.2.4.– HABEko teknikariek edozein unetan plataforma horietara sarbidea izango dute, burutzen den jarduera ikusteko.

5.2.5.– Era honetan antolatuko diren ikastaldeei 70 kolektiboa jarriko zaie matrikulazioaren jarraipenerako Q87 izeneko aplikazioan

6.– Helburu zehatzetarako ikastaro bereziak.

1.– AISA, DENDAKETAN eta OSTALARITZA ikastaroak: 60 irakastordu. Euskaltegiak ikastaro berezi hauek hasi baino lehen bideratu beharko du eskaria, eta bukaeran ebaluazio-fitxa osatua helaraziko du HABEra. Euskaltegi pribatu homologatuen kasuan, onartutako taldearen eskola-ordua, oinarrizko moduluaren bitartez babestuko da, euskaltegiaren ratioan eraginik izan gabe.

2.– Herri-administrazioek, erakunde pribatuek eta gizarte-eragileek, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, ESEP, LanHitz edo gutxienez udal-mailako zein erakunde pribatuen nahiz gizarte-eragileen plangintza batean sortuak eta txertatuak dauzkaten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu.

Kasu bakoitzean, eskariarekin batera dagokion erakundeak egin edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du euskaltegiak. Eskarian ikastaro bereziaren bitartez lau hizkuntza-trebetasunetan lortu nahi diren helburuak zehaztuko dira. Honelako ikastaroen eskariek hamar eguneko epean ezezko erantzuna jasotzen ez badute, onartuak izan direla ulertuko da.

3.– Barnetegi iraunkorretan trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko barnetegi ikastaro bereziak: egunean 6 edo 7 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.

4.– Euskaltegietan aurrez aurreko jardunean trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak: egunean 5 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.

7.– Malgutasuna.

Aurreko oinarrietan aurreikusitako ikastaroez gain, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako irizpideen arabera helduen euskalduntzearen esparruan beste ikastarorik emateko asmorik badu, eskabide arrazoitua aurkez lezake HABEren zuzendari nagusiaren aurrean ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago. Zuzendaritza honek helduen euskalduntzearen sustapenari begira eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako lehentasunak kontuan hartuz ebatziko du eskariaren gainean. Erabakia ezezkoa balitz, HABEren finantzaketatik at gelditzen dela ulertuko da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala