Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2020ko irailaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA SAILA
3545

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 30ekoa, Lanbide Heziketako sailburuordearena eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurarako 2020ko deialdia egiten duena.

Lan-esperientziaren bidez hartutako konpetentzia profesionalak egiaztatzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko aplikatu beharreko prozedura bakarra ezartzen du hezkuntza- zein lan-alorrean. Era berean, konpetentzien ebaluazio eta egiaztapen horren ondorioak ezartzen ditu, Kualifikazio eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluaren 2. apartatuak dioenaren ildotik. Aipatu errege-dekretua oinarrizko lege-esparrua da Estatuko lurralde osoan, aipatu prozedura garatzeko.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoan antolamendua eta prozedura ezartzen ditu lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko. Bada, dekretu horretako 3. artikuluan, prozeduraren antolaketa-egitura zehazten da, eta 4. eta 5. artikuluetan, berriz, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren funtzioak eta parte-hartzea.

Prozedura horrek aukera ematen die langileei lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak egiaztatzeko, eta bide ematen die, halaber, kualifikazio-maila hobetzeko eta prestakuntzarekin jarraitzeko.

Horrek guztiak pertsonen gaitasun profesionala eta enplegagarritasuna hobetzen laguntzen du, eta, beraz, kohesio soziala eta ekonomikoa indartzen du.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Hezkuntza Sailak finantzatuko dute deialdi hau, eta, hala badagokio, Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioaren funtsak izango ditu, eta Eurokopako Gizarte Funtsen kofinantzazioa, konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko jardueren esparruan.

Ebazpen hau egiteko prozesuan, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua jakinaren gainean jarri dugu.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUGU:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea eta plazak.

1.– Ebazpen honen xedea da konpetentzia profesional irekiak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren deialdia egitea, I. eranskinean zerrendatzen diren konpetentzia-unitateetarako, betiere azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuarekin bat etorriz, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan antolamendua eta prozedura ezartzen baitira lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko.

2.– Deialdiko plazen % 10 erreserbatuko da profesionaltasun-titulu edo -ziurtagiri bakoitzerako, % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortuta duten pertsonentzat. Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plaza bete gabeak titulu edo profesionaltasun-ziurtagiri bererako eskainitako gainerako plazei gehituko zaizkie.

3.– 211/2015 Dekretuaren 7.7 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebaluatuko diren pertsonen gehieneko kopurua handitu daiteke (I. eranskinean zehazten da), baldintza hauetako bat betez gero:

a) Funts gehigarriak esleitzen bazaizkio deialdiari, lan-merkatuko eskariaren premiei buruzko ikerketaren arabera.

b) Beste konpetentzia-unitate batzuetan ebaluatuko direnen kopuruak ez badu agortzen konpetentzia-unitate horietarako aurreikusitako aurrekontu-kreditua.

4.– Halako aldaketarik gertatuz gero, horren berri emango da, ebazpen honetako 3. artikuluan ezarritako eran.

2. artikulua.– Informatzeko, orientatzeko eta aurrez izena emateko ikastetxeak.

1.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, II. eranskinean zerrendatutako ikastetxeen Informazio eta Orientazio Zerbitzuak informazioa emango die prozeduran parte hartzeko interesa dutenei, honako hauei buruz: faseak, prozedurarako sarbidea, betekizunak, eskubide eta betebeharrak eta eskuratu ditzaketen akreditazio ofizialak eta haien efektuak.

2.– Zentro integratu sortu berriak ere sar daitezke II. eranskinean, eta haien berri argitaratuko da, ebazpen bidez, hurrengo artikuluan ezartzen den moduan.

3. artikulua.– Prozeduraren publikotasuna.

1.– Prozeduran ematen diren ebazpen guztiak argitara emango dira Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus Hezkuntza Sailaren web-orrian (http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/fp-educacion/ eta Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren web-orrian (www.ivac-eei.eus/eu/ikasketa-egiaztatzea/).

2.– Jakinarazpenen eta epe-zenbaketen ondoreetarako, data baliagarritzat hartuko da Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus) ebazpenak argitaratzen direneko eguna.

3.– Prozedurako fase eta jarduera bakoitzaren behin betiko eta berariazko datak ezartzen dituen egutegia ebazpen hau argitaratzen den egun berean argitaratuko da, aurreko 1. eta 2. puntuetan adierazitakoaren arabera.

4. artikulua.– Parte-hartzaileen betekizunak.

1.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritako betekizunak bete behar dituzte, hau da, honako hauek:

a) Espainiar nazionalitatea izatea, Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela lortu izana, edo Espainian bizilekua izateko baimena edo bizilekua izateko eta lan egiteko baimena indarrean izatea, atzerritartasunari eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako terminoetan.

b) 18 urte beteak izatea, aurrez izena emateko eskabidea egitean, 1. mailako kualifikazioei dagozkien konpetentzia-unitateen kasuan; eta 20 urte, 2. eta 3. mailakoen kasuan.

c) Egiaztatu nahi diren konpetentzia-unitateekin lotutako lan-esperientzia edo prestakuntza ez-formala justifikatzea, deialdiaren aurreko 10 urtekoak:

– Lan-esperientziari dagokionez, gutxienez 3 urte justifikatu behar dira, eta, guztira, lan egindako 2.000 ordu gutxienez, 2. eta 3. mailetako konpetentzia-unitateetan; 1. mailakoetan, berriz, 2 urteko lan-esperientzia, eta, guztira, lan egindako 1.200 ordu gutxienez.

– Prestakuntza ez-formalari dagokionez, I. eranskinean zehaztuta dago konpetentzia-unitate bakoitzean eskatzen den prestakuntzako gutxieneko ordu-kopurua; nolanahi ere, 2. eta 3. mailetako konpetentzia-unitateetan, 300 ordutik gorakoak badira, gutxienez 300 ordu eskatuko dira, eta, 1. mailakoetan, 200 ordutik gorakoak badira, 200 ordu, gutxienez.

2.– Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu egoera hauetako batean daudenek:

a) Lanbide Heziketako titulu bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat izatea, deialdi honen xede diren konpetentzia-unitateak barnean hartzen dituena.

b) Konpetentzia-unitate guztiak egiaztatuak izatea.

5. artikulua.– Prozeduran aurrez izena emateko eskaera.

1.– Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek izena aurrez emateko eskaera egin behar dute, eredu ofizialari jarraituz (ikus IV. eranskina). Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren web-orrian deskarga daiteke eredua (www.ivac-eei.eus/eu/ikasketa-egiaztatzea/).

2.– Ebazpen honen 7.1 artikuluak adierazten duen epean aurkeztuko dira aurrez izena emateko eskabideak, behar bezala beteta, II. eranskinak adierazten duen edozein ikastetxetan.

3.– Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan aurkez daitezke.

4.– Posta-bulegoren batean aurkezten bada, gutun-azala irekita eraman beharko da, posta-bulegoak adieraz dezan noiz aurkeztu den.

5.– Hautagaiek ez badituzte betetzen eskakizun guztiak edo datu faltsuak ematen badituzte, galdu egingo dute deialdian parte hartzeko eskubidea. Eskatzaileen erantzukizuna da aurkeztutako dokumentazioa egiazkoa izatea. Dokumenturen bat egiazkoa ez bada, deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko dute, desegokitasuna noiz aurkitu den gorabehera, eta alde batera utzi gabe hautagaiak izan lezakeen erantzukizuna.

6. artikulua.– Izena aurrez emateko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Izena aurrez emateko eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, betekizunak betetzen direla egiaztatzeko:

1.– NANaren edo AIZren fotokopia edo Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria (edo jaioterriko nortasun-agiria edo indarrean den pasaportea), edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela, edo Espainian bizitzeko edo lan egiteko indarrean den baimenaren titular izatearen ziurtagiria. Eskatzaileak baimenik ematen ez badu datuak kontsultatzeko Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren Nortasun-datuak Egiaztatzeko Sisteman, dokumentazio hori aurkeztu beharko du, paper-formatuan.

2.– Egiaztagiri bat, ebazpen honetako 4.1.c artikuluan ezarritako betekizunen bat betetzen dela adierazten duena;

a) Prestakuntza ez-formala alegatzen bada, eskatutako konpetentzia-unitateetan gutxieneko prestakuntza-orduak dituela egiaztatzen duten dokumentuen bidez egingo da justifikazioa, eta honako hauek jasoko dira bertan: edukiak, prestakuntza-orduak, zer erakundek eman zituen, zer epetan eta zer adierazpen formalek baieztatzen duen gainditu, positiboki ebaluatu edo probetxuz egin dela.

Prestakuntza ez-formal horrek lotuta behar du egiaztatu nahi diren konpetentzia-unitateekin.

Prestakuntza ez-formalaren iraupena kreditutan adierazten bada, zehaztu beharko da zein den haren baliokidetasuna ordutan.

Ez dira baloratuko 10 ordutik beherako ikastaroak, ez eta jardunaldi, sinposio, ekitaldi eta antzekoetara bertaratu izana ere.

b) Lan-esperientzia alegatzen bada prozeduran aurrez izena emateko eskatzeko, dokumentu hauek aurkeztuko dira:

1) Soldatapeko langileak:

– Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatutako mutualitatearen ziurtagiria, honako hauek jasotzen dituena: enpresaren izena, lan-kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio-aldia.

– Lan-esperientzia zer enpresatan eskuratu duen, haren lan-kontratua edo ziurtagiria, kontratuaren iraupena berariaz jasotzen duena, hauek ere adierazita:

• Egindako jardueraren deskribapena, VII. eranskinean zerrendatutako lanposturen batekin eta eskatzen den konpetentzia-unitatearekin duen lotura adierazita, eta

• Noiztik noiz arte egin den jarduera hori. Ziurtagiriaren eredua eskuragarri dago Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean: (www.ivac-eei.eus/es/reconocimiento-aprendizajes/).

2) Langile autonomoak edo norberaren konturako langileak:

– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren edo Itsasoko Gizarte Institutuaren ziurtagiria, zehazten duena zer alditan egon den alta-egoeran Gizarte Segurantzan dagokion araubide berezian.

• Egindako jardueraren deskribapena, VII. eranskinean zerrendatutako lanposturen batekin eta eskatzen den konpetentzia-unitatearekin duen lotura adierazita, eta

• Noiztik noiz arte eginarduera hori. Ziurtagiriaren eredua eskuragarri dago Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean: (www.ivac-eei.eus/es/reconocimiento-aprendizajes/).

3) Langile boluntarioak edo bekadunak:

– Laguntzen jardun duten erakundearen ziurtagiri bat, guztira emandako ordu-kopurua berariaz adierazten duena (baremazio-helburuetarako, ordu-kopurua zati zazpi egingo da, egun-kopurua kalkulatzeko). Ziurtagiriak, gainera, hauek adieraziko ditu:

• Egindako jardueraren deskribapena, VII. eranskinean zerrendatutako lanposturen batekin eta eskatzen den konpetentzia-unitatearekin duen lotura adierazita, eta

• Noiztik noiz arte egin den jarduera hori. Ziurtagiriaren eredua eskuragarri dago Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean: (ww.ivac-eei.eus/es/reconocimiento-aprendizajes/).

3.– 25 urtetik gorako pertsonek, lan-esperientziaren edo prestakuntzaren baldintzak bete baina ezin badituzte egiaztatu aurretik adierazitako dokumentuen bidez, aukera izango dute prozeduran aurrez izena emateko, behin-behineko izaerarekin, betiere. Lan-esperientzia edo prestakuntzarako ikaskuntza ez-formalak zuzenbidez onartutako frogaren baten bidez justifikatuko dituzte. Ziurtagiriaren eredua eskuragarri dago Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean: (www.ivac-eei.eus/es/reconocimiento-aprendizajes/).

4.– Halaber, 2.1 artikuluan aurreikusitako plaza-erreserbaren babesean prozeduran parte hartzeko, erakunde eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute interesdunek, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna egiaztatzen duena.

5.– Betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzen duten jatorrizko dokumentuak eta haien kopiak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Fotokopiak jatorrizkoekin alderatu ondoren onartuko dira, espedientean jasota geratuko dira eta hautagaiek ezingo dituzte berreskuratu. Jatorrizko agiriak aurrez izena emateko unean itzuliko zaizkio eskatzaileari, eta harena izango da haiek jasotzeko ardura.

7. artikulua.– Aurrez izena emateko eskabideak aurkezteko epea, eta tasak ordaintzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 15 egun naturalekoa izango da.

2.– Aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo okerren bat atzematen bada, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, errekerimendua egin eta hurrengo egunetik hasita, akatsa zuzendu edo falta den informazioa eman dezan. Hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela joko da, eta, horretarako, aurretik, ebazpen bat emango da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.– Aurrez izena emateko, 10,25 euroko tasa ordaindu beharko da, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategineko 95 terdecies artikuluaren 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Aurreinskripzioari dagokion tasa ordaintzeko epea aurreinskripzioaren aldia hasten denetik 3 egun baliodunera artekoa izango da, epe hori amaitu ondoren zenbatzen hasita. Aurrez izena emateko inprimakian zehaztuta dago hautagaiak zein duen tasa ordaintzeko azken eguna.

4.– Prozeduran onartutako pertsona fisikoek ez dute tasa ordaindu beharrik izango, baldin eta egoera hauetako batean daudela egiaztatzen badute:

a) Lanik gabe eta Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda egotea.

b) Urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko edo hortik beherako diru-sarrerak izatea, izena ematearen aurreko urte naturalean.

c) Bizikidetza-unitateen kasuan, ez izatea Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren 1,5eko gutxieneko diru-sarrerak.

d) Indarrean dagoen araudiaren arabera kategoria berezian sailkatutako familia ugariko kide izatea.

e) Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzea.

f) Terrorismoaren biktima izatea, legez hala aitortua.

g) Genero-indarkeriaren biktima izatea.

h) Desgaitasuna izatea, ehuneko 33ko edo hortik gorako graduan.

i) Iraupen luzeko langabetu izatea.

5.– Onartutako pertsona fisikoek tasaren % 50eko murrizketa ez-metagarria izango dute, baldin eta egoera hauetako batean daudela egiaztatzen badute:

a) Indarrean dagoen araudiaren arabera kategoria orokorrean sailkatutako familia ugariko kide izatea.

b) Urteko Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 150eko edo hortik beherako diru-sarrerak izatea, izena ematearen aurreko urte naturalean.

6.– Eskatutako dokumentazioa garaiz zuzendu ezean, eta tasak deialdian ezarritako epean ordaindu ezean, prozeduran parte hartzeari uko egin zaiola joko da, eta hala deklaratuko da Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren ebazpen bidez.

8. artikulua.– Prozeduran onartzea edo baztertzea.

1.– Prozeduran parte hartu nahi dutenak onartu eta baztertzeko, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

2.– Kontuan hartuta zein den gehienez ebaluatu daitekeen lagun-kopurua (deialdi honetako I. eranskinean ezarrita dago), baldintzak betetzen dituztenek aurrez izena emateko aurkeztutako eskabideak gehiago baldin badira gehieneko kopuru hori baino, lehentasun-hurrenkera hau ezarriko da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaren batean lan egiten dutenak edo erkidego horretan bizi direnak.

b) Azken 10 urteetan dagokion lanbide-kualifikazioaren esparru espezifikoan lan-esperientzia handiagoa lortu dutenak, betiere halaxe dela egiaztatzen badute lan egin den enpres(ar)en ziurtagiri bat eta lan-bizitzaren laburpen bat aurkeztuz. Lan egindako egun bakoitzeko, puntu 1 emango da.

c) Hautagaiak noiz inskribatu ziren enplegu eskatzaile gisa, data zaharrenetik berrienerako hurrenkeran.

d) Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emango zaio aurrez izena emateko eskabidea lehenago egin duenari.

9. artikulua.– Behin-behineko zerrendak onartu eta argitara ematea.

1.– Azaroren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.2.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Hautaketa Batzordeak oniritzia emango dio prozeduran onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendari, eta argitara emango du ebazpen honetako 3.1 artikuluan ezarritako eran.

2.– Hautagaiek 5 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak egiteko, behin-behineko zerrendak Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus) argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Idatziz aurkeztu beharko dituzte erreklamaziook, prozeduran parte hartzeko behin-behineko izen-ematea egin zuten ikastetxeko idazkaritzan, Hautaketa Batzordeari zuzenduta.

10. artikulua.– Behin betiko zerrendak eta erreserba-zerrendak onartu eta argitara ematea.

1.– Azaroren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.2.6 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Hautaketa Batzordeak oniritzia emango dio onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendari, prozeduratik baztertzeko arrazoiak adierazita, eta argitara emango du ebazpen honetako 3.1 artikuluan ezarritako eran.

2.– Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da behin betiko zerrendaren aurka, Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren aurrean edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, zerrenda Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus) argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Zuzendari horiek ebatziko dute errekurtsoa, batera emandako ebazpen baten bidez.

3.– Halaber, azaroren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, erreserba-zerrenda bat argitaratuko du Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuak, ebazpen honetako 3.1 artikuluan ezarritako eran.

11. artikulua.– Prozeduraren faseak.

Hiru fasetan garatuko da konpetentzia profesionalak aintzatesteko, ebaluatzeko, egiaztatzeko eta erregistratzeko prozedura:

a) Aholkularitza-fasea.

b) Konpetentzia profesionala ebaluatzeko fasea.

c) Konpetentzia profesionala egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea.

12. artikulua.– Aholkularitza-fasean izena ematea eta tasak ordaintzea.

1.– Hautaketa-prozesuan onartutakoek izango dute aukera aholkularitza-fasean parte hartzeko.

2.– Aholkularitza-fasean izena emateko, deialdi honetako V. eranskinean ageri den eredua erabili beharko da. Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren web-orrian deskarga daiteke eredua (www.ivac-eei.eus/eu/ikasketa-egiaztatzea/).

3.– II. eranskinean zehaztuta dago zer ikastetxetan eman daitekeen izena aholkularitza-faserako.

4.– Prozeduran onartutako hautagaien behin betiko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunean emango da izena aholkularitzan.

5.– Halaber, dagokion tasa ordaindu beharko da, hala xedatuta baitago irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko Legearen testu bategineko 95. terdecies artikuluaren 2. apartatuan:

– Profesionaltasun-ziurtagiria (1. maila): 61,51 euro.

– Profesionaltasun-ziurtagiria (2. maila): 71,76 euro.

– Profesionaltasun-ziurtagiria (3. maila): 92,26 euro.

– 1. mailako titulua (Oinarrizko prestakuntza): 92,26 euro.

– 2. mailako titulua (Erdi-mailako zikloak): 102,52 euro.

– 3. mailako titulua (Goi-mailako zikloak): 112,77 euro.

Aholkularitzarako inskripzioari dagokion tasa ordaintzeko epea inskripzioaren egunean bertan hasiko da, eta 5 egun baliodun izango dira tasa ordaintzeko taldeko aholkularitza-bilera egiten denetik aurrera. Ebaluazioan izena emateko inprimakian zehaztuta dago hautagai bakoitzak zein duen tasa ordaintzeko azken eguna.

6.– Prozeduran onartutako pertsona fisikoek ez dute tasa ordaindu beharrik izango edo % 50eko murrizketa izango dute, baldin eta, hurrenez hurren, 7. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan jasotako egoeraren batean daudela egiaztatzen badute.

7.– Tasa adierazitako epean ordaindu ezean, prozeduran parte hartzeari uko egin zaiola joko da, eta hala deklaratuko da Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren ebazpen bidez.

13. artikulua.– Aholkularitza-fasearen bilakaera.

1.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoari jarraituz gauzatuko da aholkularitza-fasea.

2.– Fase hori nahitaezkoa da, eta xedetzat dauka identifikatzea zein diren hautagaien ikaskuntzei dagozkien konpetentzia-unitate egokienak, horiek ebaluatzeko, eta, halaber, behar duten laguntza ematea hautagaiei aholkularitza-prozesu osoan.

3.– Talde-bilera bat egingo da aholkulariarekin, nahitaezkoa, aukeratutako hautagai guztiei zuzendua, eta, han, informazio guztia emango da aholkularitza-prozesuari buruz eta Konpetentzia Profesionalen Txostenari buruz.

4.– Ondoren, banaka eta modu presentzialean egingo da aholkularitza aholkulariarekin, zeinak hautagaiei lagunduko baitie konpetentzia ebaluatzen, txostena osatzen, eta, hala badagokio, txosten hori justifikatzeko ebidentzia berriak aurkezten.

5.– Aholkulariak, aurkeztutako dokumentazioa aintzat hartuta, txosten izenpetu bat egingo du Ebaluazio Batzordearentzat, orientagarria izango dena, eta, han, adieraziko du, arrazoiak emanda, behar bezala justifikatutako ebidentziak dauden hautagaiak atal bakoitzean konpetentzia duela esateko; txostenean adieraziko du, halaber, hautagaia ebaluazio-fasera igarotzea egokia den.

a) Txostena aldekoa baldin bada (ebidentzia nahikoa baitago hautagaiaren konpetentziari buruz), aholkulariak Ebaluazio Batzordeari helaraziko dizkio txostena eta hautagaiak aurkeztutako dokumentazioa.

b) Txostena aurkakoa bada, aholkulariak hautagaiari adieraziko dio zer prestakuntza osagarri egin dezakeen eta zer ikastetxetan eskaintzen den.

Aholkulariaren txostena ez da loteslea, eta, hortaz, hautagaiak erabaki dezake ebaluazio-fasera igaro nahi duen ala ez. Kasu horretan ere, aholkulariak Ebaluazio Batzordeari helaraziko dizkio bere txostena eta aipatutako dokumentazioa.

6.– Aholkulari bakoitzak bere jardueren erregistroa egingo du, eta hautagai bakoitzak sinatuko du han, azaltzen den saio guztietan, izan talde-bilerak nahiz banakakoak. Hautagaiek, halaber, saioetara joan izanaren ziurtagiri bat emateko eskatu ahal diote aholkulariari.

7.– Aholkularitza-fasea nahitaezkoa da, eta, hortaz, hautagai bat azaltzen ez bada deituta zegoen aholkularitza-saioetara justifikazio-arrazoirik eman gabe, ebaluazio-fasean parte hartzeko eskubidea galduko du. Baldin eta, bilera egin eta hiru eguneko epean, behar bezala justifikatzen badu, idatziz eta frogagiriak aurkeztuta, zergatik ez den joan bilerara, beste aholkularitza-bilera bat hitzartuko da, horretarako ezarritakoa epeetan.

8.– Aholkulari bat ezin bada hautagai batekin harremanetan jarri ohiko bitartekoen bidez, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren web-orriaren bitartez egingo du (www.ivac-eei.eus/eu/ikasketa-egiaztatzea/), eta jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

9.– aholkularitza-fasea aholkularitzarako inskripzio-tasa ordaintzen den egun berean hasi ahal izango da. Gutxienez 25 egun balioduneko iraupena izango du.

10.– III. eranskinean zehaztuta dago zer egoitzatan egin daitekeen aholkularitza-fasea.

11.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariaren baterako ebazpenaren bidez, aholkularitza-lanak egingo dituzten aholkulariak izendatu eta gaituko dira, 1224/2009 Errege Dekretuaren 25. artikuluan ezarritako baldintzak betez, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus).

14. artikulua.– Ebaluazio-fasean izena ematea eta tasak ordaintzea.

1.– Deialdi honen VI. eranskineko ereduaren bidez emango da izena ebaluazio-fasean. Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren web-orrian deskarga daiteke eredua (www.ivac-eei.eus/eu/ikasketa-egiaztatzea/).

2.– Hautagaiek, ebaluazioan izena emateko, aholkularitza bukatua izan behar dute II. eranskinean aipatzen diren ikastetxeetan.

3.– Ebaluaziorako inskripzioa egiteko epea aholkularitza-fasea hasi eta 5 egun baliodunera hasiko da, eta fase hori amaitutakoan amaituko da.

4.– Ebaluazioan izena emateko, halaber, konpetentzia-unitate bakoitzari dagokion tasa ordaindu beharko da, hala xedatuta baitago irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko Legearen testu bategineko 95. terdecies artikuluaren 3. apartatuan.

– 1. mailako konpetentzia-unitate bakoitzeko: 12,30 euro.

– 2. mailako konpetentzia-unitate bakoitzeko: 15,38 euro.

– 3. mailako konpetentzia-unitate bakoitzeko: 18,45 euro.

Interesdunak 5 egun balioduneko epean ordaindu beharko du tasa hori, ebaluazioan izena eman zuen egunaren biharamunetik hasita. Ebaluazioan izena emateko inprimakian zehaztuta dago hautagai bakoitzak zein duen tasa ordaintzeko azken eguna.

5.– Prozeduran onartutako pertsona fisikoek ez dute tasa ordaindu beharrik izango edo % 50eko murrizketa izango dute, baldin eta, hurrenez hurren, 7. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan jasotako egoeraren batean daudela egiaztatzen badute.

6.– Tasa adierazitako epean ordaindu ezean, prozeduran parte hartzeari uko egin zaiola joko da, eta hala deklaratuko da Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren ebazpen bidez.

15. artikulua.– Ebaluazio-fasearen bilakaera.

1.– Fase hori azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoari jarraituz gauzatuko da (211/2015 Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura Euskal Autonomia Erkidegoan).

2.– Ebaluazio-fasean, egiaztatuko da hautagaiak behar den konpetentzia profesionala duela errealizazio profesionaletan, errealizazio-irizpideetan ezarritako mailetan eta testuinguru profesionalaren arabera finkatutako lan-egoera egiazko edo simulatu batean.

3.– Ebaluazio-prozesuan, aintzat hartuko dira hautagaiak emandako informazio profesionaletik lortutako zeharkako ebidentziak nahiz zuzeneko ebidentzia gehigarriak; azken horiek ebaluatzeko, hautagaiaren konpetentzia egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den ebaluazio-metodoren bat erabiliko da.

4.– Ebaluazio-fasean, ebaluazioa egingo zaio hautagaiari, izena eman zuen konpetentzia-unitateetako bakoitzean, VI. eranskinaren bidez aurkeztu zuen eskabidea aintzat hartuta, edozein dela ere aholkulariaren txostenaren emaitza.

5.– Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 26., 27. eta 28. artikuluetan aurreikusitako eta araututako ebaluazio-batzordeek egingo dute ebaluazioa. Ebaluazio-batzorde horien izendapena Plangintza eta Antolaketako zuzendariak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariak batera emandako ebazpen baten bidez egingo da, eta Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan argitaratuko (https://www.euskadi.eus).

6.– Hauek izango dira ebaluazio-fasearen etapak:

a) Ebaluazio Batzordeak konpetentzien dosierra eta aholkulariaren txostena aztertuko ditu. Dosierra hautagai bakoitzaren lanbide-jarduera gauzatzea ahalbidetzen duten ezagutza eta gaitasunen multzoak definitzen du, eta ebidentzien lehen ebaluazioa egingo du ebidentzien nahikotasuna edo eskasia erabakitzeko, konpetentzia-unitateen egiaztapena proposatzeko.

b) Ebaluazio-batzordeak hautagai bakoitzari buruzko plangintza bat egingo du, eta banakako ebaluazio-planean jasoko, non bilduko baitira ebaluazio-irizpideak, -metodologia eta -jarduerak, bai eta programatutako jarduera bakoitza egiteko aurreikusitako lekua eta egunak ere. Plan hori nahitaezkoa izango da, eta zuzenean helarazi behar zaio hautagaiari, posta elektronikoz edo posta arruntez.

c) Ebaluazio-batzordeak erabakitako ebaluazio-prozesua egingo zaio hautagai bakoitzari. Konpetentzia-unitate jakin bateko konpetentzia profesionalaren ebaluazioaren emaitza «frogatua» edo «ez frogatua» izango da. Konpetentzia-unitatea izango da egiaztatze-atal minimoa.

d) Azkenik, ebaluazio-batzordeak akta batean bilduko ditu ebaluazioaren emaitzak, eta honela emango ditu kalifikazioak:

– «Frogatua», baldin eta, ebaluazioaren emaitzaren arabera, ebidentziek erakusten badute hautagaiak kualifikazio egiaztatua duela ebaluatutako konpetentzia-unitatean.

– «Ez frogatua», baldin eta, ebaluazioaren emaitzaren arabera, ebidentziek erakusten badute hautagaiak ez duela kualifikazio egiaztaturik ebaluatutako konpetentzia-unitatean.

7.– Ebaluazio-faseko jarduerak ebaluaziorako izena emateko finkatutako egunean hasiko dira, eta gutxienez 30 egun balioduneko iraupena izango dute.

8.– III. eranskinean zehaztuta dago zer egoitzatan egin daitekeen ebaluazio-fasea.

16. artikulua.– Behin-behineko aktak argitaratzea.

1.– Behin-behineko ebaluazio-aktak ebazpen honen 3.1 artikuluan aurreikusitako moduan argitaratuko dira, ebaluazio-fasea amaitu eta 2 egun baliodun geroago.

2.– Behin-behineko emaitza honela adieraziko da: «frogatua» edo «ez frogatua». Horren aurka, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete, 5 egun balioduneko epean, emaitza Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus) argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Idatziz aurkeztu beharko da erreklamazioa, ebaluaziorako izen-ematea egin zen ikastetxeko idazkaritzan, eta prozeduraren ebaluazio-batzordeko lehendakariari zuzenduko zaio, ebatz dezan.

17. artikulua.– Behin betiko aktak argitaratzea.

1.– Behin betiko ebaluazio-aktak ebazpen honen 3.1 artikuluan aurreikusitako moduan argitaratuko dira, erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta 3 egun baliodun igaro baino lehen.

2.– Behin betiko ebaluazioa-akten aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezake ebaluatutako pertsonak, hilabeteko epean, akta Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus) argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren aurrean edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren aurrean aurkeztuko da errekurtsoa, eta bi zuzendariek batera emandako ebazpen bidez ebatziko dute.

18. artikulua.– Ordain ekonomikoak.

Aholkulari eta ebaluatzaileek azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren eranskinean adierazitako ordain ekonomikoak jaso ahal izango dituzte (211/2015 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura zehazten dituena).

Aholkulariek eta ebaluatzaileek langabezia-prestazioak jasotzen badituzte, kotizaziopekoak zein kotizaziorik gabekoak, edo diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradunak badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura honetan laguntzen dutela, aholkulari edo ebaluatzaile gisa parte hartu duten fasearen hasieran eta amaieran, bai eta horregatik jasotzen dituzten kalte-ordainen zenbatekoa ere.

19. artikulua.– Konpetentzia profesionala egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea.

1.– Egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoari jarraituz egingo da (211/2015 Dekretua, Lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura ezartzen dituena Euskal Autonomia Erkidegoan).

2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren bidez, aitortutako konpetentzia-unitateak egiaztatuko ditu, ebaluazio-batzorde bakoitzak uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren III-A ereduaren arabera egindako aktei jarraikiz (1224/2009 Errege Dekretua, Lan-esperientziaren bidez hartutako konpetentzia profesionalak aitortzen dituena).

3.– Prozedura honen bidez eskuratutako konpetentzia-unitateen egiaztapenak egiaztatze partzial metagarriaren ondorioak ditu, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8.3 artikuluan xedatuaren arabera, eta, helburutzat dauka kasuan kasuko lanbide-heziketako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza osatzea.

4.– Ebaluazio positiboa lortu dutenek II. eranskinean ezarritako edozein ikastetxetan jaso ahal izango dituzte beren ziurtagiriak, behin betiko aktak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

20. artikulua.– Prestakuntza-plana.

Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesu osoa amaitzean, ebaluazio-batzordeak idazki bat igorriko die deialdi honetan ezarritako prozeduran parte hartu duten guztiei, honako hau jasoko duena, dagokionaren arabera:

a) Prestakuntza-aukerak eta dagozkion orientabideak, hurrengo deialdietan aukera izan dezaten frogatu gabeko gaitasun-unitateak egiaztatzeko.

b) Prestakuntza-aukerak eta dagozkion orientabideak, erlazionatutako profesionaltasun-ziurtagiri bat edo lanbide-heziketako titulu bat lortzeko beharrezkoa den prestakuntza osatu dezaten.

21. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Konpetentzia ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren organo kudeatzaileek prozedurarekin lotutako prestakuntza-eskaintzak antolatzeko eta prozedura kudeatzeko erabiliko dituzte eskabideetan jasotako datu pertsonalak, hala xedatuta baitago Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

22. artikulua.– Abstenitzea eta errefusatzea.

1.– Aholkulari edo ebaluatzaile izendatutakoek ezingo dituzte hautagaiak ebaluatu, baldin eta lehenengoen eta bigarrenen artean urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada (40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena).

2.– Halakorik gertatuz gero, eragindako aholkulari eta ebaluatzaileek horren berri eman beharko diote partaide diren ebaluazio-batzordeari, eta horrek Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari (EEI).

3.– Halaber, hautagaiek aukera izango dute aholkulari edo ebaluatzaile izendatutakoak errefusatzeko, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.

23. artikulua.– Dokumentazioa artxibatzea eta suntsitzea.

Prozedura amaitu eta hamar urteko epean, III. eranskinean ageri diren ikastetxeek artxibatuko dute dokumentazioa, bai prozedura honetan aurkeztu eta sortutakoa, bai aurrez izena emateko fasean sortutakoa, bai eta aholkularitzan eta ebaluazioan izena emateko faseetakoa ere.

24. artikulua.– Argitalpena.

Ebazpen hau argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta haren laburpen bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa Hezkuntzako sailburuari zuzenduko zaio, eta berak ebatziko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari entzun ondoren.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 30a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

I. ERANSKINA
DEIALDIAREN KONPETENTZIA-UNITATEAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
INFORMATZEKO – ORIENTATZEKO – AURREZ IZENA EMATEKO – AHOLKULARITZARAKO IZENA EMATEKO – EBALUAZIORAKO IZENA EMATEKO ZENTRUAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
AHOLKULARITZA ETA EBALUAZIORAKO IKASTETXEAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
AURREZ IZENA EMATEKO ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
AHOLKULARITZA ESKAERA. IZENA EMATEA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
EBALUAZIORAKO IZENA EMATEA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
LANBIDE KUALIFIKAZIOETAN ONARTUTAKO LANPOSTUAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala