Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2020ko irailaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3864

EBAZPENA, 2020ko irailaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zamudioko SAPUR 1 Arteaga Plan Partzialaren hirugarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko apirilaren 27an, Zamudioko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, SAPUR 1 Arteaga Plan Partzialaren hirugarren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraituz. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko ekainaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Era berean, Zamudioko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago SAPUR 1 Arteaga Plan Partzialaren (aurrerantzean, Planaren) 3. aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zamudioko SAPUR 1 Arteaga Plan Partzialaren hirugarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, zehaztapen hauekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua Arteaga auzoan dago, Zamudioko hirigunearen ondoan, eta BI-737 errepidearen iparraldean. Eremuaren azalera 69.834,32 m2-koa da. Hirigintza-dokumentuaren arabera, urbanizazio-obrak bat datoz 2018an onartutako Plan Partzialarekin eta dagokion hirigintza-proiektuarekin.

Planak honako aldaketa hauek dakartza lehendik onartuta zegoen Plan Partzialaren aldean:

1.– Etxebizitzak birdentsifikatzea. Sektorearen eremu osoan gauzatuko da jarduketa hau, eta berekin ekarriko du etxebizitza gehiago eraikitzea Arau Subsidiarioetan aurreikusten zen baino, txikiagoak izango baitira. Izan ere, arau horietan, gehienez 416 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen Arteagako sektorean. Eraikigarritasun totalari eutsiko zaio, bai eta altuerari, solairu-kopuruari eta lurzati eraikigarrien erabilerari ere.

2.– Sotoko solairuen erregularizazioa, C1 eta C2 lurzatietan. Lurzati horiek mugakideak dira, eta, haien artean, tarte bat dago garajeetara sartzeko arrapalak egiteko. Arrapalak kentzea aurreikusten da, eta, hartara, sestra gaineko espazioa oinezkoentzako eremu gisa erabili ahal izango da. Bi lurzati horiek sektorearen mendebaldean daude. Gainera, bi lurzatietako sotoen mugatze okerra zuzentzen du aldaketak, eta, erregistroan jaso bezala, mugakideak direla berresten da.

3.– Lerrokadurak aldatzea «H» lurzatian. Eremuko ekialdeko muturrean dago «H» lurzatia. Lerrokadurak aldatzeak eta sotoan eta lehen solairuan eraikinen okupazioa ezartzeak aukera emango dute lurzoruaren ezaugarri topografikoetara hobeto egokitutako etxebizitzak eraikitzeko. «H» lurzatian, baimena emango da gehienez 3 eraikuntza-bloke eraikitzeko.

Aztertutako dokumentazioren arabera, proposatutako aldaketek ez dute lurzoruaren xedea aldatuko, ez dute hirigintza-eraikigarritasuna areagotuko, eta ez dituzte ezabatuko Plan Partzialaren antolamendu xehatuan jasotako zuzkidura publikoak.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak urbanizatuta dagoen etxebizitza-sektore bateko antolamendu xehatua aldatzen du. Plana onartu eta gero, dagozkion eraikuntza-proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, hala nola kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta, ez da hauteman bateraezintasunik dagoenik sektore- eta lurralde-plangintza aplikagarriarekin.

c) Plana egokia den edo ez ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzeko: Planaren bitartez proposatutako birdentsifikazioak lurzoru jada urbanizatuaren erabilera optimizatzen du, eta, ondorioz, ez da artifizializatu gabeko lurzorurik okupatuko. Planak neurriak ezartzen ditu eragindako eremuaren paisaia egokitu eta integratzeko eta Planaren ondoriozko jarduketak jasangarriak izateko; hortaz, garapen-proiektuetan txertatu beharko dira neurriok.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: zarata da Planaren eremuak duen arazo nagusia, aurrerago zehaztuko den moduan. Izan ere, kalkulatu da ezingo direla bete 213/2012 Dekretuan finkatutako kalitate akustikoko helburuak (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzkoa). Gainera, uholde-arriskua dago, 100 urteko uraldia dela eta, bi zona txikitan, baina horietan ez da eraikiko. Nolanahi ere, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xede den eremua Zamudioko hirigunearen ekialdean dago. Sektorearen azalera 69.834,32 m2-koa, urbanizatuta dago, eta zenbait bidek zeharkatzen dute, Zamudioko hirigunea lotzen dutenak udalaren kirol-instalazioekin, parke teknologikoarekin eta ospitale psikiatrikoarekin.

Eremuan ez dago bestelako ingurumen-balio nabarmenik. Ez dago interes geologikoko gunerik, ez hezegunerik, ez eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroko elementurik ere. Ez dago naturagune babesturik, natura-intereseko eremurik edo EAEko korridore ekologikoen sareko nahiz kultura-ondareko elementurik ere.

Sektorearen iparraldean, haren mugetatik kanpo, Asua ibaia dago, zeina baita bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) interes bereziko gunea; espezie horrentzat, izan ere, kudeaketa-plan bat dago Bizkaian, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartua. Aztertutako dokumentazioaren arabera, urbanizazio-obrek ez diote eragin Asua ibaiari, eta ez da espero Plan Partzialaren aldaketak nabarmen eragingo dionik.

Sektoreko landareak erruderalak edo nitrofiloak dira. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, sektorean alde batean, Europar Batasunaren intereseko 6510 habitata dago («Behe-altitudeko sega-belardi elkorrak»). Sektorea dagoeneko urbanizatuta dago, eta prozesu horrek eragina izan du landareen kontserbazioan. Hala, sega-belardietan, berezko erabilera desagertu da.

Eremuan eragina duten zarata-gune nagusiak hauek dira: BI-767 errepidea eta trenbidea (H lurzatiaren hegoaldetik iragaten da, 37-47 m-ra, gutxi gorabehera); gainera, Bilboko Aireportuaren zarata-guneak ere eragina du sektorean.

Inpaktu akustikoari buruzko azterketan lortutako emaitzaren arabera, ez dira betetzen kalitate akustikoko helburuak, hala kanpoaldean nola fatxadetako hargailuetan. Aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, ondorioztatu da ez dagoela H lurzatiko eraikinaren antolamendurako alternatibarik, zarataren afekzioa hobetuko duenik. Inpaktu akustikoari buruzko azterketaren arabera, pantaila akustiko teknikoki eta ekonomikoki bideragarri batek ez du giroa behar bezala babestuko, eta ez du bermatuko aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak betetzerik. Hortaz, Planean, neurri osagarriak hartu dira, barnealdean aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak.betetzeko.

Kontuan hartuta Euskotrenen Lutxana-Sondika trenbidea gertu dagoela, ingurumen-dokumentu estrategikoan bibrazio-saiakuntza baten emaitza jaso da, zeinak adierazten baitu trenen igarotzeak sortutako bibrazio-mailak ez dituela gainditzen, lursailen kotan, egitekoak diren eraikinen barrualdean aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak.

Lehenago adierazitakoa aintzat hartuta, eta Planak proposatzen dituen jarduketak eta izango duen eragin-eremua ikusita, ingurumen-baldintzatzaile nagusia eremuaren egoera akustikoa da. Halaber, Planak proposatzen dituen jarduketen ondoriozko efektuak lotuta daude etxebizitzak eraikitzeko obrak gauzatzearekin. Izan ere, obrek iraun bitartean, lur-mugimenduak eta eraikuntzako hondakinak sortuko dira, eta giza habitataren kalitatea murriztuko da, hau da, zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotuko dira, ibilgailuen eta makineriaren joan-etorriek sortutako eragozpenak direla eta.

Ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen udal-antolamenduan aurreikusitako egoera. Planaren proposamen nagusiak, hau da, indarrean dagoen antolamenduan aurreikusita dagoen baino etxebizitza gehiago egiteak berekin ekarriko du urbanizatze-prozesu bat jasan duen lurzorua hobeki aprobetxatzea. Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, betiere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura- eta kultura-ondarearen eta paisaiaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen bada Planaren esku-hartze eta jarduerak gauzatzeko orduan.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzeko planetan jasotakoarekin bat etorriz.

Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak eremu hauetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Era berean, eraikinen barnealdeko kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira beti; Udalak hori egiaztatzen duen txostena egin beharko du, kasuan kasuko eraikuntza-baimena eman aurretik, eta, gainera, kanpoaldea babesteko neurri zuzentzaileak ezarri beharko ditu.

Gainera, honako neurri hauek hartu beharko dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzerakoan:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, etab. Behar diren neurriak hartuko dira jardueren garapenak eraginik izan ez dezan Planaren eremutik hurbil dauden ibilguetan.

– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko dena).

– Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Zamudioko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) 22.2 artikulua betetzeko.

– Lorategi-jarduketetan, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Behar diren neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko dira.

– IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen [2017rako lehentasuna] eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida»n jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza, -2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan jasotakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten SAPUR 1 Arteaga Plan Partzialaren 3. aldaketan bildutako zehaztapenek ondorio kaltegarri nabarmenik izango dutenik ingurumenean; ondorioz, plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Zamudioko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, SAPUR 1 Arteaga Plan Partzialaren aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 9a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala