Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2020ko irailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3533

69/2020 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Beizama Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, babes sozialeko etxebizitzen sustapena Beizamako udal-mugartean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Akordioa sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Beizama Udalarenkin sinatutako lankidetza-hitzarmena, babes sozialeko etxebizitzen sustapena Beizamako udal-mugartean. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 24a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 24KO 69/2020 EBAZPENARENA

Lankidetza hitzarmena Euskal Autonomia erkidegoko Administrazio orokorra, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza saila, eta Beizamako udala babes sozialeko etxebizitzen sustapena Beizamako udal-mugartean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 7a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.

Eta bestetik, Pedro Mari Otaegi Urkizu jauna, Beizamako Alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA:

Lehena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2020ko ekainaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.

Eta bigarrena, Beizamako alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2020ko ekainaren 26an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.

Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Beizamako Udalak bere biztanleriari buruzko azterketa bat egin du, eta egiaztatu du azken hamarkadetako hiri-hazkundeak eragina izan duela bere lurraldearen egitura-aldaketetan, eta eskala handian murriztu dela biztanle-kopurua, biztanleria zahartzen joan den aldi berean, eta, beraz, biztanleriaren beherakada etengabeko joera bihurtzeko arriskua dagoela.

Tokiko agintaritzaren ustez, demografia zahartzearen arrazoia gazteak inguruko beste udalerri batzuetara lekualdatzea da, eta horrek udalerrian haur gutxiago egotea dakar, jaiotza-tasa murriztera iritsiz.

Azken urteotako joera demografikoa aldatze aldera, Beizamako Udalak lurraldean esku hartzen duten administrazio publiko guztien konpromisoa behar duen proiektu bat gidatzen du, bakoitzak bere eskumenen esparruan landa-eremuko biztanleen exodoa beste herri batzuetara eramateko jarduerak susta ditzan, beste aukera eta zerbitzu batzuk eskaintzen baitituzte.

Esparru horretan, planteatzen den gaietako bat da Beizamako udalerrian bizi diren pertsona guztien lehen mailako beharra dela etxebizitza.

Bigarrena.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Hirugarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek –kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak eta Beizamako Udalak– elkarrekin esku hartu behar dute –are gehiago, horretara behartuta daude–, babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura bizitokiak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri txikiek pairatzen duten joera demografikoa hautsi ahal izateko, eta, horrela, gutxienez, dagoen populazioari eusteko eta gazteen exodoa udalerri handiagoetara eramateko.

Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

Laugarrena.– Foru Gobernu Kontseiluak 2018ko urriaren 15eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onartu zen Beizamako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, baldintza eta guzti.

Beizamako udalerrian hiru hiri-kokaleku daude: Nuarbe, Gurutzegi eta Beizama Bildua. Beizama Bilduko area bizitegi-kokaleku bati dagokio.

Lurzoru horien hirigintza-erregulazioa sistematizatzeko, hirigintza-arloko esku-hartze eremuak – HIE – Izeneko plangintza-eremu batzuetan banatu dira.

Hiri-lurzoruan esku hartzeko bederatzi eremu mugatzen dira: zortzi bizitegikoak eta bat industriala, eta eremu horien guztien antolamendu xehatua zehazten da.

Beizama Bildua eremuan BBI-01 Eskolaetxe Hirigintzako Esku-hartze Eremua dago, 3.264 m2-ko azalerarekin. Gutxi gorabehera, R-23 alderdiari eta aurreko plangintza orokorreko Eskola edo SGE2 eraikin eraitsiaren lursailei dagokie, eta lurzoru horri gehitu zaizkio gaur egun GI-3720 errepidearen trabesian eraikitako aparkalekuen ondoko lurzorua eta garai batean saski bat zegoen ibilguaren ondoko zuhaizti bat. Eskola eraitsi eta trabesia urbanizatu ondoren, eremuak ezponda handi bat du hego-mendebaldera begira, Legarrategi baserriaren eraikinaren oinean.

Beizamako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bizitegi-eskaintza nagusia hartzeko aukeratutako eremua da, edozein aldaeratan etxebizitza babestua eskainiz.

Planak eremurako hirigintza-araubide xehatua aurreikusten du; zehazki, adierazten da 202 m2-ko oinezkoentzako espaloi publikoetarako, 1.150 m2-ko hiri-parke eta berdeguneetarako, bide-komunikaziorako eta 598 m2-ko aparkalekurako eta 1.314 m2-ko bizitegi-erabilerarako erabiliko direla.

Plangintzaren arabera, 1314 m2-ko BBI-01.1 bizitegi-lurzati bakarra ezartzen da, zatiezina, eta, jarduketa garatzeko, xehetasun-azterlan bat eta urbanizazio-proiektu bat izapidetu behar dira, Plan Orokorrean ezarritako antolamendu xehatuaren arabera.

Beizama Bildua eremuko BBI-01 Eskolaetxe hirigintzako esku-hartze eremuko BBI-01.1 bizitegi-lurzatiaren titularra Udala da.

Bosgarrena.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 16. artikuluan ezartzen duenez, udalaren hirigintza-plangintzak babes publikoko araubideren bati atxikitako etxebizitzak eraikitzeko beharrezkotzat jotzen dituen lursail guztiak kalifikatu ahal izango ditu, eta gutxienez lurzorua kalifikatzeko betebeharra beteko du legearen 80. artikuluan aurreikusitako gutxieneko estandarrak eta zenbatekoak betetzeko.

Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 19. artikuluan ezartzen duenez, administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, babes publikoko etxebizitzen sustapena sustatuko dute, eta, horretarako, ekonomia-, zerga-, hirigintza- eta bestelako neurriak ezarriko dituzte, jarduketa horiek errazteko.

Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoru-ondare publikoa arautzen du, eta, horren arabera, gainerako ondaretik banandua eta independentea izango den ondareak osatuko du lurzoru-ondare publikoa, eta etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailak kudeatuko du, helburu hauek betetzearren, besteak beste:

a) Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.

b) Eraikin babestu horiek eta jarduketari berari lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.

Seigarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, auzo, hiri-multzo, landa-gune eta eremu degradatuen suspertze sozioekonomikoaren eta berroneratzearen printzipioari erantzun behar dio, eta, esparru horretan, Beizamako Udalak azken urteetako joera demografikoa aldatuko duen babes publikoko etxebizitzen sustapena egiteko proposamena partekatzen du.

Proiektu hau administrazio publiko guztien jarduketa integral baten parte da, zeinek bere eskumen-eremuan ere laguntzen baitute, jarduketa hori abian jartzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak gauzatzeko (landa-bideak berritzea, sare elektrikoa berritzea edo banda zabala hedatzea), eta, horrela, sustapenaren xede diren etxebizitzak okupatuko dituzten pertsonek etxebizitza duin, egoki eta irisgarriak eskuratu ahal izatea bermatzeko. Erkidegoko lurraldeko gainerako pertsonekiko berdintasunean.

Helburu horiek lortzeko, Beizamako Udalak Orokorrari Beizama Bildua eremuko hirigintzako esku-hartze eremuko BBI-01 Eskolaetxe BBI-01.1 lurzatia doan lagatzea aurreikusten da, babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko. Lagapena Euskal Herriko Erkidegoko Administrazioaren alde egingo da.

Kontuan hartuta etxebizitza-arloan indarrean dagoen araudiak ez duela aurreikusten aipatutako Lurzoruaren Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak eskuratzeko kasu edo prozedurarik, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean horretarako xedatutakoa betetzen da.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 38. artikuluan zehazten denez, titulartasuna duen sailak erabakiko du ondasunak doan eskuratzeko onarpena, Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimenarekin, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak berekin badakar gastua eragingo duen erabilera-baldintza edo -konpromiso espezifikoren bat, eta, kasu honetan bezala, Xedapena onartzeko organo eskuduna.

Nolanahi ere, bakoitzaren interesak, konpromisoak eta ekarpenak behar bezala bideratzeko, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau formalizatuko dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Lankidetza Hitzarmen honen helburua Beizama Bildua eremuko hirigintzako esku-hartze eremuko BBI-01 Eskolaetxe BBI-01.1 lurzatian babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko aukera ematea da, Beizama udalerrian.

Bigarrena.– Beizamako Udalak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Beizama Bildua eremuko hirigintzako esku-hartze eremuko BBI-01 Eskolaetxe BBI-01.1 lurzatia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko erabiltzea adostu dute.

Beizamako Udalak konpromisoa hartzen du Beizama Bildua eremuko BBI-01 Eskolaetxe hirigintza-arloko BBI-01.1 partzela doan lagatzeko, kargarik gabe eta doan lagatzeko akordioaren bidez, Beizamako udal-mugartean, dagokion eraikigarritasunaren% 100 barne.

Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketak burutzeko dagokion Gobernu Kontseiluaren baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere aldetik, hitz ematen du lagapen hori Gobernu Kontseiluak onartzeko tramitazioa egingo duela.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa (doako lagapena) eskritura publikoan formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epearen barruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartuko ditu, Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Udal Zerga izan ezik, hitzarmen honen xede den partzela doan lagata eskuratzean datzan ondare-eragiketa eskrituratzeak eta Jabetza Erregistroan inskribatzeak eragindako gastuak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak lurzatiaren titulartasuna eskuratu ondoren, sailak alokairuko babes sozialeko etxebizitzak egingo ditu.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hurrengo konpromisoak hartu ditu:

– Lagapenaren xede den lurzatian babes publikoko etxebizitzak eta horri lotutako urbanizazio-obrak eraikitzeko beharrezkoak diren dokumentu teknikoak idaztea, lurzatian dagoen ezpondan eragin txikiena izan dezakeen eraikuntza-proposamena aztertuko duen azterketa geoteknikoa barne.

Hitzarmen honetan aurreikusitako babes ofizialeko Urbanizazio-obren ezaugarriak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aztertuko du eraikuntza-proiektuan urbanizazio-obrei buruzko kapitulu bat jasotzeko aukera, antzeko dokumentuak ez egiteko.

– Hitzarmen honen xede den lurzatiari lotutako babes sozialeko etxebizitzak eta urbanizazio-etxebizitzak eraikitzeko obrak kontratatzea eta gauzatzea.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honetako xede diren etxebizitzen kalifikazioa aldatzea aurreikusten badu, Beizamako Udalarekin adostu beharko du etxebizitzen erregimen berria.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zin egiten du alokairuko etxebizitzekin lotutako eraikuntza -lanak Hitzarmen honetako indarraldiko epean amaituko dituela. Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, betiere Hitzarmenaren indarraldia gainditu gabe.

– Obra bukatu eta gero, doan lagako dio Beizamako Udalari lursailean egongo den eraikinaren behe solairuko lokal baten erabilera. Lokala egokitu gabe lagatuko da eta bere erabilera ekipamendu publikorako izango da. Hartara, dagokion lagapena izapidetuko du aplikagarri den araudian xedatutakoaren arabera.

– Jardunean sortuko diren hondakinak horien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera kudeatzea, hau da, horiek baloratzeari emango diola lehentasuna (ezabatzeari baino).

– Obraren ondorioz sor daitekeen eragina murrizteko eta neurri egokiak hartuko dituela. Edonola ere, obraren ondorioak jasan ditzaketen udal-titulartasuneko ondasunak beren hasierako egoeran utziko dituela bermatzeko.

Aipatutako jardueretatik ondorioztatzen diren gastuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordainduko ditu.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordaindu beharko ditu aipatutako finka eskuraketari lotutako ondare-eragiketa Jabetza Erregistroan inskribatzearen eta eskriturak egitearen ondoriozko gastuak, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga salbu.

Lankidetza Hitzarmen honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren eta egonkortasuna eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoak dituen erabilgarrien baldintzapean egongo dira.

Laugarrena.– Beizamako Udalak hurrengo konpromisoak hartu ditu:

– Azken urteetan udalerriaren joera demografikoa aldatzeko proiektu globalean inplikatutako administrazio publiko guztien jarduerak sustatzea eta koordinatzea.

– Beizamako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako plangintza xehatua garatzeko beharrezkoak diren dokumentu teknikoak prestatzea eta onartzea, Beizama Bildua eremuko BBI-01 Eskolaetxe hirigintza-arloko BBI-01.1 lurzatirako (urbanizatzeko jarduketa-programa, plan berezia, xehetasun-azterlana eta birpartzelazio-proiektua).

Dokumentu horiek egitean, kontuan hartuko dira bai udal-plangintzaren xedapenak, bai Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren jarraibideak, sustapena eraginkortasun eta iraunkortasun sozial, finantzario eta ingurumenekoaren irizpideetara egokituz egin dadin.

– Obrak egiteko behar diren udal-lizentziak izapidetzea eta ematea lau hilabeteko epean, etxebizitza-arloan eskumena duen organoak obrak eskatzen dituenetik zenbatzen hasita.

– Dokumentu honen xede diren babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko eta urbanizatzeko jarduketei aplikatu beharreko kuotari% 90eko hobaria aplikatzea, babes ofizialeko etxebizitzetarako Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen zerga-ordenantzan jasotakoa.

– Salbuetsi egingo du Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 207. artikuluan araututa datozen hirigintza-lizentziengatik dagozkion tasak ordaindu beharretik (horien artean daude lokalak irekitzeko lizentzia, garajeak, erregaiak biltegiratzea, galdara-aretoak, informazioaren tratamendu eta komunikazio zerbitzuak eta abar), betiere Hitzarmen honen helburu diren babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko beharrezko direnak.

– Ez dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, administrazio publikoa den aldetik, inolako finantza-bermerik jartzeko eskatuko, aplikatu beharreko araudian eska daitezkeen fidantza edo bermeak osatzeko, batez ere obrak egitean ukitu daitezkeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higiezin edo higigarriak ordezkatzearekin edo hondakinak kudeatzearekin lotuta.

Beizamako Udalak hartuko ditu bere gain klausula honetan hartutako konpromisoetatik etorritako gastuak.

Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du Beizama babes publikoko etxebizitzak sustatzeko interesa duen udalerri bakarra deklaratzeko, eta udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.

Nolanahi ere, hitzarmen honen xede diren babes sozialeko etxebizitzak alokairu-erregimenean esleitzeko prozeduran, aplikatu beharreko araudian adierazitako etxebizitza-kupoen erreserbak errespetatu beharko dira.

Kupoak behin-behinean zehaztuko dira esleipen-prozedura hasteko aginduan, kontuan hartuta kolektibo bakoitzak zer ehuneko ordezkatzen duen sustapena kokatuta dagoen udalerrian edo eremu funtzionalean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatutako pertsona edo bizikidetza-unitate guztiekiko.

Hala ere, Beizamako Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari proposatu ahal izango dio esleipen-prozedura hasteko aginduan kontuan har dezala beste bizileku bat izateko eskubidea aitortzen dioten udal-hirigintzako jarduketen eraginpeko pertsonei erantzuteko behar diren etxebizitzen kopurua, bai eta etxebizitza-premia espezifikoak asetzera bideratutakoak ere.

Seigarrena.– Administrazio publiko biek uste dute beharrezkoa dela Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde bat eratzea. Batzorde horren egitekoa izango da hitzartutako aurreikuspenak eta konpromisoak betetzen direla zaintzea, zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, erreferentziako babes publikoko etxebizitzen sustapena egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabeherei erantzutea.

Aipatutako Jarraipen Batzordea lau kidek, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak proposatutako bi pertsonak eta Beizamako Udala ordezkatzen duten bi pertsonak osatuko dute.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez bada, Jarraipen Batzordearen funtzionamenduak Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluko II. Kapituluko 3. Sekzioan ezarritakoari jarraituko dio.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta, beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.

Hitzarmen hau kontratu publikoen indarrean dagoen legediaren aplikazio eremutik kanpo geratuko da. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.

Zortzigarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren aldeek espreski adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da alderdietako batek hala eskatuta eta, hala badagokio, aldatu egingo da Administrazio biek aho batezko erabakiaren bidez, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.

Hamargarrena.– Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena suntsiarazteko arrazoia izango da, eta alderdiak beren jatorrizko egoera juridikora itzuliko dira, eta suntsiarazpenaren kausatzaileak beste alderdiari nahiz fede oneko hirugarrenei eragindako kalte eta galera guztiak ordaintzeko betebeharra izango du.

Kasu horretan, dagokion izapidetzea egin ondoren, eskualdatutako lurzatia Beizamako Udalari itzultzea erabakiko da, eta ebazpen horren kausatzaileak eragiketa horri lotutako kostuak ordaindu beharko ditu (eskrituren gastuak, erregistroa, etab.).

Halaber, hitzarmen hau bertan behera uzteko arrazoiak izango dira bere izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian aurreikusten direnak.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Beizamako Alkate Lehendakaria,

PEDRO MARI OTAEGI URKIZU.


Azterketa dokumentala