
181. zk., 2020ko irailaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (354 KB - 10 orri.)
- EPUB (288 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
3637
EBAZPENA, 2020ko uztailaren 20koa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, EAEko adikzioen arloko ibilbide profesionalaren 2020-2024 aldiko aintzatespenaren deialdia egitekoa.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, Adikzioen arloko jardunbide egokien eta ibilbide profesionalaren aintzatespenak sortu eta zehazten dituen urtarrilaren 21eko 5/2020 Dekretua kontuan hartuta, 2020-2024 aldirako deialdia egiten da, adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespena egiteko.
Azaldutakoagatik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Adikzioen arloko ibilbide profesionalaren aintzatespenaren deialdia egitea EAErako eta 2020-2024 aldirako, ebazpen honen eranskinean adierazita datozen oinarrien arabera.
Bigarrena.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.
Hirugarrena.– Ebazpen honetan arautu gabe geratu diren alderdiei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.
Laugarrena.– Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 20a.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,
JUAN JOSE AURREKOETXEA AGIRRE.
ERANSKINA
EAE-KO ADIKZIOEN ARLOKO IBILBIDE PROFESIONALAREN 2020-2024 ALDIKO AINTZATESPENAREN DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Euskadiko adikzioen arloan egindako lan jarraitu eta eredugarria aintzatetsi eta ezagutaraztea, arlo hauei erreparatuta: prebentzioa, asistentzia, gizarteratzea, prestakuntza eta ikerketa.
Bigarrena.– Aintzatespenaren ezaugarriak.
Epaimahaiak, bere iritzian oinarrituta, aintzatespen bat emango du, ohorezko aipamen eta egiaztagiri bana, aintzatespen-ekitaldi publiko batean. Aintzatespena jasotzen duen pertsonak edo erakundeak aintzatespena jaso duela ezagutzera eman ahalko du bere komunikazio-ekintzetan eta izaera profesionaleko inprimakietan, deialdiaren ebazpena ematen den egunetik beretik; gainera, beti aipatu beharko du zein urtetan eman zaion.
Hirugarrena.– Izangaiak.
Ibilbide profesionalaren aintzatespena jasotzeko izangai izan ahalko dira EAEko pertsona fisiko eta juridiko, erakunde publiko eta pribatu, eta administrazio nahiz instituzio publiko hauek:
– Ibilbide luze, sendo eta nabarmena egin dutenak adikzioen arloan, zehazki, prebentzioan, asistentzian, gizarteratzean, prestakuntzan eta ikerketan.
– Aipatu jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatu edo garatzen dutenak.
Laugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.
1.– Hautagaitzak aurkezteko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskura: euskadi.eus: www.euskadi.eus/servicios/1099302
2.– Izangaiek beraiek nahiz beste edozein pertsona fisiko edo juridikok (publiko zein pribatu izan) aurkeztu ahal izango dituzte aintzatespenerako hautagaitzak. Hautagaitzak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta. Hautagaitzak aurkezteko, deialdi-ebazpenaren I. eranskineko inprimakia bete beharko da.
3.– Hautagaitza bakoitzak, gutxienez, dokumentazio hau aurkeztu beharko du, I. eranskineko ereduaren arabera:
a) Hautagaitza-formularioa.
b) Memoria deskribatzailea, hautagaitzaren aurkezpena eta pertsona edo erakunde izangaiak adikzioen arloan egindako lanaren deskribapen zehatza barne hartuta:
1) Motibazioa.
2) Erakundeak, pertsonak edo pertsonek adikzioen arloan izan duten inplikazio luzea.
3) Ibilbide profesionalaren berezko garrantzia, adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan.
4) Erakundeak, pertsonak edo pertsonek gauzatutako lanaren oihartzuna eta eragina, genero-ikuspegian azpimarra eginda.
5) Oharrak.
6) Eranskinak eta estekak: hautagaitzari buruzko material interesgarriak, esaterako, webguneak, sare sozialak, argitalpenetarako edo ikus-entzunezko aurkezpenetarako (10 minutukoak gehienez) estekak...
c) Hala egokituz gero, hautagaitzak aurkezten dituztenen abal edo atxikimenduak, proposatutako erakundearen, pertsonaren edo pertsonen alde, ez direnean haiek beraiek aintzatespenerako izangai.
Dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzi ahal izango dira.
4.– Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, osatugabea edo akastuna bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, aurretik ebazpen bat emanda Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
6.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla oinarri hauetan azaldutako baldintza eta betebehar guztiak.
7.– Hautagaitza-formularioetan agertzen diren datu pertsonalen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko Lege Organikoarekin bat etorriz egingo da (abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa).
Datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/087600-capa2-es.shtml
Bosgarrena.– Aintzatespenaren kudeaketa.
Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoa arduratuko da aintzatespena emateko kudeaketa-lanez, bai eta aintzatespen hori emateko ekitaldi publikoaren deialdia egiteaz ere. Prozedura eta lan guztietan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna lortzeko helburua betetzen ari dela zainduko du organo horrek.
Seigarrena.– Epaimahaia.
1.– Aurkeztutako hautagaitzak aztertzeko, epaimahai bat eratuko da, ondokoek osatua:
Presidentea:
– Elena Uria Etxebarria, Asistentzia eta Komunitate Programen koordinatzailea, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko arlo soziosanitarioari atxikia.
Presidentearen ordezkoa:
– Begoña Rueda Ruiz, Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialeko dekano eta Galdakaoko Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko psikologo klinikoa.
Batzordekideak:
– Maialen Olabe Aguirre, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea.
– José Manuel González de Audikana de la Hera, Deustuko Unibertsitateko ikerlaria.
Ordezko kideak:
– Beñat Olabe Fernández, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteordea.
– Alberto Gartzia Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Kabineteko Zuzendaritzako teknikaria.
Idazkaria:
– Gonzalo McGragh Saenz de Buruaga, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko Droga-mendekotasunen negoziatuburua.
Ordezko idazkaria:
– Francisco Gómez Pérez de Mendiola, Vitoria-Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko Zerbitzuko burua (erretiroa hartu arte)
Aurkeztutako hautagaitzak ebaluatzeko, epaimahaikideek adikzioen eta generoaren arloetako teknikari adituen laguntza jaso ahal izango dute.
2.– Posturen bat hutsik geratzen bada, edo epaimahaikideren bat bertaratzen ez bada edo gaixotzen bada, edo bestelako legezko arrazoiren bat dela medio, epaimahaikide titularren ordezkoek hartuko dute haien lekua, epaimahaiaren idazkaritzaren aurrean ordezkapena egiaztatuta.
3.– Bilkurak eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzeari dagokionez epaimahaiaren eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da, gutxienez, hiru kide bertaratzea eta horien artean presidentea eta idazkaria egotea, edo horien ordezkoak.
4.– Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Botoetan hainbana gertatuz gero, presidenteak ebatziko du bere kalitatezko botoaz. Hartutako erabakiak baliozkoak izateko, presidentea eta idazkaria bertan egon beharko dira, edo haien ordezkoak, eta, edonola ere, kideetatik hiru.
Epaimahaiaren idazkariak egin eta hartuko diren jarduera eta erabaki guztien akta jasoko du, eta sarien epaia arrazoituko duen irizpena agertu beharko da.
5.– Epaimahaiko kideak abstenitu egin beharko dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan.
Zazpigarrena – Balorazio- eta esleipen-irizpideak.
Epaimahaikideek, adikzioen arloko ibilbide profesionalaren aintzatespena jasotzera aurkeztu diren hautagaitzak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dituzte kontuan:
a) Erakundeak, pertsonak edo pertsonek adikzioen esparruan izan duten inplikazio luzea.
b) Ibilbide profesionalaren berezko garrantzia, adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan.
c) Erakundeak, pertsonak edo pertsonek gauzatutako lanaren oihartzuna eta eragina, genero-ikuspegian azpimarra eginda.
Zortzigarrena.– Epaimahaiaren epaia.
1.– Epaimahaiak, hautagaitza guztiak aztertu eta baloratu ondoren, aintzatespenaren ebazpena emango du, hartutako erabakiaren arrazoiak adierazita. Ebazpena emateko epea, gehienez, lau hilabetekoa izango da, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Epaimahaiak epaia eman ondoren, Osasun Publikoko zuzendariak aintzatespena esleitzeko ebazpena emango du, edo, hala badagokio, aintzatespenik ez ematekoa.
2.– Aurkeztutako hautagaitzak ez badira kalitatezkoak edo ez badauzkate behar diren merezimenduak, aintzatespenaren xedearen eta ezaugarrien arabera, epaimahaiak erabaki dezake aintzatespena eman gabe geratzea.
3.– Epaimahaiaren erabakia adikzioen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoaren titularrak ematen duen ebazpenaren bidez emango da ezagutzera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Prozedura ebazteko epea igaro bada eta ez bada ebazpenik eman, ulertuko da aintzatespena eman gabe geratuko dela.
Bederatzigarrena.– Saria onartzea.
Pertsona edo erakunde saridunak hamar eguneko epea izango du, emakida-ebazpena jakinarazten den datatik hasita, aintzatespenari idatziz eta berariaz uko egiteko. Epe hori igarota, aintzatespena onartutzat hartuko da.
Hamargarrena.– Aintzatespen publikoa.
1.– Aintzatespena horretarako antolatuko den ekitaldi publiko batean emango da. Baldin eta justifikatutako arrazoiren batengatik pertsona (pertsona fisikoa edo pertsona juridikoaren edo erakundearen legezko ordezkaria) sariduna ezin bada joan ekitaldi publiko horretara, beste pertsona bat izendatu beharko du, aurretiaz, bere ordez joan eta saria bere izenean jaso dezan.
2.– Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoak aintzatespena jasoko duten pertsonen edo erakundeen identitatea eta proiektu eta ekimen aipagarriak zabaldu ahalko ditu, egokien iruditzen zaion bidearen bitartez –Internet barne–, eta denbora-mugarik gabe. Halaber, berariaz aipatuko dira lanen egile izan diren erakundea, pertsona edo pertsonak.
3.– Aintzatespena jasotzen duen pertsonak edo erakundeak baimena izango du ezagutzera emateko saritua izan dela, bere komunikazio-ekintzetan eta izaera profesionaleko inprimakietan, deialdiaren ebazpena ematen den egunetik; gainera, beti aipatu beharko da zein urtetan eman den aintzatespena.
RSS