Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2020ko irailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3635

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 14koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez Sita Spe Ibérica SLU sozietatearen izena eguneratzen baita (aurrerantzean, Suez RR IWS Ibérica SLU izango da), 16-I-01-0000000000354 ingurumen-baimen integratuaren titular gisa. Ebazpen honen bidez, halaber, baimena aldatzen da, sozietateak Legutioko (Araba) udalerrian garatzen duen hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, sailkatu eta multzokatzeko jardueran desortzio termikoaren bidez lohi hidrokarburodunak balorizatzera bideratutako prozesua txertatzeko eta aldi baterako biltegiratzeko.

EGITATEAK

1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez, Sita Spe Iberica SLUri ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Legutioko udalerrian (Araba) hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, sailkatu eta multzokatzeko eta aldi baterako biltegiratzeko jarduerarako.

2.– 2015eko abuztuaren 6an, Sita Spe Iberica SLUk gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren aurka.

3.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko azaroaren 24ko Ebazpenaren bidez zuzendu ziren instalazioari ingurumen-baimen integratua ematen dion 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren akatsak.

4.– 2016ko martxoaren 18an, Sita Spe Iberica SLUk ingurumen-baimen integratua aldatzeko eskatu zuen.

5.– 2016ko martxoaren 21ean, Ingurumen Sailburuordetzak aipatu baimena aldatu zuen, 2016ko martxoaren 18ko eskaeran adierazitako terminoetan.

6.– 2018ko maiatzaren 31n, Suez RR IWS Ibérica SLUk ingurumen-baimen integratuan funtsezko aldaketa egiteko eskatu zion ingurumen-erakunde honi, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren testu bateginean xedatutakoari jarraikiz, Legutioko (Araba) plantako gaur egungo instalazioetan desortzio termiko bidez lohi hidrokarburodunak balorizatzera bideratutako prozesua txertatzeko proiekturako. Eskabidearekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, ingurumen-baimen integratuaren funtsezko aldaketa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko.

– Laburpen ez-teknikoa.

7.– 2018ko irailaren 3an eta 2019ko urtarrilaren 21ean, ingurumen-organoak Sita Spe Iberica SLUri jakinarazi zion eskaerak ez zituela betetzen izapidetu ahal izateko eskatzen ziren baldintza guztiak, eta eskaera nola osatu behar zen zehaztu zuen.

8.– 2018ko azaroaren 7an, Sita Spe Iberica SLUk ingurumen-baimen integratuaren titular den sozietatearen izena aldatu zela jakinarazi zuen, eta aurrerantzean Suez RR IWS Ibérica SLU izena izango zuela.

9.– 2018ko azaroaren 22an eta 2019ko urtarrilaren 30ean, Suez RR IWS Ibérica SLUk eskatutako informazioari erantzun zion.

10.– Aurkeztutako dokumentazioaren nahikotasuna egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2019ko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren bidez, Suez RR IWS Ibérica SLUk sustatutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri ziren 30 egun balioduneko epean, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hura, 2019ko otsailaren 6an. Era berean, espedientearen oinarrizko dokumentazioa herritarren eskura ere egon zen, epe horretan bertan Legutioko udaletxean eta Ingurumen Sailburuordetzan.

11.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak 2019ko apirilaren 8an irizpena eskatu zien Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, Osasun Sailari eta Kultura Sailari; Araba Garapen Agentziari, Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ingurunearen Zuzendaritzari, Arabako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen Zuzendaritzari; IHOBEri eta Legutioko Udalari. Emaitza txostenean jaso da.

12.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatuta dagoena aplikatzeko, 2019ko ekainaren 4an Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak sustatzaileari jendaurrean jartzeko izapidearen emaitza igorri zion, eta eragindako administrazioei eta interesdunei kontsulta egin zien.

13.– 2019ko ekainaren 24an, sustatzaileak argibide gehigarriak aurkeztu zituen, inplikatutako administrazio publikoei eta interesdunei eskainitako entzunaldi-izapidean jaso ziren txostenen edukia ikusita, eta horren berri eman zitzaien zegokien erakundeei.

14.– Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko urtarrilaren 24ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena formulatzen da, Suez RR IWS Ibérica SLUk Legutioko udalerrian (Araba) hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, sailkatu eta multzokatzeko eta aldi baterako biltegiratzeko jardueran funtsezko aldaketak egin ahal izateko.

15.– 2020ko apirilaren 27an, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikulua aplikatuta, Suez RR IWS Ibérica SLUren esku utzi zen espediente osoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako ebazpen-proposamenaren zirriborroa erantsita.

16.– 2020ko maiatzaren 11n, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikulua aplikatuta, Suez RR IWS Ibérica SLUk idazki bat bidali zuen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako ebazpen-proposamena onartuz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

2.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluak xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko.

3.– Industriako emisioen eta igorpenen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak 6. artikuluan xedatuarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta lerro guztiak, zehazki, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueraren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusi teknikoa dutenak.

4.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, funtsezko aldaketa da Legutioko (Araba) udalerrian hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, sailkatu eta multzokatzeko eta aldi baterako biltegiratzeko Suez RR IWS Ibérica SLUren instalazioetan planteatzen dena.

5.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak errazteko eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira indarrean dagoen legerian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak. Suez RR IWS Ibérica SLU enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, atmosferara emisioak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, aginduzko txostenak igorriz.

6.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-baimen integratua emateko prozedura beste edozein administrazio-bitartekori gailenduko zaio herritarren ekintzetan, baldin eta ekintza horiek administrazio eskudunek ezar baditzakete, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko.

Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da udal-agintaritzarentzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere.

7.– Bestalde, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa aplikatu behar zaie legearen 1. eranskinean jasotako proiektuei.

8.– Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

9.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen integratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipaturiko prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen integratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenean. Proposamen honek ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenean jasotako eskakizunak txertatzen ditu, eta baldintza horiek bat datoz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua aplikatzearen ondorioz proiektu horri ezarri beharreko neurri zuzentzaileekin.

10.– Adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Europako Batzordearen dokumentu hauen edukiak izan dira kontuan, hain zuzen ere: «BREF Reference Document on Best Available Techniques for the Waste Treatments Industries» (2006ko abuztua), «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Treatment» (2018), «Reference Document on Best Available Techniques for Emissions from Storage» (2006ko uztaila) eta «Monitoring of emissions to air and water from IED installations» (2018ko uztaila).

11.– Orain arte azaldu denaren arabera, espedienteko txostenak aztertu eta proiektuaren osotasunaren ingurumen-ebaluazioa egin ondoren, ebazpen-proposamena sinatu zen, zeinetan jaso egin baitziren Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak sustatutako aldaketa-proiektuak bete beharreko baldintzak.

12.– Goian adierazitako izapideak amaituta, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da, eta ebazpen hau egin da.

13.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, organo honek eskumena du ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiteko eta ingurumen-baimen integratua emateko.

14.– Ikusi dira: 2017ko abenduaren 21eko Ebazpen-proposamena, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailarena; otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko Lege Orokorra; abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen zuena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Horrez gain, aplikatu beharreko gainerako araudiak ere aintzat hartu dira, eta horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sita Spe Ibérica SLU sozietatearen izena Suez RR IWS Ibérica SLU izenarekin eguneratzea, 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez, sozietateak Legutioko (Araba) udalerrian garatzen duen hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, sailkatu eta multzokatzeko eta aldi baterako biltegiratzeko jarduerarako eman den ingurumen-baimen integratuaren titular gisa.

Bigarrena.– Suez RR IWS Ibérica SLUri emandako ingurumen-baimen integratua aldatzea, sozietateak Legution (Araba) garatzen duen hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, sailkatu eta multzokatzeko jardueran desortzio termiko bidez lohi hidrokarburodunak balorizatzera bideratutako prozesua txertatzeko eta aldi baterako biltegiratzeko. Horrenbestez, honela idatzita geratuko dira lehenengo eta bigarren apartatuak:

Lehenengoa.– Suez RR IWS Ibérica SLU(Cami Can Bros 6, Martorell; B-60171162 IFZ duena) enpresari ematea ingurumen-baimen integratua, Legutioko Goiain industriagunean, eta Ebazpen honen bigarren atalean ezarritako baldintzetan, hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen harrera-, sailkapen- eta multzokatze-instalazioa jartzeko, baita behin-behinean biltegiratzeko ere.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 5.6. kategoria honetan:

«5.6. 5.5. epigrafean bildu ez diren hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea, 5.1., 5.2., 5.5. eta 5.7. epigrafeetan adierazitako tratamenduetako bat aplikatu arte, 50 tonatik gorako edukierarekin, jasotzeko zain dagoen bitartean sortu den lekuan bertan aldi baterako biltegiratzea alde batera utzita».

Kudeaketa-jarduera honako honetan datza:

– Hondakin ontziratuak, edo soltean, biltegiratzea, multzokatzea eta egokitzea nahasketa-protokolo baten bitartez eta hondakin ontziratuak, edo soltean, transferitzea. Hondakinak kudeatzeko eragiketak R12, R13 eta D15 dira.

– Lohi hidrokarburodunen desortzio termikoko tratamendua. Kudeatzeko eragiketak R12 eta R5 dira.

1. prozesua: Transferentzia-zentroa.

Kudeatzeko onargarriak diren hondakin arriskutsuen kasuan, gehieneko biltegiratze-edukiera 880 tonakoa da, honela banakatuta:

– 260 t: 2., 4., 9., 10. eta 11. eraikinak. Hondakin arriskutsu ontziratuak biltegiratzen diren edukiontzi mugikorren biltegia. Baimendutako kopuru hauen barne egongo dira olio-andelak (PKB dutenak eta ez dutenak):

– PKBak: 50 t, 25 m3-ko andela banatan. 2. eraikina PKBekin edo PKTekin kutsatuta dauden edo horiek osagai dituzten (C32 kodea) hondakin arriskutsuetara mugatuko da.

– Olioak: 25 t, 25 m3-ko andela batean.

– 420 t: 1. eraikina: Ontziratu gabeko likidoak batzeko andelak; hiru 100 m3-ko andela eta bi 60 m3-ko andela (horietako bat zamak prestatzeko erabiltzen da).

– 200 m3: 11. eraikina: kutsatutako lurren gordailua, bi gune eta estalkia dituena; gune bakoitzak 100 m3-ko edukiera dauka.

Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetarako (TEEH) 24 m2-ko eremu bat egokitu da, gehienez 24 tona TEEH biltegiratu daitezkeena. Kudeaketa-eragiketaren kodea: R1201/R1301.

2. prozesua: Lohi hidrokarburodunen desortzio termikorako tratamendu-lerroa.

Lohiak balorizatzeko urteko ahalmena 30.000 tonakoa da urtean, eta gehienez ere 1.500 t lohi gordin eta 1.000 t lohi tratatu gorde daitezke. Urtean 21.000 tona lohi tratatu sortzea espero da; amaierako balorizatzaileei igorriko zaizkie, lehengai gisa erabil ditzaten.

Prozesua honetan datza:

– Hidrokarburoz kutsatutako lohiak biltegiratzea.

Hidrokarburoz kutsatutako lohiak lurrazaleko aletegietan biltegiratzen dira (lur erakoak badira), edo hobia (ore erakoak badira). Horretarako, lau aletegi jarriko dira; 65 m2-ko bat eta 105 m2-ko hiru (oro har, 1.260 m3 erabilgarri), eta 370 m3-ko hobi bat.

Jaso ondoren, bildutako lohiak aurrez nahastuko dira, testura eta hezetasun-ehunekoa homogeneo antzeko bat sortzeko.

– Desortzio termikoa.

Lohia lehorgailu termikoaren elikatze-sistemaren ahoan sartuko da orduko 7,88 bat tonako erritmoan. Materialak lehorgailuan aurrera egingo du danborrak birak eman ahala.

Lehorgailu termikotik lohi erabat lehorra aterako da, hidrokarburo-kontzentrazio oso txiki edo batere gabekoa. Tratatutako lohi horrek 400ş C-tik gorako tenperatura duenez, egokitu egin behar da biltegiratze-eremura bidali aurretik.

– Lohi tratatuak egokitzea.

Lohien egokitzaileak ur mikronizatuko fluxu bat jasotzen du, produktua hozteko eta aglomeratzeko, hala, hauts erakoa izatea eta lekualdatzean eta biltegiratzean partikulak aireratzea ekiditen da.

– Tratatutako lohiak biltegiratzea eta bidaltzea.

Lohi tratatuak pilatuko diren gunera eramaten dira; lau aletegi, oro har, 870 m3 erabilgarrirekin; hau da, 1.000 tonarentzako lekuarekin. Aletegiotatik kargatzen dira kamioiak, lohi tratatuak bidaltzeko. Produktua biltegiratzeko eta kargatzeko gunea nabe itxi batean dago, eta eragingailu azkarreko atea du.

Instalazioan energia-baliabide hauek erabiltzen dira: instalazioaren funtzionamendu orokorrean erabilitako energia elektrikoa, batez ere lohiak tratatzeko prozesuko motorrena (kontsumo estimatua: 624.024 kWh/urte), lehorgailu termikoan eta oxidatzaile termikoan erabilitako gas naturala (kontsumoa: 5.670.000 kWh/urte) eta gurpilak kargatzeko palan erabilitako gasolioa.

Prozesuetan kontsumitutako ura industrialdeko ur-saretik dator; lohi desorbatua egokitzeko erabiltzen da, erabilera sanitariorako eta garbiketarako. Urtean 5.345,5 m3 kontsumitzea aurreikusten da.

Instalazioak drainatze-sarea du, isuriak estoldetara bideratzeko bilketa-sistema batez eta segurtasuneko gordailuz osatua. Drainatze-sareak industrialdeko kolektorera isurtzen ditu, ur sanitarioekin eta euri-ur garbiekin batera. Kutsatuta egon daitezkeen euri-urak hodi biltzailera bideratzen dira, hidrokarburoen bereizgailutik igaro ondoren.

Ez da espero instalazio berriak prozesuko urak sortzea. Hobian jasotzen diren lixibiatuak pilatutako lohi lurtsuak ureztatzeko erabiliko dira.

Instalazioak atmosferara igortzen duen foku konfinatu bat du. Gasak tratatzeko sistema gisa, instalazioak arazketa-sistema bat du, hiru etapaz osatua, desorbatzaile termikoaren irteeran zikloi bikoitza, oxidatzaile termiko bat eta mahuka-iragazki bat dituena.

Hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak sortzeko prozesuen jatorria, nagusiki, ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorra da.

Suez RR IWS Ibérica SLU enpresaren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, honako BREF txosten europarretan jasota daudenak:

– «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Treatment» (2018).

– «Reference Document on Best Available Techniques on Emissions from Storage», Europako Batzordeak 2006ko ekainean argitaratua.

Proiektuak, besteak beste, neurri hauek biltzen ditu, zeinak teknika erabilgarri onenak direla pentsa baitaiteke:

– Ingurumena Kudeatzeko Sistema, ISO 14001 arauaren arabera ziurtatua.

– Hondakinen aurretiazko analisiak (harrera-eskaerak) eta sarrerako analisiak.

– Aurretiazko onarpen-prozedura bat ezartzea, eta beste bat hondakinaren sarreran eta harreran.

– Harrerako instalazioak ditu. Behargin nahikoak eta kualifikatuak laborategian, eta beharrezkoak diren baliabide teknikoak.

– Uren eta hondakinen kontrol analitikorako prozedura.

– Hondakinen tratamenduaren trazabilitatea bermatzeko sistema.

– Autobabeserako plana eta larrialdiei erantzuteko prozedura.

– Biltegiratze-teknikak: bereizitako biltegiak, andel estanko bidezko drainatze perimetrala dutenak. Emisio atmosferikoak arazteko sistemara konektatutako hondakinak biltegiratze-andelak haizatzea.

– Euste-sistema iragazgaitzak eta higagaitzak. Iragazgaizte mota: epoxi pintura-inprimazio batez eta/edo polietileno-geruza batez indartutako hormigoizko lauza.

– Hondakin guztiak zolata iragazgaitzeko estalki baten azpian biltegiratuta daude, baita zisternak betetzeko gunea ere.

– Hondakin likidoen andelak haizatzea; gasen garbigailura konektatuta.

Halaber, desortzio termikoaren instalazioak teknika erabilgarri onenei buruzko «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Treatment» (2018) agiriko ondorio hauek ditu: TEO1, TEO2, TEO3, TEO4, TEO5, TEO8, TEO11, TEO17, TEO18, TEO19, TEO21, TEO22, TEO40 eta TEO41.

Bigarrena.– Baldintza eta betekizun hauek ezartzea SUEZ RR IWS IBÉRICA SLU enpresak Legutioko udalerrian (Araba) sustatutako jardueraren ustiapenari; alegia, hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak hartzea, sailkatzea eta multzokatzea, eta behin-behinean biltegiratzea:

A) Gutxienez seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Laurehun eta zortzi mila bostehun (408.500) euroko fidantza jartzea, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 20. artikuluaren 4.b) apartatuan xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa zehazten da, hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Tratamendu-jarduerari ekin ahal izateko, aldez aurretik organo honen aurrean fidantza gehigarria edo berria (ezarritako zenbateko osokoa) aurkeztu beharko da.

Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak utzitako fidantza ez da itzuliko Ingurumen Sailburuordetza honek hondakin arriskutsuak kudeatzeko jardueraren bukaera baimendu arte edo bere egunean jarduera bukatzeko ezarritako baldintzak bete arte; baldintza horien artean betiere egon beharko dute lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezarri ahalko diren betekizunak.

C) Ingurumen-erantzukizuna.

Suez RR IWS Ibérica SLUk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea hein batean garatzeko araudia onartzen duena). Artikulu horren hirugarren puntuaren arabera, operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratu beharko du egokitzat jotzen duen guztietan eta, nolanahi ere, jardueran, instalazioan edo funtsezko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean.

Jardueraren operadoreak nahitaez hartu beharko ditu ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak, eta dagozkion kostuak ordaindu beharko ditu, zenbatekoa edozein dela ere, tartean dolorik, errurik edo axolagabekeriarik egon gabe ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

D) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik badago, Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak aldaketa horien berri emango du.

E) Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

E.1.– Hondakinak jaso, manipulatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizazioa egiteko onartzen diren hondakinak ondorengo apartatuetan zehaztuko dira, non horiek zuzen kudeatzeko zehaztapenak jasotzen baitira.

E.1.1.– Hondakin onargarriak.

Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak bere instalazioan kudeatu ahal izango ditu EHZ kodea duten hondakin arriskutsuak, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratutako Hondakinen Europako Zerrendaren arabera. Zerrenda horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz. Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina, zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena. Aipatutako hondakin horien kasuan, zamalanak baimentzen dira, eta, behar izanez gero, berrontziratze-eragiketak:

– Nolanahi ere, baimen honen eremutik kanpo geratzen dira hondakin leherkor eta infekziosoak (HP1 eta HP9 kodeekin identifikatutako arrisku-ezaugarriak dauzkatenak).

– Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak eta hodi fluoreszenteak kudeatuko dira Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko 110/2015 Errege Dekretuan, otsailaren 20koan, xedatutakoaren arabera.

– Halaber, pilen eta metagailuen hondakinak otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu beharko dira (pilen eta metagailuen hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko Errege Dekretua).

– Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak industrian sortutako etxeko zaborrak eta merkataritza-hondakinak kudeatu ahal izango ditu (20. taldeko EHZ kodea duten hondakinak), ebazpen honetan adierazi direnak, baldin eta dagozkion udal-ordenantzen arabera ez bada beharrezkoa hondakinok hondakinen kudeaketa-sistema publiko bati entregatzea.

Halaber, hondakin ez-arriskutsu hauen behin-behineko biltegiratzeari ekingo dio (transferentzia-zentroa):

(Ikus .PDF)

Halaber, zamalanak baimentzen dira eta, behar izanez gero, hondakin horien berrontziratze-eragiketak.

Biltegiratzean (transferentzia-zentroa) honako TEEH hauek baimenduko dira:

(Ikus .PDF)

Honako hauek dira lohi hidrokarburodunen desortzio termikorako tratamendu-prozesuan baimendu daitezkeen hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

E.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

Instalaziora kudeatzeko iristen diren hondakinen kontrol bat eraman beharko da, ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honen I. apartatuan ezartzen dena betetzea.

Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri bakoitzeko, eragileak hondakin horretarako onarpen-agiria bete beharko du, IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasota egongo baita.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Suez RR IWS Ibérica SLUk onarpenaren agiria bidaliko dio hondakinaren titularrari, non baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, epemuga ezarriko baitira. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.

Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozen hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua, martxoaren 13koa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen barneko hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Birziklatu edo balorizatu daitezkeen hondakinak helburu horietara bideratuko dira, eta Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak betetako onarpen-agirietan jasoko da gertaera hori.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako onarpen-agiri baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du agiri hori. Ezingo da Suez RR IWS Ibérica SLUk kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso aldez aurretik onespen-agiria organo honek baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 eguneko epean egin beharko da, agiria jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, ez bada izan berariazko posizionamendurik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko onarpen-agirian, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen identifikazioa eta iraungitze-data, baldin eta hondakinik ez bada entregatzen.

Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:

– Baztertzeko arrazoia.

– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.

– Beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, nahitaezkoa izango da dagokion onarpen-agiria aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

– Ekoizleari itzultzen bazaio, kontrol- eta jarraipen-agiriko gorabeheren apartatuan jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu une oro. Onarpena baldintzatzen duten parametro horiek ezartzea, kasu guztietan eta hondakin-partida bakoitzerako, metodo homologatuaren bidez egingo da; zentroaren langile taldeko kide den laborategiko buru batek gainbegiratu beharko du eta espezializatutako tituluduna izan beharko da.

Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak ekipamendu erabilgarrien zerrenda bat aurkeztu beharko du, horiek kalibratzeko metodoei buruzko informazioa barne. Era berean, hondakinak onartzeko parametro bakoitzerako, erabilitako analisi-metodoak eta neurketaren doitasuna.

Baimendutako EHZ kodea duen hondakin bat onartzerik ez badago, ezezko onarpen-agiria egin beharko da, hondakin hori kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

E.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta, orobat, beharrezko diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Plantan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu emisio lauso edo kontrolaz kanpokorik, edo, bestela, emisiook ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipamenduen estankotasuna ziurtatzea.

c) TEEH hondakinak jasotzeko eta garraiatzeko baldintzek TEEH hondakinak eta horien osagaiak prestatzea eta berrerabiltzea ahalbidetu behar dute, eta ez dira apurtu behar, ezta gehiegi pilatu ere, substantziarik isuri edo materialik galdu behar, eta oliorik eta likidorik isuri behar. Behar bezala beteko dira horiek jaso eta garraiatzeko baldintza espezifikoak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotzen direnak.

d) Aurrez manipulatu diren, hondatuta dauden edo osagai guztiak ez dituzten TEEH hondakinak jasotzen badira, gertakari hori behar bezala jakinarazi beharko da Hirugarrena.E.1.5. apartatuan aipatzen den artxibo kronologikoan.

E.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinen gehieneko biltegiratze-epea bi urtekoa izango da hondakinak arriskugabeak badira, eta sei hilekoa arriskutsuak badira.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta izan litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzetik eratorritako arriskuak murrizte aldera, Suez RR IWS Ibérica SLUk hondakinok gune bereizi batean biltegiratu beharko ditu. Gune hori estalita egongo da eta lurzoru estankoak izan beharko ditu.

d) Plantan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

e) Hautsezko hondakinak eta soltean jasotakoak pabiloiaren barruan gorde beharko dira, multzotan edo/eta gelaxketan, harik eta tratatzen diren arte.

f) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

g) Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari, bai Legutioko Udalari.

h) Aurrekoez gain, TEEH hondakinen kasuan honako hauek bete beharko dira:

– Instalazioak hondakinak pisatzeko baskula izango du.

– TEEH hondakinak bereizita bildu beharko dira, gutxienez, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1. taulan aurreikusten diren zatikiak kontuan hartuta: «GEEen kategorien, TEEHen bilketa-frakzioen eta EHZ-TEEH kodeen arteko baliokidetasunak».

– Halaber, TEEHak biltegiratzeko eremu berezi bat sortu beharko da, berrerabiltzeko prestatzeaz arduratzen diren eragileek ikuskatzeko baldintza egokiekin.

E.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak harrera-eskaerak, onarpen-agiriak eta kontrol- zein segimendu-agiriak edota agiri ofizial baliokideak artxibatu beharko ditu gutxienez 3 urteko epean, non jasoko den, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, izaera, jatorria, destinoa eta hondakinak kudeatzeko metodoa, eta, aplikatzekoa den kasuan, garraio-modua eta bilketa-maiztasuna. Aipatutako fitxategi kronologikoan sartuko da, orobat, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa, eta bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira:

– Onartutako hondakinen jatorria (jatorria eta prozesua, enpresa sortzailea eta enpresa garraiolaria).

– Hondakin horien kantitateak, izaera, konposizioa eta identifikazio-kodea.

– Hondakin-sail bakoitzaren onarpen- eta harrera-data, eta, hala dagokionean, entregan sortutako kontrol- zein segimendu-agiria.

– Onartu ez diren hondakin sortei buruzko datuak (jatorria, kopurua, enpresa garraiolaria, ez onartzeko arrazoiak eta beste norako bat, ordezko aukera gisa).

– Biltegiratutako hondakinak instalazioko zer tokitan dauden.

– Hondakin sortak aurretik egokitzeko edo multzokatzeko, edo tratatzeko eragiketak, datak, parametroak eta partida horiei buruzko datuak, hondakinen ondorengo helmuga eta sorta bakoitzari emandako EHZ kodea.

– Instalazioko kudeaketa-lanen datak edo azken kudeatzaile baimenduari bidalketa egin zaionekoa eta kudeatzaile horren identifikazio-datuak, eta, hala badagokio, sortutako kontrol- eta jarraipen-agiriarenak.

– Bereizitako hondakin arriskutsuen mota bakoitzaren izaera eta pisuarekiko zatikia.

Ebazpen honetako E.1.2 apartatuan aipatutako kontrolen emaitzak apartatu honetan arautzen den erregistroan jasoko dira, baita Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak gauzatu ditzakeen egiaztapenenak ere.

Artxibo kronologiko hori gutxienez hiru urtez gordeko dituzte eta urtero bidaliko diote Ingurumen Sailburuordetzari, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programaren barruan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluak erreferentzia egiten dion laburpen-memoriarekin batera.

TEEH hondakinak kudeatzeko, artxibo kronologikoak bat etorri beharko du 110/2015 Errege Dekretuaren XI. eranskinarekin, eta hiru urtez gordeko da gutxienez. Era berean, urteko memoria sortuko da. Hark otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XII. eranskineko gutxieneko edukiari erantzun beharko dio, eta ingurumena zaintzeko programaren barruan aurkeztu beharko da.

Artxibo kronologikoa eta jasotako TEEH hondakinei buruzko urteko memoria plataforma elektronikoan kargatuko dira erabilgarri dagoenean, otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan ezarritako terminoetan. Plataforma elektroniko horren bitartez, artxibo kronologikoari eta urteko memoriaren lanketari dagozkion obligazioak bete ahal izango dira.

Aipatutako plataforma elektroniko hori martxan jarri bitartean, TEEHen artxibo kronologikoa eta horien urteko memoria Ingurumen Sailburuordetza honi igorriko zaizkio urtero, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Aurreko apartatuetan adierazitako dokumentuak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskaintzen dituen kanal, sistema edo aplikazio informatikoen bitartez.

E.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

TEEHen kudeatzaileei dagokienez, TEEH horiek Europar Batasuneko herrialdeetara nahiz Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetara lekualdatzeari buruzko informazioa kargatuko da otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aipatzen den plataforma elektronikoan.

Horrez gain, aurreikusten bada hondakindegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen destinoko instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

E.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

E.2.1.– Plantan kudeatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

E.1 apartatuan adierazten diren hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintza eta kontrolei kalterik egin gabe, Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak ondorengo tratamendu-lerroetarako baldintza hauek betetzen direla bermatu beharko du:

Desortzio termikorako tratamendua.

a) Hondakin oretsuak eskaeran adierazitako hobian bakarrik gorde ahalko dira, eta pilatutako hondakinek lixibiatuak edo usainak sortzea eta barreiatzea ekidingo da.

b) Desortzio-instalazioa garbitu beharko da, eta, hala badagokio, hondakinen biltegia, tratamendu-eragiketak aldatzen diren aldiro (R4 eta R5). Hala, metalezko materialen arteko kutsadura gurutzatua ekidingo da bestelako material inorganikoen ekoizpenean, eta alderantziz.

c) Halaber, tratamendu-eragiketa bakoitzaren (R4 eta R5) ondoriozko materialak zein bere aldetik gordeko dira aletegietan, sortu diren materialak kutsatzea ekiditeko.

d) Hondakinen kudeaketaren erregistroan bereizita jasoko dira hondakin arriskutsuak eta jasotako hondakinak, Europako Hondakinen Zerrendan –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– xedatzen denaren arabera identifikatuta. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

Transferentzia-zentroa – Behin-behineko biltegiratzea.

a) Aldi baterako biltegiratze-jardueraren barruan honako hauek sartuko dira: multzokatzea, lantegian horretarako gaitutako tokian 880 t inguruko ahalmenarekin, hondakin arriskutsuen kasuan, baita horien zamalanak eta, behar izanez gero, berrontziratzea ere, eta ez da ontzien barruko aldearen edo ontzietan gordetzen diren hondakinen gainean eragina daukan bestelako manipulaziorik aintzat hartzen.

b) Ontziratu gabeko hondakinei dagokienez, homogeneoekin batera beren izaeraren eta konposizioaren arabera soilik biltegiratu ahal dira, eta aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da elkarrekin biltegiratzeak ez duela arriskua areagotzen, ezta haren azken kudeaketa zailtzen ere ziurtatzeko.

c) Halaber, nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak.

d) Halaber, Europako Hondakinen Zerrendan ezarritako kodearen arabera identifikatu beharko dira hondakinak, zehazki, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratutako Hondakinen Europako Zerrendan ezarritakoaren arabera. Zerrenda horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

e) Hondakinak aldi baterako biltegiratzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezkoak diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

f) Hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko instalazioak estalkia izan beharko du, prezipitazio atmosferikorik bat ere ez dadin iragazi. Halaber, lurzoru estankoak izango ditu, eta behar diren maldak, hala nola balizko isurien bilketa-sareak, isuriok kutxatila itsura edo bilketa-putzura bideratuko dituztenak. Aurreikusi daitezkeen hondakin arriskutsuen balizko isurien adinako edukiera izango dute horiek.

g) Segurtasun-tarteei eta babeserako neurriei dagokienez, biltegiratutako hondakin arriskutsuek likido sukoiak eta erregaiak eta likido korrosiboak biltegiratzearen inguruan indarrean dagoen arautegian ezartzen diren eskakizunak bete beharko dituzte, baita suteen prebentzio- eta babes-arauak ere, eta behar bezala identifikatu beharko dira ezagutu eta bereizi ahal izateko.

h) Isuriak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuak kubeta independenteetan biltegiratuko dira, eta, betiere, kubeta bakoitzean, haien artean bateragarriak diren hondakinak dituzten ontziak bilduko dira. Isuriak biltzeko kubetek zoru eta horma iragazgaitzak izango dituzte, erabat estankoak direnak. Kutxatila horietan jasotako efluenteak kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio.

i) Baimen honi loturiko hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta.

j) Hondakin arriskutsuak ezingo dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

k) Aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur sanitarioak izan ezik, banatuta jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

l) Indarraldiaren arabera, Suez RR IWS Ibérica SLUk eta enpresak igorritako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako onarpen-kontratu edo -gutunen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Sailburuordetzaren aurrean. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainiako Estatuan kokatuak, mugaz gaindiko lekualdatzeak arautzen dituen araudi komunitarioa bete beharko da.

m) Gehienez ere 24 tona TEEH biltegiratuko dira, betiere tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz.

n) Berrerabilera barne hartuko duten akordioak sinatuko dira. Horretarako, TEEHak norako horretarako berrikusiko dira, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren IX.A eranskineko irizpideekin bat etorriz.

E.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

E.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

Suez RR IWS Ibérica SLUren instalazioaren ustiapenak giza osasuna eta ingurumena babestuko ditu.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-jariakinak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, jariakinen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, Ingurumen Sailburuordetzari epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

E.2.2.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Suez RR IWS Ibérica SLUren instalazioak, 100/2011 Errege Dekretuaren, urtarrilaren 28koaren, eranskinaren arabera A 09 10 09 01 kodea duen jarduerari (hondakin arriskutsuen balorizazioa, egunean 10 tonako baino gehiagoko ahalmenarekin) eta B 09 10 09 50 kodea duen jarduerari dagozkionak (biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak gauzatzea, tartean, hondakin ez-metalezkoak edo metalezko hondakin hautsezkoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikiagotzea, eta material horien gaineko manipulazio-ahalmena >= 500 t/egunekoa izango da, eta hondakin arriskutsuena >= 10 t/egunekoa), honako foku hauek ditu, atmosfera babesteko indarreko araudiari jarraikiz:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematikoetakoren bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-foku gisa araupetu beharko da.

E.2.2.3.– Emisioen muga-balioak.

a) Instalazioa atmosferara eginiko emisioei dagokienez emisioaren ondorengo muga-balioak ez gainditzeko moduan ustiatuko da:

(Ikus .PDF)

Balio horiek ondorengo baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Emisioen muga-balio horiek izanda ere, igorpen-fokuen eragin-eremuko immisio mailek ezin izango dituzte inoiz balio onargarriak gainditu.

Goian ezarritako emisio-mugak betetzat jotzen dira kasu hauetan:

1.– Neurketa etenen kasuan, emisio-balioak bete direla ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9.1 artikuluak ezartzen duena beteko da.

2.– Etengabe neurtutako parametroen kasuan finkatutako emisioen muga-balioak betetzat jotzen dira, baldin eta neurrien emaitzen ebaluazioak adierazten badu –urte baterako funtzionamendu-orduetarako– guztiz bete direla honako baldintza hauek (9.2 artikulua):

a) Urtean baliozkotutako orduko batez besteko balioen % 95ek ez gainditzea ezarrita dagoen gehieneko emisio-balioa.

b) Baliozkotutako orduko batez besteko batek ere ez gainditzea emisioen muga-balioa, 1,5etik gorako faktorean.

Baliozkotutako orduko batez besteko balioak benetako ustiapen-epean zehaztuko dira, baliozko orduko batez besteko balioak oinarritzat hartuta, eta aurretik zehaztutako konfiantza-tartearen balioa kendu ondoren.

Orduaren eta egunaren arabera neurtutako baliozkotutako balioak ustiapen-epe eraginkorrean zehaztuko dira (abiatzeko eta gelditzeko epeak izan ezik), baliozkotutako orduko batez besteko balioak erabilita; balio horiek arestian zehaztutako konfiantza-tartearen balioa eskuratzean neurtzen dira.

E.2.3.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

E.2.3.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: Hondakin arriskutsuak multzokatzeko igarotzeko zentroak.

(Ikus .PDF)

E.2.3.2.– Isurketaren muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten diren isurketen parametroak Arabako Garapen Agentzia SAren Goiaingo industrialdeko isuriak arautzen dituen erregelamenduan ezarritakoak izango dira, instalazioa horretara isurtzen denez. Jarraian zehaztuko dira, parametro bakoitzaren gehieneko balioa adierazita:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurien muga-balioak lortzeko.

E.2.3.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Kutsatuta egon daitezkeen euri-urak ur-kolektorera isurtzen dira, hidrokarburoen bereizgailutik igaro ondoren.

E.2.4.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Kogenerazioa-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Ezertan eragotzi gabe Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari bai Legutioko Udalari.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua, martxoaren 13koa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

E.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Honako hauek zehazten dituzte: zer hondakin mota den eta nolako osagai arriskutsuak dituen (zehaztasunez jasota daude osagai horiek ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020 aldirako Ingurumen Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Indarreko araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek, eta itxita egon beharko dute kudeatzaile baimendu bati eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Aurreko apartatuan aipatutako ontziak argi, irakurgarri eta ezin ezabatzeko moduan etiketatu beharko dira, betiere, indarreko araudiaren arabera.

e) Hondakin arriskutsuek ezin izango dute 6 hilabete baino gehiago biltegiratuta egon.

f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik, eta, hala badagokio, araudian finkatutako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, dagokion kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da.

h) Egiaztatu egin beharko da ezen baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak konplitzen dituela halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutakoak.

i) Suez RR IWS Ibérica SLUk industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

j) Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– kudeatuko dira Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko Errege Dekretuan (otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretua) xedatuaren arabera. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

k) Suez RR IWS Ibérica SLUk poliklorobifeniloak (PKB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, haiek behar bezala kudeatzeko, bete egin beharko ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan –polikrorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen dekretuan– azaltzen diren baldintzak (dekretu hori otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuak aldatu zuen).

l) Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE zenbakiko Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu, horiek berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

m) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denarekin bat etorriz, Suez RR IWS Ibérica SLUk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

n) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko –hau da, hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea–, urtean 10 tona hondakin arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Suez RR IWS Ibérica SLUk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta Lege horren garapenerako araubideak ez badu hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen Suez RR IWS Ibérica SLU.

p) Baldin eta Suez RR IWS Ibérica SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, Suez RR IWS Ibérica SLU ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m), n) eta o) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Baldin eta hondakin arriskutsuak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

s) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Suez RR IWS Ibérica SLUk bete egin beharko ditu Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira (dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun eta osasun arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak).

E.2.4.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera eman beharko dira.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

c) Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile baten onarpen-agiria izan beharko dute, eta bertan zehaztuta agertu behar dira onarpenerako baldintzak. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

d) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeari buruzko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraikiz.

e) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

f) Baldin eta Suez RR IWS Ibérica SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, Suez RR IWS Ibérica SLU ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

g) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denarekin bat etorriz, Suez RR IWS Ibérica SLUk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

h) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

i) Apartatu honetako d), e) (kudeatzaileak EAEn daudenean), f), g) eta h) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

j) Baldin eta hondakin ez-arriskutsuak Estatutik kanpora esportatzen badira, hondakinen lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

E.2.5.– Lurzorua babesteari dagozkion baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Suez RR IWS Ibérica SLUk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostenaren edukia eta entregatzeko baldintzak, lurzoruen eta lurpeko uren oinarrizko txostena eta kontrol- eta jarraipen-dokumentuak. Esteka honetan eskura daiteke:

http://www.euskadi.eus/informazioa/lurzoru-kutsatuen-eta-lurpeko-uren-gaineko-arauzko-eskakizunak-aplikatzea-ingurumen-baimen-integratua-behar-duten-instalazioetan/web01-a2ingkut/eu/

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

c) Induskatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat induskatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak eta horien azken helmuga adierazi beharko dira. Horrez gain, hondeatutako materiaren berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=945C8D73-130B-4E34-AC67-5AB96DFB55AE&Idioma=eu-ES

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da, eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz.

E.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera-maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezkoa den garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Instalazioak, funtzionamenduan, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

c) Lohi hidrokarburodunak desortzio termiko bidez balorizatzeko prozesu berriarekin lotuta dauden zarata-iturri berrietarako, Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, instalazioak EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak transmititu ez ditzan kanpoaldera, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

(1) Muga-balio horiek aplikagarriak dira orobat inongo eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako, baliook eraikinaren garaiera orotan fatxada leihodun guztietara iristen den soinuari dagozkiola, are eraikin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo egonda ere.

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta fatxada leihodunen kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da baldin eta, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, baldintza hauek betetzen badituzte ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, T indizean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-an gainditzen aipatutako I. eranskineko F. taulan adierazitako balioak.

Aipatu muga-balioak betetzen direla egiaztatzeko, aldaketa honen (lohi hidrokarburodunak desortzio termiko bidez balioztatzeko prozesua txertatzearen) xede diren jarduketei loturiko zarata-iturri berrien banakako modelizazioa aurkeztu beharko da eta, hala dagokionean, baita beharrezkoak diren neurketa egokiak egin ere.

Sustatzaileak ezarritako muga-balioak gainditzen badira, hilabeteko epean aurkeztu beharko da ekintza-plan bat, balizko balio-gainditzeak zuzentzera bideratutako zuzenketa-neurriak jasotzen dituena. Neurri horietako bakoitzaren jarduketa-egutegia proposatu beharko du, betearaztearen arduraduna izendatuta.

F) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumen-zaintzako programa:

F.1.– Emisio atmosferikoak kontrolatzea.

F.1.1– Kanpo-kontrolak.

a) Prozesuaren egonkortasuna bermatzearren, desortzio-labeko aire-emariaren, erregai-elikaduraren eta tenperatuaren gaineko segimendua egin beharko du Suez RR IWS Ibérica SLUk, eta erregaia/airea erlazioa kontrolatzeko, periodikoki gainbegiratu beharko da errekuntza-gasen oxigenozko edukia. Halaber, emisioak honako informazio honen arabera kontrolatuko dira:

(Ikus .PDF)

b) Martxan jarri eta bi hilabetera, dioxinen, furanoen, metalen (As, Co, Ni, Cd, Se, Cr (VI), Sb, Pb, Cr (III), Cu, Mn, V, Sn), PAH-en eta hidrogeno fluoruroaren hasierako neurketa egingo da, eta emaitzak zein diren, kontrol-neurri gehigarriak hartu beharko dira.

c) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jartzen duen bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, organoak ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

d) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, igorpen bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioen iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, urte egokikoan, justifikatu beharko da.

e) Neurketa jarraitua.

Suez RR IWS Ibérica SLUk a) apartatuan adierazitako parametroen neurketa jarraitua egin beharko du 2. fokuan, «Desortzio termikorako labea». Oxigenoaren edukiari, tenperaturari eta presioari, eta errekuntzako gas-hondarraren ur-lurrunaren edukiari dagozkion ustiapen-prozesuaren parametroak barne izango dituzte neurketek. Emisioak aztertu aurretik hondar-gasaren lagina lehortzen denean, ez da beharrezkoa izango uraren lurruna etengabe neurtzea.

Emisioak modu jarraituan neurtzeko sistema Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sarera konektatu beharko da.

Instalazioen titularrek izango dute EENSaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta EENSak erregistratutako datuak gutxienez 10 urtez gorde beharko dira.

2. emisio-fokurako («desortzio termikorako labea»), neurketarako ekipamenduen erabilgarritasuna, hau da, baliozko datuak lortzeko aldien ehunekoa, gutxienez urteko benetako jardunaren % 90ekoa izango da, Ingurumen Sailburuordetza honek bestelako baimenik ematen ez badu behintzat.

EENSa 15 egun jarraian baino gehiagotan ondo ez badabil, Ingurumen Lankidetzako Erakunde batek aldizkako kontrolak (hamabostean behin) egin beharko ditu, gertaera hasi denetik emisioak etengabe neurtzeko sistema behar bezala ibili arte.

Instalazioen titularrak EENSaren funtzionamenduari buruzko urteko txosten bat igorri beharko du, betiere ingurumen arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.

f) Txostenak.

Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera, Ingurumen Sailaren jarraibide teknikoetan ezarritako txosten guztiak bidali beharko dira.

F.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

F.1.1. puntuan eskatutako parametro guztien neurketen txostenak bidali beharko dira. Kanpoko kontrolen txostenetan jarraibide teknikoetan ezarritako gutxieneko edukia jaso beharko da. 2. fokuari dagokionez, neurketei buruzko txostena aurkeztu beharko da, funtzionamenduaren hasieratik harako sei hilabeteko epean.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

F.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko E.2.3.2. azpiapartatuan ezarritako mugak.

F.3.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Aurreko apartatuan adierazitako ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen ingurumeneko erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

F.4.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

Lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena egunean jarrita aurkeztu beharko zaio organo honi, gaur egun lehendik dauden instalazioen multzoa kontuan izanik, eta orobat I. taldeko jarduerari dagokion edukia, organo honek garatu eragiketa-prozeduraren arabera. Prozedura hemen dago eskura:

http://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/informe_preliminar_suelo/eu_doc/adjuntos/procedimiento_operativo.pdf

Txosteneko laburpen historikoa gaur artekoa izan beharko da, aurkeztutako txostena egin aurreko aldian eskuratu ahal izan daitekeen informazio gehigarria barne. Bestalde, 2014ko abuztuko agirian deskribatutako jardueretatik ondorioztatu daitekeenez, arriskuen analisi kuantitatiboan kontuan hartu beharko liratekeen eremuak hauteman dira, hormigoiaren degradazioaren eraginez, lurzorua kutsatu delako susmoa dagoelako; esaterako, punpen kubeta eta andela-parkea iragazgaizteko jardueran. Jarduera-aldaketak edo -hedapenak ere adierazi beharko dira.

Era berean, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko proposamen bat aurkeztu beharko da; proposamen horrek gutxienez hauek bilduko ditu: karakterizazioa egiteko bi zundaketa, erauzitako zutabearen karakterizazioa eta lurpeko uren segimendua egiteko erabiliko diren piezometroak prestatzea. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa, eta, hartara, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da. Jakinarazi beharko da instalazioa kokatzen den lurzatiak eraginik duen interes hidrogeologikoko lekuetan (IHL), jabari publiko hidraulikoan edo Eremu Babestuen Erregistroko lekuetan (EBE).

Bestalde, oinarri-txostena edo hasierako egoeraren txostenaren proposamena egin beharko da, hala badagokio, hain zuzen, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 3. artikuluan deskribatzen dena, eta batzordearen jakinarazpeneko jarraibideen arabera. Europako Batzordearen abiapuntuko egoerari buruzko jarraibideak, Emisio Industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren 22. artikuluko 2. apartatuaren esparruan (2014/C 136/03). Hemen eskura daitezke:

http://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/PDF/?uri=OJ:C:2014:136:FULL&from=ES

Agiri horretan deskribatutako metodologiaren aplikaziotik ondorioztatzen bada nahitaezkoa dela oinarrizko txostena egitea, txosten horrek eskatzen dituen datuak lortu ahal izateko ikerketa-estrategia aurkeztuko da. Aitzitik, baldin eta ezinezkoa bada instalazioak lurzorua edo lurpeko urak kutsatzea, hori justifikatzeko memoria bat aurkeztuko da.

Edozein kasutan, lehenik eta behin, ingurumen-baimen integratuaren peko instalazioak eta horrekin lotura tekniko bat daukatenek erabilitako, sortutako edo isuritako substantzia eta nahasketa arriskutsu guztiak (lehengaiak, produktuak, bitarteko produktuak, azpiproduktuak, emisioak, hondakinak, etab.) zehazki identifikatu beharko dira eta horien kopurua adierazi beharko da. Bigarrenik, substantzia/nahasketa horietako bakoitzak lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeari begira duen garrantzia baloratuko da, baita ingurune horiei eragiteko arriskuari begira ere. Informazio hori eta instalazioaren operadoreak aurkeztu ahal izan dituen datu kuantitatiboak (lurzoruaren kalitateari buruzko aurretiazko ikerlanak, lurpeko uren kontrol- eta segimendu-emaitzak, etab.) aztertuko ditu organoak, eta horren arabera erabakiko du abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 3. artikuluan deskribatutako oinarri-txostena edo hasierako egoerari buruzko txostena egin behar den. Txosten horretan, substantzia arriskutsu garrantzitsuak direla-eta lurzoruak eta lurpeko urek duten kutsadura-egoerari buruzko informazioa jasoko da, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 12.1.f eta 23. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Erakunde egiaztatu batek prestatu beharko du apartatu horretan ezarritakoa betetzearren aurkeztu beharreko informazioa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, eta orobat organo honek hartarako onar ditzakeen jarraibideetan ezarritakoarekin. 99/2006 Dekretuaren bitartez, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen da, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egin beharreko ikerketen edukia eta norainokoa zehazten da.

F.5.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

F.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

http://www.euskadi.eus/autorizacion/aai-ippc/web01-a2inguru/es/

Era horretan, programa horretan zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak (ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik) Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarri diren baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik, gertatutakoaren berri izan ondoren, bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Sailburuordetzari helbide elektroniko hau erabilita: ippc@euskadi.eus.

Kontrola egiten duten urteari dagokion programaren barruan baino ez dituzte igorriko, gainera, urtebete baino periodikotasun handiagoko kontrolak.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausak eta konponbideak, eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

F.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko ezarritako neurrien eta mekanismoen efikazia egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

G) Prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ohiz kanpoko egoeretan.

G.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak bigarren apartatuko E.2.4. azpiapartatuan («Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

G.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Suez RR IWS Ibérica SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren E.2.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

G.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Suez RR IWS Ibérica SLUk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

G.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzioko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Mantentze-lan prebentiboen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Jarioak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (irazgaitzak), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), egon daitezkeen jarioak antzemateko neurriak edo gehiegi bete direneko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by-pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By-pass» horren bidez aurreikusi gabeko isurketaren bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (apartatu honen j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, jariakinen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta efikaziaz esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.

h) Tangen hustuketa kontrolatzeko balio duen protokoloa edo prozedura edukiko dute. Eta saihestu egin beharko da efikaziari eragin diezazkioten isuriak tratamendu-plantara joatea.

i) Gorabeherarik gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren. Jakinarazpenean honako alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik badago.

Gertakari edo arazo larriak edo ustekabeko isurketa edo emisioak izanez gero, SOS Deiak eta Legutioko Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

j) Aurreko apartatuan ezarritakoari kalterik egin gabe, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.

k) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

H) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badu, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahalko dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

l) Urtean behin, otsailaren azken eguna baino lehen, Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak aurreko urtean atmosferara egindako emisioei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskaintzen dituen kanal, sistema edo aplikazio informatikoen bitartez bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

J) Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, betiere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 7.1.c eta 7.2.c artikuluan xedatua.

Baldin eta aldaketan aurreikusten bada lurzoru berria okupatzea, eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

K) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz –testu bategina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen–, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– Ingurumenaren finantza-bermea.

Suez RR IWS Ibérica SLU 3. lehentasun-mailako operadore gisa dago sailkatuta ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduan. Agindu horrek ministro-aginduak onartzeko lehentasun-ordena eta egutegia ezartzen ditu, eta horiek oinarritzat hartuta, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen azken xedapenetatik laugarrenean (urriaren 23ko APM/1040/2017 Aginduak aldatzen duena) aurreikusitako nahitaezko finantza-bermea eratzea eska daiteke.

Urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduak ezartzen du noiztik eska daitekeen nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunaren urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jardueretan, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatutakoetan.

Horregatik, ingurumen-organo honetan aurkeztu beharko dira, 2021eko urriaren 16a baino lehen, erantzukizunpeko adierazpena, ingurumen-arriskuen azterketa eta, hala badagokio, nahitaezkoa zaion finantza-bermea edo ingurumen-erantzukizunari buruzko Legearen 28.b) artikuluan adierazitako nahitaezko finantza-bermea eratzeko salbuespenei atxikitzea justifikatzen duen dokumentazioa.

Laugarrena.– Alderdi hauei gehienez sei hilabeteko epean erantzuteko eskatzea Suez RR IWS Ibérica SLUri:

– Lurzorua babesteari dagokionez, lurzoruen dokumentu bakar bat aurkeztu beharko da, ikerketa-lanak eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzeko lanak egin ditzakeen erakunde egiaztatu batek egina. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol eta jarraipeneko informazioa. Horiek guztiak eskatzen dira «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» izeneko zirkularrean, zeina E.4 apartatuan aipatzen baita.

– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Bosgarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, aluminioaren industriako hondakinak kudeatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Suez RR IWS Ibérica SLUk Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Seigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Suez RR IWS Ibérica SLUri, Legutioko Udalari, Ingurumen Baimen Integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Zazpigarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Zortzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 14a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

ERANSKINA
ALEGAZIOEN AZTERKETA

Ingurumen-organoak entzunaldi-izapidea egin du, Suez RR IWS Ibérica SLUk Legution sustatutako jarduerari dagokion ingurumen-baimen integratua emateko prozeduraren esparruan, eta honako alegazio hauek jaso dira:

Alegazioa:

«Euskal Autonomia Erkidegoko zabortegietan onar daitezkeen hondakinen egoera aldakorra –otsailaren 6an Zaldibarko (Bizkaia) hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako gertakari larriaren ondorioz– eta Eusko Jaurlaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako 2020ko martxoaren 4ko Agindua kontuan hartuta, ingurumenaren aldetik komenigarria izan daiteke beste instalazio batek hondakin-fluxu gehigarriak tratatu ahal izatea. Suez RR IWS Ibérica enpresak egokitzat jotzen du honako lerrokada hau behin betiko ebazpenean sartzea:

Euskal Autonomia Erkidegoko zabortegietan onar daitezkeen hondakinen egoera aldakorra dela eta –duela gutxi izan diren gertakarien ondorioz–, instalazio honek beste hondakin batzuk ere onartu ahal izango lituzke hasieran aurreikusitakoez gain, teknologia horren bidez edo hura egokituz tratatu daitezkeenak. Egokitzapen hori Eusko Jaurlaritzaren indarreko prozesu eta baimenei jarraituz izapidetuko da, funtsezkoa ez den kasuan kasuko aldaketa-izapidearen bidez».

Erantzuna:

Egin nahi den aldaketa oro Ebazpen honetako I. apartatuaren arabera egin beharko da.


Azterketa dokumentala