Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2020ko abuztuaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3450

AGINDUA, 2020ko uztailaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Irale programak 2020-2021 ikasturtean eskainiko dituen irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroen berri eman (H eta I ikastaroak) eta ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita.

Irale programaren urteetako ibilbide oparoari esker, euskal hezkuntzan aurrerapauso handiak eman dira euskararen ezagutzaren eta erabileraren normalizazioan. Hala ere, urteak joan urteak etorri, behar berriak sortu dira irakasleen hizkuntza-gaitasunean izan den aldaketa tipologikoaren ondorioz, eta Iralek irakasleen berariazko behar berri horiei ahalik eta ongien erantzun beharko die etorkizunean, orain arte egin duen bezalaxe.

Irale programa, prestakuntza-arloan eragile den aldetik, bete-betean lotzen zaio Heziberri 2020 egitasmoaren Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren bigarren ildo estrategikoari (Irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntza), zeinak hauxe baitio irakasleen etengabeko prestakuntzaren inguruan:

«Etengabeko prestakuntzak ez ditu azken xedetzat irakasle eta eskoletako langileak hartzen, ikasleak baizik, eta, alde horretatik, irakasleek konpromisoz eta arduraz jokatu behar dute, delako prestakuntza hori praktikan jarri eta aurretiaz ezarritako helburuak ikasturtez ikasturte betetzeko.

Alderdi indibidualenetan oinarritutako prestakuntza-eredua baztertu egin behar da, eta, horren ordez, eskoletan ardaztutako prestakuntza-ereduak bultzatu, lekuan lekuko ikastetxeetako premietara egokitutako proiektuen bitartez, eta, horretan, lekuan lekuko proiektu eta planak hartu behar dira kontuan: hobekuntza-planak, esku-hartze globaleko proiektuak, hezkidetza-proiektuak...; eta hezkuntza-komunitateek bizi dituzten errealitate askotarikoak ere kontuan hartu behar dira: ikastetxeko hezkuntza-komunitateko kideentzako prestakuntza-proiektuak, esaterako.

Dena dela, prestakuntza indibidualak beharrezko izaten jarraitzen du, geure hezkuntza eredu pedagogikoaren esparruko eskakizun berriei erantzuteko batez ere, hura gabe ezin gerta baitaiteke inolako mentalitate- eta sinesmen-aldaketarik. Ezinbestekoa da, hala ere, prestakuntza hori lekuan lekuko ikastetxeak daudeneko testuinguruan kokatzea.»

Iralek, jakina denez, euskarazko komunikazio-gaitasunari lotutako goi-mailako ikastaroen bitartez jorratzen du Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren bigarren ildo estrategikoa, irakasleen prestakuntzari dagokiona, alegia. Modalitate bat baino gehiagoko ikastaroak eskaini eta antolatzen ditu, bai helburuei, bai iraupenari eta bai taldekatze-irizpideei dagokienez. Modalitate horietako bat dira, hain zuzen ere, H eta I ikastaroak.

Hori guztia dela eta, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Irale programak 2020-2021 ikasturtean eskainiko dituen irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroen berri ematea (H eta I ikastaroak) eta ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzea.

2. artikulua.– Deialdi honen bidez eskaintzen diren ikastaroak.

Deialdi honen bidez 2020-2021 ikasturtean emango diren ikastaroak eta ikastaro bakoitzerako eskainiko den talde-kopurua I. eranskinean daude zehaztua.

Ikastaro batean bete gabe geratzen diren plazek eskaera eskaintza baino handiagoa gertatu den ikastaroetako plazak emenda ditzakete; betiere, ikastaroak emango dituzten entitateak kontratatzeko prozeduran ezarritako baldintzetan.

3. artikulua.– Ikastaroen hartzaileak.

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko itunpeko ikastetxe pribatuek eta Hezkuntza Sailarenak ez diren ikastetxe publikoek eska ditzakete ikastaroak.

4. artikulua.– Ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

Irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroetan parte hartu nahi duten ikastetxeek klaustroaren % 60k, gutxienez, ikastaroan parte hartuko duela bermatu beharko dute.

Etapa bat baino gehiago duten ikastetxeen kasuan, ikastetxeak ikastetxe osorako edo etapa jakin baterako egin dezake eskabidea. Azken kasu horretan, gutxienez etapa horretako irakasleen % 60k parte hartuko duela bermatu beharko du.

Hauek izango dira etapak:

– Haur eta Lehen Hezkuntza.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

– Batxilergoa.

– Lanbide Heziketa.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Baliabide elektronikoen bidez aurkeztu eta izapidetuko dira eskabideak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Helbide honetan aurkeztuko dira:

https://www.euskadi.eus/2020-2021-ikasturteko-ikastaroak/web01-tramite/eu/

3.– Eskabideak III. eranskinean jasotako ereduaren arabera aurkeztuko dira.

4.– Bide elektronikoz egindako eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko nire karpeta espazioa erabiliz egingo dira. (http://www.euskadi.eus/nirekarpeta)

5.– Ikastetxe bakoitzak ezingo ditu bi ikastaro baino gehiago eskatu.

6. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabidean edo harekin batera aurkeztutako dokumentazioan forma-akatsak edo omisioak atzemanez gero (halakorik aurkeztu bada), interesdunari jakinaraziko zaio gehienez 10 egun balioduneko epea duela akatsa zuzendu edo falta den agiria aurkezteko. Ohartaraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, ebazpena aipatutako legearen 21. artikuluan aurreikusitako baldintzetan eman aurretik.

7. artikulua.– Plazen behin-behineko esleipenaren ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko plazen behin-behineko esleipen-zerrendak ontzat emateko.

2.– Era berean, ebazpen horretan prozeduran baztertutako eskabideen zerrenda ere argitaratuko da, adierazita eskabidea zein ikastarotarako baztertu den eta baztertzeko arrazoi zehatzak.

3.– Zerrendak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko dira (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

4.– Ebazpen horren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, argitaratzen denetik lau eguneko epean.

Erreklamazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira nire karpeta espazioa erabiliz. (http://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

8. artikulua.– Behin-behinean esleitutako ikastaroari uko egitea.

1.– Behin-behineko esleipenaren ebazpena argitaratu eta lau eguneko epean, ikastaro baten esleipena lortu dutenek uko egin diezaiokete ikastaro horri.

2.– Uko-egiteak bide elektronikoz aurkeztuko dira nire karpeta espazioa erabiliz. (http://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

9. artikulua.– Ikastaroen behin betiko esleipen-ebazpena eta erreserben zerrenda.

1.– Hezkuntzako sailburuak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko taldeen behin betiko esleipen-zerrendak ontzat emateko.

2.– Zerrendak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko dira (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

3.– Ebazpen horrek barne hartuko du ikastaro bakoitzerako onartutako taldeen zerrenda. Baldin eta, ikastaroa hasi baino lehen, talderen bat esleitu zaion ikastetxe batek baja eskatzen badu, erreserba-zerrendarekin esleituko dira plaza horiek.

4.– Behin betiko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, ebazpenok argitaratu eta hilabeteko epean.

10. artikulua.– Taldeak esleitzeko irizpideak.

Ikastaroak zein ikastetxeri esleitu erabakitzeko, agindu honen bigarren eranskinean jasotzen den baremazioa erabiliko da.

Ikastetxeak II. eranskinean zehazten den baremoaren arabera sailkatuko dira, eta lehenengo dagoen ikastetxetik hasita, eskabidean ezarritako lehentasun-hurrenkeran lehenengo jarri duten ikastarorako eskatutako talde guztiak esleituko zaizkie, eskainitako plaza-kopurua agortu arte.

Ikastetxe bati bigarren ikastaro bat esleitu aurretik, baldintza guztiak betetzen dituzten ikastetxeei eta erakundeei ikastaro bana esleitu zaien begiratuko da, eta, ikastarorik esleitu ez zaionik baldin badago, horri emango zaio lehentasuna, ahal izanez gero.

Ikastetxe txikien kasuan, ikastetxe bat baino gehiago bildu ahal izango dira eskabidea egiteko, betiere, bildutako ikastetxeen klaustroetako kideen baturak 4. artikuluan ezarritako baldintza betetzen badute.

Eskainitako taldeak ikastetxeen artean banatu ondoren esleitu gabeko talderik gelditzen bada, talde horiek eskabidea egin duten Hezkuntza Sailaren gainerako zentroen artean banatuko dira. Eskabide guztiei erantzuterik ez badago, zozketaz ebatziko da.

Ikastaroak emango dituzten entitateak kontratatzeko prozeduran, ikastaroren bat esleitzeke gelditzen bada, ikastaro hori bertan behera geldituko da.

11. artikulua.– Taldeak osatzeko irizpideak.

Eskabidea egin duen zentro bakoitzak adierazi beharko du zenbat talde osatu nahi dituen ikastaro bakoitza egiteko; betiere irizpide hauek beteta:

– Talde bakoitzean 8 pertsona egongo dira, gutxienez, eta 20 gehienez.

– Taldeetako partaide guztiek izan behar dute egiaztatuta HE2, EGA edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.

– Taldeetako partaide izan daitezke Ikastetxe pribatuetako irakasle finkoak eta ez-finkoak; Haurreskolak Patzuergoko irakasleak eta hezitzaile finkoak eta ez finkoak, eta ikastetxe pribatuetako hezkuntza bereziko lan-legepeko hezitzaileak eta 0-3 bitarteko irakasle edo hezitzaileak; baita Hezkuntza Sailarenak ez diren zentro publikoetako langileak ere.

– Urrian, ikastetxeek ikastaroetan parte hartuko duten irakasleen zerrendak bidaliko dizkiote kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzako Euskara Atalari.

12. artikulua.– Ikastaroak non emango diren.

Ikastaroak ikastetxean bertan edo ikastetxeak aukeratutako leku egoki batean emango dira.

13. artikulua.– Ikastaro amaierako agiriak.

Ikasketariei ez zaie ikastaroa egin izanaren agiririk emango ikastorduen % 80ra, gutxienez, joan ez badira.

14. artikulua.– Datuak babestea.

Deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz. Datuok, bestalde, Irale izeneko 2. fitxategian sartuko dira, dirulaguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

15. artikulua.– Dokumentuen egiazkotasuna.

Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeek eta pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari edozein erakunde publikotan frogatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, zeinak administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 16a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala