Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2020ko irailaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3665

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 30ekoa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2020ko probetarako deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) 69.4 artikuluan ezartzen denez, «Hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen eremuan, Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako tituluak zuzenean lortzeko probak antolatuko dituzte, aldian-aldian, Gobernuak araudi bidez ezarritako baldintza eta ezaugarriei jarraikiz.»

Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren bidez, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolaketa orokorra ezartzen da. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruan, lanbide heziketako irakaskuntzen antolaketa errege dekretu horretara egokitzeko xedez, otsailaren 2ko 14/2016 Dekretua eman zen, zeinaren bidez aldatzen baita otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren antolaketa orokorra ezartzen duena.

Aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuak, 35.b) artikuluan, titulua lortzeko aukera ematen die horretarako antolatutako probak gainditzen dituztenei; eta, 36. artikuluan ezartzen du, halaber, hezkuntza-administrazioek aldian-aldian antolatuko dituztela 2/2006 Lege Organikoaren 69.4 artikuluan ezarritako probak teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren titulua lortzeko, eta, gainera, gutxienez urtean behin egingo dela proba horietarako deia. Halaber, adierazten du hezkuntza-administrazioek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, deialdietan zehaztu behar dutela heziketa-zikloetako zer lanbide-modulutarako egiten diren probak, zein den matrikula egiteko epea eta noiz egingo diren probak; horrez gain, 37. artikuluan ezartzen du zer baldintza bete behar diren proba horietan parte hartzeko.

Orobat, otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuan eta hura garatzeko emandako arauetan ezartzen da erregimen presentzialeko ikasleak deialdi-kopuru mugatu batera aurkeztu ahal izango direla (14/2016 Dekretuaren bidez, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua aldatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren antolaketa orokorra ezartzen duena). Horren guztiaren ondorioz, heziketa-zikloak erregimen presentzialean egin dituzten zenbait ikaslek ezin izango dituzte ikasketekin jarraitu, ezarritako gehieneko deialdi-kopurua gainditua dutelako. Gainera, 32/2008 Dekretuari egindako seigarren aldaketan, 10. artikulua aldatzen da, honela: probak zehazten dira, eta parte hartzeko betekizunak ezartzen.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko otsailaren 19ko Aginduak Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen ditu. Haren hirugarren xedapen iragankorrean, honako hau ezartzen da, Hezkuntza-sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE) heziketa-zikloei dagokienez: aurrerantzean ere probak egingo dira teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko, bai Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikotik eratorritako heziketa-zikloak –LOGSE zikloak ordezten dituztenak– ezartzen diren ikasturtean bertan, bai hurrengoan. Hartara, titulua lortzeko aukera emango zaie LOGSEtik eratorritako heziketa-zikloak edozein modalitatetan hasi baina amaitu gabe dituztenei. Era berean, aldi horretan heziketa-ziklo horiek eskaintzen jarraitu ahal izango da eskaintza partzialaren modalitatean.

Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak.

Otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuak, bederatzigarren aldaketan, 32/2008 Dekretuaren 12. artikulua aldatzen du, eta honela geratzen da: «Lan-esperientzia eta ikaskuntza ez-formalak kapitalizatzeko xedez, pertsona helduek tituluak ere eskura ditzakete hemen xedatutako prozeduraren bidez: Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Legearen 8. artikulua, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuan garatuta (...)».

Horrenbestez, helburutzat hartuta pertsona guztiek aukera izan behar dutela bizitza osoan zehar prestakuntza jasotzeko, eta, era berean, administrazio publikoek, hezkuntza-sistemaren bidez, sustatu behar dutela herritar guztiek derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondoko prestakuntza-maila edo parekoa lortzea, bada, egin beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probetarako deialdia, goian deskribatutako egoerak kontuan hartuta, eta ikasleek aukera izan dezaten titulu bat lortzeko edo hura lortzeko ikasketak egiten jarraitzeko.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren zenbait titulu lortzeko 2020ko probetarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Prozesuaren garapena.

Probetan parte hartzeko, aurrematrikulazioa egiteko epea zabalduko da, interesdunek izena eman dezaten. Aurrematrikulazio hori 2019-2020 ikasturteko Lanbide Heziketako eskaintza osatzen duten zikloetan egin ahal izango da, EAEko sare publikoko ikastetxeetan, bai eta iraungitzen ari diren LOGSE zikloetan ere (II. eranskinean zehazten dira).

Litekeena da eskabideak gehiago izatea eskaintzen diren plazak baino; horregatik, eskabideak barematu egingo dira, ezarritako irizpideen erabiliz.

Prozesu honetako datuak oinarri hartuta, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak ezarriko du zer ziklo eta modulu sartuko diren deialdi honetan eta sare publikoko zer ikastetxetan egin ahal izango diren.

Ziklo eta moduluen eskaintza argitaratu ondoren, plazak esleituko dira, baremazio-ordenari jarraituz. Esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko dute esleipendunek, eta, horrela, gauzatu egingo da matrikula.

Honi erantsitako egutegian prozesu guztia biltzen da, eta, hor, adierazita daude data guztiak, azterketen data zehatzak izan ezik, ikastetxe bakoitzak zehaztuko baititu horiek.

Ebazpen honetan araututako prozesuan sortzen diren zerrendak kontsultatzeko, aurrematrikulazioa egin den ikastetxeko idazkaritzara jo beharko da, eta han identifikatu. Ondoren, probak egin behar diren ikastetxean kontsultatu ahal izango dira zerrendok, bai eta Ikasgunean ere, eta, horretarako, beharrezkoa izango da erabiltzailea eta pasahitza izatea.

3. artikulua.– Deialdiaren esparrua.

1.– Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritako lanbide-heziketako tituluak, eskaintzaren edozein modalitatetan ematen direnak, eskuratzeko probak (1/1990 Lege Organikoa, LOGSE Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzkoa).

1/1990 Lege Organikotik eratorritako heziketa-ziklo horiek, gaur egun modu presentzialean emandakoak izan daitezke, edo iraungitze-fasean egon daitezke Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) babespean ezarritako lanbide-heziketako titulu berriak ezarri direlako.

Horrenbestez, LOGSE ziklo hauetarako deitzen dira proba libreak:

– I. eranskina – LOGSE zikloak, 2019-2020 ikasturtean modu presentzialean ematen direnak.

– II. eranskina – Iraungitze-fasean dauden LOGSE zikloak. Ziklo horietarako deialdiak egingo dira bai ziklo horien ordezko LOE heziketa-zikloak ezartzen diren ikasturtean bertan, bai hurrengoan, hala adierazten baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean.

2.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) babespean ezarritako lanbide-heziketako tituluak eskuratzeko probak, lege horretatik eratorritako lanbide-heziketako titulu bat eskuratzeko interesa dutenei zuzenduak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako modalitate presentzialeko hezkuntza-eskaintzaren parte direnak 2019-2020 ikasturtean.

4. artikulua.– Betekizunak.

1.– Interesdunek, ebazpen honen xede diren probak egin ahal izateko, zenbait sarbide-baldintza bete beharko dituzte, zehazki Hezkuntzako sailburuaren 2019ko maiatzaren 16ko Aginduaren I. eranskinaren bigarren jarraibidean ezarritakoak; agindu horren bidez, 2019-2020 ikasturterako egutegi komun bat ezartzen da non jasotzen baita zer epe dauden izena emateko eskabideak aurkezteko, onartzeko eta matrikulatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoek eta pribatu itunduek eskaintzen duten hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako zikloetan; agindu horren bidez, gainera, zentro horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onartzen dira, eta irakaskuntza horiek ematen dituzten zentro guztietan eskabideak grabatzeko eta matrikula egiteko jarraibideak ere onartzen dira.

2.– Betekizunak egiaztatzeko epea aurrematrikula egiteko epearekin batera bukatuko da.

3.– Orobat, teknikariaren titulua lortzeko probetara aurkezteko, ezinbestekoa da gutxienez hemezortzi urte izatea; 2020ko abenduaren 31n, goi-mailako teknikariaren titulua lortzeko probetara aurkezteko, berriz, gutxienez hogei urte izatea, 2020ko abenduaren 31n, edo, teknikariaren titulua dutenen kasuan, hemeretzi urte izatea.

4.– Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 36.4 artikuluan proba horiei buruz ezarritakoarekin bat etorriz, ikasleak ezingo dira ikasturte batean heziketa-modulu berean matrikulatu autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Era berean, ezingo dira aldi berean matrikulatu heziketa-modulu bateko modalitate presentzialean eta urrutikoan. Prozeduraren edozein fasetan hori gertatu dela egiaztatuz gero, deialdi honetatik baztertuko da hori egin duena, eta baliorik gabe geratuko da egindako matrikula, aldi batera utzi gabe jokabide horrek ekar dezakeen beste edozein erantzukizun. Betekizun hori betetzen dela azaltzen duen zinpeko adierazpena jasoko du matrikula eskatzeko dokumentuak.

5. artikulua.– Aurrematrikulazioa.

1.– Aurrematrikula egin beharra dute deialdi honetan araututako probak egiteko interesa duten pertsona guztiek.

2.– Honako bi era hauetako batean aurkeztu ahal izango dira aurrematrikulak:

– Presentziala: hezkuntza-administrazioaren mende dagoen lanbide-heziketako ikastetxe publikoren batean. Aurrematrikulazioa gauzatzeko unean, egiaztatuko da interesdunak erabiltzailea eta pasahitza duela, eta, halakorik ezean, une horretan bertan eskuratu ahal izango ditu.

– Online: horretarako, https://ikasgunea.euskadi.eus helbidean sartu behar da, Hezkuntza Sailak hartarako diseinatu duen aplikazio informatikoaren bitartez.

3.– Heziketa-zikloaren modulu baterako edo gehiagotarako egingo da aurrematrikula, salbu eta Proiektuaren heziketa-modulua, hala badagokio, eta Lantokiko Prestakuntzaren heziketa-modulua; izan ere, bi horiek modalitate presentzialean egin behar dira, heziketa-zikloaren gainerako moduluak gainditu ondoren, eta dagokion urteko aginduan zehazten den matrikulazio-epean (agindu horren bidez, egutegi komun bat ezartzen da non jasotzen baita zer epe dauden izena emateko eskaerak aurkezteko, onartzeko eta matrikulatzeko, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako zikloetan).

Hala ere, Lantokiko Prestakuntza lanbide-modulutik salbuestea eskatzen duten ikasleek, horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkezten badute, ebazpen honetan ezarritako matrikulazio-aldian egin ahal izango dute matrikula.

4.– Honako datu hauek emango dira aurrematrikulazioa egitean:

a) Probetara iristeko bidea, baremazioa egiteko erabiliko dena; hauetako bat izango da:

i) Gaitasunak ebaluatzeko eta aitortzeko deialdia.

ii) Eskaintza partziala.

iii) Agortutako deialdiak.

iv) EAEn emandako heziketa-zikloetan aurretik egindako matrikula.

v) Gainerakoak:

b) Lurralde historikoa.

c) Zer ziklotan egin nahi den matrikula.

d) Zer heziketa-modulutan egin nahi den azterketa.

e) Zer hizkuntza-eredutan egin nahi den proba (A edo D).

5.– Aurrematrikulazioa egitean aurkeztu beharreko dokumentazioa:

– Nortasuna egiaztatzeko fotokopia sinplea (NAN, AIZ, AIT edo pasaportea).

– Erroldatze-ziurtagiria, gehienez 3 hilabeteko antzinatasuna duena: agiri hau ez aurkezteak ez dakar berekin prozesutik kanpo geratzea. Izan ere, baremazioari baino ez dio eragingo.

– Ikasketa-espedientea edo sarbide-betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentua: beharrezkoa izango da dokumentu hori aurkeztea, sarbide-betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, eta aukera edukitzeko baremazioan lehentasuna izateko. (Oharra: EAEn 2015-2016 ikasturtetik aurrera, ikasturte hori barnean dela, lanbide-heziketako heziketa-zikloak egin dituzten pertsonek ez dute ikasketa-espedienterik aurkeztu behar).

– Salbuespen eta hobariak justifikatzeko dokumentazioa.

6. artikulua.– Baremazioa.

Aurrematrikulazio-epea amaitu ondoren, eskabideen baremazioa egingo da. Lurralde historikoka, zikloka eta ereduka egingo da prozesu hori. Irizpide hauen arabera egingo da baremazioa, jarraian adierazten den lehentasun-hurrenkeraren arabera:

1.a EAEn gaitasunak ebaluatzeko eta aitortzeko deialdian parte hartu duten pertsonak, deialdi horretan gutxienez lanbide-kualifikazio bat lortu duten zikloetarako, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

2.a EAEko eskaintza partzialeko heziketa-zikloak egin dituzten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

3.a EAEn egindako heziketa-zikloen deialdiak agortuak dituzten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

4.a EAEn emandako heziketa-zikloetan lehendik matrikulatua egon diren eta zenbait modulu gainditu gabe dituzten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

5.a EAEn erroldatuta dauden gainerako pertsonak.

Lehentasun-irizpide horiek berak aplikatuko zaizkie, ondoren, lanbide-heziketako ikasketak EAEtik kanpoko ikastetxeetan egin dituzten pertsonei, edo beste autonomia-erkidego batzuetan gaitasuna ebaluatzeko eta aitortzeko egindako deialdietan parte hartu duten pertsonei, edo EAEtik kanpo erroldatuta daudenei.

Aipatutako irizpide horietako bakoitzean berdinketa gertatuz gero, alfabetoaren araberako hurrenkera ezarriko da, abizenak eta izena aintzat hartuta. Hurrenkera hori ezartzeko, «V» letratik hasiko da, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2019ko otsailaren 7ko Ebazpenean zehaztutakoaren arabera. Ebazpen horren bidez, 2020-2021 ikasturtean ordezkapenetarako hautagaiak kudeatzeko prozesuan ordena alfabetikoa zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza argitaratu zen; emaitza hori, halaber, 2020-2021 ikasturtean zehar iragar daitekeen beste edozein hautaketa-prozesutan ere aplikatuko da.

Pertsonaren bat adierazitako irizpide batean baino gehiagotan sartzen bada, aukerarik onena aplikatuko zaio.

7. artikulua.– Eskaintza zehaztea eta plazak esleitzea.

1.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak aztertuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta, jasotako eskaria kontuan hartuta, zehaztuko du deialdia zer ziklotarako eta zer modulutarako egingo den eta sare publikoko zer ikastetxetan. Ondoren, plazak esleituko ditu, baremazio-hurrenkeraren arabera, eta esleipendunen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, haietako bakoitzean adierazita zer ikastetxe esleitzen den hasiera batean; esleipendunek ikastetxe horietan egin beharko dituzte probak, matrikulazio-prozesua osatuko badute.

2.– Zerrenda horien aurka, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira, bai aurrez aurre, bai Ikasgunean, egutegian horretarako finkatutako epean. Erreklamazioak aztertu ondoren, esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, hau da, ordainketa egin aurrekoak, probak zer ikastetxetan egin behar diren zehaztuta; Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak ofizioz aldatu ahal izango du ikastetxea, azkenean zenbat lagun matrikulatu diren kontuan hartuta.

8. artikulua.– Prezio publikoa ordaintzea.

1.– Esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, prezio publikoa ordaintzeko epea irekiko da. Matrikula ez da gauzatuko, harik eta prezio publikoa ordainduta egon arte.

2.– Lanbide-heziketako teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak eskuratzeko probei aplikatu beharreko prezio publikoa 18 euro izango da, hala ezarrita baitago Hezkuntzako sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 5. artikuluan. Agindu horren bidez, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dira.

3.– Azterketa-eskubideak irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak ezarritako moduetan ordaindu ahal izango dira (1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoen Legearen testu bategina onartzen da). Epe horretan ordainketa egiten ez bada, probetan parte hartzeari uko egin zaiola ulertuko da.

4.– Ezin izango da dirua itzuli.

5.– Salbuespenak eta hobariak:

– Honako egoera hauetako batean dauden ikasleek ez dute prezio publikoa ordaindu beharrik izango:

• Kategoria bereziko familia ugariko kide izatea.

• Azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 25. artikuluan jasotako egoeraren batean egotea (dekretu horren bidez, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen da).

– Prezio publikoaren % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugariko kide diren ikasleek.

9. artikulua.– Egutegia.

(Ikus .PDF)
XEDAPEN GEHIGARRIA

Probak egiteko ezarri den egutegia kontuan izanda ezin direnez aldi berean egin proba horiek eta Lantokiko Prestakuntzaren modulua, 2/2006 Lege Organikotik (LOE) eratorritako heziketa-zikloak ezarri ondoren aurreikusitako bi ikasturteak amaitu ondorengo hurrengo ikasturtera arte matrikulatu ahal izango dira, Lantokiko Prestakuntzaren modulua bakarrik egiteko (2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraikiz), baldintza hauek guztiak betetzen dituztenak: heziketa-zikloan sartzeko ezarri diren betekizunak bete, 1/1990 Lege Organikotik (LOGSE) eratorritako heziketa-zikloetan (2/2006 Lege Organikotik eratorritako heziketa-zikloen ezarpenak eragindakoetan) teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko proben deialdietan parte hartu, eta heziketa-zikloko curriculuma osatzen duten lanbide-modulu guztiak gainditu dituztenak, Lantokiko Prestakuntzaren modulua izan ezik.

Ikaslearen espedienteko azken idatzoharra jasota dagoen hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxean egingo da matrikulazioa; eta matrikula egiteko epea, berriz, heziketa-zikloak egiteko eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak eta ikasleak onartzeko jarraibideak ezartzen dituen urteko aginduan adierazten da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan osagarri gisa aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 30a.

Plangintza eta Antolaketako zuzendaria,

NICOLÁS SAGARZAZU ALZUA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala