Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2020ko irailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3535

AGINDUA, 2020ko abuztuaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez desgaitasunari lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako eskola-garraioko banakako esleipenen deialdia egiten baita, ikasle horiek dagokien ikastetxe publikoan edo Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek esleituta itundutako ikastetxe publiko edo pribatuan eskolatuta badaude eta sailaren eskola-garraioa erabili ezin badute.

Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, hezkuntzaren zerbitzu osagarri modura. Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barne; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikasleen bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia eta ikasle-kopurua. Hala ere, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialarekin lotutako hezkuntza-premia bereziak (aurrerantzean HPB) dituzten ikasle batzuek ezin dute eskola-garraioa erabili, ez behar duten ibilbideetarako Sailak ez duelako antolatu garraiorik, ez ibilbideak edota garraioa beren ezaugarrietara egokituta ez daudelako. Kasu horietan, egunero ikastetxera joateko ibilgailu partikularra edo garraio publikoa erabiltzen dute.

Eskola-garraiorako banakako dirulaguntzetarako deialdi honen helburua da ikastetxerako joan-etorrien kostua finantzatzea, ez dadin izan zailtasun gehigarri bat, ezta beste kostu bat ere, ikasle horiek ikastetxe publiko batean edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak esleitutako ikastetxe pribatu itunpeko batean eskolatuta badaude.

Agindu honen bidez araututako deialdia Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2020ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez onartu baitzen. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-a2kulsus/eu/

Deialdi honetarako aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Oro har, agindu hau honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da:

– 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa, hezkuntza-eskumenak dituen sailak finantzatua -- Azaroaren 26ko 186/2019 Dekretuak emandako idazketan.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena.

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Horregatik guztiagatik,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da eskola-garraiorako banakako dirulaguntzen deialdia egitea desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duten ikasleentzat, baldin eta 2020-2021 ikasturtean ikastetxe publikoetan edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak esleitutako publiko zein itunpeko ikastetxeetan matrikulatuta badaude eta ezin badute Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa erabili.

2. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria da.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 3.773.000 euro bideratuko dira.

2.– 1. paragrafoan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, laguntzak jasotzeko eskubidea duten eskabideen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak konprometitu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera. Halakorik gertatuz gero, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da.

4. artikulua.– Betebeharrak eta betebehar horiek egiaztatzea.

1.– Deialdi honetara aurkez daitezke 2020-2021 ikasturtean honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleek:

a) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak HPBak dituen ikaslea dela aintzatesten du.

b) Etxebizitzaren arabera edo ibilbidearen arabera dagokion ikastetxean matrikulatuta egotea, edo Hezkuntza Administrazioak esleitutako ikastetxean.

c) Ezin du joan-etorrietan erabili Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa, eta ezin da ikastetxera joan doako garraio bidez edo aipatutako sailaz bestelako erakunde publiko edo pribatuek guztiz diruz lagundutako garraio bidez.

d) Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bat izatea, eta Desgaitasun Ziurtagiria, lurralde-erakunde eskudunak egina, eta bertan adierazita egotea desgaitasun mota eta gradua, eta hala behar bada mugikortasun urri iraunkorra duela.

e) Ikaslearen etxebizitzatik ikastetxera dagoen distantziak bete egin beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –garraioaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari– buruzko maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuaren 5. artikuluko c letran ezarritakoa. Distantzia neurtzeko, hartuko da erreferentziatzat ikaslearen bizilekutik ikastetxerako ibilbide laburrena, ibilgailuz egina. Neurketa egiteko, 5.d artikuluan ezarritako tresna erabiliko da.

f) Ez izatea 21 urte beteta 2020ko abenduaren 31n.

2.– Dirulaguntza honen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 14. artikuluetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte, aipatutako legearen 13.2.e) artikuluan ezarritakoa izan ezik, ematen den dirulaguntzaren izaera dela eta.

3.– Ezingo dute deialdian parte hartu dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik duten pertsonek, ezta horretarako legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Eskatzaileek onuradun izateko debekuren bat ez daukatela justifikatu ordez erantzukizunpeko adierazpenak aurkez ditzakete.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Ikasleek jasotzen dituzten 2020-2021 ikasturterako banakako dirulaguntzek garraioaren kostu osoa estali ahal izango dute.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ezartzeko erreferentziatzat hartuko den kostua honako arau hauei jarraikiz kalkulatuko da:

a) Etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko desplazamendurako zerbitzu publikoa (autobusa, trena, tranbia, metroa) erabiltzen bada, ematen den esleipenaren zenbatekoa garraio ekonomikoenari dagokion kostua izango da, kontuan hartuko dira eguneko bi bidaia, salbu eta ez badago jangelako zerbitzurik edo erabiltzen ez bada; kasu horretan, eguneko, gehienez, lau bidaia zenbatuko dira.

b) Ikasleak taxiz egiten badu bidaia, taxilariak aurkeztutako aurrekontua, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak baimendutakoa, izango da erreferentziako aurrekontua. Onuradunak hiru aurrekontu eskatuko dizkie taxilari desberdinei; hiru horietan merkeenari emango zaio baimena. Aurrekontuak, onartua izateko, ikaslea eskolara garraiatzen ez den egunei dagokien murrizketa jaso beharko du.

c) Taxian edo autobusean egindako joan-etorria ikastetxeak antolatzen duenean, erreferentzia-kostua ikastetxeak ikasleari eskola-garraioko gastuengatik ematen dion zenbatekoa izango da. Kasu horietan, desplazamendua antolatzen duen zentroak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren baimena eskatu beharko du aldez aurretik. Zentroak hainbat zerbitzu-emaileri hiru aurrekontu eskatu dizkienean, aurrekontu merkeenari emango zaio baimen hori.

d) Etxearen eta ikastetxearen arteko joan-etorrietarako ibilgailu partikularra erabiliz gero, kostua kalkulatzeko, etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko ibilbide laburrenaren kilometro-kopurua bider 0,29 euro egingo da eguneko bidaia-kopuruarekin (gehienez ere lau bidaia egunean, salbu eta ikasleak ikastetxeko jantokia erabili ahal badu; kasu horretan, eguneko bi bidaia zenbatuko dira), eta bider eskola-egun kopurua.

Ibilbidearen kilometroak x 0,29 € x bidaia-kopurua (2 edo 4) x ikastaroaren eskola-egunak.

Distantziak neurtzeko, «GEO Euskadi» kartografian oinarritutako tresna erabiliko da.

e) Dagokion Berritzeguneko HPBko aholkularitzaren iritziz ikasleak autobusez, trenez, tranbiaz edo metroz bidaiatzen laguntza behar badu, laguntzailearen txartelaren kostua eskabidean sartu ahal izango da. Laguntzailearen bi bidaia zenbatuko dira gehienez egun bakoitzeko, betiere bidaia horiek benetan egiten badira.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta baldintzen aldaketa.

Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako ematen dituen beste dirulaguntza batzuekin. Hala ere, helburu bererako beste laguntzaren bat jasoz gero, dirulaguntzaren zenbatekoak ezin du, inola ere, ikasle eskatzailearen eskola-garraioaren kostu osoa gainditu 2020-2021 ikasturtean, beste laguntza batzuekin batera edo laguntza bera bakarrik; beraz, gainfinantzaketarik izanez gero, gaindikina itzuli egin beharko da.

Era berean, laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17. eta 19. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 64. eta 86. artikuluetan ezarritakoaren arabera. 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Ikasleak berak izenpetuko ditu eskabideak, adinez nagusia bada eta jarduteko gaitasun osoa badu, edo, bestela, haren legezko ordezkariak.

2.– Eskabideak aurkezteko ohiko epea hilabetekoa da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskabideak modu hauetakoren batean aurkeztuko dira:

a) Modu telematikoan, www.euskadi.eus/educacion web-orrian sartuz eta horretarako prestatutako aplikazio informatikoa erabiliz; horretarako, baliozko ziurtagiri digital batekin identifikatu beharko da aldez aurretik. Eskabidea bete ondoren, eskaneatuta erantsiko dira eskatutako dokumentuak, eta elektronikoki sinatuko da.

b) Modu presentzialean, ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxera bertaratuta eskatutako dokumentazioarekin. Kasu horretan, ikastetxeak sartuko ditu eskatutako datuak eta dokumentuak aplikazio informatikoan. Eskabidea bete ondoren, inprimatu, sinatu eta aplikazioan gehituko da. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan ere egin daiteke.

4.– Eskabidea eta horrekin batera aurkeztutako agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, eskatzailearen aukeran. Era berean, prozeduran zehar, hark hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluek ezartzen duten bezala.

5.– Eskaera-inprimakian, eskatzaileak «telefono mugikorra» eta «posta elektronikoa» atalak beteko ditu. Hori betez gero, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen dio Hezkuntza Sailari agindu honen 11.4 artikuluan aurreikusitakoez gain beste abisu batzuk emateko.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak, eta, era berean, eskabidea aurkeztuta baimena ematen zaio ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari ikaslearen ordezkari gisa jardun dezan garraiorako banakako dirulaguntzak esleitzeko izapidetze-prozeduran.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1.bis artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bat jasotzen da.

8.– Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

– Desgaitasunaren indarreko ziurtagiria, lurralde-erakunde eskudunak emana, desgaitasun-mota eta -maila adierazita, eta, hala badagokio, mugikortasun urri iraunkorrekoa den. Aldez aurretik ikastetxean aurkeztu ez bada, erantsi egin beharko da.

– Joan-etorria taxiz bada, garraioaren kostuaren hiru aurrekontu zenbatetsiak. Hiru aurrekontuak aurkeztu ezin badira, ezinezkoa dela justifikatu beharko da.

9.– Agindu honen eranskinak eskaeraren eta erantzukizunpeko adierazpenaren edukiak jasotzen ditu.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ezohiko epea eta emandako kopurua berrikustea

1.– 7. artikuluan ezarritako ohiko epea amaitu ondoren, ikaslearengan inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean bakarrik aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabideak:

a) Ikastetxeko matrikulazioa eskabide-epea bukatu ondoren egin da.

b) Eskaera egiteko epea amaitu ondoren sortutako gorabeherak (istripua, gaixotasun larria, bizileku-aldaketa...), ohiko eskola-garraioa erabiltzea modu iraunkorrean eragozten dutenak.

2.– Banakako garraio-esleipen horien onuradunek laguntza osagarri bat eskatu ahal izango dute, emandako zenbatekoaren eta zerbitzuaren azken kostuaren arteko aldeagatik, baldin eta gerora sortutako inguruabarrak gertatzen badira (garraio-mota aldatu beharra, laguntza izateko beharra...). Eskabidearekin batera, gerora sortutako inguruabarren egiaztagiria eta zerbitzu berriaren aurrekontua aurkeztu beharko dira.

3.– Ezohiko eskabideak aurkezteko prozedura ohiko eskaeren berbera izango da, 7. artikuluan adierazitakoa, hain zuzen, salbu eta ezohiko eskabideak aurkezteko hilabeteko epea, gerora sortutako inguruabarra gertatu eta hurrengo egunetik hasiko da kontatzen. Ez da onartuko, inola ere, 2021eko apirilaren 30etik aurrerako eskaerarik.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskabideak osorik beteta iristen ez badira, edo 7. artikuluan aipatutako dokumentazioarekin batera aurkezten ez badira, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

Zuzenketa telematikoki egin ahal izango da, eskatzaileak ziurtagiri elektronikoa badu. Halakorik ez bada, Zuzenean Zerbitzura edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako erregistrora joan beharko du, eskatutako dokumentazioa aurkeztera, zuzenketa-inprimakiarekin beteta.

10. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Hezkuntza Bereziko lurralde-teknikariek aztertuko dituzte eskabideak, deialdi honetako 4. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dela egiaztatzeko. Horretarako, Berritzeguneak babes-zerbitzuetako hezkuntza-premia berezien aholkularitzei behar diren txostenak eskatu ahal izango dizkie, baita Saileko bestelako unitate teknikoei ere.

2.– Eskabideak aztertu ondoren, lurralde bakoitzak bere ebazpen-proposamena egingo du, Hezkuntza Berriztatzeko lurralde-arduradunaren oniritziarekin.

3.– Zerbitzu zentralek lurralde-proposamenak aztertuko dituzte, eta ebazpen-proposamena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari bidaliko diote. Proposamen horretan, batetik, ikastetxe bakoitzean dirulaguntza emango zaien ikasleen zerrenda egongo da, emandako laguntzaren guztizko zenbatekoa adieraziz. Bestetik, dirulaguntza ukatu zaien ikasleen zerrenda egongo da, ikastetxeen arabera sailkatuak eta ukatzeko arrazoia adierazita.

11. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Deialdi honen ebazpena https://euskadi.eus web-orriaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, ikastetxe bakoitzeko eskatzaile guztiei emandako zenbatekoak adierazita.

3.– Aurrekoa eragotzi gabe, ikasle eskatzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeetako zuzendariei bidalitako komunikazioaren bidez, laguntzen ebazpenaren berri emango da eta eskatzaile bakoitzari emandako zenbatekoa zehaztuko da, edo, hala badagokio, zergatik ukatu zaion adieraziko da.

4.– Organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskaera-inprimakian jasotako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute, inola ere, jakinarazpen-ondoriorik izango.

5.– Lehenengo atalean aurreikusitako epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

6.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea; eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

12. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

Ordainketa bi zatitan egingo da, ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxearen bitartez, honako aurreikuspen hauen arabera:

– Lehen ordainketa, zenbateko osoaren % 70, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, tartean berariaz uko egin ez bazaio.

– Bigarren ordainketa, gainerakoa, ikasturtea amaitzean egingo da, 13. artikuluan laguntzaren justifikazioari buruz ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotzen dituen betebeharrak gorabehera, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena argitaratu eta hamar egun balioduneko epean.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko eskatutako betekizunei edo kostuei buruzko edozein gorabehera; batez ere, erakunde publiko edo pribaturen batek beste laguntzarik eman dien helburu bererako.

d) Laguntzaren zenbatekoa justifikatzea. Ikasturtea amaitzean, eta 2021eko ekainaren 23a baino lehen, ikasle onuradunek laguntzaren zenbatekoa justifikatzen duten garraio-ordainagiriak (txartelak, taxien kontratazioaren fakturak, eskola-garraioaren ordainagiriak igortzea, ibilgailu partikularren kasuan erantzukizunpeko adierazpena, etab.) aurkeztu beharko dizkiote ikastetxeko zuzendariari.

e) Soberakina ikastetxeari itzultzea, kobratutako dirua egindako garraio-gastuak baino handiagoa bada.

f) Lurralde Ordezkaritzei, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz fiskalizazio-eginkizunak betetzean eskatzen duten informazioa ematea.

14. artikulua.– Ikastetxeen lankidetza-betebeharrak.

a) Hala eskatzen duten familiei horretarako gaitutako aplikazio informatikoan eskabidea aurkezten laguntzea.

b) Aurkeztutako eskabideen datuak egiaztatzea, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean.

c) Laguntzak eskatzen dituzten familiei Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpenaren edukiaren berri ematea.

d) Jasotako funtsak onuradunei ematea, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

e) Ikasle bakoitzaren justifikazio-dokumentazioa eskaneatzea eta aplikazioari eranstea.

f) Ikastetxean justifikazio-agiriak artxibatzea (txartelak, taxien kontratazioaren fakturak, eskola-garraioko ordainagiriak igortzea, ibilgailu partikularren kasuan erantzukizunpeko adierazpena, etab.), egon daitezkeen egiaztapenak egiteko.

g) Emandako dirulaguntza gutxituko zaien ikasleen zerrenda aplikazioari gehitzea, onuradunari laguntza osorik edo zatia itzultzeko eskatzeko prozedura hasteko. 2021eko uztailaren 1a baino lehen egingo dute, eta aurkeztutako egiaztagiriak eta ikaslea bost eskola-egunetik gora joan ez izana edo, hala badagokio, ikastetxean baja hartu zuen eguna kontuan hartuta.

h) Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari itzultzea, ikasle onuradunak, hala badagokio, ikastetxera joaten ez badira, baja eman zaien edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako itzulketa-arrazoiren bat duten ikasle onuradunei emandako esleipenen zenbatekoa.

i) Dirulaguntza ematen duen erakundeak funts horien kudeaketari buruz egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dirulaguntzen onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua aplikatuz, honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.

b) Dirulaguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.

c) Dirulaguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.

d) Justifikatzen ez denean dirulaguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.

e) Oro har, betetzen ez direnean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako obligazioak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

16. artikulua.– Itzulketak.

Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira–, hargatik eragotzi gabe erabil daitezkeen gainerako akzioak. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren kontrola.

Organo kudeatzaileak ausazko laginketa-tekniken bidezko auditoretza egiteko eskubidea izango du. Horretarako, onuradunei eta ikastetxeei egoki iritzitako dokumentuak aurkezteko eskatu ahal izango die.

18. artikulua.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoarekin, bat etorriz, deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak hura kudeatzeko erabiliko dira, bai eta deialdi horretan parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri emateko ere.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako dokumentuak.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko eskubideak ere, honako helbide honetan gaitutako prozeduraren bidez: www.euskadi.eus/servicios/10842/

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 25a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala