Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2020ko irailaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3865

AGINDUA, 2020ko irailaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Ikasiker lankidetza-beken deialdia egiten duena 2020-2021 ikasturterako.

EAEren Autonomia Estatutuak (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua) 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaketen lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».

Estatuak unibertsitateen arloan dituen funtzioak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko Errege Dekretuaren (1014/1985 Errege Dekretua, maiatzaren 25ekoa) eranskineko B.2 puntuak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaio administrazio-egoitza aipatutako erkidegoan duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleentzako beken deialdia arautzea eta kudeatzea.

Bestalde, EAEko Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 8., 38. eta 44. artikuluetan arautzen ditu beka eta ikasketetarako laguntzei buruzko gaiak, eta ezartzen du unibertsitateen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokiola oinarrizko legedian ezarritako ikasketetarako beken, laguntzen eta kredituen sistema orokorra arau bidez garatzea.

Arau-esparru horretan egiten da Ikasiker lankidetza-beketarako deialdia, eta ikasketa-espediente onak dituzten eta ikastetxeetan edo ikerketako zentroetan lankidetza eskaini, eta, aldi berean, ikasi nahi duten unibertsitateko ikasleentzat dira; hala, hastapenak egingo dituzte beren ikasketekin zerikusi zuzena duten ikerketa-gaietan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa) herritarrek administrazio publikoekin elektronikoki harremanetan jartzeko duten eskubidea ezartzen du, eta administrazio-jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko oinarrizko alderdiak arautzen ditu, hain justu ere administrazio publikoen arteko harremanei eta horiek herritarrekin dituzten harremanei dagokienez, honako hauek bermatzeko: herritarren eskubideak, trataera berbera, eta administrazio-jardueraren balioa eta eraginkortasuna, segurtasun juridikoaren baldintzak betez.

Deialdi honetan administrazio elektronikoaren erabilera ezartzen da, bai eskabideak aurkezteko, bai ematen diren administrazio-egintzak jakinarazteko edo argitaratzeko. Hori arautzeko 98/2020 Dekretua, uztailaren 28koa, onartu da, zeinaren bidez arautzen baita unibertsitate-ikasketak eta unibertsitatekoak ez diren goi mailako beste ikasketa batzuk egiteko beken eskaerak eta gainerako tramiteak era elektronikoan derrigorrean egin beharra.

Azkenik, adierazi behar da neurri horiek ez direla estatu-laguntzak, ez baitituzte betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. artikuluko 1. paragrafoko baldintza guztiak. Beraz, ez zaie aplikatu behar Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, Tratatuaren 107 eta 108. artikuluak aplikatuz Estatu-laguntza Horizontalen kategoria jakin batzuei.

Horregatik guztiagatik, kontuan hartuta dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat etorriz, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Aginduan (Agindua, 2007ko apirilaren 26koa, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuarena) ezarritakoan oinarrituta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 200 Ikasiker lankidetza-beka deitzea eta oinarriak onartzea, administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitate-ikasleak, ikasketak egiten dituzten bitartean, lankidetzan aritu ahal izan daitezen EAEko Unibertsitate Sistemaren Ikertaldeetan, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa-Zentroetan (OIBZ), Ikerketa Sanitarioko Institutuetan (ISI), Ikerketa Kooperatiboko Zentroetan (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutakoak badira, deialdiaren oinarriei jarraikiz. Bi modalitate hauek eskaintzen dira:

a) A modalitatea (ikasturtean zehar, 2021eko urtarriletik 2021eko ekainera): 150 beka.

b) B modalitatea (udan, 2021eko ekainetik irailera): 50 beka.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Aurreko artikuluko a) apartatuan aipatutako beketarako, 270.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

2.– Aurreko artikuluko b) apartatuan aipatutako beketarako, 30.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura. Bekak emateko, ezinbesteko baldintza izango da 2021eko ekitaldirako kreditu egokia eta nahikoa izatea, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariari agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea eta izaera.

1.– Deialdi honen xedea da Ikasiker lankidetza-bekak ematea, unibertsitate-ikasleak, ikasketak egiten dituzten bitartean, lankidetzan aritu ahal izan daitezen, Eusko Jaurlaritzak onartutako EAEko Unibertsitate Sistemaren Ikertaldeetan, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa-Zentroetan (OIBZ), Ikerketa Sanitarioko Institutuetan (ISI), Ikerketa Kooperatiboko Zentroetan (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutakoak badira.

2.– Bekek dirulaguntza izaera dute. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege hau aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua (bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako laguntzen eta dirulaguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zehapenen erregimenari buruzko xedapenak), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

2. artikulua.– Hartzaileak.

EAEko Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean edo Estatuko beste unibertsitate batean (modalitatearen arabera), unibertsitate-gradu ofizial baten azken bi ikasturteetako batean edo unibertsitate-master ofizial batean matrikulatuta dauden unibertsitate-ikasleak.

3. artikulua.– Beken kopurua, modalitateak eta zenbatekoa.

200 Ikasiker lankidetza-bekaren deialdia egiten da, modalitate hauetan:

1.– Ikasturtean zehar, 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko aldian (A modalitatea). Horretarako, gehienez 150 beka emango dira, bakoitza 1.800 eurokoa, Euskal Autonomia Erkidegoan lankidetza eskainiko duen EAEko Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean gradu ofizialeko titulazio baten azken bi ikasturteetako batean matrikulatutako ikasleentzat.

2.– Udan, 2021eko ekainaren 1etik 2021eko irailaren 30era (B modalitatea). Horretarako, 50 beka emango dira, bakoitza 600 eurokoa, EAEko Unibertsitate Sistemako edo kanpoko unibertsitate batean gradu ofizialeko titulazio baten azken bi ikasturteetako batean edo unibertsitate-master ofizial batean matrikulatuta dauden ikasleentzat. Ikasle horiek lankidetzan arituko dira Euskal Autonomia Erkidegoan, agindu honen 1.1 artikuluan adierazitako ikertalde edo zentroren batean.

4. artikulua.– Banaketa.

1.– EAEko Unibertsitate Sistemako Ikertaldeek, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa-Zentroek (OIBZ), Ikerketa Sanitarioko Institutuek (ISI), Ikerketa Kooperatiboko Zentroek (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoek, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude, gehienez 3 proiektu hartu ahal izango dituzte modalitate bakoitzeko.

2.– Deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideen kopurua handiagoa bada bi modalitateetan deitutako beka kopurua baino, eskaera bi modalitateetan egin dutenek bi modalitateetako bat aukeratu beharko dute.

5. artikulua.– Lankidetzaren ezaugarriak.

1.– Bekaren onuradun izan ahal izateko, eskatzaileak lankidetza-proiektu bat aurkeztu behar du, honako zentro hauen uneko ikerketa-ildoen barruan garatzeko: EAEko Unibertsitate Sistemaren Ikertaldeak, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa-Zentroak (OBIZ), Ikerketa Sanitarioko Institutuak (ISI), Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoak, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude, Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutakoak badira.

2.– Nolanahi ere, egiten ari diren titulazioa lortzeko enborreko eta nahitaezko irakasgai batean oinarrituko da proiektua, eta ikertalde edo ikerketa-zentro hartzaileak ziurtatu beharko du. Gainera, hauek deskribatu beharko ditu: arduraldia, egin beharreko lanak eta proposatutako helburuak.

3.– Lankidetza-lanean iturriak behar bezala aipatu beharko dira, eta ezingo da inolako plagiorik egin.

6. artikulua.– Bateraezintasuna beste beka eta dirulaguntza batzuekin, eta ondorio juridikoak zein lan-ondorioak.

1.– Beka hau bateraezina da edozein erakunde edo instituzio publikok edo pribatuk helburu berarekin deitzen duen beste beka edo dirulaguntza batzuekin. Era berean, bateraezina da helburu berarekin ordaindutako beste edozein harremanekin. Aurrekoa betetzen ez bada, beka kobratzeko eta itzultzeko eskubidea galduko da, Aginduaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Ikasiker lankidetza-bekak prestakuntza-izaera izango du bakarrik, eta inoiz ere ez du eragingo ondorio juridikorik ez eta lan-ondoriorik ere bekadunaren eta Eusko Jaurlaritzaren, unibertsitatearen edo dagokion zentroaren artean.

7. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.

1.– Beka-eskatzaileak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko ditu, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50. artikulua ere:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea.

b) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean izatea, 2019ko abenduaren 31n.

c) Graduko (graduko unibertsitate-titulu ofizial batean matrikulatuta egonez gero) edo masterreko (masterreko unibertsitate-titulu ofizial batean matrikulatuta egonez gero) unibertsitate-titulu ofizialik ez izatea edo titulua lortzeko legezko betekizunak ez betetzea.

d) Graduko, gradu bikoitzeko edo masterreko ikasketa-planeko kredituen % 50 gainditu gabe izatea, gehienez ere, azken-aurreko ikasturtean matrikulatuta egonez gero, edo ikasketa-planeko kredituen % 25, gehienez, graduko edo masterreko azken ikasturtean matrikulatuta egonez gero.

e) 2020-2021 ikasturtean matrikulatuta egotea, ikasturte osorako (gutxienez 60 kreditu).

Baliozkotu, egokitu edo aitortu diren kredituak ez dira matrikulatutako kreditutzat joko; hortaz, ez dira batuko matrikulan hartzeko kreditu kopurua betetze aldera.

Ikasketa-planaren azken ikasturtea egiten ari diren eskatzaileek ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkien kreditu guztietan matrikulatuta egon beharko dute. Gradu edo master amaierako lanean matrikulatzeko ezinbestekoa bada gainerako kredituak gainditzea, gradu edo master amaierako lanari dagozkion kredituak barne hartzen ez dituzten eskaerak onartuko dira. Gradu edo master amaierako lanari dagozkion kredituetan soilik matrikulatuta egon ahalko dute, ikasketa-planeko gainerako kredituak gainditu badituzte.

Salbuespenez, arduraldi partziala duen eta 60 kreditutan baino gutxiagotan matrikulatuta dagoen eskatzaileak beka eskatu ahalko du, ondorengo baldintzaren bat betetzen bada:

– % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna izatea eta ofizialki onetsita egotea.

– Familia-unitate bat osatzea, adingabeak edo mendekoak bere kargura dituela.

– Aldi berean ikastea eta lan egitea.

– Goi-mailako kirolaria, teknikaria edo epailea izatea, edo errendimendu handiko kirolaria izatea.

– Espetxeetan dauden pertsonei buruzko UPV/EHUren protokoloa aplikagarri izatea.

– Curriculumean ezarritako kanpoko praktikak egiteagatik jaso dituen kredituak baliozkotzea edo aitortzea, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren arabera. Baliozkotze edo aitorpen horiek kontuan hartuko dira ebazpen-proposamena egin aurretik egiaztatzen badira.

– Goi Mailako Lanbide Heziketako titulazioetako kredituak baliozkotzea edo aitortzea.

f) Gainditutako kredituen edo irakasgaien gutxieneko batez besteko nota hauek izatea, ezagutza-adarraren arabera:

– Arteak eta Giza Zientziak: 7,50.

– Zientziak: 7,00.

– Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: 7,50.

– Ingeniaritza eta Arkitektura: 6,50.

– Osasun Zientziak: 7,00.

g) Eskatzaileak beka eskatzearen arrazoia diren ikasketetan matrikulatuta eman dituen urteen kopurua (beka eskatzen den ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino urtebete luzeagoa izan. Masterreko ikasketa ofizialen kasuan, beka eskatzearen arrazoia diren ikasketetan matrikulatuta eman dituen urteen kopurua (beka eskatzen den ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino luzeagoa izan.

Aldez aurretik egindako ikasketak direla-eta baliozkotu diren kredituei dagokienez, ikasketa horietan emandako urteak hartuko dira kontuan zenbaketa horretarako.

h) Oinarrien 1.1 artikuluan aipatutako ikertalde edo ikerketa-zentroren batek hautatu izana lankidetzan aritzeko.

i) Aurreko urteetan modalitate berean bekaz baliatu ez izana.

j) Sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera jarritako isunen ondoriozko debekurik ere.

k) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dion zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ezta laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik ere.

l) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

2.– Aurretik adierazitako betekizunak eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen izan beharko dira, bi hauek izan ezik: 1.b) puntuan zehaztutako administrazio-egoitzari buruzkoa, 2019ko abenduaren 31n egiaztatu beharko baita, eta 7. artikuluko 1.e) puntuan aipatutako curriculumeko kanpoko praktiketako kredituak baliozkotzeari edo aitortzeari buruzkoa, ebazpen-proposamena egin aurretik egiaztatu ahal izango baita.

– Curriculumeko kanpoko praktiketako kredituak baliozkotzen edo aitortzen zaizkio, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretua aplikatzeagatik. Baliozkotze edo aintzatespen horiek kontuan hartuko dira, ebazpen-proposamena egin aurretik egiaztatzen badira.

8. artikulua.– Lankidetza-proiektuaren jarraipena eta bekaren justifikazioa.

Lankidetza amaitu eta hurrengo hilean, beka-esleipendunak dokumentu bat aurkeztu beharko du, batetik, egindako jarraipena akreditatzeko, eta, bestetik, zereginen lorpen-maila eta proiektuan planteatutako helburuak egiaztatzeko. Ikertalde edo ikerketa-zentro hartzaileak egin beharko du dokumentua, deialdi honen III. eranskineko ereduari jarraikiz. Ziurtagiri horrek beka justifikatzeko ondorioak izango ditu.

9. artikulua.– Eskabideak egiteko modua eta horiek aurkezteko epeak.

1.– Eskaera elektronikoki aurkeztu beharko da, esteka honetan dagoen aplikazioaren bidez (horretarako, baliozko ziurtagiri elektroniko bat beharko da):

https://www.hezkuntza.net/y44BecPolCieWar/y44MantenimientosJSP/y44LoginU.do?idioma=eu

2.– Modalitate bakoitzerako eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da.

3.– Eskabide telematikoa osorik bete ondoren, eskatzaileak «Aurkeztu eskabidea» aukera hautatu beharko du, eta «Sinatu» botoia sakatu, elektronikoki sinatzeko. Onartu ondoren, ziurtagiri elektronikoaren PINa eskatuko zaio, sinatzeko eta sarrera-erregistro elektronikoa emateko. Ondoren, eskabidea aurkeztu izanaren erregistro elektronikoaren egiaztagiria deskargatzeko aukera egongo da, eta ondorio guztietarako balioko du.

4.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta hilabeteren buruan bukatu.

Deialdiarekin eta prozedurarekin lotutako informazio guztia esteka honetan egongo da eskuragarri beti:

https://www.euskadi.eus/unibertsitateko-ikasleak-ikasiker-lankidetza-bekak/web01-a3lagun/eu/

10. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea elektronikoki izapidetu bitartean eta behar bezala aurkezteko, eskatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dagoela adierazten duen administrazio-egoitzaren agiria, 2019ko abenduaren 31n.

b) Banketxearen agiria, kontu korronte baten edo aurrezki-libreta baten zenbakia adierazten duena (IBANa barne), bekaren ordainketa egiteko. Eskatzaileak kontu korronte edo aurrezki-libreta horren titularra edo titular-kidea izan behar du.

c) Oinarri hauen 1.1 artikuluan aipatutako ikertalde edo ikerketa-zentro batean lankidetzan aritzeko onarpen-idatzia (II. eranskineko formularioa), ikertzaile nagusiak sinatua. Onarpen-idazkiak nahitaez jaso beharko ditu bertan adierazitako eduki guztiak.

d) Ikertalde edo ikerketa-zentro hartzaileak behar bezala bermatutako lankidetza-proiektu arrazoitua, oinarri hauen 5. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

e) 7.1 artikuluko e) puntuak jasotzen duen arduraldi partzialaren kasuan, hori egiaztatzeko agiriak.

2.– Agiri horiek elkarreragingarritasuneko Estatuko eskema onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian adierazten diren formatuetara egokituko dira.

3.– Eskatzaileak EAEko Unibertsitate Sistemakoa ez den unibertsitate batean ikasten badu, aurreko puntuan jasotako dokumentazioaz gain, hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Honako hauek jasotzen dituen ikasketa-ziurtagiria: ikasketa-planeko ikasturte kopurua, espedientearen batez besteko nota, egindako ikasgaien izena, lortutako kalifikazioa eta osatzen dituzten kredituen kopurua, bai eta ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkion kredituen kopurua ere.

b) Matrikularen frogagiriaren kopia, matrikulatuta dagoen ikasgai edo kredituen kopurua adierazita.

4.– Eskaerak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari 10 egun balioduneko epea emango zaio zuzenketak egin ditzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluari jarraikiz.

11. artikulua.– Bekak kudeatzea.

1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu Agindu honen bidez arautzen diren bekak.

2.– EAEko Unibertsitate Sistemako unibertsitateek deialdi honen izapidetze informatikorako behar den informazio akademikoa igorri beharko diote, fitxategi informatiko bidez, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari, eta bekadun bakoitzari esleitutako lankidetza betetzen dela bermatuko dute.

12. artikulua.– Batez besteko nota kalkulatzea.

Espedientearen batez besteko nota kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:

a) 2019-2020 ikasturtea amaitutakoan espediente akademiko osoko notak kontuan hartuta kalkulatutako batez besteko nota.

b) Kalifikazio kuantitatiborik ezean, ikasgai bakoitzaren kalifikazioak baliokidetza honen arabera adieraziko dira:

– Ohorezko matrikula = 10 puntu.

– Bikain = 9 puntu.

– Oso ongi = 7,5 puntu.

– Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.

– Gutxiegi, ez aurkeztua edo ez-gai = 2,5 puntu.

c) Kredituen arabera egituratuta ez dauden ikasketa-planak badira, batez besteko nota kalkulatzeko, lortutako puntu guztiak batu, eta emaitza irakasgai guztien kopuruaren artean zatituko da.

d) Kredituen arabera egituratutako ikasketa-planen kasuan, irakasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatzetik ateratzen den puntuazioa haztatuko da, irakasgaiak duen kreditu kopuruaren arabera, hurrengo formula erabilita:

V = PxNCa/NCt

V = irakasgai bakoitzean ateratako notaren haztapenetik datorren balioa.

P = irakasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko apartatuko baremoa aplikatuta.

NCa = irakasgaia osatzen duten kredituen kopurua.

NCt = guztira egindako kreditu kopurua; kontuan hartzeko, kredituok konputagarriak izan behar dute.

Formula hori aplikatzetik ateratzen diren balioak batu egingo dira, eta emaitza hori izango da batez besteko azken nota.

e) Atzerriko unibertsitateetako espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, unibertsitateak irakasgai bakoitzerako ezarriko du Espainiako sistema dezimalerako baliokidetza. Horretarako, aintzat hartuko ditu irakasgaia gainditzeko gutxieneko nota eta jatorrizko kalifikazioen kalifikazio handiena, eta zehaztu egingo du Espainiako kalifikazio-sistema dezimalarekiko zer baliokidetza duen.

13. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da, espedienteei dagokienez azterketak eta ebazpen-proposamenak egingo dituena. Unibertsitate Ataleko arduraduna izango da batzordeburua, eta Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak aukeratutakoak, izango dira batzordekideak.

Hautaketa-batzordeko kideak izendatzen dituen ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, behar besteko aurrerapenarekin.

14. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Bekak norgehiagoka-prozedura bidez emango dira. Beraz, beka jasotzeko ez da nahikoa izango oinarri hauen 7. artikuluan jasotako baldintzak betetzea. Horrez gain, ordena-zenbaki jakin bat eskuratu beharko da, modalitate bakoitzerako emango diren beka guztien artean eskaera kokatu ahal izateko.

2.– Hautaketa-batzordeak eskaerak ordenatuko ditu, eta Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariaren esku jarriko du ebazpen-proposamena.

Eskaera bakoitzaren ordena ezartzeko, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerak honako irizpide hauei jarraituta ordenatuko dira:

a) EAEko Unibertsitate Sistemako ikertaldeen kasuan, eskabideak beheranzko hurrenkeran ordenatuko dira, modalitate bakoitzean, honako hau aplikatuta ateratzen den ordenaren arabera: batez besteko notaren % 80ko batura (12. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuta, eta 0tik 100erako eskalara egokituta), gehi ikertaldeek lortutako puntuazioaren % 20, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren deialdiaren I. eranskinean agertzen diren EAEko Unibertsitate Sistemako ikertaldeei zuzendutako laguntzen deialdiaren arabera.

b) Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa-Zentroen (OBIZ), Ikerketa Sanitarioko Institutuen (ISI), Ikerketa Kooperatiboko Zentroen (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoen kasuan, baldin eta BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude, eskaerak beheranzko hurrenkeran ordenatuko dira, modalitate bakoitzean, ikaslearen espediente akademikoaren batez besteko notaren arabera.

c) Berdinketak gertatuz gero, sarrera-dataren arabera ebatziko dira; eta berdinketak jarraitu egiten badu, zozketa bidez erabakiko da.

3.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariaren proposamenak hiru zerrenda izango ditu modalitateko:

a) Beka esleituta duten eskaeren zerrenda. Lortutako puntuak jasoko ditu, baita ordena-zenbakia ere.

b) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileen zerrenda. Beka ukatzeko arrazoiak behintzat bildu behar ditu.

c) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten arren, beka lortzeko ordena-zenbakia lortu ez duten eskaeren zerrenda; eta bertan jaso behar dira lortutako puntu guztiak eta ordena-zenbakia. Zerrenda horrekin, eta haren lehentasun-ordenari jarraituta, ordezkoen zerrenda osatuko da, eta zerrenda horretan jasotakoek ordezkatuko dituzte edozein arrazoi dela-eta azkenean dirulaguntza jaso ezin duten pertsonak.

4.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak onartutako ebazpen-proposamenaren jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Horrez gain, Hezkuntza Sailaren webgunean ere argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus.

Ezarritakoa alde batera utzi gabe, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak argitalpenen abisuak bidaliko dizkie interesdunei; horretarako, SMS mezuak eta/edo posta elektronikoa erabiliko ditu. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.

5.– Jakinarazpenaren ondoren, eskatzaileek alegazioak egin edo egoki iritzitako dokumentazioa aurkeztu ahal izango dute, 10 egun balioduneko epean, egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Alegazioak aurkezteko, eskatzailea aplikazioan sartuko da bere ziurtagiri elektronikoaren bidez, eta horretarako aurreikusitako formularioa erabiliko du.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– Alegazioak aztertu ondoren, behin horiek aurkezteko epea igarota eta ukoak onartuta, hautaketa-batzordeak eskaerak berrordenatuko ditu, hala badagokio, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta, gehienez ere, sei hilabeteko epean, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak ebazpena emango du, eta prozedura jakinarazi, Hautaketa Batzordeak proposatuta.

Ebazpen horrek bi zerrenda izango ditu modalitateko:

a) Beka esleituta duten eskabideen zerrenda. Lortutako puntuak jasoko ditu, baita ordena-zenbakia ere.

b) Beka esleituta ez duten eskaeren zerrenda. Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak jasoko ditu, baita ukatzeko arrazoiak ere. Horretaz gain, deialdi honetan zehaztutako betekizunak betetzen badituzte ere, beka lortu ahal izateko ordena-zenbakia lortu ez duten eskatzaileak jasoko ditu.

Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak onartutako ebazpenaren jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Horrez gain, Hezkuntza Sailaren webgunean ere argitaratuko da: https://www.euskadi.eus/ikasiker-lankidetza-bekak/.

Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Ezarritakoa alde batera utzi gabe, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak argitalpenen abisuak bidaliko dizkie interesdunei; horretarako, SMS mezuak eta/edo posta elektronikoa erabiliko ditu. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.

3.– Deialdia ebazteko ezarritako epea igaro ondoren eskatzaileei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, laguntza-eskaera ezetsi dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

16. artikulua.– Bekak ordaintzea.

1.– Bekak emateko ebazpena jakinarazi ostean, honela ordainduko dira:

a) A modalitatea. Beka hiru alditan ordainduko da. Lehenengo ordainketan bekaren % 25 emango da, eta hilabeteko epean egingo da ordainketa hori, ebazpena esleipendunei jakinarazten zaien egunetik aurrera. Bigarren ordainketan bekaren zenbateko osoaren % 50 emango da. Ikertaldean edo ikerketa-zentroan sartu dela berretsi ondoren egingo da ordainketa hori, eta, horretarako, justifikazio-agiria aurkeztu beharko da. Hirugarren eta azken ordainketan, gainerako % 25 emango da, lankidetza egin izana egiaztatu ostean, lankidetza amaitu eta hurrengo hilean zehar, eta deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean. Agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako ziurtagiriak beka justifikatzeko balioko du.

b) B modalitatea. Bekaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, lankidetza egin izana egiaztatu ostean, lankidetza amaitu eta hurrengo hilean zehar, eta deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean. Agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako ziurtagiriak beka justifikatzeko balioko du.

2.– Agindu honetako dirulaguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua) 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluarekin bat, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira bekaren esleipendunaren betebeharrak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritakoak. Hauetatik aipagarrienak:

a) Dagokion helbururako erabiltzea beka; alegia, deialdian ezarritako baldintzen arabera gauzatu behar dute lankidetza.

b) Lankidetza-jarduera abiarazi dela justifikatzea, bekaren bigarren ordainketa jaso ahal izateko.

c) Lankidetza egin izana egiaztatzea, egiaztagiri baten bidez, oinarri hauen 8. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.

d) Lankidetza-aldian, matrikulatuta dagoen ikasketak egitea.

e) Beka honen xede eta helburu berarako, unibertsitate-ikasketak egiteko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik lortzen dituen beka edo laguntzen berri ematea Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari.

f) Beka ematea eragin zuten baldintzak betetzen diren ikusteko beharrezkoak diren egiaztapenak egitea, eta, beken helburuaren fiskalizazio-zereginak betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea.

g) Dirulaguntzaren xede den jardueraren finantzaketa publikoa dela adierazten duen publizitate egokia egitea.

h) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari horren berri ematea.

18. artikulua.– Beka kobratzeko eskubidea galtzea eta beka itzultzea.

1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat, honako kasu hauetan:

a) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.

b) Lankidetza egin izana ez badu justifikatu, egiaztagiri baten bidez.

c) Eskatzaileak ezeztatu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.

d) Emandako beka eta jasotako beste beka edo laguntza batzuk bateragarriak ez direla akreditatu bada.

e) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.

f) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.

g) Lehen aipatutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluko 4. apartatuan jasotako zabalkunde-neurririk hartu ez bada.

2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere–, ebazpen bat emango da. Ebazpen horrek eduki behar den informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean zenbateko horiek itzultzeko, betiere kontuan izanik abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena).

3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Ekonomia Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.

19. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoari jarraikiz, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzaren 2. zenbakiko fitxategian («Unibertsitateko bekak» izenekoa) gordeko dira deialdi honen tramitazioan bildutako datu pertsonalak. Fitxategi hori kontuan hartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko aginduak (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena).

Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, haien aurka egiteko, ezabatzeko («ahazteko eskubidea»), haien tratamendua mugatzeko, eramateko eta banakako erabakien xede ez izateko eskubideak Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.


Azterketa dokumentala